AITA-SEMEAK
Ivan Sergeievitx
Ibaizabal
279 orrialde
Belaunaldien arteko talka da aita semeen arteko eztabaiden oinarrian aurkitzen duguna. Belaunaldi gazte eta ikasiak hankaz gora jartzen ditu aurrekoen printzipio moral eta siniste guztiak. Eleberri hau 1862. urtean argitaratu zen Errusian, eta garai hartako gazteen aldarrikapenak ditu aztergai. Liburuak polemika bizia piztu zuen bertako intelektualen artean. Turgenev prosalari eta poeta errusiarraren obra nagusia da, eta gerora oso erabilia izan den hitz bat asmatu zuen: «nihilista». Hala deitzen die liburuan, aurreko belaunaldien moralean sinisten ez duten eta gizartearen garaiko antolaketarekin puskatu nahi dutenei.
Itzulpena Jose Morales bilbotarrarena da, eta errusieratik egin du zuzenean
ABERRIAREN POEMAK
Xabier Hiriart
Hiria
134 orrialde
Aberriaz idatzi ez duen poeta gutxi egongo da. Poetek bere buruaz idatzi ohi dute, eta aberria nortasun kolektiboa da. Baina denek ez dute aberriaren irudi bera. Aberria gai duten poemen antologia osatu du Xabier Hiriartek liburu honetan. Bertan aurki daiteke Etxepareren herri-sen sakona, erakunde politiko beharrean sentimendu gisa bizi duen aberria. Iztueta edo Iparragirrek aberria eta politikaren ezinbesteko lotura agerian jartzen dituzte bere poemetan, eta gerrate karlistak ekarritako gabeziak eta penak nabarmentzen dituzte. Diktadurak «Euskadi» hitza debekatzean, metaforaz baliatuko dira Lizardi, Orixe, eta abar. Eta egungo autoreen artean ageri dira Sarrionandia edo Azurmendiren lanak
LA FORMACION INTELECTUAL DE LOS VASCOS
Juan A.Morales Arce
Gipuzkoako artxiboa
267 orrialde
1.200 pta.
Batik-bat argitaratu gabeko dokumentazio ugariz jantzita, J.A Moralesek aurkeztutako doktorego tesia da hau. Izen osoa «La formación intelectual de los vascos. La Universidad de Oñati, desde las reformas ilustradas hasta su supresión definitiva (1772-1842)» du, eta Erregimen Zaharraren krisialdi garaian Oñatiko Unibertsitateak izan zuen bilakaera aztertzen du. Euskal politikoen ikaskuntzan aparteko garrantzia izan zuen unibertsitate honek, eta bere eragina Gipuzkoatik kanpo ere zabaldu zen. Gainera historiografiak egozten dion gainbeherari erantzunez, tesi honek frogatzen du bere garairik onena 1777 eta 1833 urte bitartean bizi izan zuela
NAFARROAN ZEHAR.
EUSKARAREN IBILBIDEA
Orreaga Ibarra
Patxi Gallego
Nafarroako Gob.
63 orrialde
1.150 pta.
Nafarroako Gobernuaren eta Informart argitaletxearen eskutik Orreaga Ibarra eta Patxi Gallegok ibilbide berezia eskaintzen diete irakurle gazteei Nafarroan zehar, euskararen inguruko ibilbidea, hain zuzen. Orreaga Ibarrak testuak jarri ditu eta Patxi Gallegok marrazkiak. Izan ere, liburuko atal bakoitzak komiki zati bat du lagungarri. Sarrera orokor baten ondoren Nafarroako hizkera desberdinak lantzen dira atalez atal: erronkariera, zaraitzuera, nafarrera, erdialdeko hizkera, burunda eta nafar lapurtera. Atal horietako bakoitzean tokian tokiko bizimodua, ohiturak, euskalkiaren ezaugarriak, herrien deskribapena, pertsonaia ezagunena... eskaintzen dira
DEBA IBARREKO EUSKERIA
Koldo Zuazo
113 orrialde
2.000 pta.
Hiru euskara mota hitzegiten dira ibar bakarrean: Deba goienekoa, erdikoa eta barrenekoa. Sailkapen honen arrazoiak eta mota bakoitzaren azterketa argitaratu ditu Koldo Zuazo debatar filologoak. Horrez gain, egileak berak 1997an plazaratu zuen euskalki maparen bigarren edizioa eta mendebaldeko euskara zaharraren mapa ere biltzen ditu liburuxkak. Eta lana «Euskalkixak etorkizunian» saioak borobiltzen du. Bertan, euskalkien alderdi soziolinguistikoa aztertzen da: euskalkiak non, noiz eta nola erabiltzen diren... Euskalkien erabilera du hizpide, beraz, azterketaren azken zatiak. Liburuxka goitik behera «Debako euskerian» dago idatzia, baina ulertzeko erraza eta irakurtzeko atsegina egiten duen hizkera argian
SEME
L. Haranburu Altuna
Hiria
126 orrialde
Iragan udan gertatutako ekintzen eta gertakizunen kontaketa laburrek osatzen dute Hiria argitaletxe berriaren liburu hau. Hauetan, kalean ikusiriko edozein eskena aitzakiatzat hartuta, autoreak semeari hitz egingo dio politikaz, sexuaz, etikaz eta bere bizitzako kontuez. Semeari zuzendutako bakarrizketa horren bidez Luis Haranburu Altunak bere biografia, barrunbea eta ni-a biluzten du idazkera soil eta intimoz.
Luis Haranburu Altuna idazle eta editore alegiarra narratiba eta antzerkian aritu izan da, eta «Itsasoak ez du esperantzarik» nobela du bere lanik ezagunena
ADISKIDEER
Jean Bordaxar
Elkarlanean
2.450 pta.
Jean Bordaxar zuberotar kantautore gaztearen lehen diskoa dugu hau. Adiskideei eskaini die diskoari hasiera ematen dion kanta eta baita disko osoaren izenburua ere. Eta adiskide ugari izan du gainera Zuberoako Kilikas estudioan joan berri den udazkenean grabatutako lan honetan. Niko Etxartek bere ahotsaz, gitarraz eta panderoaz lagundu du Bordaxar. Gainera diskoko kantu bateko doinua zein hitzak —«Maite zaitüt maitea»— Etxartenak dira eta berau izan da grabaketako teknikaria eta produktorea. Gainontzeko kantuetako doinuak Bordaxarrenak berarenak dira, baina hitzei dagokienez Itxaro Borda eta Jean-Louis Davant ere izan ditu lagun. Lehenak lanari amaiera ematen dion «Hur geldiak» kantuaren hitzak idatzi ditu; bigarrenak, «Gure xibero xokoa» eta «Zohardi batez» kantuei ipini dizkie hitzak. Musikariei dagokienez, Pello Ramirez aritu da Txeloa eta akordeoian eta Karine Perreton akordeoian. Dominic Earl eta Dominique Berrogainek jardun dute gitarrarekin. Sophie Larrandaburuk piano jo du, Mixel Etxekoparrek xirula eta Anjel Valdesek perkusioak. Azkenik, ahotsetan, Jean Pierre Luro, Jean Noel Pinque, Alain Orabe, Robert Larrandaburu, Pascale Elichondoborde eta Maddalen Luro.
Zuberotarra dela garbi uzten du Bordaxarrek, maiz sorterria baitu hizpide. Adiskidetasuna eta maitasuna ere lantzen ditu beste kantu batzuetan eta bada aitari eskainitako bat ere