Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-12-19 -- 1742.zenb

LASARTE-ORIA 1990: LIZARDIREN AMETSA, BIGARRENEZ

Iñigo Aranbarri

Uztailaren 15ean Donostiako Belodromoan Egunkariaren Festa egin zen egun berean jarri zuen Egunkaria Sortzen taldeak «Euskaldunon Egunkaria»ren 0. zenbakia kalean. Egun historikoa zinez. Alde batetik, «Eguna»k gerra garaian izaniko esperientzia behartu eta laburraz salbu, lehen aldia delako euskal egunkari bat kalean dena. Bestetik, eta Larramendiren «El Imposible Vencido» hura gogoan, hogeigarren mendearen hondarretan eta tentsioz beteriko giro politiko batean, gutxieneko indarrak bildu eta ametsak betetzea posible dela sinestarazi delako.
Hesi askoren gainetik pasatu behar izan da proiektua gauzatua ikusteko. Behar izan da hazi indartsu bat, ARGIA aldizkariaren inguruan bildutako kazetarien gogoak eta esperientziak eman diotena. Behar izan da urteetan luzatu den kontzientziazio kanpaina bat, euskalduna euskal prentsara hurbiltzea ahalbideratu duena, baina batez ere gerri malgua izan da beharrezko. Behin sektore euskaltzale askoren indarrak eta sentsibilitate diferenteak batuta, Eusko Jaurlaritzarekin negoziatu ahal izan dena negoziatu eta txakur gosez betetako merkatu basara ateratzeko.
Bidea ez da gozoa izan. Mao Zedong politiko eta poetaren olerki hartan bezalaxe, «bat bitan zatitzen da / dena Euskal Herrian». Bi proiektu egon dira iragarrita azken unera arte. Bata, Egunkaria Sortzen taldearena. Bestea, Eusko Jaurlaritzarena. Bien arteko diferentzia, egunkariari eman beharreko erabileran dago. Joseba Arregi Kultur sailburua eta Jose Ramon Beloki kazetaria buru dituen proiektua astiroago dabil, itzal da, urrun dago euskararen inguruko indar dinamikoengandik. Horregatik hartzen du beste eite bat. Irakurle berrien bila abiatu nahi du, irakurterraza izanen da, familiako edo etxeko egunkaria segmentazioa ondo taxutuz eskaintza aldetik, lehen egunkari baten osagai eta enpresa firma batean finkatua. Gainera, ofizial izaerak Ajuria-Eneako Itunaren agerkari izatera behartzen du.
Joxemi Zumalaberen beteraniak, Martin Ugalderen gaztetasunak bestelako irudia eman dio Egunkaria Sortzenen xedeari. Euskaltzaleen artean esperantza handiagoa piztu duen ezaugarriak erantsi dizkio zernahi euskaldunen artean aspalditik mamitu nahian dabilen amets bati: «euskaltzalea, nazionala, baterakoia, zabala, independentea (erakunde politikoetatik eta beste medioetatik), ez instituzionala (ez, hala ere, kontrakoa), subentzionatua, militantea, profesionala, berria, osoa, konbentzionala, konpetitiboa».
CIES ikerketa soziologikoetarako enpresak egindako ikerketak ez du birentzako tokirik ikusten, eta hala dio ikerketari erremate moduan ematen dion azken aholkuan: «...eta irakurlearen egunkari bakarra izango ez bada ere, horixe da apustua, identifikazioz lehenengo izatea eta horretara jotzea egunkari osoa, duintasunezkoa, normala eta konpetitiboa izatera heltzea».
Hala jarri da zero zenbakia kalean, amets bat egunkari mehe batera bildua. Uda eta udazkena izan dira trebatzeko. Negua gainean delarik, eta Durangoko liburu eta disko azokara bildutako jende oldea profitatuz atera da lehen zenbakia. Errotatiba propiorik gabetan, langileen lan baldintza sinestezinei esker dago Maulen eta Bianan, Karrantzan eta Ataunen «Euskaldunon Egunkaria». Hamaika mila ale saltzen ditu egunero. Ez da asko mende hasieran Iparraldean soilik nekazal giro batean «Eskualduna» astekariak saltzen zituen zazpi mila aleen aldean. Ez da asko 750.000 euskal herritarrek aitortzen dutelarik erroldetan euskaldun direla. Lizardik 1929an «Bai»-rentzat kalkulatzen zituen berberak ditu irakurle.
«Egunkaria» kalean denetik mundu oso bat du egiteko euskaldunak. Terminologia bat du finkatzeko, geografia bat osatzeko, hizkuntza komunitate bateko partaide izateak ematen dion ideologia bat egiteko. Eta ez da erraza. «Euskaldunon Egunkaria» egunero ezartzen ari den dinamikarekin, azukrea uretan bezala doa urtzen euskaldun askoren inpunitatea

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan