Apar harroen azpian mamia azaleratzea. Hori da «Metropoli forala»ren xede nagusia. Aktualitatearen haritik tiratu gure gizartearen mataza nahaspilatu hori askatu ahal izateko. Hain zuzen, gertaeren gibelean eta azpian dagoena etengabe miatuz gero, borborka ateratzen baitira kontuak. Pello Argiñarena eta Juan Kruz Lakastak emankizun modernoa, mardula bezain entzunerraza dakarkigute arratsaldero, begiek ikusi ez dutena eta belarriek entzun ez dutena umorez eta patxadaz aztertuz.
«Saioan zehar, kazetarien hitzak, iritziak eta pil-pileko gaien inguruko tertuliak eta elkarrizketa bereziak jasotzen ditugu, aldi berean errealitatetik abiatzen den surrealismo umoretsua landuz»
Izen handiko kolaboratzaile sarea apailatu dute, hala nola, Jasone Osoro, Harkaitz Cano, Andoni Egaña, Xabier Silveira, Kirmen Uribe... Gainontzean, atal ezberdinez osatzen da magazina, besteak beste: Asisko Urmenetak egin «Asteoroko irudia», «Asteoroko tokia» Mikel Reparazen eskutik. Patxi Zabaletak ere esku hartzen du Nafarroako historiaren berrirakurketaren bidez, zinema kontuak Iñaki Lazkanok dakarzki, politikaz, Mikel Aramendi eta Gaizka Aranguren mintzo dira. Astero bidaiari ezberdin bat solastatzen da. Egunero halaber, beste metropoli batera jotzen dute han dagoen euskaldun batek hiri horri buruzko bere ikuspegia eman diezaien. Madril, Bartzelona, Gasteiz, Baiona, Donostia, Bilbo, New York eta Lisboa.
«Gabonen ondoren, Dublin, Brusela eta Amsterdam ere sartzeko asmoa dugu»
«surrealismoaren bidea gehiago jorratu nahiko genuke, esketx eta erreportajeen bidez. Tamalez, bi baino ez gara horri heltzeko»
![]() |
|
||||
1742 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa