PARTEHARTZE POLITIKOA GOSE BILAKATZEN DENEAN
Mikel Asurmendi
Orain dela urte bete udazken itxaropentsu bat bizi izan zen Euskal Herrian. Lizarra-Garazi Adierazpenaren ondotik euskal gatazkaren bi ildo nagusiak birplanteatu ziren. Hots, bake eta normalizazio prozesua eta eraikuntza nazionalaren ildoak. Aldi berean, eta aro berri baten hastearekin batera, euskal preso politikoek normalizazioa eta eraikuntza nazionalaren prozesuan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuten. Presoen beren prozesua lehenagotik dator, ordea. 1996an, «Euskal presoak Euskal Herrira» lelopeko kanpainari ekin zioten. Are lehenagotik, 1978ko amnistia eman zenetik, gose grebez gainera, itxialdiak, isilaldiak edota plantoak burutu izan dituzte, sakabanatze eta urrutiratzearen aurka eta bizi baldintza duinak exigituz. Urte luze hauetan, Euskal Herriko kartzeletan egoteko duten eskubidea ukatu egin zaie. Gaixorik batzuk, eta beren zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte beste askok. Euskal presoek barruan segitzen dute, ordea.
IAZ BAINO OKERRAGO.
Iazko abenduan herritarrek presoen alde buruturiko mobilizazioek itxaropen berri bat zabaldu zuten. Herri honek bizi duen aro politiko berria gaiztotuz joan da ordea, eta presoek iniziatiba hartu behar izan dute. Izan ere, iazko mobilizazioen garaian inork gutxik imajinatuko zuen presoek egoera hain larrian segituko zutenik une honetan. Ondo bidez, presoen auzia askozaz aurreratua egotea espero zen euskal gizartean. Euskal gizartea lozorroan geratu bide da. Lizarra-Garaziren trenaren lokomotorak bagoi asko zeraman antza, eta ezin izan dio denetatik batera tiratu. Haatik, presoen bagoia da ibilbide honetan presa handiena daukana. Madrilgo Gobernua, horretaz jabeturik, ondotxo arduratu da trenbidea oztopatzeaz. Oztopatu beharrik gabe, presoen bagoia bere esku izan du hasieratik, eta irtengabeko bidean arrestaturik atxikitzen du.
MUGARIK GABEKO BARAULDIA.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak azaroaren 1ean ekin zion gose grebari, eta orduz gero hogei preso mantentzen dira jateari muzin eginez. Hasi ziren hogei presoen izenak ezagutzera eman ziren, baita zein kartzeletan ziren adierazi ere. Basauri, Langraiz, Iruñea, Martutenekoak Euskal Herrian. Frantziako estatuan, berriz, La Sante eta Fleury-Merogisekoak. Gose greba abiatzeko helburuak jakinarazi zizkieten Frantzia eta Espainiako gobernuei, baita mintzakidetzako kideen izenak ere. Mintzakideak hamalau dira. Estatu bakoitzean zazpi preso direlarik. Komunikatu luze baten bitartez erabaki latzaren arrazoiak azaldu dizkiote euskal gizarteari, baita borrokaldiaren muga beren ahalmenak baino ez zuela ezarriko adierazi ere. Gose grebaren amaiera honoko eskabideen ondoren letorke: «
Euskal preso guztiak kalean izatea eta euskal nazio eraikuntzan euskal gizarte osoarekin batera parte hartu ahal izatea, beren giza eskubideak errespetatuak izan daitezen batera».
AZNARREK EZ DU ETSITZEN.
