Mitxel Sarasketa, 20 urte espetxean egin duen preso ohia: «Presoak militante politikoak dira, gehienak ETAkoak eta erakunde batek ezin du aurrera egin bere militanteei bizkarra emanez, areago kartzelan badira, haien erreakzioa eragin gabe. Orain arte presoek beti erakutsi digute bat direla ETAk hartutako erabakiekin».
Eneko Landaburu, Europako Batzordeko eskualde politikarako zuzendaria: «Euskal Herrian, batzuk Madrilera eta beste batzuk Parisera begiratzera behartu gintuzten. Indarrez batzuetan, eta fineziaz bestetan, elkarren kontra ezarri gintuzten».
Jose Antonio Rubalkaba jeltzalea Mayor Orejari Giza Eskubideen Batzordetik egindako bilera deialdiari buruz: «PPk hemen zer egin duen ikusita, oso argi dago Mayor Orejaren erantzuna zein izango den: ez digu kasurik egingo eta bilera egin ere ez da egingo agian».
Jose Antonio Urbiola jeltzalea: «PPrekiko harremanak aspaldi ziren ia ezinezkoak».
Joaquin Almunia buruzagi sozialista: «Nazionalista ez garenok aurkari bat daukagu, nazionalismoa. Baina gure etsaia ez da EAJ, gure etsaia ETA da».
Alain Lamassoure (BAM Aglomerazioko burua) mugaz gaineko lankidetzari buruz mintzatu zen Miarritzen. Angeluko auzapezaren iritziz, Espainia eta Frantziaren arteko mugalde honetan «bake zibilik» ez izanda ere, Lapurdi eta Gipuzkoako hiriburuen arteko elkarkidetzan dauden zailtasunak gaindigarriak dira.
Jon Idigorasen «El hijo de Juanita Gerrikagoitia» liburu biografikoa Durangoko azokan gehien saldutako liburuen artean dago.
Jaime Ignacio Del Burgo UPNko buruzagiak «Navarra es libertad» liburua kaleratu berri du. Liburuaren hitzaurrea Jaime Mayor Oreja barne ministroak egindakoa da.
Jakoba Errekondo
Etekinen erlijioa medio baserrietako ukuiluak hustutzen ari dira. Baserritarren langintzak eta hauei lotutako ohiturak, hizkuntza... aldatzea dakar honek. Aurreagoko batean lehen izozteak zirela eta arbi-kontua atera genuen taberna zuloan. Hemengoa eta frantzesa; baten formak, besteak hobeto irauten ote zuen... Gaur egun, ganadua urritzearen ondorioz, bertako arbi-hazia lortzeko zailtasuna aipatu zen. Baserriz baserri eskean ibili eta ezin topatu. Azkenean, honelako lanetan aritzen den gehienak bezala, ez-dakit nongo ezagunen baten bidez behintzat eskuratua zuen... Lehen neguko erreserba ederra zen arbi soroa, haziendarentzako jaki gozo eta freskoa. Udako uztaren ondoren zetorren eta soroa garbi mantentzeaz gain lurra harrotu eta aireatzen zuen. Gero udaberrira begira ale batzuk zehar-aldatu eta leka hartzen zuten garaian mokodun gogaikagarrietatik sare edo ohial batez ondo babesturik hazitarako uzten ziren. Tarteka, urte batzuz behin, hazia berritzea komeni eta trukatzeko ez izanez gero arbi-hazia litroka erosten zen.
Gero eta kaskarinago bizi garen garai hauetan, «arbiloreko ahal bada geroko» esaera ez al genuke usuago erabili beharko? Baita «arbi-lore, zekorra saltzeko (Pazkoako konfesioa egiteko, alegia) garai egokia». Egun konfesatzeko ez baina urtean behin burutzen den luju antza, angula gisa ordaintzen diren arbi-garak jateko ohiturari eusteko behinik behin ereiten jarraitu behar... Arrasate aldean bateren bat arbinduko da bestela...
Jabier Agirre
2.002. urterako gene guztiak identifikatuko direla. Jada geneen % 90 argitu da.
guztia irakurri
PRESOEN MUGAK
HIRU presok —Mikel Zubimendik, Sotero Etxandik eta Josetxo Arizkurenek— 40 egunetik gorako gose greban ari dira jadanik, beren bizitza egoera oso arriskutsuan jarriz. Erabaki pertsonal hausnartuak eraman ditu egoera horretara eta, alde horretatik, jarraitzeari buruzko azken hitza beraiena da. Edonola ere, une batetik aurrera estatuek beren gorputzekin jolas krudelari ekingo diotela ere badakite. Hori da une batetik aurrera saihestu behar dena. Aski egin dute beren eskubideen alde, aski Euskal Herriak bizi duen egoeran beren aletxoa jartzeko; gehiegi egin dute. Une bakoitzean, bakoitzak bere neurrian egin behar du ekarpena eta presoak beren ahalmenetik harantzagokoa egiten ari dira.
PROPOSAMEN ESTRATEGIKOA
PARLAMENTU nazionalaren proposamena —honek eskatzen duen guztiarekin— egin berri du Euskal Herritarrok indar politikoak. Ezker abertzalearen epe ertainerako estrategiaren ardatzetakoa dirudi, beste ardatz bat, ezinbestean, Euskal Herriaren egungo lurralde banaketari lotua baitago, eguneroko jardunaren bidez. Alderdi abertzaleek erronkari indarrez helduz gero, ETAk bere jardun armatua alboratuko luke, ETAk berak su-etenaren iragarpenean adierazi zuen legez. Erabaki horretan islatzen da proposamenak ezker abertzalerako izan dezakeen epe ertainerako garrantzia. Politikak fikzioa dirudi, baina ondo aztertu beharko da, besteak beste, munduko estatu gabeko beste herri batzuek ere antzerako bideei ekin izan dietelako.
EUROPAKO BULEGO BAT JAKAN
MIARRITZEN Interreg III programa izeneko solasaldiak burutu berri dira. Solasaldiotan Pirinio bi aldeetara dauden eskualde edo erregioen ordezkariak mintzatu dira. Lankidetza elkarte hau zazpi elkartez osatua da: Akitania, Languedoc-Rousello, Midi Pyrenees, EAE, Nafarroa, Aragoi eta Katalunia. Mugaz gainerako herremanak gauzatu aldera bulego bat irekitzeko asmoa agertu dute eskualde hauetako ordezkariek. Kudeaketa eta kutxa bakarra izanen lituzkeen bulego honen egiturak antolatzeko europako laguntza izatea baitezpadakotzat jotzen dute ordezkariek.
FORU HOBEKUNTZAREN ERREFORMA
MADRILEK Foruen Hobekuntzaren erreforma txiki bat onartu du azkenean: aurrerantzean, besteak beste, Gobernuko Lehendakaria hautatzeko prozedura automatikoa ezabatu egingo da. Ondo etorri zaie PSN eta UPNri lege hori, horren bidez beren hautagaiek lau alditan —seitik— Legebiltzarreko gehiengorik gabe Lehendakari atera dira eta. PPren Gobernuak, 1841eko «Ley paccionada» delakoaren izpiritua ondo ulertu duela erakusten du berriz ere.
EZKER BATUAREN ZAILTASUNAK
EZKER Batua deabruaren parera eraman dute beste alderdi estatalistek. Ez diote Lizarra-Garazikoa barkatu. Ezker txarreko bidea egin dute hilabete hauotan eta erabaki gaitzak hartu beharrean dira. Politikan, zoritxarrez, ez da dena koherentzia izaten. Batzuetan, giroa eta testuingurua koherentzia bezain eraginkorrak dira. Lintxamendu giroa eta hauteskundeen gertutasunak, Espainiako IUren jarrera ulertzera eraman gaitzake, baina ez dirudi oso jarrera koherentea, ez IU-EBrekikoa, ezta bizi dugun gatazkari begira ere. Lehengo metodologia ona —Lizarra-Garazikoa— orain ere hala beharko luke.