Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-12-19 -- 1742.zenb

EUSKAL POEMA EDERRENAK
Care Santos
Hiria
150 orrialde

Hiria argitaletxe berriak kaleratu berri dituen antologietako bat dugu hau, euskal poemagintzaren antologia, hain zuzen. Ia ehun poema bildu ditu Xabier Hiriart bildumaren egileak antologia honetara. Ahozko lirika tradizionaletik hasi eta azken urteotako olerkarietara bitarte, denetarik irakur daiteke liburu honetan: «Beotibarko gudua», Etxepareren «Kontrapas», «Bereterretxeren kantorea», Oihenarten «Nik ez dut ehor maite», Lauaxetaren «Neguko gaba», Lizardiren «Arrats gorri», Arestiren «Nire aitaren etxea», Leteren «Ezaren semeak», Sarrionandiaren «Hau da ene hondasun guzia»... Euskal poemagintza ezagutzen lehen urratsak eman nahi dituenarentzat aproposa

OSTIRALAK
Jon Arretxe
Elkarlanean
135 orrialde
1.450 pta.

Jon Arretxe basauriarrak badu lehenago «Ostegunak» izenburuko liburu bat non ikasleen bizitza eta hauen osteguneko parrandak deskribatzen dituen ipuinen bitartez. Oraingoan «Ostiralak» honekin dator, hain zuzen, ikasle garaiaren amaiera gaitzat hartuta. Sei istorio biltzen ditu liburuak —«Estalkia», «E.S.M.K.», «Aitorren erabakia», «Kolakaoa», «Bekadunak» eta «Valeriren azken ostiralak»— eta sei kasuetan protagonistek zalantza bat izango dute: patuari amore eman eta lan-mundu zailean sartu ala ikasle bizimoduari nolabait eutsi. Ironia, xelebrekeriak, sexu-kontuak... agertuko dira sei kontakizun horietan, beti ere, kaleko kutsua duen hizkuntza bizi eta atseginez emanak

BI ARGAZKI ETA HAINBAT POLAROID
Felipe Rius
Pamiela
205 orrialde
1.800 pta.

Felipe Rius kazetari iruindarraren lana argitaratu berri du Pamiela etxeak bere Ilargia bilduman. Liburua osatzen duten ipuin eta apunteek oroimenean dute lotura, oroimena dute guztiek hizpide. Kontakizunetako pertsonaia batzuk ahaleginak egingo dituzte oroitzapenak ezabatu ez daitezen, horiek gordetzen. Beste batzuk, ostera, iraganaren arrastoak desagertarazten saiatuko dira. Egileak, kronista baten modura, jendearen memoriaren gorabeherak harrapatzeko ahalegina egingo du, horretarako argazki kamera erabiliz. Batzuk Reflexarekin egindako zuribeltzezko irudiak izango dira eta beste batzuk polaroidaren kolorez betetako argazkiak

MARIMUKI
Antton Dueso
Ibaizabal
79 orrialde
1.000 pta.

Marimuki ez da Antton Duesok landu duen lehen pertsonaia. Orain arte Punki bihurriaren pasadizo xelebreak jorratu ditu Duesok hainbat liburutan eta orain Punkiren antza ere baduen neskato batekin dator: sudurretik zintzilik beti muki bat duen Marimuki. Bi ipuin jaso dituzte Ibaizabal etxeko Matxinsalto bildumako liburu honetan: «Marimukik ez du maskotarik» eta «Marimukik ezin du lo egin». Lehenengoan protagonista maskota baten bila hasiko da eta arazoak besterik ez ditu topatuko. Bigarren kontakizunean, berriz, lo egiteko arazoak izango ditu Marimukik, ohean jira eta buelta, harik eta bere buruari ipuin bat kontatzea bururatzen zaion arte

BIDEKO PROSAK: NAFARROA
Luis Mari Mujika
Hiria
143 orrialde

Idazmolde berri batean, prosazko poesia eginez, Nafarroaren berri ematen digu Lizartzako euskaltzainak. Narratzaile eta poeta lanez gain, lexikografia eta toponimia arloak asko jorratu izan ditu Luis Mari Mujikak, eta elkarrizketak jasotzerakoan darabilen hizkera aberatsean nabari du. Izan ere, tokian tokiko euskalkia eta hizlari bakoitzaren ñabardura darabil. Nafarroako paisaiak, pertsonaiak eta gertakizunak biltzen ditu memoria poetiko honek: «Paisaje okre mistikoa», «Mahastiak eta garia», «Berdearen itsasoan»... eta autorearen kezka diren «Mugako lurretan» edo «Euskararen heriotza-mugan» ere bai. Luis Mari Mujikak saiakera, poesia eta narratiba arloak landu ditu eta «Egan» literatur aldizkariko zuzendaria da

K.X.K.X. EGITEKO ISPILUA
Mercè Company
Giltza
212 orrialde

Mercè Company bartzelonarrak sortutako pertsonaia dugu liburu honetako protagonista, Axel izeneko aztia. Axelek, aztia izaki, nahi duen guztia lortzeko ohitura du, hatz-kriskitin sinple bati esker. Baina bere magiak badu bere alde txarra eta noizean behin arazoren bat ekartzen dio. Horregatik, oraingoan zibilizaziotik ihes egitea erabakiko du. Ozeano Bareko irla urrun eta huts batean geratuko da bizitzen. Han konturatuko da bere ahalmen magikoek benetan zentzua dutela. Euskararako itzulpena Gabriel Piedrak egin du eta azaleko zein barruko irudiak Arnal Ballesterrenak dira

HESIAK
Kashbad
Esan Ozenki

Txiki —bateria—, Gorka —gitarra—, Karlos —gitarra apala—, Sorkun —ahotsa— eta Gorkitak —baxua—, hots, Kashbad taldeak bere disko berria, bigarren lan luzea, jarri du berriki kalean Esan Ozenki disketxearen eskutik.
Aurreko diskoko rock doinuei segida eman die boskoteak «Hesiak» izenburu duen lan honetan, baina nabari da ideia berriak jorratu eta frogatu dituztela lan hau osatzeko orduan. Emaitza borobilagoa lortu dute, horrela, euren bigarren diskoa den honetan. Udazken honetan, urrian, hain zuzen, grabatu zuen taldeak disko hau Urdulizeko Tio Pete estudioan, Jose Lastra teknikari lanetan zela.
Bederatzi abestik osatzen du orotara lan hau. «Emaitzak» kantuak ematen dio hasiera, Saioa Muguruzaren hitzez eta taldeak konposatutako doinuaz. Ondoren, diskoari izena ematen dion eta hesiak apurtu eta askatasunaren bidea hartzeko gonbidapena luzatzen duen «Hesiak» dator. Maiatasuna du hizpide «Bi» abestiak. Ondoren datoz «Burmuinak», «Zin egin gabe», «Ilargipean», «Orain» eta «Bitartean».
Diskoa ixten duen «Mattin» nolabaiteko premonizioa izan da taldearentzat. Izan ere, preso bat du abesti horrek protagonista eta diskoa kaleratu baino lehen, duela aste batzuk, talde baxularia den Gorka Lazkano atxilotu eta kartzelara eraman zuten

hemeroteka

1739. zenbakia | 1999-11-28
1738. zenbakia | 1999-11-21
1737. zenbakia | 1999-11-14
1736. zenbakia | 1999-11-07
1735. zenbakia | 1999-10-31

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan