Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-12-19 -- 1742.zenb

Amaia Olano

Helduen euskalduntzea suspertu eta bideratzea da HABEren zeregina eta helburu hau lortzeko garrantzi handiko tresnatzat jo izan du programa didaktikoa. Sortu zenetik bertatik programa didaktiko honen diseinuan jardun du HABEk eta urte hauetan zehar proposamen ezberdinak kaleratu ditu, bakoitzean garaian garaiko ikuspegi eta berrikuntzak bilduz.
Lehen proposamena sortu zen urtean bertan egin zuen, 1981ean: «Helduen euskalduntzerako programazioa». Lan honek euskara-irakaskuntzarako programa biltzen zuen eta ondoren egin diren beste lanen oinarri izan da. Honen atzetik beste hiru programa etorri ziren: «Helduen euskalduntzea programatzen-84» (1983), «Euskalduntzearen lehen zortzi urratsetako edukia eta ebaluaketarako oinarrizko irizpideak» (1987) eta «Euskalduntzeko programa» (1989). Hauetako bakoitzak jarraipena izan duen bezala, 1989 urtean egindakoak ere badu ondorengoa, «Helduen euskalduntzearen oinarrizko kurrikulua».
1994 urtean hasi zen HABE euskalduntze-alfabetatzearen kurrikulu berria diseinatzen. Diseinu hau egiterakoan, euskalduntze-alfabetatzeak urte hauetan guztietan egindakoa, hizkutzen irakaskuntzan egindakoa eta programagintzaren ekarpen teorikoak kontuan hartu, eta hori hobetzeko balioko zuen tresna bat egitea zuten buruan. Aurrekoekin gertatu den bezala, proposamen berri hau hutsune, arazo eta premiak asetzera dator. Euskalduntzeari jauzi garrantzitsu bat ematen laguntzea nahi dute.
«Helduen euskalduntzearen oinarrizko kurrikulua» egitasmo baten zerbitzurako sortutako baliabide gisa definitu da, euskalduntzearen zerbitzura sortutakoa, alegia. Kurrikulu berri honen bereizgarri nagusiak hauek dira:
1) Kurrikulua egitasmo baten helburuak gauzatzeko baliabide den neurrian da baliagarri. Egitasmo hori euskara-irakaskuntza da; beraz, egitasmo honetan eragitea eta etengabeko berrikuntza eragile izatea da kurrikuluaren helburua.
2) Kurrikulua irakaskuntza sistemari eragiteko sortu da. Sistema horretan ikaslea eta irakaslea daude. Beste gauza batzuen artean, bi hauetan eragitea bilatzen du. Irakasleari etengabeko prestakuntza bermatuko dio, honek berarekin irakas- sistema osoaren berrikuntza ekarriko baitu. Baina sistemaren ardatza ikaslea da eta berak «agintzen» du irakaskuntzan. Bere heldutasuna eta autonomia bilatu nahi da kurrikuluaren bidez.
3) Kurrikulu hau oinarrizkoa dela esan dugu behin eta berriz, oinarrizkoa, orokorra eta zabala. Beraz, euskaltegi, irakasle eta ikasle bakoitzari dagokio bakoitzak bere beharretara moldatzea, eta honela, proiektuari ekarpenak egitea.


KURRIKULUAREN NONDIK NORAKOAK.

