Izaskun Jauregi
eta Espainiako Konstituzioak hizkuntza ofizialak babesteko obligazioa ezarri, agintariek ez dute askorik egin. Orain bada katalana, galiziera eta euskararentzat tokia eskatzen duenik.
guztia irakurri
Iñigo Aranbarri
Ez da lehorrean aingura landatutako lehenbiziko itsasontzia. Beste bi ere badira askozaz lehenagotik Euskal Herriko itsas bazterrean. Bata Jose Manuel Aizpurua falangistaren Donostiako Club Náutico-a da, 1929an Alderdi Eder-eko mutur batean eraikia eta Kontxako badiari beha dagoena. Bestea, nahiz eta garai bertsukoa izan, umilagoa da, eta Bermeon dago, portu gaineko aldatsean. Zuri-gorriz margotua, Euskal Herrian den etxe partikularrik berezienetakoa da Fernando Arzadun herrikoaren Kikunbera etxea.
Eta arrazionalismoak bi eraikin zoragarri utzi bazizkigun mendearen hasieran, arrazionalismo berri batek (ez hainbeste arkitektonikoak) are handi eta ikusgarriago bat utzi du hondo emanda Bilbon. Urriaren 18an inauguratu da Abandoibarrako moilan Guggenheim Bilbao Museoa. Untzia, Frank Gehry arkitektoak diseinaturikoa da, eta 24.000 metro koadro ditu, Solomon R. Guggenheim-ek 1927an hasitako arte bildumako zenbait obra erakusteaz gain auditoriuma, jatetxea, kafetegia eta liburudenda ere badituena. Zerbitzuetara makurtutako Bilbo postindustrialaren branka nagusi bilakatu da titaniozko ezkataz jantzitako untzi erraldoi hau. Gainera irudia ere eman dio nazioartean Bilbori ez ezik Euskal Herri kantabrikoari ere.
Untziak publikoari ateak zabaldu dizkionerako, indargeago datoz proiektuaren aurka egon diren ahotsak. Ezinezkoa izan da akordiorik lortzea, dena egon da hasieratik ondo lotua, eta inposaketaren aurrean sentitutako etsipena nabaria da. Ez eraikina, proiektuaren filosofia eta nondik norakoa da zalantzan jarri dena euskal kulturgintzatik. Fundazio pribatu bat Eusko Jaurlaritzaren diru publikoekin lagundu izana izan da punturik beroena. Kopurua ez da txantxetakoa (38.000 milioi pezeta izanen direla iragarri du Ramon Zallok 1995ean), eta kultura atalean bertako produkzioa laguntzeko urteetako geratuko den dirua ez da nahikoa izanen dauden beharrizanak betetzeko. Handiegia da turismorako iman legez erabili nahi den museoagatik ordaindu beharreko saria. Hau da, eta ez besterik berrehun euskal sortzaile eta ekoizle bildu dituen Kultur Kezka taldea Gasteizko talde parlamentarioekin izan denean mahai gainean jarri den ardura.
Egon da zer ikasi, elkarrizketek bi gauza utzi baitituzte ageri-agerian. Alde batetik Kultur Kezka-k ez duela ez nahikoa indar izan ez nahikoa esperientzia politiko erakutsi kulturaz haraindi ekonomia hain sakonki ukitzen duen horrelako gai bat tratatzeko orduan. Eta bestea fundazio pribatu bat dela bestaldean, politikoen maniobrabilitate ezina erabatekoa dela bertako kultur kezkei erantzuteko unean. Urteetako kultur ekoizpena baldintzatuta geratuko dela, administraziotik iragarri den zerbait da. Joxerra Gartziak «Jakin»-en zorrotzago azaltzen du zertan den ehundaka euskal sortzaileren kezka datozen urte berrien aurrean, Guggenheim efektuarekin, egoera berri baten aurrean baitago euskal kulturgintza:
«
Aldaketaren norabidea, funtsean, kultur-zabalkundea suspertzetik lehentasun erabatekoa hornidura handiei (askoren ustez, faraonikoei) ematera. Azken batean, gastu finkoak izugarri handitzen dira, eta banatzeko dirua proportzioan jaisten. Banaketa horretan diru gehien jasotzen dutenak, gainera, administraziotik gertuen dauden erakundeak dira, independenteagoen kaltetan. Horrek guztiak eragiten du hasieran aipaturiko ezinegon hori».
Bien bitartean Abandoibarran, argiaren arabera kolorez aldatzen den transatlantiko ikusgarria da Salomon Guggenheimen untzi berria. Titanic-a dirudi, itsasoa laino, izebergik gabe bere itsasbidean
Estitxu Eizagirre / Ixiar Eizagirre
Finala ez zen 19an hasi. Bertsolariek azken orduan (kasu honetan bezperan) lan asko egiten dute. Aulkiak jarri eta lotu, «Egunkaria»ko gehigarriak zabaldu, sariak labetik eginberri jaso, eta «Euskal Presoak Euskal Herrira» zioen pankartak zintzilikatzen makina bat gora-behera ibili zituzten eskilarekin. Bertsolariek ere nahikoa buruhauste izango zuten bezperan agurrak prestatu eta doinuak erabakitzen. Ixileko lan hauek dira ekitaldiaren aurrekari, baina historia liburuek ez dituzte prologotan ere aipatzen. Eta egia da Iñigo Manzisidorrek bota zuena, alegia, «lehen ere gutxi kobratzen baitet/ gehiegi eginda». Hau erantzunaz, «baina gehiena aberasten nau/ debaldeko lanak» kantatu zuen Irazuk. Txapelketa honetan ez da ixileko lana aipamenik gabe geratu, eta publikoaren amaierako txalo zaparradak ere antolakuntzari erori zitzaizkion. Txapelketa honek zerbait lortu badu, inoiz baino jende gehiago bustitzea izan baita, eta ez beti txalo zaparradetan.
LEHIA KONTUAK.
Final honen zain egon da Irazu. Berak kartzelako gaiko azken bertsoan esan zuenez, «eta orduan amets gaiztoak/ ametsak izango dira». Berak esan bezala, bertsolariek kantatuz gozatu zuten final gisa gogoratuko da aurtengo hau. Zarauztarrek piska bat gehixeago gozatu dutela, hor dago koska. Baina saioan zehar ez zen hain alde nabaria izan. Eta badaezpada ere desafioka jardun zioten elkarri. Txomin Garmendiak berrogehi urterekin nozitu ohi den krisia kutsatuz gerra sikologikoa egin nahi izan zion Egañari: «Gaurkoan ere ez dezu egingo/ uste dezun aina». Andonik, ordea, berehala erantzun zion: «Berrogeirekin lortu liteke/ hirurogeikin ez». Gaijartzaileak «Txominek ekarri du/ etxetik txapela» tentatu zuen Egaña, eta honek bueltan «jakin beza bestea/ guretzako dela» azpimarratuaz amaitu zuen ezbaia.
ZAHAR-GAZTE, A ZER KONTRASTE.
Mantxiren txima luzeak Txomin Garmendiaren itsurarekin egiten zuen kontrastea da txapelketa honek lotu dituen kordelen isla. Aitor Usandizaga Erniopeko taldekideak aitortu bezala, «
niretzat ohore bat izan da Txomin Garmendiaren taldean egotea. Izan ere Txominen kantakera zaharra oso maitea dut». Garai bateko eta oraingo bertsolariek oso ikuspegi ezberdina dute, Olentzeroren gaian ikusi genuenez. Txomin Garmendiak kristau onak Gabonen aurrean hartu beharreko jarrerei buruzko irakaspena eman zigun hiru bertso jatorretan. Mantxik, berriz, hankaz gora jartzen zituen moral zaharrak: «Barkatu baina, ez zait gustatu/ tonu hortan kantatua/ faltsukeritan ibiltzea da/ guk daukagun pekatua». Baina uneoro antzeman zen elkarrenganako errespetu eta begirunea, Mantxik berak Txomini beste bertso batean erakutsi zionez: «Gerran gabiltza, gerran gabiltza/ ta maite degu pakea/ opari ona izan liteke/ bostekoa ematea». Izan zuen, bai, horretarako aukerarik, saio osoan zehar!
Amaia Agirrek eta Txominek aiton-amona paperean topo egin zuten, Txomin amona, Amaia aitonaren gaztetako argazkiari musuka ari zela. Amaia garai bateko bertsokera eta oraingoa uztartzean hainbat enbarazu egon zitezkenaren beldur bazen ere, gerora aipatzen zuen Txominekiko sentitu zuen konfiantza, eta tratuan seguru sentitu izana. Horrelako kasu batean izan zezakeen erreakziorik onena izan zuen, gero epaileek erantzun onenaren sariarekin apreziatzen jakin zuten gisan: «Zatoz ezpainetan ni/ gaur muxukatzera/ ta orduko garaiez/ oroituko zera».
ZAHARREKIN IKASIA.
Gazte eta zaharrak nahasteak biak aberastu ditu. Andoni Egañak ohartarazten duenez, gaur egunean ez dago transmisio naturalik, eta bertsolaritzan ere ez dira gauzak berez transmititzen. Eskola, irakasle eta ikasleen beharra dago. Txapelketak transmisioaren garrantzia azpimarratu eta taularatu du, eta egunero horretan diharduten irakasleen lana jendaurrean ezagutu dadin Juanito Dorronsoro eta Patxi Goikolea izan dira lehen sariak eman dituztenak. Lehen bertso eskolak sustatu zituztenak, alegia. Egañak berak, txapela jazterakoan ohi baino gehixeago makurtu zuen burua bi pertsona hauen aurrean.
Julen Zulaika Zarautz taldeko bertsolariak ere aipatzen zuen berak txapelketa honetan ikasi izana berak dakien ia dena. Eta Egañak berriz, gazteekin entrenatzean asko gozatu duela eta bere eskarmentu zein esperientziak irakasteko balio behar zuela. Puntada finez puntuak josten irakatsi die, esaldi bakarra osatuz. Hau modari buruz kantatzea tokatu zitzaienean erakutsi zuten, Iparragirreren doinuan: Andoni Egaña: «Biak ziren helburu/ eta orain ez dugu/ ez dirurik ez arretik». Patroi horri jarraiki, Julenek beste gai edo ohial batekin josi zituen ongi bertsoaren atalak: «Ta Lasa eta Zabala eta/ beste batzuen geroa/ lur azpiraino eraman zuten/ ez al da okerragoa?».
GAIJARTZAILEAREN SAIO ONA.
Bertsolariez gain epaile eta gaijartzaileak protagonista izan ditu txapelketa honek. Taldeko kide izan dira, eta bertsolariek adina aipamen eta sari jaso dituzte finalean. Adibide garbiena da Saroi Jauregi gaijartzailearena. Txapelketaren aitzakian hasi zen aurkezpen lanak egiten, eta finala ere berak gidatu du. Dotore gainera. Atzetik beste gaijartzaileek eskainitako laguntzarekin, eta taldean prestaturiko gaiekin, saio ona egin zuen Saroi Jauregik. Egungo gaietan oso jantzia dagoela nabari zuen, batik-bat puntua jartzerakoan oso erreferentzia gertukoak erabili baizituen: «Azpeititik aurkeztu/ ziren hiru talde». Irazuren erantzuna ere borobila da: «Baina nahi baino lehen/ egin dute alde/.../ Azpeiti ederra baita/ azpeitiarrik gabe». Edo: «Gauean entrenatzen/ hasi da Bonilla». Baita «Galindok falta ditu/ sei konkistadore» ere.
Kartzelako gaiak egungo egoera politikoa planteatzen zuen zabal, bertsolari bakoitzari nahi zuena esateko bidea utziz. Gaiaren gertutasunak, gainera, edozein ekintza edo gertakari aipatze hutsarekin publikoa oiloazala harrotuta jartzeko erraztasuna ematen zuen. Ez zegoen aukerarik arrazoi berri edo orijinalik botatzeko, baina bertsoa osatu eta deskribapenak egiten ongi asmatu zuten bi taldeek.
Agian beste era batetara bideratu behar litzateke azken aurreko puntua emateko lana. Izan ere, bertsolariei azken aurreko puntua ematearen helburua bertsolariak bere bukaerarekin aurretik eman zaionari buelta ematea da, azken aurreko puntua puntazo batekin errematatzea. Eta finalean jarri ziren azken aurreko puntuak oso borobilak, sakonak eta potoloak ziren, bigarren buelta bat bilatu ahal izateko: «Irriak eta negar malkoak/ daudenez gure bizitzan» edo «baina goizero ez da berdina/ argi izpien dizdira» kasu.
EZIN KABITUA
. Eta amaieran izan zen ezin kabitua. Ezin kabitua denok urtetan barruan izan dugun aldarriak: saio haseran Sebastian Lizasok presoak euskal herriratzeko argi eskatzen zuen mezua irakurri zuen ahots sendoz, eta saio amaieran aurpegia zuriz estalirik bost gaztek kartelak igo zituzten oholtzara, kartzelako lana bukatu ondoren epaiaren zain zeuden bertsolariek txalo jotzen zieten bitartean. Ezin kabitua izan zuen Zarauzko taldeak txapelak jantzi zituztenean. Ezin kabitua besotan pack batean biltzea komeni liratekeen opari denak: txapel, argazki, estatuatxo, Kutxako oroigarria... Ezin kabitua bertsolari denek, azken agurrean nahi adina jenderi saioa eskaintzerakoan. Hargatik habanera eta neurri luze asko joan ziren, laudorioz beterik bai Basarriren omenez, bai presoen aipamenekin, lagunak agurtuz... Ezin kabitua publiko artetik Hernaniko taldeak, Erniopeko hiru kidek agurra eskaini zietenean. Eta ezin kabiturik handiena oholtzak izan zuen, 23 lagunek egin baitzuten topo bertan. Sari emaileak, sarituak, gaijartzaileak, laguntzaileak... Oholtzak sinatuko luke Txominen bertso bat: «Hamaika alper behintzat/ mantendutzen degu».
Finala ez zen oholtza gainean hasi, taula altxatzeko lanetan baizik, eta amaitu ere ez zen saioarekin amaitu. Ondoren Urraki auzoko sagardotegi batetara joan ziren 500 lagun. Lagunarte giroan, saioen komentarioak, aspaldiko kontuak eta bertsoz zein hitzezko erronka berriak isuri zizkioten elkarri kupel artean
BERTSOLARITZA
Estitxu Eizagirre / Ixiar Eizagirre
Maialen Lujanbio, Hernaniko bertsolaria
Zer gertatu da Hernanin?
Jende asko geunden, eta hiru talde orekatu egin genituen, esperimentalak eta deigarriak, eta lehenengo kanporaketan, denak etxera!
Hiru talde txar beharrean, bat fundamentuzkoa egitea ez al zen hobea?
Hiru talde txarrak ez ziren, ziren demokratikoak, eta orekatuak. Uste dut Hernaniko erabakia erabat koherentea dela txapelketa honen ideiarekin. Ez dut uste planteatu zenik buru belarri finaleraino iristera joaterik. Kontua zen jende berria ateratzea, jende berria inguratzea, eta talde lana.
Nola hartu duzue kanporatu izana?
Drama handirik gabe. Pena txiki batekin: sartzen zara zurrunbilo horretan, prestaketan, eta herriko jendea ikusten duzu atzetik, eta beti ematen du gogoa eta motibazioa segitzeko. Aitzaki horretan «ezkurtziyo» batzuk egin... Herrian inguruan dabilen fans kluba beste herrietako saioetara joaten da, baina norbere taldea dagoenean ikusleentzat ere motibogarriagoa da. Eta lastima izan da giro eta mugimentu hori ezin aurrera eraman izana.
Ainhoa Agirreazaldegi, Leintz taldeko bertsolaria
Zer helburu zituen zuen taldeak?
Leintz bailara ordezkaritzarik gabe ez uztea, eta horretarako talde bat osatzea inguruko bertsolari, zaletu, epaile eta gaijartzaileekin. Ez genuen amestu ere egiten oso aurrera iristearekin.
Eta zein da zuen balorazioa?
Oso ona. Txapelketa ez genuen serio hartzen, baina saio duin bat egitea genuen helburu. Batetik Kike Dapenak debutatu du bertsotan. Iaz hasi zen bertso eskolan, eta hiru hilabetetan ikasi du kurtso azeleratu batean baino gehiago. Hamar urtetan kantatu ez duen Danel Goikoleak ere kantatu zuen. Saioa Arandok beti izan du bertsoekiko lotura bailara mailan, baina txapelketetan ateratzeko gogorik ez zuen izaten. Eta Jon Sarasuak eta biok genuen agian aurrerago joateko anbizio gehiago. Baina helburua bosteko hau batu eta honek kantatzea izan da
Juanito Dorronsoro,
Zumaiko taldekidea
Zer eman dizue txapelketak?
Guri asko. Motibazioa elkarrengana biltzeko, eta aurrera segitzeko bide bat ireki ere bai.
Txapelketaren aurretik bazenuten harremanik?
Aspaldian bakoitza gure aldetik genbiltzan, eta orain zortzi bat lagun finko bildu gara astero entrenatzen, eta gaiak jartzen, eta epaitzen...eta horrez gain, batez ere gazte taldeak biltzean (bertsolarien lagunak direla, edo gaijartzen ibili direnen lagunak direla...) hor jendetza sortu da.
Aurrera begira zer?
Jarraitzeko asmoa dugu. Zer antolatu daitekeen pentsatzen ari gara. Edo jaialdi bat dela, edo bertso aste bat... Azpiegitura oso polita daukagu bertsoeskolak biltzeko... Honen jarraipena izango dugu sozidadeetan bertso afariak prestatuz, batez ere bertsolari gazteek kantatu dezaten. Sartuko dira lehen gai jartzen eta inguruan ibili diren zenbait... Zeren orain arte kantatu dute txapelketan parte hartu dutenek bakarrik, eta asko zirenez batzuk ezin izan dute bertsotan ari
BERTSOLARITZA
Estitxu Eizagirre / Ixiar Eizagirre
SALDA BADAGO.
Aurtengo txapelketak oholtza gaineko saioen seriotasuna hankaz gora jartzen duen beste ukitu bat ere izan du. Batez ere lehen fasean igarri da, afalostean lehiatu baitziren taldeak. Giroa pilpilean eta barrua berotuta, entzule askok ezin izan zion tentaldiari eutsi, eta espontaneoek ere tokia hartu zuten. Zarauzko kasua horren adibide, bertso eta kantu zaharrak kantari itxaron zioten mahaikideek beste saio batetik berandu iritsi zen bertsolariari. Egin zuten Zarautz-Zarautzen aurkako derbia, eta entrenatzaile lanetan ibilitako bi gaijartzaileek bukatu zuten saioa, behin berotuta beraiek ere jokoan sartzea erabaki baitzuten. Hernanin ere, argazkian ageri den gizonak bere trebezia erakusteko aukera izan zuen, publiko artetik eta entxufatu gabeko mikrofonotik aritu bazen ere.
OBSESO BERTSUALAK.
Batzurena jada gaisotasuna da. Ahoz aho transmititzen dute sindromea. Obseso bertsualak dira. Ikusi ditugu autobusetan iristen bere herria animatzera. Pankartak eskegitzen dituzte. Apustuak ere jokatu dituzte talde baten edo bestearen alde eta kuttunenak bakandu ahala txaketaz aldatu eta beste bandoetara afiliatu dira. Erniope taldeko kide batek dioenez, «
haseran taldea bakarrik ginen Erniope, eta orain mundu guztia Erniope da». Lehiaren morbora beti inguratzen da jendea, nola putreak haragi ustelera. Burrunban abiatu dira desafioa zegoen tokira: gaurdaino bertsozaleak izan gabe askok saio ugari tragatu du laguna animatu beharrez. Beste batzuren kasuan esperimentuak ez du arrakastarik izan eta saltsan sartu gabe lo hartu dutenak badira. Lehendik bertsoari bizioa ziotenentzat aldiz, sekulako pagotxa izan da, hainbat bertsolari-jenero ezberdin gozatzeko aukera izan baitute ia asteburuero. Lehen faseko bertso afarietan ehun, ehun eta berrogeita hamar lagun inguru elkartu ziren herri bakoitzean. «Petit comité» bihurtu ziren saioak, lagunartean aritzeko politak. Ondoren aretoetara egin zuen jauzi txapelketak eta espero baino askoz entzule gutxiago inguratu zen. Baina kanporaketak aurrera joan ahala txapelketak irabazi duen ikusminarekin eta egindako publizitate lanari esker, berriro aretoak bete dira. Batipat gero eta gorago geratzen ari ziren herrietako zaletuz. Baina badira entzule batzuk, berdin zaienak zein saio den edo nork abesten duen. Publikoko aurpegi berrien artean izkutatzen dira betiko bertso-edozer-jaleen karikaturak. Bertso onekin oiloazala loratzen zaie. Goimailako kalitateko dosi txiki hori zainetaraino iritsi, eta puntu goren horretan zutitzen direnak ere badira, ikus argazkia.
ANTOLAKETA AUTOLAKET.
Oholtzako fokopean bertsolarien jarduna da ikusten dena, baina hori ez da icebergaren gailurra baizik. Horren azpian antolakuntza oso bat dago, beti itzalpean geratu harren goiari eusten diona. Aurtengo txapelketak herri osora zabaldu du porteadore lana, Unai Agirre sherpa zutela. Talde bakoitzaren esku geratu da, lehen fasean batez ere, herri horretan jokatuko zen kanporaketaren antolaketa ardura osoa. Batzuk euren bizkar hartu dute gaiak jarri eta ideiak biltzeko zama. Gaijartzaile gehienak berriak izan dira, eta lehen inpresioan gehien arritu dituena uste baino lan zailagoa dela izan da. Erniopeko gaijartzailetako bat den Urtzi Basterrikak zioenez «
Ikusle garen aldetik zer gai jarri jakiten dugu, baina nola jarri ikasi dugu». Besteek epaileen pisua hartu dute beregain. Saioak iragarri eta kartelak pegatzeko lan likatsua ere egin dute beste batzuk. Afaria prestatu eta zerbitzen zikindu eta busti dira asko. Megafonia jarri eta frogatzen karaokea deskubritu du zenbaitek. Eta argazkiak ateratzeko, zein saioak kasetez eta bideoz grabatzeko begiak erne izan dituzte besteek. Honek balio izan du jende berria bertso mundura ekartzeko, eta bertso munduko jendea beste saltsatan aritzeko.
GENERAZIO KOKTAILA.
Erreserbakoa eta urteko ardoaren nahasketak aho zapore gozoa utzi du. Berreskuratu dira bodegatik jendartera urtetan atera gabeko jeneroak. Txapelketetan ateratzeari utzi zioten Joxe Agirre, Txomin Garmendia, Jon Sarasua... eta bertsosaioetan kantatzeari berari utzitako Anatx, Olalde, Aizpurua, Goikolea... Bestalde, lehen aldiz Gipuzkoako txapelketara merkaturatu diren elementuak ere ezagun egin dira. Horien artean daude Mantxi, Julen, Imanol eta Nahikari zarauztarrak. Baita Azpeitiako Jokin edo Leire ere. Eta lehen saioa txapelketan egitera ausartu dira beste batzuk. Hala nola Hernaniko Ibon Miner edo Aretxabaletako Kike Dapena. Jauzi hau nekez emango zuten taldearen segurtasun sarea azpian izan ez balute. Honek kualitate ezberdinetako karta zabaldu du. Estilo gozoa, landua, zuria, gorria, zaharra, ozpindua, lehorra, punta puntakoa, merkezurrekoa... dastatu ahal izan dugu.
LIDERRAK PELOTOIAREN BILA.
Bertsolaritzaren osasunari txapelketak ekarri dion onurarik handiena dake. Herri bakoitzean bertsoaren munduan orbitan zebiltzan izar eta asteroideak batu ditu. Talde bakoitzean bildu dira gaijartzaile bana (gutxienez), epaile bana eta hiru bertsolari (gutxienez). Horiez gain, taldeko argazkian kabitzen ez diren botilero asko egon dira: zaletuak, elkarteetako sukaldariak... Entrenamentuak ez dira txantxetakoak izan: astero pare bat aldiz bildu dira talde gehienak. Normalki afaritan beroketak egin, eta ondoren jarri dute bere burua martxan. Gaijartzaileak izan dituzte manager, entrenamenduak zuzendu eta lana aginduz. Lehiaren aurreko egunetan irteera bat eginaz konzentratu direnak badira, edo txapelketarako entrenatzeko txapelketak antolatu dituztenak erebai. Hau guztia ez da kanpora begira ikusten, aldageletan geratzen da. Hala ere taldelanak ekarritako jokaldi polit batzuk ikusi ditugu txapelketan: Hernaniko Txisplau taldeak agurrak aprobetxatzen zituen erdi imno bihurtu zuen bere taldeko estrofatxoa botatzeko. Zarauzko taldeak berriz, gai bati talde osoak kantatu behar izan zion lehen kanporaketan, eta hiru taldekideek beti bukaera berarekin bota zituzten bertsoak: «limosnatxo bat eskatutzen det /jainkoaren izenian.» Saioari originaltasun handia eman zion, eta taldeari batasun irudia.
Gaur arte bertsolari askok ez du herri bereko beste bertsolari eta zaleekin harreman askorik izan. Eta txapelketak batu eta elkarlanean jarri ditu. Hargatik, sortutako lagunarte giro hau da partehartzaile askok txapelketaz gorde duena.
Beñat Doxandabaratz
Zorioneko fitxaketa ETBk egin duena. Egiazale bezain zehatzak baitira Mirentxuren lanak. Telebista bateko informatiboek behar duten berma hain zuzen, sona eta begirunea erdiesteko. Kazetari trebatua dugu iruindarra, «Punto y hora» eta «Egin»eko zuzendaria izan eta gero New Yorkeko NYU eta Columbia unibertsitateetan zinema ikasi baitzuen. Ikasbide argia atera zuen handik: fikzioa egiteko ere ikerkuntza behar beharrezkoa dela lan hori sinesgarri izango bada. Zer esanik ez dokumentalgintzan. Ongi baliatu zen horretaz «Denboraren gibelean» film gogoangarri hura egiteko. Orain, esku artean zenbait egitasmo ukanda ere, «Mundo Hoy» saioak xurgatzen dio denbora gehien. Xede nagusia, ikerkuntza kazetaritzako erreportaje bat astero eskaintzea da, gaurkotasuna duen gai bati buruzko gakoak azalerazteko eta, bidenabar, zer pentsatua eman diezagun.
«Izan ere, makina bat gai dago eguneroko bizitzaren zurrunbiloak irensten duena. Informatiboetatik hasita, albistea sortu ahala, horren berri ematen da ziztu bizian, eta inor gutxi arduratzen da berri horren iturburua zein den arakatzeaz. Hain zuzen, zerbait gertatu bada, sorburu bat duelako izan da. Gure eginkizuna beraz, oraina argitzen duten aurrekariak ematea da jakinaren gainean egon nahi duen ororentzat. Estatu osoan egunkari gehien irakurtzen den herrialdea Euskal Herria izanik (%57 Espainiako %35aren ondoan), jendeak biziki eskertzen du gertakari edo gatazka baten gibelean dauden koskak erreportaje hauen bidez islatzea» diosku Mirentxuk. Gisa honetan gainera, ikusleak kontsumo gordin, kirol gaindosi, txutxumutxu eta bestelako «opio» hordialdietatik esnaraztea lortzen da, ordu betez sikiera.
Aktualitatearen irizpidea darabilte atzerrian egin saioak hautatzeko tenorean, beti ere jendearentzako interesgarriak izango direlakoan.
«Palestinan adibidez, otsailean erabaki behar dute burujabe bihurtu ala ez. Ba, gure gain dago zein telebistek jorratu duten gai hori jakin eta horien artean gure ustez onena dena aukeratzea ETBk eros dezan Gurutze Lizarralde ekoizlearen bidez». Horren harira, dokumentalgintzan BBC izan da beti kalitatearen ikurra, 50 urtetik gorako eskarmentua duela. Azkenaldian aldiz, Danimarka, Norvegia, Zeelanda Berria, Frantzia eta Alemaniako telebista zenbait lan txukunak ari dira egiten, ikerkuntza talde onak baitituzte. Halaxe, datozen asteei begira, erreportaje anitzak taxutu dituzte, hala nola, hilaren 30ean eta ia 70 urteren buruan yankiek Panamatik alde egingo dute, kanala panamarrei behin betiko utziz. Horren inguruko saioa izango da ikusgai. Urtarrilaren 2rako ostera, zerbait leunagoa lotu dute, «Primera luna» izeneko lana, Txinan Gabonak eta Urte berria nola ospatzen diren erakutsiko diguna, hango ohitura eta erritoen bitartez. Era berean, laster ikusteko moduan izango dugun beste erreportajeak Ekialdeko Timorren gertatu konspirazioari helduko dio.
IRITZIA SINATUA BETI.
Mirentxurekin mintzatuz, beharrezkoa deritzogu dokumentala eta erreportajearen arteko aldeak azaltzeari, jendeak biak nahasteko joera izaten baitu.
«Erreportajeak berri bati lekukotasun bat eransten dion bitartean, dokumentalak datuak kronologikoki ematen ditu: aurrekariak, ondorioak, protagonistak eta baita aurkariak ere, ikuspegi globala osatu arte. Dokumentalaren barruan aldaera guztiak sartzen ahal dira: elkarrizketa, erreportajea, kronika, iritzia...; askoz orekatuagoa da». Dokumentalak errealitatea osorik atzeman ote dezakeen galdetuta,
«egiten duten pertsonen baitan dago hori; albistearen profesional bati gertaerak distantzia batetik ikus ditzala eskatu behar zaio, objetibotasun horren izenean datu eta lekukotasunak bil ditzan. Gainontzekoa, iritzi emaileen esku dago, nahiz eta zuk galderak modu batera bideratu. Azken finean, iritziak sinatua joan behar du norengandik datorren jakin dezagun». Mirentxuren ustez lagungarri izaten da halaber, jazoeren fikziozko berritze bat egitea ikusleak giro daitezen,
«dena den, beti azpimarratu behar duzu gertaeren fikziozko berritze bat dela».
Lasa eta Zabalaren hilketa argitzeko epaiketa hasia dela, Mirentxuk duela bi urte egin erreportaje berezia eman dute berriki, Jaime Otamendi Informatiboetako buruak hala aginduta.
«Lan hau egitea bereziki hunkigarria izan zen niretzat, are gehiago milaka egunkari eta artxibo irudietan behatu eta gero. Lanean nire jokamolde etikoa jarraitzen dut, eta ez dit sekula inork ezer zentsuratu. Ildo horretan, erailketa lazgarri haien ondoren, Ertzaintzaren jokabidea aireportuan eta ondorengo erasoa hilerrian familiakoen kontra ulertezina izan zen. Hori ez da demokrazia batean gertatzen, hilkutxa horien barruan zer zegoen ez zekitela ehorztea ere! Garai hartan, Atutxa Ertzaintzaren alde agertu zen; ba, orain jakingo duzu zer den historiara pasatzea. Hain zuzen, aitzakiak aitzaki, irudiak ikusita ez dago zalantza izpirik Ertzaintzaren basakeriaz».
Balizko elkarrizketatuak limurtzeko, haien iritzia jasotzea funtsezkoa dela esaten die, dokumentala herren geratuko dela bestela.
«Alde horretatik zortea izan dut. Lasa eta Zabalaren inguruko lanean adibidez, Gordillo fiskalari ea galderak aurretik igortzea nahi zuen galdegin nion, eta berak ezetz, ez zuela behar». Maiz, protagonistak emaitzarekin ados egon ezean, errazena kazetariari errua botatzea izaten denez,
«hori dela eta, elkarrizketatuekin solastatzen naizenean, grabagailua eta apunteak erabiltzeaz aparte, paper bat sinarazten diet adierazi dutena haiek esana dela egiazta dezaten»