Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-12-19 -- 1742.zenb


EUSKAL UNIBERTSITATEA LASTER

«Euskal Unibertsitatea, bihar ez bada, etzi etorriko zaigu» esan du Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) zuzendari berriak. Datozen urteotako erronka nagusitzat jo du Xabier Isasi hautatu berriak euskarazko unibertsitatearen sorrera eta honek ez duela egun daudenak «zertan ordezkatu, bateragarria» dela aipatu du. Otsaila bitartean Mikel Aizpuruk jarraituko du karguan, eta orduan egingo den ohiko batzarrean ordezkatuko du Isasik.


HIZKUNTZ ESKAKIZUNEN SALTSA

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta EAEko irakaskuntza alorreko sindikatuak ez dira oraino DBHko zentroetako lanpostuen berrantolaketan akordio batera iritsi. ELA, LAb eta EILASek irakasleei eskatzen zaizkien hizkuntz eskakizunetan zorrotzagoa izan behar dela diote, eta UGT eta CCOOk eskakizun horiek gehiegizkoak direla.


1805EKO ITZULPEN
BATEN AZTERKETA

«Año Christiano ó exercicios devotos para todos los domingos y fiestas movibles del año» liburuaren pasarte baten euskarazko itzulpena Deikazteluko (argazkian) ganbara batean agertu zen duela bost urte. Pello Etxaniz filologoak testua aztertu eta Lizarraldekoa dela ondorioztatu du: «Garrantzitsua iruditu zitzaidan froga zezakeelako uste baino hegoalderago zegoela euskalkiaren muga, edo euskalkia bera noraino iristen zen ere atzeman zitekeelako».


OFFICE 2000 MERKATUAN DA

Office 2000 pakete informatikoaren euskarazko bertsioa kalean da. Word, Excel, Outlook eta Power Pointen aplikazioak eta hizkuntza zuzentzailea dauzka. CD-ROMa ere badakar berekin, Internet Exploreren bertsio berriaz.

Telefonoz hasi zen kirol kronika egiten. Egun, 18:30etatik aurrera kirol saioa egiten du; larunbatetan berriz 12:30etan. Gehienbat pilota eta futbola jorratzen ditu eibartarrak. Asier gehien harritu duena kirolarien harrera ona izan da elkarrizketak egiterakoan,

«mesede bat eskatzea izango zela uste nuen, baina juxtu kontrakoa da; hartu-eman politak sortzen dira gainera»
. Gaztea izanik ere, asteburuetan sakrifizio txiki hori egin beharrak ez dio axolarik, pilota emanaldiak oso gustura egiten baititu zuzenean. Hasieran, Arrate Irratiak sekulako tramankulua zeraman frontoira,

«antena garai eta lodi hura ikustean jendeak berehala igartzen zuen zeintzuk ginen»
. Aurrera begira,

«emanaldietan beste norbait ondoan eduki nahiko nuke, bakoitzaren ikuspuntua eskaini ahal izateko»

RADIO FRANCE EUSKARAREN ALDE?
Zinez harrigarria Radio Franceko buruak berriki adierazi duena. Jean Marie Cavadaren irudiko, ideia ona litzateke Radio France Pays Basque-n euskarazko emankizunak egitea; azkenaldian belaunaldi gazteak euskara bereganatzen hasiak direla, ez baita jada zaharrei esker bizirik dirauen hizkuntza. Guztiz zentzuduna litzateke beraz, Radio Francek entzuleen kezka horri erantzutea euskarazko irratsaioak abiaraziz. Adierazpenak frantsesezko irrati publikoen jardunaldien kariaz egin dituelarik, haizeak eramanen duen apar hutsa ote bere burua zuritzearren? Edo egiazko asmoa ote?

JOALDUNAK EUROPA ZAHARREAN
Europako mundu zaharrean zehar
barreiaturik dago joalduna. Ez da
soilik euskalduna. Eihartzea Kultura
etxeak burututako ikerketak toki
bakoitzak era ezberdinetako joaldunak
dituela ondorioztatu du. Thierry Truffaut etnologoak egindako ikerketa euskaldunak
duela bizpahiru mila urte zeuden lurraldetatik hasi zen. Ondoren, Kantabrian eta Biarnoan —garai batean euskaldunak ziren lurretan— ohitura berdintsuak aurkitu zituen. Eta azkenik, Portugalen, Bulgarian eta Grezian ere topatu ditu Truffautek joaldunak. Aurkitutako ñabardurak erakusketa ibiltari batean ikusi ahal izango dira orain. «Txilin» izeneko erakusketari otsailaren bukaeran emango zaio hasiera Hazparnen. Ondoren Euskal Herri guztian aurkeztuko
delarik. Internet gune bat ere jarriko dute informazio guztia bilduz. Horrez gain,
kaleko animazio bat sortuko dute
inauterietako pertsonaia nagusiekin.

«Putz» eta «Bazka» aldizkari berriak.

EOSek lan berria egin du Carlos Alvarezekin.


EUSKALKOM PRENTSA ELKARTEA

EUSKALDUNON Egunkaria»ren Urtekarian (abenduaren 5ean) plazaratuta jakin da azaroaren 4an Euskalkom euskarazko prentsa idatziaren elkartea sortu dela. «Egunkaria», «Jakin», «Elhuyar» eta Topagunea biltzen ditu elkarte berri honek, partaide guztien zerrendarik zabaldu ez bada ere. Urriaren 21ean burutu zuten fundazio batzarra, eta sorrera prozesuan gertatutako gorabeherak direla eta ARGIAko zuzendaritzak bilkuran ez parte hartzea erabaki zuen. 1996an Donostiako Miramar jauregian egindako Euskalkom jardunaldietan oinarritzen du bere ibilbidea elkarte berriak, bere lehen helburutzat aipatzen duelarik «elkartekideen interes ekonomiko, sozial, profesional eta kulturalak babestea, ordezkatzea eta sustatzea Administrazioaren, sektore ekonomikoen, komunikabideen, alderdi politikoen eta gizarte erakundeen aurrean». Oraingoz ez daude elkartean ez ARGIA eta ez AEKren «Aizu» aldizkaria.


«PUTZ» ETA «BAZKA» JAIO DIRA

BI aldizkari jaio dira Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen 34. Azokaren baitan. Estrata Liburuak —garai bateko Susa— kaleratu du «Bazka» aldizkaria. Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarra da zuzendaria. Eta literaturak betetzen du lehen ale honetan leku gehien nahiz eta egungo kulturako beste gai batzuk ere jorratu diren. «Putz» bihilabetekaria Apocalifting Kultur elkartearekin batera jaio da. Tonu umoretsua eta tratamendu informala dira aldizkariaren ezaugarri nagusiak. Horrez gain, literatur lanak bildu nahi dituzte aldizkari berrian.


75 URTE TXISTUZ OSPATZEN

GASTEIZKO Udal Txistulari Bandak 75 urte beteko ditu aurten. Urte hauetan guztietan formatu bera mantendu du txistulari bandak: txistu lehena, bigarrena, silbotea eta atabalariak osatu dute taldea. Urtemuga ospatzeko kontzertu bat egin zuten abenduaren 12an Vital Kutxaren Gasteizko aretoan. Bertan Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Arabako hainbat udal txistularik hartu zuen parte. Gainera, Gasteizko Udal Txistulari Taldeko kide ohiak omendu zituzten.


BAIONAKO ARTE LANAK IKUSGAI

BAIONAKO Lauga gelan daude ikusgai Baionako Artista Kolektiboa osatzen duten 22 artisten lanak. Erakusketa hau duela bi urte sortu zen artista taldeak egiten duen bigarrena da. Eskulturak, margo lanak eta beste zenbait estiloko lanak ikus daitezke bertan abenduaren 18a arte.


EUSKADIKO ORKESTRA LAN ETA LAN

EUSKADIKO Orkestra Sinfonikoak Carlos Alvarez baritono malagarrarekin batera disko konpaktua grabatu du. Mario Venzago maisuaren zuzendaritzapean aritu dira lanean eta Ricardo Muñiz tenoreak ere parte hartu du. Carlos Alvarezek eta EOSek hainbat emanaldi eskaini dituzte batera azken urteotan. CD hau baritonoak egin duen lehen bakarkako lana da. Bertan, Verdi, Bizet eta Donizettiren lanak bildu dituzte besteak beste. Disko konpaktuaren aurkezpen ekitaldia hil honen 2an egin zen. Hilabete honetan bertan Jesus Aranbarriri eskainitako lana aurkeztuko dute, Maria Bayo soprano nafarrarekin elkarlanean. Guztira EOSek 15 disko inguru argitaratu ditu 1983tik gaurdaino.

Mikel Bujandak honela zioen «Euskaldunon Egunkaria»n eta «Gara»n: «Hainbat nafar komunikabidek euskara Hizkuntza Politika Saileko laguntzak jasotzeko bide bezala bakarrik ikusten dute».

Mikel Telleriak zera esan zuen «Euskaldunon Egunkaria»n: «(...) Hitzek euren esanahiak dituzte, baina horrezaz aparte, niretzat ezinbestekoa da hitzek behar dutela musikaltasun bat eduki, (...). Euskarak duen musikaltasuna ateratzen saiatzen naiz».

«Euskonews & Media»n Andoni Egaña bertsolaritzaz eta arteaz mintzatu zen: «Artearen inguruan bertsolariek izan duten jarrera, bestalde, herritar askoren berbera izan da: ulertzen ez denarekin mespretxu isekazkoa (...). Badirudi bertsolarien ezaugarriak aldatzearekin arteak ematen dituen aukerei eusteko premia sentitu duela bapatean ari denak ere».

EHUko Informazio Zientzien fakultatearen webgunea lotsagarria da. Bertara heldu eta lehen orrialdean sartzea besterik ez duzu. «Publikazioiak», «Irakasgaien Ikertzapen» eta «Elkargiak» bezalako itzulpenak topatuko dituzu, baina benetan deigarria dena —kazetaritza irakasten den zentro batean!— «Komunikazio Erdiak» hitza, horrelaxe, jartzea da.

POLITICALLY
CORRECT
Xabier Izagak honela hausnartu zuen idazleen sormen askatasunaren inguruan «Gara»n:
«
(...) Hainbat kritikok militante, politiko eta gisako adjektiboak darabiltzate zenbait idazleren lanen izaera literarioa ukatzeko. Izen ere, obra barik idazlearen pentsamoldea epaitzen baitute. (...) Beti ere ezkerreko idazleei aurkitzen diete delako morrontza beren idazlanetan. Beraz, agi danean, ezkerreko ideologiak baizik ez dira literaturarentzat kaltegarriak. (...) Edozein merkatu ekoizkinek bezala etekin ekonomikoa besterik bilatzen ez duen obrak ez al ditu ideologiarenak baino sormenarentzako muga handiagoak? (...) Sormenaren zama handia den beste fenomeno bat ere sartu zaigu sukalderaino: «politically correct» delakoa. (...)
Politikoki zuzenaren diskurtsoa Estatu Batuetatik heldu zaigu. Han, esate baterako, beltzei «afroamerikar» esaten diete(...). Aulki elektrikoan jesarri eta kiskali egingo dituzte, baina inola ere ez iraindu. Koldo Izagirreren «Incursiones en territorio enemigo» izenburua desatsegina da zenbaitentzat.(...) Izan ere, izenburu politikoki zuzenago edo, «guk demokratok» espezieak esaten duen moduan, «toleranteago» bat ezar ziezaiokeen Izagirrek bere liburuari, baina nekez egokiagorik. (...)».

Itxaro Borda
izango da aurrerantzean Seaskako lehendakaria. Bere lehen agerraldian, Seaskak aurten ospatzen duen 30. urtebetetzearen inguruko ekitaldiak jakitera eman zituen. Apirilean Donibane-Lohizunen inauteri bereziak egingo dituzte, ondoren Herri Urrats, eta bukaerako eguna ekainaren 17an izango da Miarritzen.

Edurne Gartzia
k eta

Oroitz Maiz
ek irabazi zuten senior eta gazteen artean, hurrenez hurren, Gipuzkoako XX. Akordeoi Txapelketa.

Jon Lopategi
ri omenaldia egin zioten Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen 34. Azokan Bizkaiko ikastoletan bertsolaritzaren alde egindako lanagatik. Lopategik 60ko hamarkadan Bizkaiko hiru txapelketa irabazi zituen jarraian, eta 89an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.

URTEKO AZKEN IRAGARKIA ENKANTEAN
2.000. efektua nabaritzen hasia da ETBn. Zoroen pare lehian ibili dira iragarleak bi katetan emango diren azken iragarkiak nork eskuratuko. Baita urteko lehenengoarekin ere. Nahiz eta prezioak igotzeko parada eman, bere horretan atxiki dituzte. Jokamolde hori ikas bezatela Urtezaharrean edarien prezioak igoaraziko dituzten tabernariek!

«SORGINEN LARATZA»K IKUSLE FIDELA DU
Euskitze plazagizon bilakaturik, batez beste, gauero 168.000 lagun biltzen ditu EAEn. Saioaren bigarren zatiak audientzia gazteagoa omen du. Gure irudiko, «Cronicas marcianas»en estilotik aldentzen denean, askoz freskoagoa gertatzen da. Pena da «Ez gaude konforme»ko gazteen euskara hain «donostiarra» izatea ere

GABON KANTAREN BERTSIO BERRIA
Kantatzeari ekingo diote ETBko aurpegi ezagunek. Iaz, zozolapikoena ere kanta itsaskor hura burutik ezin kenduz eta konturatu gabe abestuz ibili baitzen. Arrakasta ikusita, hilaren erdialdean grabatuko dute Xabier Euskitzeren letra eta Joxean Goikotxearen doinuak dituen Gabon kantaren bertsio berritua

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan