Pello Zubiria
Berrikuntza bat izan da EAEko aurrekontuak 1999an (1998koak prorrogatuz baina horientzako neurri osagarriak planteatuz) EAJ, EA eta EHren adostasunaren gainean erabaki izana. Eta are berrikuntza garrantzizkoagoa gerta daiteke 2000. urteko aurrekontu berriak hiruko abertzalearen akordioaren gainean onartu eta martxan jartzea.
2000. urteko aurrekontu horiek EAJ-EA Gobernuak prestatu ditu; aurretik, hiru alderdien artean burutzea zegoen pentsatua, baina udaz geroztik halako harreman hozte bat egon da, eta EHk orain abenduaren 20-21-22an eztabaidatu eta agian onartuko diren aurrekontuei bere emendakinak aurkeztuko dizkie. Hori hola joango da ETAk su-etenaren bertan behera uzteak bestelako ondoriorik ez badakar Gasteizko Legebiltzarreko orekan.
Aurrekontu berri hauek beste berezitasun bat ere badute. Kontseiluak bilkurak egin ditu bai gobernuan dauden bi alderdiekin eta bai babeslea den EHrekin aurrekontu hauei begira. Beraz, euskal kultur munduan dabiltzan agente nagusiek ondo eztabaidatu eta aztertutako aurrekontu eta emendakinen aurrean egon behar dugu.
1999KO KONTUAK.
Juan Jose Ibarretxe buru duen Jaurlaritza berriak hiru alderdien babesa jaso zuen udaberrian, eta hasieran 1999ko aurrekontuak oinarri horien gainean egitea pentsatzen zen. EHrentzako, hala ere, horretarako maniobra tarterik ez zegoen: Gasteizko Legebiltzarrean osoki parte hartzen hasteaz gain, EAJ-EArekin gobernu hitzarmena sinatu eta hilabeteko tartean aurrekontu berri batzuetan murgiltzea, abiadura handiegia zatekeen. Ondorioz, 1998ko aurrekontuak prorrogatu eta hiru alderdien artean hitzartutako helburu estrategikoei erantzuteko neurri osagarriak onartzearen bidetik abiatu zen Jaurlaritza. Gauza bera islatu da 1999an Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailordetzak erabili dituen kontuetan ere.
1999rako Jaurlaritzak diru kopuru berezi eta osagarri bat izendatu zuen, «Euskadi 2001» izen generikoz ezagunagoa izan dena, azpiegitura mailan egin beharreko inbertsio estrategikoetarako. HPSk eskuratu zuen horietako zati bat, kultur azpiegitura «ez hormigoizkoetan» —bertako iturriek grafikoki definitu izan dutenez— hiru proiektu nagusitan mamitu dena. Bata Habenet proiektua finantziatzeko da. Izenak berak dioenez, HABE erakundearen ondarea eta produkzioa digitalizatzeko erabiltzen ari da, eta helduen ikasketa mailan helburu anbiziosoago batzuen lehen urrats izan nahi du. Bigarrena, Euskaltzaindiaren informatizazioa eta bere emaitzak
on-line ipintzeko plana finantziatzera bideratu da. Eta hirugarrena, «Euskal Prentsa On line» proiektua da.
Ekainaren 14an aurkeztu zien HPSk «Euskaldunon Egunkaria», «Elhuyar», «Jakin», Topagunea eta ARGIAri euskarazko prentsa idatzi guztia Interneten jartzea finantziatzeko bere asmoa, horretarako bi urtetan 71 milioi pezeta aurreikusi zituela argituz, aurtengoz lehen atala bazegoen ere aurreikusia aurrekontuetan. Hainbat gorabeheraren ondoren, urte bukaera gainean dela eta deialdi zabala egiteko ezintasunean, «Egunkaria»ri eta ARGIAri —plana martxan jarritakoan zeuden egunkari eta nazio mailako astekari bakarrak zirenak— beren proiektuak aurkeztu eta finantziatzeko aukera eskaini zaie plan orokorraren lehen fase moduan; 2000.ean abian ipiniko den fasean gainerako komunikabide idatzientzako deialdia zabaltzeko erabakia adierazi du HPSk.
HPS-REN ILDOAK.
Komunikabide nagusiek jadanik publikatua dutenez, Hizkuntza Politikarako Sailordetzak 2000. urteko aurrekontuetan %25eko igoera ezagutuko du, Jaurlaritzak presentatutako proiektuaren arabera.
Kultura Sail osoak 2000. urterako 24.806 milioi pezeta dauzka izendatuak, 1999ko sosak 20.362 milioitaraino igo direlarik. Horietatik —2000.ean— 4.401 milioi dagozkio HPSri (99an 3.555 milioi izan ditu). Eta diru horietatik, HABEri dagozkionak 2.827 milioi dira.
2000ko aurrekontuak justifikatzerakoan, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren garapena aipatzen du HPSk, «plan hori baita adostasunean eta partehartze zabalean oinarrituriko hizkuntza-politika baten bizkarrezurra». Horren arabera, lan-lerro nagusi hauek izendatzen ditu:
1.- Herri Aginteak Koordinatzeko Batzordeak (HAKOBA, Jaurlaritza, diputazio eta udaletako hizkuntza ahaleginak bilduz) hasitako lana indartzea.
2.- Euskara planak bultzatzea EAEko erakunde publiko eta pribatuetan.
3.- Helduen euskalduntze eta alfabetatzeko ekintza guztiak eta euskara planak norabide berean jartzea.
4.- Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak bultzatzea.
5.- Euskal Herriko toponimiaren inguruko jarraibideak finkatu eta bateratzea.
6.- Komunikabideen arteko lankidetza sustatzea.
7.- Normalkuntzaren alorrean ekarpen berezia eragiten duten gizarte azpiegiturazko inbertsio proiektuak sustatzea.
2000. urteko aurrekontuak aztertzean Euskara planek 353 milioi dituzte izendatuta atal berezi batean, horietatik 77 udaletxeetako euskara planetarako eta 75 erakunde pribatuetakoentzako. HPSren gainerako sosak —4.048 milioi pezetak— Koordinaziorako eta Euskara sustatzeko atalean daude sartuak. Kopuru horren barruan, gastu arruntetarako transferentzia eta dirulaguntzak 3.459 milioitara iristen dira, eta hauen barruan 2.827 milioi HABEren ohiko gastuetarako dira. Hemendik joango zaie gero dirulaguntza AEK, IKA eta euskaltegi pribatuei.
Administraziotik kanpo aterata, Euskaltzaindiari 110 milioi izendatu zaizkio 2000.erako, euskarazko komunikabideei 336 milioi, Euskalgintza ataleko subentzioetarako 94 eta teknologia berrietarako 30, UZEIri emango zaizkion 26ez gain, nagusienak aipatzearren.
Inbertsio errealen kapituluan 150 milioi dauzka erabakita HPSren aurrekontu proiektuak. Eta atal honetan aurkitzen dugu lehenbizikoz aurrekontuen beste zenbait tokitan ere aurkitzen den berrikuntza: 20 milioiko partida bat dago kanpaina ibiltari batentzako izendatua eta horren ondoan 2001 eta 2002rako konpromisozko kreditu bat aipatzen da, azpiegitura ekonomiko eta sozialen plan baten barruan. Euskarazko erreferentzia obrak Interneten jartzeko 55 milioi daude, 2003a arte esan dugun konpromisozko kredituz lotuta dauden 165 milioien barruan. Gauza bera gertatzen da zabalkunderik handieneko aplikazio informatikoak euskaratzeko ipini diren 75 milioiekin, ondorengo urteetarako 225 milioi baitaude konprometituak.
Kapital eragiketetako transferentzia eta dirulaguntzak daude beste kapitulu batean, 283 milioirekin. Horietatik 150 milioi irabazi asmorik gabeko beste erakunde batzuen euskara azpiegiturak sendotzeko atalean daude, eta 2003. urtea arte gainera beste 420 milioiko kreditua dago hitzartua; eta azpiatal honetako gainerako 28 milioiak Euskaltzaindiaren informatizaziorako dira. Aipatu dugun atal berean daude erabakiak HABEren inbertsioetarako 73 milioi eta euskal prentsa idatzia
on line ipintzeko (gorago aipatu dugun proiektuaren bigarren fasean) 31 milioi.
Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako arduradunek 2000. urteko aurrekontuak baloratzean, kopuru osoaren handitzea aipatzen dute. Atal guztietan gertatu da handitze hori, eta HABEren kapituluari dagokionez, berreuskalduntze mailan administraziotik kanpo dauden erakundeen dirulaguntzen igoera nabarmentzen dute iturriok. Azpiegituretan egin beharreko inbertsioetan lehen aldiz ondorengo urteetarako planak aurrekontuan lotuta agertzearen garrantzia ere azpimarratzen dute.
HPSren aldetik interes nabarmena dago 2000. urteko aurrekontuen gaian bi osagai azpimarratzeko. Batetik, euskara sustatzeko diru kopuruak nabarmen hazi direla, atal guztietan. HABEren kasuari dagokionez, igoera hori gainera batik bat administrazioa ez diren berreuskalduntze erakundeek izango dutela diote. Beste aldetik, aurrekontu orokorren atal honek 91tik gaurdaino ezagutu duen bilakaera baloratzen dute HPSn. Alegia, Mari Karmen Garmendia 94an sailburu sartuz geroztik aurrekontuek ezagututako gorakada. Erreportaje honi lagunduz doa Kultura Sailak erabili duen grafiko bat, bai Jaurlaritza osoak eta bai Hizkuntz Politikak eta Euskararen Sustapenak Jaurlaritzan 91tik gaurdaino eta 94tik gaurdaino ezagutu duten bilakaera deskribatzen dituena. 91n 100 pezeta gastatu baziren, Jaurlaritza osoak 2000.an 180,7 gastatuko ditu eta HPSk 137,4. Alderaketaren oinarri 1994a hartuta, Jaurlaritzak 2000an 136,3 gastatuko du eta HPSk 140,4.
EUSKAL HERRITARROK
talde parlamentarioan garbi utzi nahi izan dute komentatzen ditugun aurrekontuok EA eta EAJrenak direla. Hauetan ikusten dituzte kultur mundutik eta batik bat Kontseilutik egindako eskarietara hurbiltzeko keinu batzuk —euskalgintzako azpiegituretarako partida hazi dela eta euskara planetarako dauden dirutzen handitzeak, adibidez— badirela, nahiz eta EHren ustez aski ez izan.
EHren emendakinak honako ardatzotatik joango dira: motibazio kanpaina handi baterako partida, euskara planak areago sendotzea, euskalgintzako azpiegituretarakoak zehaztea eta euskal prentsa sustatzea. Kapitulu honetan, instituzioetako publizitatea handitzea, harpidetzen sustapena, euskara teknologia berrietan sendotzea, herri telebista eta aldizkariak gehiago laguntzea, eta «Euskaldunon Egunkaria»rentzako gaur duen subentzioaz at gestiorako partida berezi bat.
Ikusteke dago guk EHko legebiltzarkideekin hitz egin genuenean lantzen ari ziren emendakinak azkenean zertan zehaztuko diren, ea EAJ-EAk zein hartuko dituzten ontzat, eta baita aurrekontuei orohar EHk zein boto emango dien ere. Garbi utzi behar da egoera politiko orokorra kontuan hartuz, batzuek bake prozesua eta besteek nazio eraikitzea deitzen dioten hori ondoko hilabeteetan salbatu eta sendotzea dela helburu nagusia.
Emendakin hauetan islatzen da Kontseiluak EAJ, EA eta EHrekin aurten egin dituen gestioen emaitza. Kontseiluak euskal kultur munduaren dirulaguntzak gehitzeko egindako gestioak azkenean «euskalgintza» deitu daitekeen alorrean zentratu dira nagusiki. Ikastolen munduak, adibidez (Hezkuntza sailari dagokion alorra da) bere aldetik egin ditu gestioak bere finantziazioari buruz, eta Kontseiluak ere mundu hori gaurko bere gestiogintza mailarako handiegia dela deritzo. Berreuskalduntzeko akordio eta partidak ere gestio horretatik at joan direla dirudi.
Aurrekontuei buruzko eztabaida abenduaren 20, 21 eta 22rako dago aurreikusia. Orduan jakingo dugu bai aurrekontuak EAJ, EA eta EHrenak diren (agian beste alderdiren batenak ere bai) eta esku artean dugun proiektutik eta emendakinetatik zer pasa den aurrera. Orduan ezagutuko ditugu euskal kultur munduan eragina duten beste atal batzutan (Kultura Saileko beste sailburuordetzan, Hezkuntzan...) nola geratu diren gauzak
Goretti Rodriguez
hegaztitzar hauen 2.000 kilo okel ekoiztuko da abendua eta maiatza bitartean. Australiako etorkinaren koipeaz eta lumajeaz ere baliatzen dira zaintzaileak.
guztia irakurri
Daniel Udalaitz
aliantza estrategiko eta salerosketa prozedura zabal batean murgildurik dago. La Guipuzcoana, dagoeneko akordio batera iritsi da Alemaniako postarekin, Deutsche Post (DP) enpresarekin.
guztia irakurri
Beńat Doxandabaratz
Sos bilketa abiarazi du Lapurdiko irratiak Hegoaldeko udalen artean. Nahikaria, diru iturri anitzak atzematea baita. Baionako Udalak gainera, dirulaguntza luzatuko dio lehenaldikotz.
guztia irakurri
Ińigo Aranbarri
Presa du euskarak. Beldur da Unamunok Arriagan emandako hitzaldiak begizkoa egin eta betirako apo, betirako txiki eta zatar geratuko den. Eta gero eta txikiago, gero eta zatarrago, ez ote den itoko, ez ote den betirako ihetxetuko ondoan dituen erraldoi harroen saltsatan. Badu obsesio bat mintzaira honek, eta ez da mihiekin, oinekin baino. Presa zuelako ekin zion oinez, Kilometroak-ekin lehenbizi, Ibilaldia-rekin gero. Presa duelako arindu du pausoa, eta arin-aringa, lasterka, antxintxike, arineketan, saltaka, karran, galapan ekin dio bihotz eiteko lurraldearen mugak eta barne zainak ibiltzeari.
Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiaren sorreren lekuko izan zen Ońatiko Unibertsitate zaharretik abiatu da Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak antolatu duen lehendabiziko Korrika hau. Jose Maria Satrustegi euskaltzainak eman dio hasiera gaueko hamarretan, Txantxiku Ikastolako lau haurrek hartu diote lekukoa honi. Ońatiko kaleetan, Eusko Jaurlaritzaren Barne kontseilariorde eta herriko alkate den Eli Galdos izan da eroale. Bilbora garaiz heldu nahi badu, 1.820 kilometro ditu aurretik, 182 orduko bidea. Azaroaren hondarretan gaude eta elurra ari du. Euskararen salbaziorako bidea, Arestik jarri gintuen jakinaren gainean, ez da samurra. Bidania gainean kateak behar izan dituzte lasterketa jarraitzen duten autoek. Nafarroako zenbait eskualdeetan, Zuberoatik pasatu denean bezalaxe, arazoak egon dira Remigio Mendiburu eskultoreak diseinaturiko lekukoa eramateko. Korrikalariak falta. Aurten bertan sortu den Iparraldeko AEK-k kostaldean baino ez ditu euskaltegiak, eta Nafarroak handitik du ederretik duena...
Une hunkigarriak ere ezagutu ditu gau eta egun, etenik gabe eskuz esku pasarazi den lekukoaren bideak. Santiago zubitik muga igaro duenean oilo ipurdia jarri dio bere barnean Rikardo Arregiren testu bat daraman lekukoari berari ere. Iruńean foru parlamentariek, udal zinegotziek, Osasunako jokalariek eta beste hainbat gizarte arlotako ordezkariek eraman dute, Bergaran Telesforo Monzonek, Lazkaon Aita Barandiaranek, eta 91 urte ditu...
Lekukoa Bilboko kale zabaletara heldu denean, poza da nagusi antolatzaileen artean. Lana beltz egin da, eta milaka oinen ibiliaren bozkarioa da saria. Ezustekoa lekukoa zabaldu denean etorri da. Rikardo Arregik 1966ko urtarrilaren 16an Andoainen idatzitako mezua, falta da. Airearekin bat egin du, desagertu egin da, higatu, ihetxetu, Unamunoren euskara bezalaxe. Antolatzaileak idazkiaren fotokopia baten bila doazen bitartean, AEK-k azken ekitaldirako prestaturik duen agiria irakurtzen du Julen Kaltzadak. Aurreikuste guztiak gainditu direla dio, AEK euskara erakusteko erakundea dela, publikoa, ofiziala, autogestionarioa eta zazpi herrialdeetakoa. Gero, korrikan egoterik izan ez dutenak ekarri ditu gogora:
«
Euskal Herriaren alde lan egitearren bizia galdu dutenak. Euskal Herriaren alde lan egitearren kartzelan usteltzen daudenak. Komisaldegietan torturak sufritzen dituztenak, torturak hartuko dituzten beldurrez angustiaturik daudenak... Gora Euskadi Askatuta! Gora Euskadi Euskalduna! Gora langileria! Gora langileri euskalduna!», oihuekin amaitu du hitzaldia.
Ondoren eman den prentsaurrekoan Rikardo Arregiren testua irakurri eta ezagutaraztera eman bada ere, AEK-k Euskaltzaindiarekin, EAJ-rekin eta Eusko Jaurlaritzarekin dituen hartu-emanak oso kaltetuta geratu dira. Elurrak ez dira udaberriarekin lurmenduko
Mikel Asurmendi
Europako Batasuna 1951n sortu zen. 1992ko azaroaren 5ean, Europako Kontseiluak Frantziako Konstituzioaren harroina astindu zuen Eurokarta idaztean. Urte berean, 1992 urtean, Frantziako Estatuak Konstituzioaren 2. artikulua aldatu zuen, eta «
Errepublikaren hizkuntza frantsesa da» berridatzi zuen. Alabaina, Konstituzio berean, bere 11. artikuluan, 1789ko Giza eta Hiritar Eskubideen Aitorpen konstituzional batek honela dio: «
herritar orok hitz egiteko askatasuna dauka». Frantziako Estatuan daude hizkuntza gutxitu gehiengoa, Italiaren atzetik.
POIGNANT TXOSTENA:
Poignant txosten bezala ezagutua —Kemper hiriko auzapez sozialistak egina— Frantziako herri gutxituen hizkuntzen egoera aztertzeko egin zen. Txostena Nicole Pery diputatua sozialistaren eskutik hasi zen gauzatzen Frantziako lehen ministro Lionel Jospinen aginduz. Europako eta Frantziako Estatuko zuzenbidea alderatzen badugu Frantziako zuzenbidea oso atzeratua dago hizkuntz eskubideen eremuan. Paradoxikoki, Europa gero eta kultur anitzagokoa den garaion, Errepublika gero eta elebakarragoa da. Hala izanik ere, Lionel Jospin gobernu buru duela, giza eta herri txikien eskubideen eremuan duen hutsunea betebeharrean dago Frantzia, Europako eta munduko beste estatuekiko izan duen askatasunezko ospe eta prestigioari eutsiko badio bederen. Frantses hizkuntzaz beste, Hexagonoan bestelako hizkuntza ofizialik ez dagoelako inork dudan jartzen bazuen, 1994 urteko Tubon legeak areago zigortu zituen babesik gabeko hizkuntza gutxituak. Teorikoki, frantsesa ingelesarengandik jaso dituen erasoetatik babesteko sortu zen Tubon legea. Konstituzioan sartu zen lege berri honen lehen artikuluak hauxe dio: «
Frantsesa, ikaskuntzako, laneko eta zerbitzu publikoetako hizkuntza da». Bakarra, noski. Gainontzekoek ez baitute estatutu ofizialik.
CARCASSONE TXOSTENA.
1998ko irailean, Lionel Jospinek Tourseko hautetsi sozialisten bileran Hizkuntz Gutxituen Eurokarta sinatuko duela adierazi zuen. Artean, Guy Carcassone zuzenbide irakasleari Eurokarta eta Konstituzioa zein neurrian diren bateragarri aztertzea agindu zion. Poignant txostena oinarri harturik egindako azterketa metodikoaren ondoren adierazpen hau egin zuen Carcassonek: «
Eurokartak Frantziako Konstituzioarekin bat egin dezake». Zein neurrian ordea? Hortxe dago koxka. Izan ere, Eurokartako 150 neurrietatik 98 ez dira Konstituzioarekin bateragarriak. Gainontzeko 52 neurriak bai, ordea. Eurokarta sinatzeko eta nazioarte mailako irudia garbitzeko gainera, 35 puntu sinatzearekin aski zuen Frantziak. Iparraldeko euskaltzaleen artean, erreakzio denetarikoak sorrarazi izan ditu adierazpen publiko horrek. Esaldi bakar batean biltzera, honelatsu idatziko genuke: «
Pauso baikorra dateke, baina aldi batez, orain arte buruturiko ahaleginak desbideratzekoa». Eurokartaren izenpetzeak aurtengo maiatza arte itxaron behar izan zuen edonola ere. Herri ekimenek hizkuntza gutxituekiko babes juridiko murritza somatzen dute eta hainbat mobilizazio burutu izan da. Baionako manifestazioaren ondotik, Nicole Peryk —Formakuntzarako Estatu idazkaria— Eurokarta duintasunez sinatzea eskatu zuen. Izan ere, artean, Guy Carcassonek Lionel Jospini adierazpen interpretatibo bat egitea gomendatu baizion, hauxe esanez: «
Hizkuntza gutxituen eskubideak eta publikotasuna mugatze beharra ikusten zuela». Hots, hizkuntza hauek irakaskuntza eta hedabideetara mugatuko ziren susmoa antzematen zen jada. Euskarak, kasu, bizitza publikoan, administrazioan eta justizian lekurik izan gabe segituko zuela, alegia.
Frantsesaren nagusitasuna finkatzen duen idazki fundatzailea 1539 urtean finkatu zen; Villers-Cotteręts-eko manupean: «Frantsesa da zuzenbidearen hizkuntza». Herri hizkuntzei nolabaiteko publikotasuna eman zien lehen idazki ofiziala 1951koa da, Deixonne deitu legea. Azken honek posibilitatu zuen tokian tokiko hizkuntzek Hezkuntza Nazionalean sartzeko baimena ematea. Bien bitartean, eta mende erdi bat iragan ondotik, hizkuntz eskubideak bi zerrendetan sailkatzen dira, alde batetik, frantsesa erabiltzeko eginbideak, bestetik herri hizkuntzak erabiltzeko askatasunak. Bien artean jokatzen da herri hizkuntzen aldeko borroka eta etorkizuna.
Hizkuntza guttituen salbatzeko bi baldintza beharrezkoak dira, hizkuntz erakundearen aldetik eta gizartearen hizkuntz eskaera. Biak elgarrekin doaz betiere: hizkuntza herriarena delakotz, erakundea hizkuntzaren zaindaria da. Baina ez da aski. Ikusi Irlandan zer gertatzen den. Hortakotz, hiztunek beren atxikimendua erakutsi behar dute hizkuntzaren alde, familiako jarraipena segurtatuz eta egunero erabiliz etxean eta gizartean.
ZERTAN DA GIZARTEAREN ESKAERA?
Hexagonoan eta itsas-handian badira 76 hizkuntza. Batzutan atxikimendua handia da, hala nola, euskararen, bretoiaren eta kreoleraren alde. Dirudienez, eskaera ahulagoa da OC eta Oďl-eko hizkuntz eremuetan. Inork ezer ez du eskatzen Guianako 20 hizkuntzentzat alabainan. Hain zuzen ere, Frantziako hizkuntz legediaren oinarria gizartearen eskaera da. Adibidez, guraso multzo aski handiak nahi badu, eskola batek ikasgela elebidunak ireki ditzake. Gizarte zerbitzuen mailan ere, eskaera zerbait bada: jatorrizko toponimia, euskarazko helbideak, posta zerbitzuetan, harreman elebidunak udaletxeetan eta saltegietan. Herri emankizunak irrati eta telebistan.
Zorigaitzez, euskarari buruzko atxikimendua ahulduz doa egunetik egunera. Alabainan, nekagarria da beti eskale izaitea: militantismoa beharrezkoa bada ere, ez da egoera normala, normalizazio falta frogatzen baitu. Familiako transmisioa guttituz doa, kasu: bi gurasoak euskaldunak direlarik ere, haurren % 83 dira euskaldun, guraso bat erdalduna delarik, haurren % 72 dira erdaldun.
ZERTAN DA ERAKUNDEAREN EGINBIDEA.
Eskaera ahulduz doa, hizkuntz eskaintza ahula baita erakundearen aldetik. Frantziako estatuaren herri hizkuntzez axolatzen direnen helburu nagusiak bi dira: «hizkuntz legea» eta «izate konstituzionala» erdiestea. Dirudi, gaur egun, Bernard Poignant eta Guy Carcassonne-en txostenak (1999) irakurriz itxaropena haizu eta zilegi dela. Alde batetik, gobernuak sinatu dituen Eurokartako neurriak, Kililea txostenak (1994) definitzen duen «legezko izate egokiaren» oinarriak dira. Bestalde, parekotasun bat agertzen da hizkuntzen artean: nola herri hizkuntzek Frantzian beren lekua bilatzen duten, halaber, frantsesak Europan berea zaintzen du. Borroka berdina daramagu. Legegileek gehi bezate «Frantziako hizkuntzek ondare nazionala osatzen dute». Helburu praktikoa da «hizkuntz antolaketaketa» programa zabal bat finkatzea eta urtez urte eramatea. Hortakotz, bilgune batzu eraiki behar ditugu hautetsien, administratzaileen eta hiztunen artean. Paperean, Eskualde hizkuntzen Kontseilu bat bada, 20 urte hauetan loerian dagoena. Dinamika gizartetik etorriko da.
Alor honetan, Euskal Herria eredu bilakatzen ari da. Alabainan, Garapen Kontseiluak «Lurralde Antolaketa Eskeman» (1997) euskararen aldeko programa definitu zuen, eta Hautetsien Kontseiluak ildo beretik 11 ekintza onartu zituen. Helburuak finkatuak dira. Bainan ikusiz Hizkuntz Kontseiluaren eraikitzeko zailtasunak, asma dezakegu gure esku diren elkarteen ekimenak beharrezkoak izanen direla, erakunde politikoen mugiarazteko
Z
eintzuk dira Frantziako hizkuntza gutxituen arazoak legeari begira? Umore pixka batekin, esan dezadan, hizkuntza gutxituek ez dutela arazorik legearekiko. Frantzian ez baitago inolako legerik ez estatutu juridikorik hizkuntza gutxituentzako. Funtsean, hizkuntza gutxitu hauek egiten dutena —eskoletan, hedabideetan, gau-eskoletan, irrati-telebistan— ez da izatezko estatu bat dugulako, ez legeak eskaintzen edo posibilitatzen duenari esker.
Hizkuntza Gutxituen aldeko Bulegoan aritu zara presidente gisa. Zein izan da Frantziako Gobernuarekiko landu dituzuen harremanak?
Azken urteotako harremanen une inportante bat Bernard Poignantek bere txosten ezaguna idatzi ondoren hasi zen. Nicole Peryk abiatu zuen lanari segida eman zion Poignantek, eta horrek posibilitatea eman zigun Lionel Jospin-ekin kontaktu edo harreman zuzenagoa ukan ahal izateko. Harrez gero, etengabe ari gara negoziatzen. Gure erakundearen ezaugarri positiboena da, arazoak arazo, beraiei soluziobideak bilatzen saiatzea dena. Diputatu eta senatoreekin maiz egiten ditugu bilerak hizkuntza hauen eskubideen aldeko ekimena ez dadin geldi.
Bernard Poignant Kemperreko auzapeza izateak erraztu ahal zizuen bidea?
Azken urteotako harremanetan bai Nicole Pery bai Bernand Poignant tartean izatea interesantea izan da. Baina, ez Poignant-en kasuan, hizkuntza gutxituen aldeko pertsona delako. —errepublikar zentralista kontsideratua dago Bretrainian—, ez zelako izan batere susmagarria bere kolega sozialistentzako baizik. Horrek lagundu du bere konklusioak aintzakotzat hartzen.
Azken urteotako bilakabidean, Europako Kartari aurre egin behar izan dio Frantziako Gobernuak. Zer balorazio egiten duzue Kartaren barneko sinaturiko puntuez?
Hasteko eta behin, sinaturiko 39 lerro edo puntu hauek aplikatzea lorpen bat izango litzateke guretzat. Izan ere, Kontseilu Konstituzionalak aitortu duenez, Europar Karta ez da konpatiblea Konstituzioarekin. Beraz, horra lehen arazoa. Bestetik, sinaturiko artikuluak idatzita dauden termimoetan onartuak izan dira. Nik esango nuke Kartari buruz lehen hurbiltze honetan, Frantziako Estatuak posizio ideologiko bat hartu duela politikoa baino.
Zein da zure Bulegoaren betebeharra etorkizunari begira?
Bada, Frantziako Bulegoaren xedea epe laburrera sinaturiko 39 artikuluen edukia aplikatua izatea da, benetan aplikatzea. Horrek lan izugarri eskatuko du, egiazki gogorra. Erregioetan nahiz tokian tokiko udalerrietan, ez dadila oztopo juridikorik izan puntuak aplikatzeko lan gogorra.
Zentzu horretan, non ikusten duzue arazorik gehien, bada?
Lehenbizikoan, kontra daudenen aldetik. Karta ez dela osoa sinatua izan esanen diote beti, nolabaiteko estakuru edo aitzakia bezala jarriaz. Guk, berriz, Estatuak eman dituen eskuduntzak erabiliak izan daitezen fermu aldarrikatu behar dugu, errealitatea ezagutua izan dadin. Herri erakundeek esaterako bere eskaerak eginen dituzte, eta beti egongo da administrazio barnean, «hizkuntza erregionalak» oso garesti kostatzen zaizkugula esanen duen bat edo beste
Z
eintzu dira Kontseilu Nagusiko hizkuntza gutxituen saileko buru gisara zure betebeharrak?
Hasteko erran behar dut, nire lanpostu hau sortu berria dela, eta ez dut ez xede zehatzik ez baldintzarik. Nire betebeharra, Kontseilu Nagusiak agintzen eta dituen eskuduntzen araberakoa da, ez aboro. Orokorki, bai gaskoiari bai euskarari sostengua emateko sortu da nire lanpostua. Erran behar dut alta, bakarra naizela. Ez naiz sail bateko burua. Buru bakarra naiz.
Azken sei hilabeteotan zein izan da burutu duzun lana, bada?
Ene lana, funtsean, Kontseilu Nagusia eta herri elkarteen arteko harremanak sustatzea da. Kontseilu Nagusiak onartu du bere aurrekontuan diru bat ematea euskaraz nahiz biarnesez ari diren herri elkarteei. Hori da azpimarragarriena nik uste. Eremu ezberdinetan ari diren elkarte hauekin harremanak zertan diren, eta plangintza bat aurkeztu berri dut Kontseilu Nagusian. Orain, plangintza onartzearen beha naiz.
Eta nolakoa izan da elkarte ezberdineko partaideekin izaniko harremana?
Goizegi da bilan baten egiteko. Besteak beste, AEK, IKAS, Seaska nahiz Kalandreta, Ikas-Bi elkartearen ordezkariekin bildu naiz, banaka. Haien proiektuak nola dauden aztertu ditugu. Nik beren txostenei jarraipena egiten diet, eta nire esperantza da elkarte hauen proiektuak Akitaniak Estatuarekin sina lezakeen hitzarmen batean sartzea. Horixe da gure helburua. Baina ni teknikari bat besterik ez naiz.
Hedabide alorrean ari diren elkarteekiko harremana ere landu al duzu?
Bai. Alor horretan bederen nire izendatzeak irekidura bat gehiago ekarri du, lehen ez baitzen nehor arduratzen. Euskal Irratiak edota Okzitaniako Radio Pays-ekin bildu naiz.
Nolako dinamika dago Biarnoan okzitanieraren inguruan?
Hemen ere elkarteak daude. Euskal Kultur Erakundearen antzeko bat «Etudes Occitaines» deitua. Oro har, Biarnoko kultur zentroak eta elkarteak egoera zailean daude. Ipar Euskal Herriko egoera ahula dela uste badugu, hemen are ahulago da herri mugimendua.
Hizkuntz Kontseiluaren aferaz zer iritzi duzu?
Oixtian aipaturiko Estatua eta Akitania Erregioaren arteko hitzarmena gauzatzen bada, naski, Hizkuntz Kontseilua eratuko da. Alta, afera biziki konplikatua da. Hautetsien artean ere diferentziak daude. Batzurentzat Kontseilu hori gehiegizkoa da, beste batzurentzako ez aski. Artean, euskaldunok gara petzero, bistan da
Beńat Doxandabaratz
Zerutik gertuen eta maizen egon direnen klub bitxian sar litezke bi anaiak. Aitzakia, Ińurrategi & ETB proiektua dugu, zortzi dokumental eta bi saio berezi egiteko. Erronka ordea ez da makala, bost hilabetetan falta zaizkien 4 zortzimilakoak igo beharko baititutze 14etara iristeko.
guztia irakurri