Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-12-26 -- 1743.zenb

BIZITZAREN OIHANEAN GALDURIK
Ińaki Zubeldia
Ibaizabal
108 orrialde
910 pta.

Euskaldun bat Marten» lana idatzi zuenetik asko dira Ińaki Zubeldia ikaztegietarrak haur eta gazteentzat idatzitako ipuin eta liburuak. Gazteei zuzenduriko Ekin sail honetan ere lehenago «Nire aita ezin izan nuen salbatu» liburua argitaratua du. Oraingoan hiru istoriorekin dator Zubeldia: «Erromatarren esklabo», «Bizitzak harrapatu nau» eta «Kolorezko aingeruak ere badira». Hiru istorioek testuinguru desberdinak dituzte —bata erromatarren garaian dago kokatua, bestea, duela hamarkada pare bateko Tuteran, gaur egun hirugarrena—, baina guztiek dute lotura, protagonistak bizitzaren oihanean galdurik ibiliko baitira. Gutxien espero dutenean bizitzeko abentura ederra tragedia bihurtuko zaie pertsonaiei

AMODIOZKO POEMAK
Xabier Hiriart
Hiria
127 orrialde

Kriseilutik sorturiko Hiria argitaletxe berriak, beste lan batzuren artean, hainbat antologia kaleratu du. Honako honetan euskarazko amodiozko poemak bildu ditu Xabier Hiriartek. Antzinako erromantzeetatik egungo poeten emaitzetara, «Undurain anderiaren kanta»tik Xabier Leteren «Zugan» olerkira, 70etik gora alek osatzen du antologia. Etxepareren «Amorosen partitzia» eta «Emazten fabore» topatuko ditu bertan irakurleak, baita Oihenarten «Margarita», «Nik ez dut ehor maite zu beizi» eta beste hainbat ere. Besteak beste, Lauaxeta, Etxahun, Bilintx, Iparragirre, Elissanburu, Zaitegi, Mirande, Sarrionandia, Patxi Zabaleta eta Itxaro Bordaren poemak ere daude irakurgai

BESTE JOSTUNTXOA
M. Teresa Aretzaga
Giltza
156 orrialde
795 pta.

Bada ipuin ezagun bat protagonistatzat jostun bat duena, urruneko erresuma bateko errege bihurtu zen jostunarena hain zuzen. Maria Teresa Aretzagak idatzi eta Juan Ramon Madariagak euskaratu duen ipuin honetako protagonista ere jostuna da eta handik hurbileko beste erresuma batean bizi da. Liburuko narratzaileak beste jostuntxo horren irudia ikusi eta neskato batek istorio bitxia kontatuko dio, jostuntxoaren beste istorioa. Gure jostuntxoak hainbat abentura eta arrisku biziko ditu eta ibilbide horretan beldurraren balioa ezagutuko du, baita printzesa baten maitasuna lortu ere. Montserrat Tobellaren koloretako irudiz daude hornituak bai azala eta bai testua

BOBBYREN HAUSPOA
Garikoitz Berasaluze
Ibaizabal
71 orrialde
1.000 pta.

Garikoitz Berasaluze gaztearen eskutik etorri da 8 urtetik aurrerako haurrei zuzenduriko Matxinsalto bildumaren ale berria. Bobbyren istorioa kontatzen du Berasaluzek lan honetan, Bobbyren eta bere eskusoinuaren istorioa. Izan ere, batetik bestera ibili ohi da protagonista soinua joz bazterrak alaitzen. Liverpooletik abiatu eta Amsterdamera joango da Bobby. Hemendik Erromara eta Erromatik Parisa. Azkenean Euskal Herriari ere bisita egingo dio gazteak eta Bilbo eta Zarauzko kaleetan arituko da jo eta jo. Inma Mendiola eta Estibalitz Urangarenak dira irudiak eta bilduma honetan ohikoa denez hainbat ariketa proposatzen da amaieran

CHURCHILL
Joseba Arruti
Elkarlanean
154 orrialde
1.300 pta.

Biografiak bildumaren 12. alerako Winston Churchill britainiarraren bizitza bildu du Joseba Arruti «Euskaldunon Egunkaria»ko kazetari gernikarrak. Salbatzailetzat dugu Churchill, Europa eta mundua Hitlerren mehatxupetik salbatu zituen gizontzat. Baina horretaz gain, eta horrek izan zuen garrantzia ukatu gabe, beste hainbat gauza ere egin zuen eta beste hainbat alderditatik ere aztertu daiteke bere irudia. Ramon Labaienek Liburuaren azalean esaten duenez, «ez da erraza Churchill bezalako pertsonaia konplexu bat ulertzea». Horregatik, Arrutik bere alderdi desberdinak agertzen dizkigu: politikaria, militarra, kazetaria, historialaria, idazlea —ez da ahaztu behar literaturako Nobel saria ere jaso zuela—, artista...

JESUSEKIN TOPO
A. Martzel Andrinua
Ibaizabal
248 orrialde
965 pta.

Ibaizabal etxearen Bizian Gora saileko liburu honen egileak, A. Martzel Andrinuak, horrela dio lanaren sarreran: «Gaurko kristauok dotrina gehiegi dugu eta esperientzia gutxiegi sinesmen-bidean». Esperientzia horiek bultzatzea du helburu gazteei zuzenduta dagoen liburu honek, hots, gazteak Jesusekin topo egitera gonbidatzen ditu. Horretarako egileak Jesusen bizitzaren inguruko ia 50 pasarte bildu ditu. Ondoren, pasarte horietako bakoitzak gaur egun nola eragiten duen ere azaltzen da liburuan. Azkenik, gaiaren inguruko otoitz bat proposatzen du, baita hainbat bertso ere

OLENTZERO
Errenteria Musikal eta Ereintza Elkartea
IZ

Eguberrietarako diskoa da hau, bere izenburuak garbi esaten duen bezala. Errenteria Musikal eta Ereintza Elkarteak bultzatutako proiektua dugu, IZ disketxearen eskutik argitaratu dena.
Alberto Santos Eizagirreren gidaritzapean talde ugarik parte hartu du gabon kanten bilduma honetan: Ereintzako Koru Herrikoia, Errenteria Musikaleko Orkestra, Musika Kultur Elkarteko Banda, Errenteria Musikaleko Akordeoi Taldea, Ereintza Txistu Taldea, Errenteria Musikaleko Banda, Perkusio Taldea eta Trikitixa Taldea.
IZk Amasan duen estudioan izan zen grabatua lan hau. Lehen aipatu bezala, Alberto Santos produkzioan aritu zen eta soinu ingeniari lanetan, aldiz, Mikel Fernandez.
Orotara 17 gabon kanta bildu dituzte diskoan, ia denak aski ezagunak. «Olentzero» kantak ematen dio hasiera eta izenburua diskoari.
Ondoren datoz «Hator hator», «Aintza zeruan», «Birjińa maite», «Aintzaldu aingeruak», «Belenera», «Haur eder baten bila», «Mesias sarritan», «Arin kristauak», «Gabon gaua», «Artzaiak Belenen», «Atozte kristauak», «Izar eder bat degu», «Oi Bethleem!», «Arkume eta gaztakin», «Gau erdian soinua» eta bildumari amaiera ematen dion «Poz eta pakea». Gehienak herrikoiak dira, baina hor dira baita ere Lekuona, Ercilla, Olaizola, Lavilla edo Gruberek konposatutakoak ere

hemeroteka

1742. zenbakia | 1999-12-19
1739. zenbakia | 1999-11-28
1738. zenbakia | 1999-11-21
1737. zenbakia | 1999-11-14
1736. zenbakia | 1999-11-07

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan