Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren frakdun kobratzailearen lan iluna (I)
Herritarrek aintzinatutako jarrera interesgarria sortu zen duela gutxi epaitegietan. Ahozko epaiketara joan behar eta abokatu euskaldunaren bitartez, euskaraz epaitua izateko eskubidea mugaraino eramateko aldarrikapena planteatu zen. Hau da, inolako itzulpenik behar ez duen epaile edo magistratua da eskatu dena. Hots, epaile euskalduna.
Behin eskari hori eginda, epaile batzuk emandako erantzuna, (batzuk hau azpimarratu nahi da, beste epaile batzuk ostean aipatuko diren neurriak ez dituzte eta hartu, oraino) hauxe: Ahozko epaiketak bertan behera utzi, unean uneko abokatua uko egindakotzat (errenuntziatutzat) hartu, herritarrak beste abokatu bat («legedia onartuko duena», «itzultzailea onartuko duena») hautatzera derrigortu, eta uko egindako abokatuari zehapen espedientea ireki, diru isunak luzatuz. (Milioi bat pezeta, handiena, 50.000 pezeta, txikiena, tartekoak besteak: 300.000 pezeta, 100.000 pezeta).
Hau da, laburbilduz, orain artean euskara hizkuntza ofizial eta propio den lurraldeotan jarduten duten justizia banatzaileek erabaki dutena. Eta horretan darraite. Gipuzkoan, oraino, bi milioi pezetatik gorako isunak ezarri dituzte orora, bederatzi abokatuoi.
Eta epaile horien jarrera tamalgarriaren garrantzia azpimarratu nahi bada ere, honako lerrook, batik bat, isun espediente hauetan Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren Gobernu Batzarrak izan duen jarrera aztertzeko helburua dute. Goazen bada, horretara.
Isundutako abokatuetako batzuk, Elkargoari babesa eskatu zioten idatziz, ulertzen bait zuten planteatzen zen arazoaren aurrean, abokatuak (eta finean, herritarrak) eskatzen ari ziren planteamenduaren alde agertu behar zuela Elkargoak).
Erantzuna, babesa ez eskeintzea izan da. Erantzuna, Gipuzkoako Entzutegi Probintzialaren aurrean ospatu zen ahozko epaiketa batera, Batzarkide guztiak togaz jantzia agertzea izan da, akusatuen borondatearen aurkako ofiziozko euskarako txandako bi abokatu inposatu ostean, bi hauei itzulpena onartzea derrigortuz eta sekula egon ez den presentzia «insolita» horrekin magistratuei «zuekin gaude» keinu mutu bat eginez.
Erantzuna ez da hor amaitzen. Epaileek espedientatutako abokatuei ezarritako isuna kobratzeko lana ere egin du eta horretan darrai Elkargoak. Abokatuek Ofizioko txandatik bere zerbitzuen ordainetan kobratzeko duten zenbatekotik, Elkargoak erretentzioa egiten du, diru hau epaitegira eraman eta isuna estaltzeko. Alegia, epaile espedientatzaileen frakdun kobratzailearen lana egiten dihardu «gure» Elkargoak, abokatuak bere lanarekin irabazi duen diru bat bahituz.
LUIX BARINAGARREMENTERIA OLAIZOLA
DONOSTIA