eta baita diputazioetakoak ere. Horiei buruz Kontseiluaren zuzendaritzak egin dituen gestioez galdetu diogu Idazkari Nagusia den Xabier Mendiguren Bereziarturi.
O
rdubeteko elkarrizketa bat izan genuen estraina Kontseiluaren Idazkari Nagusiak eta biok. Solasaren apunteak hartu ahala, zenbait gai nahiko arantzatsuak zirela eta, hurrengo baterako berriro geratzea proposatu nion, erantzunak lasaiago pentsatu eta zifrak kontrastatu ahal izateko posta elektronikoz galderak berriz pasata. Ondorengo elkarrizketak, kuestionarioari Xabier Mendigurenek idatziz erantzundakoa biltzen du).
Euskararentzako diru kontu publikoei buruzko zuen gestioen iturburutzat, duela urte bete, abenduaren 21an, zenbait alderdirekin sinatutako «Bai Euskarari» akordioa aipatu izan du Kontseiluak. Zein izan da gestio horien nondik norakoa urte bete honetan, nork hartu du parte eta norekin, zein izan da kronologia...?
1998ko aurrekontuak prorrogatu egin ziren Jaurlaritzan 1999rako, neurri osagarri batzuekin. 1999ko dirukontuetan islatu al dira Kontseiluak ezarri nahi zituen irizpideak?
Administrazioei euskarak behar duen konpromiso handiago baten alderako keinuak eta metodologia berri bat lantzen hastea aipatu da Kontseilutik. Zertan mamitu da hori urte honetan?
Dirudienez, hezkuntza alorra alde batera geratu da gestioetatik. Kontseiluaren gestioa «euskalgintza» deitzen den alorrean (kultur produkzioa, editoriala, komunikabideak, lan mundua...) zentratu dela esan al daiteke, alegia Jaurlaritzan HPSk hartuko lukeen eremuan? Zein eremutan zentratu dira Kontseiluaren gestioak?
Kontseiluko zuzendaritzaren partaide den AEKk irailaren 25eko batzarrean proposamen bat atera zuen bozkatzera, Kontseiluaren zeregina erakunde edo elkarte bakoitzaren dirulaguntza gestionatzea ez zela espreski adierazia gera zedin. Zein interpretazio egin zenuen proposamen horrena, zuk edo Kontseiluko zuzendaritzak?
Kontseiluak aipatu izan du Jaurlaritzan Hizkuntza Politikarako lehendakariorde baten beharra, gainerako instituzioen koordinazioa ere egingo lukeena. Baina aurrekontu guztien % 2a euskarari destinatzea ere. Bideragarri ikusten da? Zein epetan?
Azken denboretan euskararen biziberritzeko egiten diren proposamen, plangintza eta asmoetan nabarmena da, niri hala iruditzen zait, ez dela gehiegi aipatzen berreuskalduntze erakundeek beren eguneroko funtzionamendua normaltzeko oraindik duten behar larria. Nola ikusi duzu zuk Kontseiluaren buruzagitzatik?
Kontseiluak alderdiekiko negoziaketa edo gestio horietan euskalgintzako hainbat sektore eta erakunderen behar ekonomikoak biltzen dituen agiri bat erabili du. Nondik eta nola bildu eta sailkatu dira kopuru horiek?
Kontseiluak udaberrian bisitatutako zenbait erakundek adierazi zuen, ARGIAk esate baterako, irizpide nagusiak aztertu eta finkatu gabe kopuruak markatzea desegokia zela. Egia al da udazken honetan udaberriko bisitaldi haietan bildutako kopuruez osatutako agiria ari dela erabiltzen Kontseilua bere gestiotan?
Aipatzen dugun agiri horretako kopuruen artean begiratzen hasita, nabarmena egiten da urte beteko aurrekontuetarako «Euskaldunon Egunkaria»k gaurko 156 milioitatik 1.050tara pasatzea aipatzen dela, gainera inpresio zentro baterako 1.200 miolioi beharko lituzkeela aipatuz, ondorengo lerroan astekariak 19,5 milioitatik 30era igotzea, haur eta gazte aldizkariak 15,2 milioitatik 20ra eta abar datozenean... Nola esplikatzen dira horrelako diferentziak?
Kontseiluaren partaide diren erakundeak eta euskaltzaleak lasai egon al daitezke erakunde horretatik egiten ari diren gestioen gardentasunaz? Euskararen aurrekontuetan egon daitezkeen hobekuntzak denei hein berean edo irizpide garbien arabera iritsiko al zaizkie?
Gaur administrazio publikoek, Jaurlaritzatik hasita, irizpide batzuk dituzte dirulaguntzak banatzerakoan, edo euskal munduko enpresa eta erakundeen finantzazioan laguntzeko. Kontseilutik irizpide horiek aldatzea planteatu da? Beste irizpide berririk?
Udaberrian etorri zen Kontseiluko zuzendaritzako kidea eta Elhuyarreko burua den Iñaki Irazabalbeitia ARGIAra. «Bai Euskarari» konpromisoari jarraituz, alderdi politikoek (EAJk, EAk eta EHk) hori mamitzeko Kontseiluak zein diru kopuru beharrezko ikusten zituen azkar zehazteko eskatzen omen zuten. Eta Irazabalbeitiak esan zigunez, urgentziazko datu bilketa egiten ari zen Kontseilua. 1999ko aurrekontuak egiteko garaia zen.
ARGIAri zenbat diru behar zuen galdetzen zitzaionez, elkarrizketan geunden Joxemari Irazusta lehendakariak —ni neu ere bileran nintzen— kopuruetan hotz-hotzean sartzea desegoki ikusten genuela adierazi zion, euskal kultur mundua sektore, erakunde, enpresa eta jarduera oso ezberdinez osatuta dagoela eta lehenago irizpideak finkatzeko lan bat egiten ez bazen, politikariekiko harremana bazar bat bilakatzeko arriskua zegoela. Era berean, dirulaguntzen gestioa ez dagokiola Kontseiluari ere gogorarazi zitzaion.
Gero, 1999rako Eusko Jaurlaritzak 98ko aurrekontuan prorrogatu zituen, EAJ, EA eta EHren babesarekin. Pasa zen uda, eta irailaren 25ean Kontseiluak egin zuen batzar nagusian dirulaguntzen inguruan tentsioa zegoela sumatu zuen ARGIAko ordezkaritzak: Kontseiluaren zuzendaritzan dagoen AEK-k subentzioak erakunde bakoitzak bere gain negoziatzea eta Kontseiluak dirulaguntzen negoziatzeari espreski uko egitea proposatu eta bozketan aurrera atera zenean.
Aurrekontu berriak egiterakoan, hiru alderdi abertzaleek ere euskalgintzako enpresa eta erakunde bakoitzak aurrera begira zer asmo zuen jakitekotan, bakoitzarekin harremanetan jarriko zirela ondoriozta zitekeen guzti horretatik.
Geroztik Kontseiluaren zuzendaritzako inork ez dio eskatu ARGIAri ez dirulaguntza publikoen irizpideak nola ikusten dituen adierazterik, ez bere edo berekin sektore berean daudenen jardueraren finantziazioa nola baloratzen duen, ezta hurrengo urteetarako ze nolako planak dituen aurkezteko ere.
Orain berriz, EAJ, EA eta EHrekin Kontseiluaren zuzendaritzako kideek 2000. urteko aurrekontuei begira egindako gestioetan erabili duten dokumentu bat ezagutu dugu, ARGIAk bere iturrietatik eskuratuta. Dokumentu laburra da, kazetari honen ustez berezia: Kontseiluak elaboratzen dituen beste material askoren aldean argumentazioetan orri gutxi erabiltzen ditu, eta aldiz diru kopuruen erabilera modu erabat arbitrario batean burutu duela dirudi, ez dago proportziorik enpresa edo atal batzuek dituzten kopuru eta xehetasunen eta beste batzuen artean...
Xabier Mendiguren idazkari nagusiari galdetu diogu kopuru horiez eta dokumentuaz. Aurrez aurreko lehen solasaldian Mendigurenek erantzun zigun Kontseiluaren zuzendaritzak zifren dantzan ez zuela sartu nahi, baina alderdi politikoek arren eta arren eskatuta kopuruetan hurbilketa bat egin behar izan zutela. Aldiz, hori ukatu gabe, orriotan aurkezten ditugun idatzizko erantzunetan arazoa euskalgintzako elkarteotan dagoela eman digu aditzera: Kontseiluko zuzendaritzak lan batzuk eskatu euskal munduko erakundeei eta horietatik «etxeko lanak» erakunde batzuek bakarrik egin baliztuzte bezala. Kazetari honek zertifika dezake ARGIAren kasuan behintzat hori ez dela horrela izan.
Une honetan Mendiguren idazkari nagusia eta Joxe Jabier Iñigo idazkari teknikoarekin batera, Kontseiluan zuzendaritza horrela dago osatua: lehendakari Iñaki Uria Egunkariako kontseilari ordezkaria da, eta beste kideak UEUtik Iñaki Marko, EHEtik Gabi Basañez, Jakineko zuzendaria eta Egunkariako lehendakaria den Joan Mari Torrealdai, Elkarlanean-Zabaltzeneko Mikel Arrizabalaga, Elhuyarko Inaki Irazabalbeitia, IKAko Asis Arbide, Topaguneko Fernando Muniozguren, Ikastolen Elkarteko Paulo Agirre eta AEKko Erramun Osa. Honek hartu zuen iraileko batzarrean geroztik Andoaingo Kultur Parkeko arduradun izendatu duten Joan Mari Larrarteren lekua.
EAJ, EA eta EHrekiko bilkura eta negoziaketetan (Jaurlaritzako eta diputazioetako dirukontuei buruzkoetan) zuzendaritzako zein kidek hartu duen parte galdetu genion Kontseiluaren idazkari nagusiari, eta ez digu erantzun
![]() |
|
||||
1742 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa