ERRONKA ARTISTIKOA UPEL ARTEAN
A.m.s.
ere ez, eta ezta trikitixaz alaituriko erromeria edo jaialdia ere. Hiru elementuak uztartu eta nahastu ditu Laxok taldeak, eta horrela sortu da «Upeletan erronka», Euskal Herri osotik biran arituko den sagardotegi ibiltaria.
Partehartzaileak Laxok taldea osatzen duten lau dantzariak —Iban Agote, Oier Imaz, Kimetz Larrañaga eta Jon Maya— Peñagarikano eta Egaña bertsolariak eta Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak dira. Eszenatokia sagardotegi bat da; upelak, mahaiak, sagardoa eta guzti —txotx ere egiten dute partehartzaileek bertan—. Oholtza gainean oso ondo banatutako bi talde ageri dira (bertsolari bat eta bi dantzari talde bakoitzean), eta trikitilariak erdi-erdian. Hor hasten da ikuskizuna; Euskal Herriko edozein txokotako sagardotegi batean gerta litekeen istorio bat kontatuz.
Sagardotegian topo egiten duten bi koadrilak berehala hasten dira lehian. Bertsolariak lehenengo eta, trikiti zein bertso doinuen laguntzaz, dantzariak beranduago. Bertsolariek gidari edo narratzaile lana betetzen dute erronka gauzatu eta azaltzeko, eta Peña eta Egañak giroa berotu bezain laster dantzariak sartzen dira lehian. Bizkaia eta Gipuzkoako aurreskua, banangoa, baso dantzak... tankera horretan gauzatzen da erronka; bakoitzak dantzan bestea baino gehiago dela erakutsi nahian. Lehia horretan une ikusgarriak gertatzen dira; esate baterako, bertso doinuekin dantzatutako banangoa,
tubo basoaren gainean jauziak egitea... «Upeletan erronka» lehia artistikoa da, azken finean; sagardotegi giroan gertatzen den ordu eta laurden edo ordu eta erdiko ikuskizuna, hasiera-hasieratik Laxok taldeak prestatu eta zuzendutakoa.
BAT-BATEKOTASUNA.
Ikuskizunaren ildoa edo eskema berdina da beti, oso antzekoa behintzat, baina horrek ez du esan nahi herri guztietan saio berdina eskaintzen denik. «Upeletan erronka»k duen ezaugarri nagusienetakoa lekukotasuna da. Ikuskizuna lekuan lekuko egoera, istorio, pertsonaia ezagun edota
pikeetara egokitzen da. Hau da, saioa ematen den herriko jendea inplikatuko duen gai bat aukeratzen da beti. Esate baterako, Zaldibin Peña eta Egañak gazte denborak gogoratu zituzten lehen saioan, baina Bilbon euskaldun zahar eta berrien rolak jokatu zituzten. Beti aldakorra da gaia; Azpeitia Azkoitiren aurka, Donibanekoak San Pedrokoen aurka... gisa horretakoak beti. Hala ere, hasierako gai horrez gain, oholtzan gertatzen denari buruz kantatzen dute bertsolariek, etengabekoak baitira inprobisazioa, naturaltasuna eta ezustekoak.
Orain arte ikusleen artean ezuste handiena sortu duen elementua eszenografia bera izan da. Sagardotegi itxura du bete-betean, eta oholtza baten gainean txotx egiten jardutea harrigarria gertatzen zaie askori. Hala ere, zalantzarik gabe euskal kultura eta folklorean hain oinarrizkoak diren aipatu hiru elementuak aldi berean eta zehaztasun osoz uztartuta ikustea da aipagarriena. Trikitilariak hain ohikoak ez dituzten doinuak jotzen, bertsolariak esperimentu berri baten aurrean eta dantzariak erabat berria zaien mundu bati aurre eginez...
Apustu indartsua egin dute guztiek, baina badirudi ez dela alferrikakoa izan. Urriaren 8an Zaldibin aproba egin zuten, azaroaren 11n Bilboko Kafe Antzokian aurkezpen ofiziala eta abenduan jada eginak dituzte laupabost saio. Jendearengan harrera ona izan du proiektu berriak, eta Laxoken hasierako asmoak gainezka egiten ari dira. «
Ondo ateraz gero arrakasta izan zezakeela espero genuen, eta hasieratik dena primeran doa» diote Laxokeko lau dantzariek. Datozen egunetan Zumaia, Hernani, Astigarraga, Donibane-Garazi, Mendaro, Errenteria eta Usurbilera helduko da «Upeletan erronka», eta 2000 urteko agenda ere betetzen hasiak dira partehartzaileak.
Proiektu honetan, lehenengoz, arreta pizten duena partehartzaileen izenak dira. Dantzarien artean dantza soltu zein aurreskuan azken hiru urtetan egon diren txapeldun guztiak batzen dira, bertsolarien maila zalantzan jarriko duenik ere ez dago eta trikitilari hauek plaza giroan dauden puntakoenetakoak dira. Baina ikuskizuna ikusi eta gero, ikusleak partehartzaileez gain beste elementu batzuk azpimarratzen ditu, batez ere. Hiru elementuen uztartze egokia, historiaren arintasuna, eszenografia eta kolorearen balioa, sormen lana, umorea eta, zergatik ez, oholtza gaineko ausardia eta naturaltasuna. Hitz bitan esateko, hori da «Upeletan erronka»
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.