Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Ihesi >
  • Ahuntzaren jauziak Belardiko harkaitzetan

1999-12-26 -- 1743.zenb

Ahuntzaren jauziak Belardiko harkaitzetan

Lierni Arrieta

Azkaraten hasiko dugu aste honetako txangoa plazatik gorantz abiatuz. Gero, zuhaitz eta zuhaixkaz osaturiko hesi dotorea igaroko dugu. Arte, lizar, astigar eta beste hainbat zuhaitzez eratua, ibilbide guztian topatuko dugun zuhaitz mota anitzenak hemen daude. Hesi hauen aberastasuna goraipatzekoa da, bertan ez baitira soilik espezie desberdinak aurkitzen; hauek babes egitura, elikagai mota eta mikroekosistema ezberdinak garatzen dituzte. Hesi-bizi hauen inguruan animalia ugari elkartzen da babesak eta elikagaiak erakarrita. Txarrantxazko hesi hauskorren aldean emankorrak dira hesi biziak. Maldan gora jarraitu eta hilerria eskuinean utziz, gurutzez betetako gainera helduko gara (1,5 km). Bertan, Balerdin zendu zirenen oroitarriak daude. Izan ere, ez dira gutxi mendi honetan bizitza galdu dutenak: harriak erraz askatu eta erortzen direlako edo euria egindakoan harkaitza oso irristakorra delako. Herritarrek ere errespetu handia diote mendi eder honi; bere indarra agertuz dotore ikusten da Azkaratetik.
Ezkerreko bidezidorra jarraitu eta mendiaren horma ertzetik pasatzerakoan goialdetik erortzen diren harrespilak igaroko ditugu. Honelako lur desegonkorretan hurritzak gailentzen dira eta baso ireki bereziak eratzen dituzte. Aurrera jarraitu eta haritz amerikar eta astigar gazteak landatuta dauden zelaian bidearekin bat egingo dugu. Malda gora uraren bide ingurua segituz txoritxoren bat eta katagorriren bat ikusteko aukera ere izango da, baina nik ezin esan zein eta zein ordutan agertzen den bakoitza. Haritzen bat eta pago dexente, zelaian gora gehienbat. Ondoren, kable potolo batekin aurkituko gara. Kable hau goiko zelaietatik belarra jaisteko erabiltzen zuten. Abereak elikatzeko belarra, auzoetako zelaietan ebaki ohi zuten. Dagoen malda urriari esker, ez zuten gerria asko makurtu behar izango segan egiteko.
Albotik doan erreka berehala ezkutatu eta berriro agertzen da, etengabe berarekin batera hezetasun guneak eratuz. Baina lepora heldu baino lehenago, nekea arindu eta egarria asetzeko iturritxoan ura edan dezakegu. Leporako bidea, nahi baino luzeagoa egingo zaigun arren, bertatik ikus daitekeen paisajeak merezi du izerdi tantoren bat edo beste (4,5 km). Astunaldeko lepoan, aurrealdean, Txindokiko mendia ikus genezake. Balerdi eta Txindokiko gailurren artean eratzen den haranean «infernuko» erreka sortzen da. Bere alboan meatzeak ere ikus ditzakegu.
Ezkerraldera Artubiko tontorrera igoko gara, Balerdikoa baino altuagoa izan arren ez da hain ezaguna eta Balerdiko gailurrera jarraituko dugu. Euria edo elurra dela-eta, Balerdirako bidea oso arriskutsu bihurtzen da. Beraz, hobe tontorrean zehar ez abiatzea. Hala ere, eguraldiak laguntzen digunean aurreko muturreraino joatea merezi du, munduaren jabe izango bagina bezala. Mila tontor, herri eta paisaje (atseginak eta ez hain atseginak) behatuko ditugu: Txindoki, Aizkorri, Anboto, Izarraitz, Hernio, itsasoa, autobia eta Pirinioak. Gertuxeago, Azkarate eta Gaintza.
Ahuntzak harkaitzetan, saiak bere inguruan, belatxingak gertuen. Otartekoa jateko leku paregabea utzi eta Artubiko gailurrera itzuliko gara (6,5 km). Bertatik ezkerretara jaitsiko gara eta marra gorri eta zuriak dituen bidearekin bat egingo dugu. Ezkerrerantz jarraitu eta kare-harri higatuak dituen punta eta leunduretaz ohartuko gara. Kare-harria urak erraz disolbatzen du, baina ez biguna delako. Inguruan baliteke miru gorriren bat edo beste ikustea harrapakinen baten bila. Miru gorria bere isats zorrotzak duen «V» itxuragatik bereizten da. Eskuinera jarraitu eta erori berria den borda batekin topatuko gara (8 km). Ezkerrera joz beheko zelaietara heldu behar dugu, landaketa desberdinak zeharkatuz. Eguteratik ospelera igaro gara eta landaredian hainbat azaletan nabari da aldaketa. Landareek ere nabari dute eguzkiaren falta eta eguteran egiten den belarra askozaz ere goxoagoa omen da ganaduarentzat. Baliteke horregatik hemen landaketa gehiago eta zelai gutxiago izatea. Agian, gipuzkoarrek egur premia handiagoa dutelako da eta nafarrek aldiz, abereak elikatzeko bazka dute beharrezkoago.
Bide zabalago batekin topo egitean sustratoa ere aldatu egin dela dakusagu, jada ez gaude kare-harritan eta arbelak bereizten dira bide ertzean. Larixio eta

intsignis
pinuaren landaketak antzemango digutu. Bidea bitan bereizten denean behekoari ekin eta pago, elorrizuri eta hurritz bakanez jositako zelaiak igaroko ditugu. Iturria ere igaroko dugu eta ezkerreko lepora igoko gara. Emana diogu bira osoa Balerdiri. Gain honetatik mendiari ikusten zaizkion esekitako belardietan ere segan aritzen zirela diote bertakoek. Lurrik lauenak ganaduak zuzenean erabiltzen zituen, baina harresitik gorantz dagoena inguruko baserrien artean banatzen zen segatzeko. Ondoren fardotan bildu eta bultzadatxo bakarrarekin beheraino heltzen zen belarra. Goian segan jardun ondotik, beheko pagadi txikian bazkaltzen zuten elkarrekin, baina familiak elkar nahastu gabe.
Beherako bidea hartzeko ordua iritsi zaigu, igotzerakoan egin dugun bera da ibilbidea, beheraka ordea

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan