iritsi zuen Zugarramurdi eta Lapurdiko prozesu latzekin. Egoera lasaitzen ari zela, ordea, 1616 eta 1617 urteetan sorgin ehiza Bizkaia aldera mugitu zen, prozesu berezi bati bide emanez.
Madrilgo Artxibategi Historiko Nazionalean daude gorderik 1616 eta 1617. urteetan Bermeo, Gernika eta Zamudion sorginkeriaren aurka burututako autoen agiriak. Eta dokumentuok aspalditik ezagunak izanik ere, ez dira oraino argitaratuak izan. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen azken buletinean plazaratu du Mikel Zabala historialariak Bizkaiko sorgin ehiza berezi honen inguruko azterketa.
Berezia diogu, ordurako Inkisizioaren erasoaldi bortitzenak joanak zirelako eta horiek ez zirelako, gainera, Bizkaian burutu. Urte batzuk lehenago jo zuen sorgin ehizak bere gailurra. Hor dira Pierre de Lancre Bordeleko Legebiltzarreko kontseilariak 1609an Lapurdin buruturiko sarraskia —4 hilabetetan 600dik gora lapurtar bidali zituen sutara— edota hurrengo urteko azaroan Zugarramurdi inguruko sorginen aurka Inkisizioak Logroñon burututako Autofede ezaguna. Auto horretako epaimahaiko kide zen Alonso Salazar y Frias inkisidoreak gogor salatu zuen Zugarramurdiko ustezko sorginekin gertatutakoa eta txosten batean bildu zuen salaketa hori. Prozesuko 1.802 lekukoekin bildu eta horietarik soilik 6k mantendu zuen autoan esandakoa. Julio Caro Barojak egindako azterketen arabera, Salazar y Friasen jarrerak eta lanak berebiziko garrantzia izan zuen Inkisizioaren jardunak, handik aurrera, nabarmen behera egin zezan.
GOGORTASUN ESKE.
Zigorraren beldurrak ere lekuko bati baino gehiagori imajinazioa zorroztuko zion seguruenik. Baina Mikel Zabala historialariaren aburuz, ez zen hori salaketa andanaren arrazoi nagusia izan. Izan ere, ordurako paganismoaren aztarnak desagertzen ari bide ziren eta ideologia katolikoa barneratua zegoen, agintarien artean bereziki. Agintariok erabaki gogorrak hartzera euren barne batasuna indartu nahiak ere bultzatu omen zituen Zabalaren esanetan.
Baina arrazoi sakonago batek ere eragin bide zuen sorgin ehiza hau. Gogora dezagun urte horietan Jaurerriak kaparetasun edo hidalgia orokorra zuela. Baina aurreko urteetan pribilegio horrek hainbat erasoaldi ezagutu zuen, handik aurrera ugalduko zirenak. Jaurerriko agintariek kanpoko onarpena behar zuten kaparetasunari eusteko eta hortik etorri zen kanpoko epaile baten eskakizuna.
Ia 300 ustezko sorgin epaiturik, horietako batzuk tormentuz hilik... eta hori guztia Bizkaiko buruzagiek Madrili keinu bat egiteagatik gertatu zen. Gerora garbi ikusi zen, gainera, sorgin ehiza ez zela izan kaparetasunaren arazoaren konponbiderik aproposena
Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen buletinean, dokumentazioaren inguruan Mikel Zabalak eginiko azterketaz gain, Bermeo, Gernika eta Zamudioko autoen transkribaketak jaso dituzte. Horietan lekukoek —6tik 11 urtera bitarteko haurrak— akelarrearen deskribapen bitxia egiten dute eta hiruek antzekotasun susmagarria dute xehetasun txikienean ere.
Txikitatik ohetik irtenarazi eta akelarrera eramaten omen zituzten haurrak, oinez batzuetan eta hegan besteetan. Han hiru deabru topatzen zituzten, «feos y espantables». Erdikoa handiagoa izaten zen eta hiru adar zituen buruan. Datu honetan badirudi lekukoak —edo itzultzaile eta epaileak— ez zirela ados jarri, Zamudioko deabru nagusiak sei adar zituela esaten baita.
Sexu harremanen eta antropofagiaren inguruan ez da aldaketa nabarmenik herri batetik bestera. Haur txikienak zapoak zaintzen jartzen omen zituzten eta guztiei hildako sorginen haragia ematen zieten jateko: «...carne de bruxos y bruxas muertas negro y amargo y hediondo...». Neskek 12 urte eta mutilek 14 betetzean sorginekin akelarrean parte hartzeko garaia iristen zen. Kantuan eta dantzan aritzen ziren eta ondoren sexu harremanak izaten zituzten deabruarekin: «...luego se hecha el diablo sobre cada una de las mujeres y con ellas se ayunta y ha de parir sapos...».
Beti ere, autoen testuen arabera, badirudi Gernikako sorginek ez zutela besteek bezain lasai jarduten, Errosarioko Ama Birjina agertu baitzitzaien behin Jesus haurra besoetan zuela eta euskaraz mintzatzen: «Ene Angeruac es sinistu gaisto orrec esaten deuncun gausaac ta seuren eceetan esan eguiecu gurasoay eta ececoay eben yragaiten direan gaucac ece asco eroan dau Ynfernura bide oretati animac ta ecaytu suec eroan bear ceren ene seme Jaunac eroango caytu bere ceruetara declaradu badagicu alan». Eta hala ere sorginen erantzuna garbia izan zen: ez kasurik egiteko «Maruxa Marimascad» horri
![]() |
|
||||
1744 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa