"LA GUIPUZCOANA" KONTROLATU NAHI DU ALEMANIAKO POSTAK
Daniel Udalaitz
aliantza estrategiko eta salerosketa prozedura zabal batean murgildurik dago. La Guipuzcoana, dagoeneko akordio batera iritsi da Alemaniako postarekin, Deutsche Post (DP) enpresarekin.
Sektore estrategiko guztiak, batzuk besteak baino gehiago, aliantza eta salerosketa prozesutan sarturik dabiltza. Garraio sektorearen liberalizazioa 2003. urtean gertatuko da Europan eta enpresa handiak hasiak dira harremanetan merkatu kontinental berrian leku bat aurkitu nahian. Espainiako Estatuan La Guipuzcoana euskal enpresa da indartsuenetakoa; 1998. urtean 30.000 milioi pezeta (1.200 milioi libera) fakturatu zituen.
Alemaniako Deutsche Post-ek euskal enpresa hau hautatu du aliantza egiteko eta dagoeneko kapitalaren %49 eskuratu du. Haren helburua hiru urteko epean %51aren jabe egitea da, horrela euskal enpresa erabat bere kontrolpean hartuz. Operazio honen berri handirik ez da zabaldu gizartean, bi urte iraun duten elkarrizketak isiltasun osoz burutu baitira. Halako isiltasunean ezen, partaideek izan ezik, inork ez duen ezagutzen operazioaren kostu ekonomikoa. Dirudienez, enpresaren kudeaketak La Guipuzcoanaren jabe den Salegi Odriozola familiaren esku jarraituko du.
EUROPAKO BURU.
Burututako operazioaren helburua Europa mailan ondo funtzionatuko duen garraio sare bat bermatzea da, beti ere euskal enpresaren kudeaketa ereduekin jarraituz. Familiako iturriek jakinarazi dutenez, Gipuzkoako enpresa honetan Alemaniako talde hori sartzeak enpresetako pakete-garraio arloan Europako buru izateko aukera emango dio, dagoeneko Espainiako Estatuan eta Portugalen den bezalaxe.
Aliantza estrategiko honen arabera, La Guipuzcoanak Espainiako Estatuko eta Portugaleko enpresetako pakete-garraioa esklusibitatez kudeatuko du eta, aldi berean, Alemaniako DPek sarbide bat izango du penintsulako merkatuan. Beraz, bien interesak eta helburu amankomunak izan dira operazio estrategiko garrantzitsu hau gauzatzea ahalbidetu dutenak.
La Guipuzcoana 50 elkarte juridikoz osaturik dago. 63 ordezkaritza eta 15 eskualde-zentro ditu iberiar penintsulan, eta 1.635 ibilgailuko flota du. Bere plantila 2.535 langilekoa da, autonomoak barne. Euskal enpresa honen 1998ko fakturazioa 31.000 milioi pezetakoa izan zen, aurreko urtekoa baino % 13,5 handiagoa. Bere ibilgailuetan 35 milioi pakete garraiatu ziren. Espainiako Estatuko bigarren enpresa da errepide bidezko merkantzi-garraioaren arloan.
Euskal enpresa honek izan duen kudeaketa ona nabarmen ageri da 1992az geroztik bere fakturazioan izan duen bilakaeran: 1992an 12.191 milioi pezeta; 1993an 14.529; 1994an 16.700; 1995ean 19.800; 1996an 24.000; 1997an 27.300; eta azkenik, 1998an 31.000 milioi pezeta. Aurtengo aurreikuspenen arabera, % 15eko igoera izango dela uste da.
Alemaniako DP enpresaren garrantzia ez dago zalantzan jartzerik, eta horren adierazgarri dira datuok: 260.520 laguneko plantila, joan den urtean 28.689 milioi marko fakturatu zituen (bi bilioi pezeta inguru, 80.000 milioi libera), 625 milioi eurotako etekina lortu zuen (105.000 milioi pezetatik gora, 4.200 milioi libera inguru). DPk, bere hedapen politikari jarraiki, dagoeneko Europako beste enpresa batzuen kontrola bereganatu du: Suediako ASG, Italiako MIT, Frantziako Ducros eta Britaniako SECURICOR.
Euskal talde honek 11.000 milioi pezeta inguruko inbertsioak egin asmo ditu 2001. urtera bitartean. Inbertsio horiek Espainiako Estatuko eta Portugaleko bere ordezkaritzetan paketeak ibilgailuetan jaso eta hustutzeko instalazio mekanizatuak jarri eta bidalketa eta harrera antolatzeko izango dira
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.