Presoek prozesu demokratikoan parte hartzeko legitimotasuna haien «jarduera historikoa»k ematen diela dioten bitartean, Aznarren gobernu espainarrak ez du presoen gaian pauso handirik eman; ETArekin mintzatzea onartu bazuen ere. Egin dituen aldaketa txikiak, bere intereseko estrategia eta taktikaren ondorioz izan dira. Funtsean, Espainako gobernuarentzat —bake eta normalizazio prozesu delakoan— euskal presoak trukeko txanponak dira. PPren estrategiarekin bat datozenentzat presoen eskaera utopikoa da. Ez du lekurik estatu demokratiko batean. PSOEk, berriz, zehazpenak zehazpen, presoen jarrerari garrantzia kentzen dio, eta haien protagonismoa besterik ez dute ikusten ekintza honetan. Jaime Mayor Oreja da inola ere, presoen gaia muturreko egoera bateraino eramateko estrategiaren sustatzaile nagusia. Presoen Kolektiboak bere asmoa azaldu zuenean posizio hau hartu zuen: «
Presoek gose grebari ekiten badiote, medikuen laguntzaz egingo diogu aurre haien osoasunerako kaltegarria izan daitekeen ekintza horri. Ez dugu horregatik espetxe politika aldatuko. Presio eta koakzioagatik ez du aldaketarik egingo Gobernuak». Iritziak iritzi, iazko udazkenean zabaldu zen prozesua fase zail batetik pasatzen ari da. Iazko abenduan, prozesua bermatzeko gatazka humanizatze beharra adierazi zuten berean diharduten eragile politiko, sindikal eta sozialek. Urte baten buruan, konfrontazio latz batean aurkitzen da prozesua. Anartean, ez dira gutxi izan presoen eskubideen eta beren partehartzearen aldeko ekintzak. Gasteizko Eusko Legebiltzarretik eta Nafarroako Parlamentutik —EHko 13 kidek egin zuten barauldia— hasita udaletxe txikietaraino zabaldu dira haiekiko elkartasun ekintzak. Unibertsitate eta ikastetxeetan ere mobilizazioak ematen ari dira. Artean, presoak medikuen presioak jasaten ari dira beren ekimenari uko egin diezaioten. Presoen Senideak kezkati daude. Presoek kilo asko galdu dute eta hotza dute berebiziko etsai.
AMNISTIAREN GARAIA OTE?
Presoen osasun egoera gaiztotuz joan ahala euren senideak espetxetaraino hurbildu dira. Zenbait kasutan, kartzela utzi eta eritetxera eraman dituztenean, haien atzetik joan dira. Ez dituzte ikusi ahal izan inola ere. Presoak artatu ondoren espetxera bueltatuak izan dira. Presoen egoera Estrasburgon ere izan da aipatua. Europako Ezker Batuko eurodiputatu batzuk —Alain Krivine buruan buru— elkartasuna agertu dute. Bitartean, presoek erakutsitako konpromisoarekin hainbat ekintza burutu da. Donostiako Belodromoan lehena. AABk deituriko ekitaldian, Begoña Sagarzazu preso ohiak honako deia egin zion gizarteari: «
Amnistiarantz Abiadurako Trena motel geratu zaigu. Mugi ditzagun karrika, herri eta auzoak, presoek erakutsitako konpromisoa eta duintasuna geure egin ditzagun». HBk abenduaren 5ean jende oldea eraman zuen Bilbora «Euskal demokraziaren alde» lemari jarraikiz. Basauriko espetxean gose greban zeuden presoek «gorputzez ezinik, baina bihotzez bertan zeudela» adierazi zuten agiri baten bidez.
ELKARTASUNA HARRESIAN.
Presoen aldeko elkartasuna La Sante espetxeraino iritsi zen hil honen 8an. Presoekin Elkartasuna Taldeko kideek beste ekintza ikusgarri bat burutu zuten CRSen harridura eta haserrerako. Lau kide igo ziren espetxeko harresian hormirudi bat eskuetan zutela: dispertsio eta kanporaketen aurka, eta presoak Euskal Herrira lemak frantsesez idatziak. Frantses poliziaren joera «basatiak» jasan ondoren, Parisko Polizia Judizialaren egoitzara eraman zituzten. Egun berean, Mikel Egibar presoa Arantzatzuko ospitalean ingresatu zuten 36 eguneko baraualdiaren ostean. 18 kilo galdu zituen. Presoak oso une larrietaraino eraman dute barauldia. Medikuen esanetan, beren leheneratzea oso zaila izanen da, oso baldintza txarretan ari baitira grebari ekiten. Kartzeletako hotza eta jasaten duten tratamendu eskasa azpimarratu dituzte hauen Senideek. Hitz hauek idazterakoan, gose greba hasi zuten 20 presoetatik hiruk jarraitzen dute: Sotero Etxandik 23 kilo galdu ditu, Mikel Zubimendik eta Arizkuren Ruizek berriz, 17
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.