FRANTZIAKO HIZKUNTZA GUTXI TUAK EUROPAREN BABES ESKE
Mikel Asurmendi
Europako Batasuna 1951n sortu zen. 1992ko azaroaren 5ean, Europako Kontseiluak Frantziako Konstituzioaren harroina astindu zuen Eurokarta idaztean. Urte berean, 1992 urtean, Frantziako Estatuak Konstituzioaren 2. artikulua aldatu zuen, eta «
Errepublikaren hizkuntza frantsesa da» berridatzi zuen. Alabaina, Konstituzio berean, bere 11. artikuluan, 1789ko Giza eta Hiritar Eskubideen Aitorpen konstituzional batek honela dio: «
herritar orok hitz egiteko askatasuna dauka». Frantziako Estatuan daude hizkuntza gutxitu gehiengoa, Italiaren atzetik.
POIGNANT TXOSTENA:
Poignant txosten bezala ezagutua —Kemper hiriko auzapez sozialistak egina— Frantziako herri gutxituen hizkuntzen egoera aztertzeko egin zen. Txostena Nicole Pery diputatua sozialistaren eskutik hasi zen gauzatzen Frantziako lehen ministro Lionel Jospinen aginduz. Europako eta Frantziako Estatuko zuzenbidea alderatzen badugu Frantziako zuzenbidea oso atzeratua dago hizkuntz eskubideen eremuan. Paradoxikoki, Europa gero eta kultur anitzagokoa den garaion, Errepublika gero eta elebakarragoa da. Hala izanik ere, Lionel Jospin gobernu buru duela, giza eta herri txikien eskubideen eremuan duen hutsunea betebeharrean dago Frantzia, Europako eta munduko beste estatuekiko izan duen askatasunezko ospe eta prestigioari eutsiko badio bederen. Frantses hizkuntzaz beste, Hexagonoan bestelako hizkuntza ofizialik ez dagoelako inork dudan jartzen bazuen, 1994 urteko Tubon legeak areago zigortu zituen babesik gabeko hizkuntza gutxituak. Teorikoki, frantsesa ingelesarengandik jaso dituen erasoetatik babesteko sortu zen Tubon legea. Konstituzioan sartu zen lege berri honen lehen artikuluak hauxe dio: «
Frantsesa, ikaskuntzako, laneko eta zerbitzu publikoetako hizkuntza da». Bakarra, noski. Gainontzekoek ez baitute estatutu ofizialik.
CARCASSONE TXOSTENA.
1998ko irailean, Lionel Jospinek Tourseko hautetsi sozialisten bileran Hizkuntz Gutxituen Eurokarta sinatuko duela adierazi zuen. Artean, Guy Carcassone zuzenbide irakasleari Eurokarta eta Konstituzioa zein neurrian diren bateragarri aztertzea agindu zion. Poignant txostena oinarri harturik egindako azterketa metodikoaren ondoren adierazpen hau egin zuen Carcassonek: «
Eurokartak Frantziako Konstituzioarekin bat egin dezake». Zein neurrian ordea? Hortxe dago koxka. Izan ere, Eurokartako 150 neurrietatik 98 ez dira Konstituzioarekin bateragarriak. Gainontzeko 52 neurriak bai, ordea. Eurokarta sinatzeko eta nazioarte mailako irudia garbitzeko gainera, 35 puntu sinatzearekin aski zuen Frantziak. Iparraldeko euskaltzaleen artean, erreakzio denetarikoak sorrarazi izan ditu adierazpen publiko horrek. Esaldi bakar batean biltzera, honelatsu idatziko genuke: «
Pauso baikorra dateke, baina aldi batez, orain arte buruturiko ahaleginak desbideratzekoa». Eurokartaren izenpetzeak aurtengo maiatza arte itxaron behar izan zuen edonola ere. Herri ekimenek hizkuntza gutxituekiko babes juridiko murritza somatzen dute eta hainbat mobilizazio burutu izan da. Baionako manifestazioaren ondotik, Nicole Peryk —Formakuntzarako Estatu idazkaria— Eurokarta duintasunez sinatzea eskatu zuen. Izan ere, artean, Guy Carcassonek Lionel Jospini adierazpen interpretatibo bat egitea gomendatu baizion, hauxe esanez: «
Hizkuntza gutxituen eskubideak eta publikotasuna mugatze beharra ikusten zuela». Hots, hizkuntza hauek irakaskuntza eta hedabideetara mugatuko ziren susmoa antzematen zen jada. Euskarak, kasu, bizitza publikoan, administrazioan eta justizian lekurik izan gabe segituko zuela, alegia.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.