MANOLITO KAFEINARIK GABE
Ikusmin handia zegoen «premiere»n. Adosek goraipatzeko moduko ibilbidea baitarama. «Lamiak» antzezlan estimagarrian erakutsi zuena, «Desperrados» langabeziari buruzko obra freskoan berretsi zuten. Oraingoan, Manolito Gafotasen karamelu gozoa esku artean edukita, pentsatzekoa zen gozoki dastatuko zutela; baina gure irudiko, ez diote ahal zitzaion zuku guztia atera. Jakina, askoz erronka makurragoa da Manolitoren egokitzapenari lotzea aurrekoei baino. Ez hainbeste pasarteak ongi kateatzeari dagokionez, jendeak liburuekin konparaketa egingo duelako baizik. Eta hor, ez zaigu iruditzen Manolitoren izpiritua osorik jaso dutenik. Hain zuzen, pertsonaia literarioa ezagutzen duenari, agian deskafeinatu samarra egingo zaio antzezlana, baina ez makala delako, gertaera eta algarez josia baitago, liburuen nabardurak ilunpean geratzen direlako baizik. Esaterako, liburuan oso present dagoen Carabanchelgo giroa, hots, kartzela, autobusak, umeak, presoak, amak eta drogazaleak, obran zeharka baino ez dira aipatzen.
Era berean, liburuan, Manolitok zer gertatzen den baino, zerbaiten aurrean zer sentitzen duen kontatzen du. Ba, bere bakarrizketa horiek dira hain zuzen, obran lausotuak geratzen direnak, akaso erritmo biziak eraginda. Horren haritik, eszenaratzea abila da; arropez ziztu bizian aldatzen diren aktoreak bi eremutan mugitzen dira: ezkerrean Manolitoren etxea irudikatzen duena, eta eskolakoa bestea. Erdiko espazioan bistarazten diren proiekzioak halaber, lagungarri dira gertaldiak girotu eta haizea emateko.
Aktoreen antzezpen bikoitzari dagokionez, Mila Espiga, Jon Ezkurdia eta Juanlu Escudero txukun dabiltzala esan behar, helduen roletan bereziki umeenetan baino. Iziar Suarez ere fin dabil andereño eta bizilagunarena eginez. Koldo Losada Manolitoren azalean, haurren keinu eta mintzamoldean sinesgarri egon arren, kilika hori falta zaio pertsonaia biribilago egiteko. Aktore trebea izanik, bere esku dago erabateko bereganatze hori lortzea. Baina sinesgarriena, Nagore Aranburu dugu, zenbait unetan Koldori berari itzala egiteraino. Bere gorputz espresioa eta ahotsa modulatzeko ahalmena apartak dira.
Laburbilduz, erdizka asmatu arren, Manolito hau ez da hankamotz geratzen, erraz eta irri bat ezpainetan duzula ikusten da-eta. Helduentzako baino umeentzako moduko lana izanik ere, arrakasta erdietsiko du
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.