Berrikuntza bat izan da EAEko aurrekontuak 1999an (1998koak prorrogatuz baina horientzako neurri osagarriak planteatuz) EAJ, EA eta EHren adostasunaren gainean erabaki izana. Eta are berrikuntza garrantzizkoagoa gerta daiteke 2000. urteko aurrekontu berriak hiruko abertzalearen akordioaren gainean onartu eta martxan jartzea.
2000. urteko aurrekontu horiek EAJ-EA Gobernuak prestatu ditu; aurretik, hiru alderdien artean burutzea zegoen pentsatua, baina udaz geroztik halako harreman hozte bat egon da, eta EHk orain abenduaren 20-21-22an eztabaidatu eta agian onartuko diren aurrekontuei bere emendakinak aurkeztuko dizkie. Hori hola joango da ETAk su-etenaren bertan behera uzteak bestelako ondoriorik ez badakar Gasteizko Legebiltzarreko orekan.
Aurrekontu berri hauek beste berezitasun bat ere badute. Kontseiluak bilkurak egin ditu bai gobernuan dauden bi alderdiekin eta bai babeslea den EHrekin aurrekontu hauei begira. Beraz, euskal kultur munduan dabiltzan agente nagusiek ondo eztabaidatu eta aztertutako aurrekontu eta emendakinen aurrean egon behar dugu.
1999KO KONTUAK.
on-line
HPS-REN ILDOAK.
Kultura Sail osoak 2000. urterako 24.806 milioi pezeta dauzka izendatuak, 1999ko sosak 20.362 milioitaraino igo direlarik. Horietatik —2000.ean— 4.401 milioi dagozkio HPSri (99an 3.555 milioi izan ditu). Eta diru horietatik, HABEri dagozkionak 2.827 milioi dira.
2000ko aurrekontuak justifikatzerakoan, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren garapena aipatzen du HPSk, «plan hori baita adostasunean eta partehartze zabalean oinarrituriko hizkuntza-politika baten bizkarrezurra». Horren arabera, lan-lerro nagusi hauek izendatzen ditu:
1.- Herri Aginteak Koordinatzeko Batzordeak (HAKOBA, Jaurlaritza, diputazio eta udaletako hizkuntza ahaleginak bilduz) hasitako lana indartzea.
2.- Euskara planak bultzatzea EAEko erakunde publiko eta pribatuetan.
3.- Helduen euskalduntze eta alfabetatzeko ekintza guztiak eta euskara planak norabide berean jartzea.
4.- Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak bultzatzea.
5.- Euskal Herriko toponimiaren inguruko jarraibideak finkatu eta bateratzea.
6.- Komunikabideen arteko lankidetza sustatzea.
7.- Normalkuntzaren alorrean ekarpen berezia eragiten duten gizarte azpiegiturazko inbertsio proiektuak sustatzea.
2000. urteko aurrekontuak aztertzean Euskara planek 353 milioi dituzte izendatuta atal berezi batean, horietatik 77 udaletxeetako euskara planetarako eta 75 erakunde pribatuetakoentzako. HPSren gainerako sosak —4.048 milioi pezetak— Koordinaziorako eta Euskara sustatzeko atalean daude sartuak. Kopuru horren barruan, gastu arruntetarako transferentzia eta dirulaguntzak 3.459 milioitara iristen dira, eta hauen barruan 2.827 milioi HABEren ohiko gastuetarako dira. Hemendik joango zaie gero dirulaguntza AEK, IKA eta euskaltegi pribatuei.
Administraziotik kanpo aterata, Euskaltzaindiari 110 milioi izendatu zaizkio 2000.erako, euskarazko komunikabideei 336 milioi, Euskalgintza ataleko subentzioetarako 94 eta teknologia berrietarako 30, UZEIri emango zaizkion 26ez gain, nagusienak aipatzearren.
Inbertsio errealen kapituluan 150 milioi dauzka erabakita HPSren aurrekontu proiektuak. Eta atal honetan aurkitzen dugu lehenbizikoz aurrekontuen beste zenbait tokitan ere aurkitzen den berrikuntza: 20 milioiko partida bat dago kanpaina ibiltari batentzako izendatua eta horren ondoan 2001 eta 2002rako konpromisozko kreditu bat aipatzen da, azpiegitura ekonomiko eta sozialen plan baten barruan. Euskarazko erreferentzia obrak Interneten jartzeko 55 milioi daude, 2003a arte esan dugun konpromisozko kredituz lotuta dauden 165 milioien barruan. Gauza bera gertatzen da zabalkunderik handieneko aplikazio informatikoak euskaratzeko ipini diren 75 milioiekin, ondorengo urteetarako 225 milioi baitaude konprometituak.
Kapital eragiketetako transferentzia eta dirulaguntzak daude beste kapitulu batean, 283 milioirekin. Horietatik 150 milioi irabazi asmorik gabeko beste erakunde batzuen euskara azpiegiturak sendotzeko atalean daude, eta 2003. urtea arte gainera beste 420 milioiko kreditua dago hitzartua; eta azpiatal honetako gainerako 28 milioiak Euskaltzaindiaren informatizaziorako dira. Aipatu dugun atal berean daude erabakiak HABEren inbertsioetarako 73 milioi eta euskal prentsa idatzia
on line
HPSren aldetik interes nabarmena dago 2000. urteko aurrekontuen gaian bi osagai azpimarratzeko. Batetik, euskara sustatzeko diru kopuruak nabarmen hazi direla, atal guztietan. HABEren kasuari dagokionez, igoera hori gainera batik bat administrazioa ez diren berreuskalduntze erakundeek izango dutela diote. Beste aldetik, aurrekontu orokorren atal honek 91tik gaurdaino ezagutu duen bilakaera baloratzen dute HPSn. Alegia, Mari Karmen Garmendia 94an sailburu sartuz geroztik aurrekontuek ezagututako gorakada. Erreportaje honi lagunduz doa Kultura Sailak erabili duen grafiko bat, bai Jaurlaritza osoak eta bai Hizkuntz Politikak eta Euskararen Sustapenak Jaurlaritzan 91tik gaurdaino eta 94tik gaurdaino ezagutu duten bilakaera deskribatzen dituena. 91n 100 pezeta gastatu baziren, Jaurlaritza osoak 2000.an 180,7 gastatuko ditu eta HPSk 137,4. Alderaketaren oinarri 1994a hartuta, Jaurlaritzak 2000an 136,3 gastatuko du eta HPSk 140,4.
EUSKAL HERRITARROK
Iazko abenduaren 21ean Kontseiluak Bai Euskarari akordioa sinatu zuen hainbat alderdi politikorekin. Geroztik, alderdi horiei eta batez ere EAEko hauteskundeen ondoren Jaurlaritza berriaren sustengu izango ziren hiru alderdi abertzaleei konpromiso horiek 1999ko aurrekontuetan islatzeko eskatu zien.
Udaberrian Kontseiluaren zuzendaritzako kideek bisita egin zieten euskal kulturako kideei, urte berriari begira beren diru beharrak zein izango ziren galdetzeko, alderdiek euskararentzako diru behar handiago horiek zertan mamitzen ziren jakin nahi zutelako. Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan, batik bat aurrekontu berrietan euskarak behar dituen diru kopuru handiagoekiko keinu garbiak eta aurrera begirako metodologia bat finkatzea eskatu du Kontseiluak aurten EAJ, EA eta EHrekin egindako gestioetan. Horrekin batera euskal kulturako erakundeen behar ekonomikoei buruzko dokumentu edo zirriborro bat prestatu zuten.
Irailaren 25eko Batzar Nagusian Kontseiluko zuzendaritzako kide den AEKren ordezkari gisa Erramun Osak honako proposamen hau atera zuen bozketara, aktan bildua gera zedin: «Kontseiluaren eginkizuna ez da euskalgintzako elkarte bakoitzaren subentzioak negoziatzea, partida orokorrak handitzen saiatzea baizik, nahiz eta kasuren batean hala behar dela iritziz gero hori egiteko aukera erabat baztertzen ez den». Bai AEKk proposamen hori egitea (berez datorrela diruen gauza bat espreski baieztatzea eskatuz) eta bai bozketa aurretik sortu zen giroak adierazi zuten bazela egonezinen bat subentzioen negoziaketa prozesuaren inguruan. Proposamena 227 baiezko, 55 ezezko eta 21 abstentziorekin pasa zen aurrera.
2000.erako HPSk prestatu dituen aurrekontuez iritzi nabarmen bat ez du azaldu Kontseiluak, adieraziz bere irizpideak horietan mamitu zitezen udazken honetan ere egin dituela tripartitoarekin, eta aurrekontuen balorazio xehe bat egin gabe Kontseilutik eskainitako irizpideak betetzen saiatu eta keinu beharrari erantzuteko borondate bat ikusi dutela hiru alderdi abertzaleen aldetik.
Datorren asteko ARGIAn, euskararen aurrekontuen inguruan egin dituen gestioez, horietarako erabili diren zifrez, kontakto horien emaitzez eta abar, Kontseiluak berak dituen balorazioak eskainiko ditugu
![]() |
|
||||
1741 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa