Tantoa
Mikel Aizpuru
Badira hamabi bat urte Josu Chueca ezagutzen dudala. Hasiera batean bakoitzaren lana zela medio ez genuen harreman handirik, baina denborak aurrera egin ahala bere lana eta bere pertsona hobeto ezagutzeko aukera izan dut. Izan ere, Josuk bere baitan gaur egun elkarrekin aurkitzea oso zaila den bi ezaugarri bere baitan biltzen jakin izan du. Alde batetik historiagile eta ikerlari bezala duen zorroztasuna nabarmendu nahiko nuke. Gaitasun hori hainbat lanetan erakutsi du, gehienek Nafarroa eta abertzaletasunarekin zerikusia dute eta historiografia zientifikoak eskatzen dituen baldintzak ondo betetzen dituzte. Beste batzuekin parekatuta bere ikerlari bidea berandu samar hasi bazuen ere, tesiaren argitalpen honek bideak irekitzen dizkio hainbat gaietan erreferentzia izateko.
Beste ezaugarria, bere lanak azaltzeko orduan erakusten duen kemena da. Historia aztertu ez ezik, gertaera historikoak bizi egiten ditu. Are gehiago, arreta berezia eskaini die beste historiagile batzuek baztertu dituzten talde, pertsona eta ideiei. Bi ezaugarri hauetan agertzen zaigu Josuren konpromezua bere lanarekin eta bere herriarekin, iragana arakatuz eta guztion artean zabalduz, Gerra Zibilari buruzko liburua lekuko. Gainera bere iharduera ez da mugatu ikerketa estura; irakasteko duen grina nabarmendu egiten baizaio, baita beste irakasle batzuek kontutan gutxitan hartzen ditugun baliabideak erabiltzeko joera, ikus-entzunezkoak adibidez. Bestalde ez ditu baztertu ardura postuak, duela gutxi arte Eusko Ikaskuntzako Historia Sailburua izan da eta ezaguna da bere lankidetza UEUn edota Jeronimo de Ustaritz Institutuan. Hau guztia kontutan hartuta, ezagutzeaz gain lagun estimatutzat daukat Josu Chueca, historiagile nafarra
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.