Konstituzioa oztopo
Frantziako hizkuntza gutxituen auzia ez omen da ezker eta eskuinaren arteko kontua. Gisa horretara uste dute behintzat, herri gutxituen alde lanean ari diren erakunde eta elkarteko partaideek. Politiko frantziarrak —herri minorizatuen izenean kargudun abertzalerik ez dago— nagusiak izaki, intuizioz mugitzen dira auzi honetan. Politikaren eragileen arteko kontua da handi-handika; politiko bakoitzaren baitan garatzen ari den sentsibilitateen araberakoa, funtsean. Politikoen beren konbikzioak aldatuz eta eboluzionatzen ari dira hizkuntza gutxituei buruz, nolabait. Badago betiere, konbikzioak aldarazten dituen faktoreak naski. Hizkuntza gutxituen kasuan, eskualde bakoitzean, herritarren kontzientzia handitu da azken hamarkada honetan. Inkestek erakusten dutenez, herritar gehienak babes gabeko hizkuntzak salbatzearen alde agertzen dira. Frantzia Europan sartzearekin batera, herritar norberak kontzientzia amini bat gehiago hartu du bere nortasunaz, antza. Frantses herritarren nortasun mugatzailea Frantziako Konstituzioa bera da: hizkuntza frantsesa da bakarra Estatuan.
Hori dela-eta, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilu Nagusiak Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea eskatu du aurten. Francois Bayrou kontseilari nagusiak aurkezturiko mozioaren alde agertu ziren hautetsi sozialista guztiak. Departamenduko ezkertiarrek eta zentristek bat egiten dute puntu honetan, Baigorriko auzapeza —UDFko— Marcel Monlog hautetsiak salbu. RPRko hautestien artean, 13tik 6 Konstituzioa aldatzeko agertu dira. Konparazione, Garaziko Michel Intxauspe kontseilaria alde dago, eta Donibane Lohizuneko Michele Alliot-Marie kontseilaria kontra izan gabe, Jacques Chiracen alde agertu ohi da. Honen ustez «Europako Kartari buruzko hainbat puntu nekez aplikatu ahal izango da»
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.