Edukiari dagokionez, oinarrizko kurrikulu honek lau atal ditu. Lehenengo atalean oinarriak biltzen dira eta kurrikulu honen iturburuan dauden hiru galdera erantzun nahi dira: zer ikasten da hizkuntza ikastean? Nola ikasten du helduak hizkuntza hori? Non, zein kulturatan, zertarako ikasten da? Honetarako hiru alderdi jorratzen ditu: hizkuntza, alderdi psikopedagogikoak eta alderdi soziokulturalak.
Bigarren atalean euskalduntze prozesua osatzen duten lau mailen helburu eta edukien berri ematen da. Maila bakoitza definitzerakoan, alderdi didaktikoak ez ezik, euskararen eta Euskal Herriaren egoera soziolinguistikoa ere kontuan hartu da.
Euskalduntzearen oinarrizko kurrikuluak dakarren aldaketariko bat mailaketarena da. Orain arte, eta euskaltegi sarearen arabera, euskalduntze prozesua zortzi edo hamabi urratsek osatzen bazuten, kurrikuluak lau maila proposatzen ditu. Lehenengo maila oinarrizkoa izango litzateke; honekin ikasleak gai izan behar du eguneroko harremanetan gertatzen diren elkarrizketak erdarara jo beharrik izan gabe burutzeko. Bigarren mailan, aurreko mailan jasotakoa sakontzen joango da ikaslea bere hizkuntza ekoizpena areagotzeko. Hirugarren maila Euskararen Gaitasun Agiriak (EGA) eskatzen duenaren parekoa izango da eta laugarrena arlo profesional, espezializatu eta zientifikoan euskaraz komunikatzeko gaitasuna bermatuko duena. Lau maila hauek gaur egun HAEE-IVAPek administrazioan egiten dituen hizkuntza eskakizunen parekoak dira.
Metodologia da hirugarren atalean jorratzen den gaia. Atal honetan oinarri metodologiko batzuk aipatzen dira, baina irakasleari dagokio aukeraketa egitea.
Azken atalean ikasleei ez ezik irakasleei hainbeste buruhauste ematen dizkieten ebaluaketak aztertzen dira. Ebaluaketak egiterakoan euskalduntze prozesuko maila bakoitzean jarraitu beharreko irizpideak zehazten dira.
Oinarrizko kurrikulu honen diseinua bukatu ondoren, sare ezberdinetako euskaltegiei aurkeztu zitzaien eta baita esperimentazio fasea martxan jarri ahal izateko laguntza eskatu ere. Bederatzi izan dira guztira esperimentazio fase honetan aritu diren euskaltegiak eta hauek jarri dute praktikan euskalduntzearen oinarrizko kurrikulu berria.
Bost urte inguru pasa dira dagoeneko esperimentazio plan hau martxan jarri zenetik. Uztailean HABEk eta EHUk kurrikuluaren inguruko udako ikastaroa antolatu zuten bost urte hauetan egindakoaren balantze txiki bat egin eta esperimentazio fasean aritu diren euskaltegiek egin dituzten ekarpenak plazaratzeko.
Uda ikastaro honetan Euskal Herriko nahiz kanpoko adituak biltzen saiatu ziren, honela katalanerak, galizierak, frisierak edo galeserak bizi duten errealitatearen berri izateko aukera paregabea eskainiz.
Ikastaro honetan parte hartu zuten adituen artikuluak bildu ditu HABEk «Hizpide. Euskalduntze-alfabetatzearen aldizkarian». Agerkari honetan kurrikuluarekin zerikusi handia duten zenbait gairi buruzko artikuluak aurki daitezke, hala nola, materialgintza, irakasleen prestakuntza edo ikasleen autonomia. Artikulu hauetaz gain, aipatu atzerriko hizkuntzen kurrikuluaren berri ematen da eta azkenik udako ikastaro horretan egin zen mahainguruaren zati bat jasotzen da. Mahainguru honetan euskaltegi sare ezberdinetako adituek hartu zuten parte.


ZENBAIT ADITUREN IRITZIAK ARTIKULUTAN.

Aldizkarian kurrikuluaren materialgintza proiektuan koordinatzaile didaktikoa den Begońa Martinezek artikulu bat argitaratu du. Izenburutzat «Material kurrikularra eta berrikuntza: "Barrene" proiektua» duen artikulu honetan kurrikuluak materialgintzan egiten dituen proposamenak aurkezten dira. Kurrikulua martxan jarri zenean, konturatu ziren euskara irakasteko irakasleek darabilten materialaren erabileran ere zenbait aldaketa edo egokitzapen egitea behar beharrezkoa zela. Honela, «Barrene» deitu duten materialgintza proiektua aurrera eramatea erabaki zuten. Proiektua Leioako Udal Euskaltegiarekin jarri dute praktikan. Honetarako euskaltegi honetako zenbait irakasle eta HABEko lau teknikari aritu dira elkarlanean.
Proiektu honetarako ahozko materiala eskaini nahi izan da eta horretarako irrati zein telebistako dokumentuak erabili dira. Hala ere zenbaitetan bideo grabaketak egin behar izan dira nahi ziren adibideak eskaintzeko. Honetarako taberna moduko bat muntatu dute HABEko estudioetan. Barrene du izena taberna honek (hortik proiektuaren izena) eta bertako tabernaria da bideo bakoitzean agertzen denari buruzko azalpenak ematen dituena.
Orain arte hamar ikas-unitate sortu dira maila bakoitzerako. Ikasturte honetan ildo beretik jarraitzeko asmoa dute, baina Leioako udal euskaltegiarekin ez ezik, duela bost urtetik hona proiektu honetan murgildurik dagoen Hernanikoarekin ere ariko dira lanean. Gainera, sortutako materiala aurkezteko mintegiak antolatuko dituzte. Mintegi hauetan sare guztietako euskaltegiek parte hartzea nahi dute proiektuko arduradunek, egiten duten lan-proposamena osatu ahal izateko.
Esan bezala, materialgintzaz gain «Hizpide» aldizkariak beste zenbait gai ere jorratzen ditu. Euskara irakasleen prestakuntzari buruzko bi artikulu aurki ditzakegu bertan: Joanba Bergarak idatziriko «Berrikuntza kurrikularra eta euskara irakasleen prestakuntza» batetik eta Felix Etxeberriak idatziriko «Bigarren hizkuntzen irakaskuntzarako irakasleen formazioa: euskara» bestetik. Joanba Bergara HABEko prestakuntza ataleko arduraduna da eta euskara irakasleak prestatzeko graduondoaren eratzaile eta ikasketa batzordeko kide gisa jardun du. Felix Etxeberria, berriz, hezkuntza elebidunean eta hizkuntza jabekuntza eta irakaskuntzan lan franko egindakoa da.
Joanba Bergararen artikuluan euskalduntzea sortu zenetik irakasleen prestakuntza nolakoa izan den azaltzen zaigu. Bertan esaten zaigunez, 70eko hamarkadan, gaueskolak martxan jarri zirenean, irakasleen prestakuntza nahikoa eskasa zen. 1984an Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak hala agindu zuenetik, euskaltegi publiko zein pribatu homologatuetako irakasleek unibertsitateko diplomatura edo lizentziatura bat eta EGA izan behar dute. Honetaz gain, batean irakaskuntzarako sarrera eta bestean glotodidaktika ikastaroa deitzen dutena egin behar dute. Baina hau nahikoa ez dela eta, euskara irakasleei formazio iraunkorra emateko plangintza bat egiten hasi zen HABE. Irakasleen formazio plan honetan EHUrekin eta beste zenbait erakunderekin «Bigarren hizkuntzen irakaskuntzarako irakasleen formazioa: Euskara» eta «Euskalduntze-Alfabetatzearen diploma» graduondoko ikastaroak antolatu dira. Bestetik, UEUk azken urte hauetan bere programan glotodidaktika ikastaroak eskaintzen ditu. Egun HABEk plangintza honekin jarraitzen du eta euskaltegietako irakasleentzako ikastaro irekiak antolatzen ditu.
Felix Etxeberriaren —EHUko irakaslea da bera— artikulua HABEk unibertsitatearekin elkarlanean eginiko ikastaroen nondik norakoak azaltzera dator. Artikulu honetan esaten denez, ikastaro hauen helburua «

