«EAJ eta EA hiltzaileak direla eta ETArekin hitzarmenak egiten dituztela determinatu nahi du PPk», Begoña Lasagabester EAko parlamentariaren hitzetan.
Josep Maria Lopez de Lerma, CiUko bozeramailea Espainiako Legebiltzarrean: «Jeltzaleen aurka Aznar egiten ari den berba jarioarekin, gobernari gisa duen defizit handia gorde nahian ari da: su-etena mantentzea zein ETA bake iraunkorrarekin konprometitzea ez lortu izana».
Francisco Alvarez Cascos, Espainiako Gobernuko lehendakariordea: «ETArekin, su-etenarekin eta Gobernuarekin zerikusirik ez duen zerbait gertatu da Lopez de Lermak horren harrigarriak diren adierazpenak egiteko».
Josep Antoni Duran i LLeida, Kataluniako UDCko burua: «Aznarrek bake prozesua hauteskundeei begira bideratu nahi izatea arriskutsua eta oso larria da. Ez du ulertu EAJk indarkeria erabili duen jendea marko instituzionalera hurbiltzeko egin duen ahalegina».
Jordi Pujol: «Su-etenaren amaieraren errua ETArena bakarrik da».
PSOEko Ramon Jauregi: «Hauteskundeak direla eta, PP eta Aznar EAJren kontrako diskurtsoa gogortzen ari dira, baita EAJ muturreko egoera batera bultzatzen ere».
Felipe Bayo guardia zibil ohia baldintzapeko askatasunean uztearen aldeko jarrera agertu du `Lasa-Zabala auziko' fiskalak; hala onartuko ez balitz, eta duen gaixotasunean oinarrituz, Bayo etxean arrestatua izateko aginduaren aldekoa da fiskala. Enrique Dorado guardia zibil ohiari dagokionez, kartzelan jarraitu behar duela dio.
Carlos Garaikoetxea EAko lehendakari ohiak azaldu duenez, eskubide historikoek ematen duten jokuaz baliatuz, autodeterminazio eskubidea
de facto lortzeko alderdien akordioa bilatuko du alderdiak. Lortuko ez balitz, EAk Euskal Herriaren alde bakarreko burujabetza aldarrikapena bultzatuko luke.
Jakoba Errekondo
Gaztea zaharra bezala soiltzen da, baina hostajeari luzaroago eusten dio.
guztia irakurri
Jabier Agirre
Baieztapen hori egin du datozen hiru urteotan Psikiatriako Munduko Elkartearen lehendakaria izango den Juan José López-Ibor psikiatrak.
López-Iborrentzat psikiatria aldaketa sakoneko prozesuan murgilduta dago; irekiagoa eta diziplinartekoagoa bilakatu da. Psikiatria modernoa, aditu horren ustez, gizartearekin lotuagoa dago garai batekoa baino eta oso adi, sortzen diren arazo berrietara. Gaixotasun mentalek tratamendu gero eta espezifikoagoak dauzkate psikoterapiaren alorrean eta baita farmakologiaren aldetik ere. Baina gaixoaren errehabilitazio soziala da gehien garatu den alorra.
Eskizofrenia izan da gaixo edo afektatuen kopuruak beherantz egin duen trastorno mentaletako bat. Gaitz honen arrazoiak ez daude erabat argi oraindik, baina López-Iborren teoria pertsonala da ama batek, haurdun dagoen bitartean eta erditze-unean jasandako zaintzak eta ardurak, herrialde garatuetan, zerikusi handia eduki dutela kasuen prebalentzian gertatu den beherakadan. Azken urteotako aldaketarik positiboenetako bat eroetxeak ixtea izan da, López-Iborrek lorpen oso garrantzitsutzat jo duena, gaixo askorentzat isolamendua kaltegarria gertatzen baitzen, eta beren egoera okertu besterik ez baitzuen egiten
JESUS AIZPUNEN HERIOTZA
LIDERREN heriotzek ate berriak zabaltzen dituzte sarritan. Ezingo da esan halakorik Jesus Aizpun UPNko sortzailearen heriotzaren ondoren, UPNren helburu eta bitartekoak ondo baino hobeto lotuta jarraitzen baitute. Bere aitaren urratsak jarraituz, `navarrismo' espainiarzale amorratuenaren ordezkari fidel eta gogorra izan zen Aizpun. Baskongadekin bat egiteko ateak zabalik ikusten zituela eta, Espainiako Konstituzioari ezezkoa eman zion 1998an, UCD alderdia utzi ondoren. PPrekiko aliantzen aurkakoa ere izan zen hasieran. Aitzitik, egungo UPNk Espainiako Konstituzioaren zaindari bikain gisa agertzen du bere burua.
2000-RAKO AURREKONTUAK PREST
HEGO Euskal Herrian bizi den giro politikoaren arabera atera dira 2000. urterako aurrekontu desberdinak. Eusko Jaurlaritzakoekin pozik agertu dira aurrera atera dituzten hiru alderdiak —EAJ, EA, EH—. EHk EAJ eta EAren aurrekontuak direla esan du, baina euskararen eremuan eta justizia sozialaren bidean aurrerapausoak eman direla azpimarratu du. ELAk eta LABk beren izaera sozial eskasa azpimarratu zuten, eremu sozialean iaz baino ehuneko txikiagoa erabiliko delako, besteak beste. Bizkaian ere akordio abertzaleak atera bazituen aurrekontuak, Gipuzkoan —pentsioen igoera eza zela eta— EHk ez zien baiezkorik eman EAJ eta EAk egindako aurrekontuei. 1999koak luzatu beharko dira edo aurrekontu berriak egin. Orain posible izan ez dena urtarrilean gauza liteke, hala ere. Oso bestelako egoera da Nafarroako Foru Komunitatekoa, non UPN eta PSNren akordioak aurrez eraman duen oposizioaren ezezkoa.
PSOE ETA EAJ
JOAQUIN Almuniak eta Xabier Arzalluzek azaroan egindako bilerak atea zabaldu ondoren, iragan astean berriz bildu ziren jeltzale —Arzalluz eta Iñaki Anasagasti— eta sozialista —Txiki Benegas eta Nicolas Redondo—. Denetik egin ei zuten berba, baina akordiorik zehaztu barik. Euskal Herriarekiko politika PPkoarengandik ondo bereizi gura dute sozialistek datozen martxoko Espainiako hauteskundeei begira. Horrez gain, estatu ereduaren erreforma dela eta hausnarketa sakona egiten ari da PSOE, eta tesi federalek indarra hartzeaz gain, Euskal Herriak, Kataluniak eta Galiziak beste erabateko estatus bat izan beharko luketen ideia bultzatzen ari dira PSOEko zuzendaritzako kide batzuk.
EH-REN OINARRI INSTITUZIONALAK
ERAIKUNTZA nazionalaren bidean aurkeztu berri duen proiektua bi instituzio eremuetatik abiatuta gauzatu nahi du EHk. Batetik egungo instituzioak eta, bestetik, marko berriaren bila bultzagile lana egingo luketenak: herri mailako Udalbiltza, Euskal Herri osoa hartuko lukeen batzar eratzailea eta, Euskal Herria osatzen duten herrialdeak ordezkatuko lituzkeen herrialdeen ganbara bat.
PARLAMENTARIEN ERRETIROA
EUSKO Legebiltzarreko parlamentariek dagoen erretirorik handiena eskuratzeko eskubidea izango dute bi legealditan zehar parlamentario badira. Besteak beste, hori da Legebiltzarrak onartu berri duen Politikarien Estatutuak indarrean jarriko duena. EHk ezik, gainerako alderdi guztiek baiezkoa eman diote proposamenari. Egun, erretirorik handiena 300.000 pezetakoa da.
EZKER BATUAREN IKA-MIKAK
KONGRESUAk ez du lortu EAEko Ezker Batuaren (EB) baitan dauden zauri sakonak orbantzea. Nafarroan ere badira tirabirak, Euskadiko Partidu Komunistatik (EPK) ateratako taldeak erakusten duen bezala. Saltsa-maltsa potoloa iraganetik dator baina badu proiekziorik etorkizunean ere: Javier Madrazok ordezkatzen duen sektorea Espainiako EBtik organikoki bereizteko prest legokeen bitartean, EPK-ko egiturak gogor ari dira asmo horren aurka.