euskalduntzeko profesionalen formakuntza-prozesua zabaltzea eta adituak prestatzea da. Batetik, ikasketa amaierako diploma-agiria lortzeko bitartekoak eskaintzen dira eta, bestetik, euren burua prestatzeko ikasgai solteak lantzeko aukera ere ematen zaie
».
«Helduen euskalduntzearen oinarrizko kurrikuluak» jorratzen duen beste gaietako bat euskalduntze prozesuan ikasleak duen garrantzia da. Ikasleak ikasten duena nola ikasten duen jakin behar du; are gehiago ikasle hauek helduak direnean. «Hizpide» aldizkarian Irma Huttunenek, Finlandiako Ouluko Unibertsitatean atzerriko hizkuntzen pedagogia ematen duen irakasleak, idatzi duen «Curriculumaren berrikuntza eta ikasle helduaren autonomia» artikulua da horren argigarri.
Artikulu honetan esaten denez, hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntzari buruzko iritzi modernoek ikuspegi guztiz linguistikoa alboratu eta gaitasun komunikatiboaren ikuspegia jarraitzen dute. Ikuspegi honetan, linguistikoaz gain elementu gehiago hartzen dira kontuan eta ikas prozesua ongi gara dadin ikasleak elementu hauek ezagutu behar ditu.
Honetarako ikasle eta irakasleen arteko komunikazioa ezinbestekoa da. Ikasleak autonomia lor dezan oso garrantzitsua da ikasketa planen helburua zein den argi zehaztea eta helburu horretara iristeko pausuak ikasleekin eztabaidatzea. Honela lortuko baita ikasleak bere ikasprozesua konszienteki garatzea.
Gaitasun komunikatiboa ikuspegi linguistikoari gailentzen ari zaio eta hizkuntza bat ikasteaz gain hizkuntza hori inguratzen duen kultura eta egoera soziokulturalaren berri ere izan behar du ikasleak. Ikuspegi berri honen nondik norakoak biltzen dituen artikuluan hizkuntzen irakaskuntzan kulturak duen garrantzia azpimarratzen da.
Gai hau da, hain zuzen ere, udako ikastaroetan egin zen mahainguruan azpimarratu zenetako bat. Hizkuntzaren inguruko kultura nola klaseratu galdetzen zuten mahainguruko partaideek. Hau egiteko modu ezberdinak aipatzen dira; material erreala erabiliz egin daiteke, baina dirudienez ez da hori bakarrik. Zenbaitek kultura sozializazio prozesu gisa ulertzen dute, eta prozesu horretan euskaltegiek lagundu behar diote ikasleari. Euskaltegiak euskara hiztun komunitatearen eta ikastaldearen arteko harremana sustatu behar du, kaleko jendea ikasgelara eramanez eta ikasgelakoa kalera ateraz. Denok dugu, beraz, zerikusia eta zeregina euskara ikasleen euskalduntze edo sozializazio prozesuan

Ińigo Aranbarri

Uztailaren 15ean Donostiako Belodromoan Egunkariaren Festa egin zen egun berean jarri zuen Egunkaria Sortzen taldeak «Euskaldunon Egunkaria»ren 0. zenbakia kalean. Egun historikoa zinez. Alde batetik, «Eguna»k gerra garaian izaniko esperientzia behartu eta laburraz salbu, lehen aldia delako euskal egunkari bat kalean dena. Bestetik, eta Larramendiren «El Imposible Vencido» hura gogoan, hogeigarren mendearen hondarretan eta tentsioz beteriko giro politiko batean, gutxieneko indarrak bildu eta ametsak betetzea posible dela sinestarazi delako.
Hesi askoren gainetik pasatu behar izan da proiektua gauzatua ikusteko. Behar izan da hazi indartsu bat, ARGIA aldizkariaren inguruan bildutako kazetarien gogoak eta esperientziak eman diotena. Behar izan da urteetan luzatu den kontzientziazio kanpaina bat, euskalduna euskal prentsara hurbiltzea ahalbideratu duena, baina batez ere gerri malgua izan da beharrezko. Behin sektore euskaltzale askoren indarrak eta sentsibilitate diferenteak batuta, Eusko Jaurlaritzarekin negoziatu ahal izan dena negoziatu eta txakur gosez betetako merkatu basara ateratzeko.
Bidea ez da gozoa izan. Mao Zedong politiko eta poetaren olerki hartan bezalaxe, «bat bitan zatitzen da / dena Euskal Herrian». Bi proiektu egon dira iragarrita azken unera arte. Bata, Egunkaria Sortzen taldearena. Bestea, Eusko Jaurlaritzarena. Bien arteko diferentzia, egunkariari eman beharreko erabileran dago. Joseba Arregi Kultur sailburua eta Jose Ramon Beloki kazetaria buru dituen proiektua astiroago dabil, itzal da, urrun dago euskararen inguruko indar dinamikoengandik. Horregatik hartzen du beste eite bat. Irakurle berrien bila abiatu nahi du, irakurterraza izanen da, familiako edo etxeko egunkaria segmentazioa ondo taxutuz eskaintza aldetik, lehen egunkari baten osagai eta enpresa firma batean finkatua. Gainera, ofizial izaerak Ajuria-Eneako Itunaren agerkari izatera behartzen du.
Joxemi Zumalaberen beteraniak, Martin Ugalderen gaztetasunak bestelako irudia eman dio Egunkaria Sortzenen xedeari. Euskaltzaleen artean esperantza handiagoa piztu duen ezaugarriak erantsi dizkio zernahi euskaldunen artean aspalditik mamitu nahian dabilen amets bati: «euskaltzalea, nazionala, baterakoia, zabala, independentea (erakunde politikoetatik eta beste medioetatik), ez instituzionala (ez, hala ere, kontrakoa), subentzionatua, militantea, profesionala, berria, osoa, konbentzionala, konpetitiboa».
CIES ikerketa soziologikoetarako enpresak egindako ikerketak ez du birentzako tokirik ikusten, eta hala dio ikerketari erremate moduan ematen dion azken aholkuan: «...eta irakurlearen egunkari bakarra izango ez bada ere, horixe da apustua, identifikazioz lehenengo izatea eta horretara jotzea egunkari osoa, duintasunezkoa, normala eta konpetitiboa izatera heltzea».
Hala jarri da zero zenbakia kalean, amets bat egunkari mehe batera bildua. Uda eta udazkena izan dira trebatzeko. Negua gainean delarik, eta Durangoko liburu eta disko azokara bildutako jende oldea profitatuz atera da lehen zenbakia. Errotatiba propiorik gabetan, langileen lan baldintza sinestezinei esker dago Maulen eta Bianan, Karrantzan eta Ataunen «Euskaldunon Egunkaria». Hamaika mila ale saltzen ditu egunero. Ez da asko mende hasieran Iparraldean soilik nekazal giro batean «Eskualduna» astekariak saltzen zituen zazpi mila aleen aldean. Ez da asko 750.000 euskal herritarrek aitortzen dutelarik erroldetan euskaldun direla. Lizardik 1929an «Bai»-rentzat kalkulatzen zituen berberak ditu irakurle.
«Egunkaria» kalean denetik mundu oso bat du egiteko euskaldunak. Terminologia bat du finkatzeko, geografia bat osatzeko, hizkuntza komunitate bateko partaide izateak ematen dion ideologia bat egiteko. Eta ez da erraza. «Euskaldunon Egunkaria» egunero ezartzen ari den dinamikarekin, azukrea uretan bezala doa urtzen euskaldun askoren inpunitatea

Beńat Doxandabaratz

Isilka-misilka eta promozio gutxi eginda ere, gazteen ahotan dugu «Kate mundiala» magazina. Nerea Garmendia eta Xabier Aldanondok zuzenean gidaturik, 14 eta 20 urte bitarteko gazteen kezken topaleku eta erakusleiho bihurtu da, tribu guztiei nahiz beren kasa doazenei leku eginez.
guztia irakurri

Daniel Udalaitz

Datorren apirilean bere 5. Biltzarra burutuko du Donostian. Bestalde, ELAk ere Sindikatu Libreen Nazioarteko Konfederakuntzaren 50. urteurrenean eskuhartuko du.
guztia irakurri

A.m.s.

ere ez, eta ezta trikitixaz alaituriko erromeria edo jaialdia ere. Hiru elementuak uztartu eta nahastu ditu Laxok taldeak, eta horrela sortu da «Upeletan erronka», Euskal Herri osotik biran arituko den sagardotegi ibiltaria.
guztia irakurri

Beńat Doxandabaratz

Apar harroen azpian mamia azaleratzea. Hori da «Metropoli forala»ren xede nagusia. Aktualitatearen haritik tiratu gure gizartearen mataza nahaspilatu hori askatu ahal izateko. Hain zuzen, gertaeren gibelean eta azpian dagoena etengabe miatuz gero, borborka ateratzen baitira kontuak. Pello Argińarena eta Juan Kruz Lakastak emankizun modernoa, mardula bezain entzunerraza dakarkigute arratsaldero, begiek ikusi ez dutena eta belarriek entzun ez dutena umorez eta patxadaz aztertuz.

«Saioan zehar, kazetarien hitzak, iritziak eta pil-pileko gaien inguruko tertuliak eta elkarrizketa bereziak jasotzen ditugu, aldi berean errealitatetik abiatzen den surrealismo umoretsua landuz»
diosku Argińarenak.
Izen handiko kolaboratzaile sarea apailatu dute, hala nola, Jasone Osoro, Harkaitz Cano, Andoni Egańa, Xabier Silveira, Kirmen Uribe... Gainontzean, atal ezberdinez osatzen da magazina, besteak beste: Asisko Urmenetak egin «Asteoroko irudia», «Asteoroko tokia» Mikel Reparazen eskutik. Patxi Zabaletak ere esku hartzen du Nafarroako historiaren berrirakurketaren bidez, zinema kontuak Ińaki Lazkanok dakarzki, politikaz, Mikel Aramendi eta Gaizka Aranguren mintzo dira. Astero bidaiari ezberdin bat solastatzen da. Egunero halaber, beste metropoli batera jotzen dute han dagoen euskaldun batek hiri horri buruzko bere ikuspegia eman diezaien. Madril, Bartzelona, Gasteiz, Baiona, Donostia, Bilbo, New York eta Lisboa.

«Gabonen ondoren, Dublin, Brusela eta Amsterdam ere sartzeko asmoa dugu»
.
Zein entzule mota duten zehazki ez badakite ere, irudikatzen ahal dute: 20 eta 35 urte bitartekoa eta euskaldunberria. Aurrera begira,

«surrealismoaren bidea gehiago jorratu nahiko genuke, esketx eta erreportajeen bidez. Tamalez, bi baino ez gara horri heltzeko» JOXE LACALLE

Ainhoa Oiartzabal

karraskari hau ezkutukoa baita. Gautarra da esna dagoenean eta duela hilabete maiatza arterako loaldia hasi du. Pottolo-pottolo lokartu da eta pisuaren erdiarekin esnatuko da.
guztia irakurri

Mikel Asurmendi

Orain dela urte bete udazken itxaropentsu bat bizi izan zen Euskal Herrian. Lizarra-Garazi Adierazpenaren ondotik euskal gatazkaren bi ildo nagusiak birplanteatu ziren. Hots, bake eta normalizazio prozesua eta eraikuntza nazionalaren ildoak. Aldi berean, eta aro berri baten hastearekin batera, euskal preso politikoek normalizazioa eta eraikuntza nazionalaren prozesuan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuten. Presoen beren prozesua lehenagotik dator, ordea. 1996an, «Euskal presoak Euskal Herrira» lelopeko kanpainari ekin zioten. Are lehenagotik, 1978ko amnistia eman zenetik, gose grebez gainera, itxialdiak, isilaldiak edota plantoak burutu izan dituzte, sakabanatze eta urrutiratzearen aurka eta bizi baldintza duinak exigituz. Urte luze hauetan, Euskal Herriko kartzeletan egoteko duten eskubidea ukatu egin zaie. Gaixorik batzuk, eta beren zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte beste askok. Euskal presoek barruan segitzen dute, ordea.


IAZ BAINO OKERRAGO.

Iazko abenduan herritarrek presoen alde buruturiko mobilizazioek itxaropen berri bat zabaldu zuten. Herri honek bizi duen aro politiko berria gaiztotuz joan da ordea, eta presoek iniziatiba hartu behar izan dute. Izan ere, iazko mobilizazioen garaian inork gutxik imajinatuko zuen presoek egoera hain larrian segituko zutenik une honetan. Ondo bidez, presoen auzia askozaz aurreratua egotea espero zen euskal gizartean. Euskal gizartea lozorroan geratu bide da. Lizarra-Garaziren trenaren lokomotorak bagoi asko zeraman antza, eta ezin izan dio denetatik batera tiratu. Haatik, presoen bagoia da ibilbide honetan presa handiena daukana. Madrilgo Gobernua, horretaz jabeturik, ondotxo arduratu da trenbidea oztopatzeaz. Oztopatu beharrik gabe, presoen bagoia bere esku izan du hasieratik, eta irtengabeko bidean arrestaturik atxikitzen du.


MUGARIK GABEKO BARAULDIA.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak azaroaren 1ean ekin zion gose grebari, eta orduz gero hogei preso mantentzen dira jateari muzin eginez. Hasi ziren hogei presoen izenak ezagutzera eman ziren, baita zein kartzeletan ziren adierazi ere. Basauri, Langraiz, Iruńea, Martutenekoak Euskal Herrian. Frantziako estatuan, berriz, La Sante eta Fleury-Merogisekoak. Gose greba abiatzeko helburuak jakinarazi zizkieten Frantzia eta Espainiako gobernuei, baita mintzakidetzako kideen izenak ere. Mintzakideak hamalau dira. Estatu bakoitzean zazpi preso direlarik. Komunikatu luze baten bitartez erabaki latzaren arrazoiak azaldu dizkiote euskal gizarteari, baita borrokaldiaren muga beren ahalmenak baino ez zuela ezarriko adierazi ere. Gose grebaren amaiera honoko eskabideen ondoren letorke: «

Euskal preso guztiak kalean izatea eta euskal nazio eraikuntzan euskal gizarte osoarekin batera parte hartu ahal izatea, beren giza eskubideak errespetatuak izan daitezen batera
».


AZNARREK EZ DU ETSITZEN.

Presoek prozesu demokratikoan parte hartzeko legitimotasuna haien «jarduera historikoa»k ematen diela dioten bitartean, Aznarren gobernu espainarrak ez du presoen gaian pauso handirik eman; ETArekin mintzatzea onartu bazuen ere. Egin dituen aldaketa txikiak, bere intereseko estrategia eta taktikaren ondorioz izan dira. Funtsean, Espainako gobernuarentzat —bake eta normalizazio prozesu delakoan— euskal presoak trukeko txanponak dira. PPren estrategiarekin bat datozenentzat presoen eskaera utopikoa da. Ez du lekurik estatu demokratiko batean. PSOEk, berriz, zehazpenak zehazpen, presoen jarrerari garrantzia kentzen dio, eta haien protagonismoa besterik ez dute ikusten ekintza honetan. Jaime Mayor Oreja da inola ere, presoen gaia muturreko egoera bateraino eramateko estrategiaren sustatzaile nagusia. Presoen Kolektiboak bere asmoa azaldu zuenean posizio hau hartu zuen: «

Presoek gose grebari ekiten badiote, medikuen laguntzaz egingo diogu aurre haien osoasunerako kaltegarria izan daitekeen ekintza horri. Ez dugu horregatik espetxe politika aldatuko. Presio eta koakzioagatik ez du aldaketarik egingo Gobernuak
». Iritziak iritzi, iazko udazkenean zabaldu zen prozesua fase zail batetik pasatzen ari da. Iazko abenduan, prozesua bermatzeko gatazka humanizatze beharra adierazi zuten berean diharduten eragile politiko, sindikal eta sozialek. Urte baten buruan, konfrontazio latz batean aurkitzen da prozesua. Anartean, ez dira gutxi izan presoen eskubideen eta beren partehartzearen aldeko ekintzak. Gasteizko Eusko Legebiltzarretik eta Nafarroako Parlamentutik —EHko 13 kidek egin zuten barauldia— hasita udaletxe txikietaraino zabaldu dira haiekiko elkartasun ekintzak. Unibertsitate eta ikastetxeetan ere mobilizazioak ematen ari dira. Artean, presoak medikuen presioak jasaten ari dira beren ekimenari uko egin diezaioten. Presoen Senideak kezkati daude. Presoek kilo asko galdu dute eta hotza dute berebiziko etsai.


AMNISTIAREN GARAIA OTE?

Presoen osasun egoera gaiztotuz joan ahala euren senideak espetxetaraino hurbildu dira. Zenbait kasutan, kartzela utzi eta eritetxera eraman dituztenean, haien atzetik joan dira. Ez dituzte ikusi ahal izan inola ere. Presoak artatu ondoren espetxera bueltatuak izan dira. Presoen egoera Estrasburgon ere izan da aipatua. Europako Ezker Batuko eurodiputatu batzuk —Alain Krivine buruan buru— elkartasuna agertu dute. Bitartean, presoek erakutsitako konpromisoarekin hainbat ekintza burutu da. Donostiako Belodromoan lehena. AABk deituriko ekitaldian, Begońa Sagarzazu preso ohiak honako deia egin zion gizarteari: «

Amnistiarantz Abiadurako Trena motel geratu zaigu. Mugi ditzagun karrika, herri eta auzoak, presoek erakutsitako konpromisoa eta duintasuna geure egin ditzagun
». HBk abenduaren 5ean jende oldea eraman zuen Bilbora «Euskal demokraziaren alde» lemari jarraikiz. Basauriko espetxean gose greban zeuden presoek «gorputzez ezinik, baina bihotzez bertan zeudela» adierazi zuten agiri baten bidez.


ELKARTASUNA HARRESIAN.

Presoen aldeko elkartasuna La Sante espetxeraino iritsi zen hil honen 8an. Presoekin Elkartasuna Taldeko kideek beste ekintza ikusgarri bat burutu zuten CRSen harridura eta haserrerako. Lau kide igo ziren espetxeko harresian hormirudi bat eskuetan zutela: dispertsio eta kanporaketen aurka, eta presoak Euskal Herrira lemak frantsesez idatziak. Frantses poliziaren joera «basatiak» jasan ondoren, Parisko Polizia Judizialaren egoitzara eraman zituzten. Egun berean, Mikel Egibar presoa Arantzatzuko ospitalean ingresatu zuten 36 eguneko baraualdiaren ostean. 18 kilo galdu zituen. Presoak oso une larrietaraino eraman dute barauldia. Medikuen esanetan, beren leheneratzea oso zaila izanen da, oso baldintza txarretan ari baitira grebari ekiten. Kartzeletako hotza eta jasaten duten tratamendu eskasa azpimarratu dituzte hauen Senideek. Hitz hauek idazterakoan, gose greba hasi zuten 20 presoetatik hiruk jarraitzen dute: Sotero Etxandik 23 kilo galdu ditu, Mikel Zubimendik eta Arizkuren Ruizek berriz, 17

hemeroteka

1741. zenbakia | 1999-12-12
1740. zenbakia | 1999-12-05

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan