«El Mundo»ko azaroaren 30eko editoriala: «Ulergaitza litzateke, hilketak, bahiketak eta estortsioaren itzulerarekin EAJ, EA eta beste erakunde demokratiko batzuk Lizarrako Akordioa sostengatzen jarraitzea».
Nicolas Redondo Terreros: «Ibarretxe lehendakariaren lidergoa sendotzeko prest gaude, baldin eta enfrentamenduei amaiera emateko eta nazionalista eta ez nazionalisten artean elkarrizketa inposatzeko gai bada».
Josep Pique, Espainiako Gobernuko bozeramailea: «ETAri sofrimendua eragiteko bere ahalmena erabiliko du Gobernuak».
Arantza Quiroga, PPko parlamentaria EAEn: «Ez dut erreakzionatzen, batera datozkidan sentimendu mordoa dut, oso nahastua nago, baina beldur oso handia dut».
Mixel Berhokoirigoin, ELBko kidea: «Azken denboretan, Euskal Herrian garatzen ari izan den mugimendua jasanezina bihurtu da Espainia nahiz Frantziako Estatuentzako. Ekintza armatuen berrabiatzeak kezkatzen nau».
Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohia eta EAJko kidearen ustez, EAJko norabidea txarra da gaur egun eta zuzendaritzak ondo azaldu beharko luke HB eta ETArekin dituen akordioak. Aldi berean Xabier Arzalluzek alderdiaren zuzendaritza utzi beharko lukeela uste du. «Zergatik ezin daiteke, adibidez, beste lider bat sortu Ardanza, Atutxa, Arregi... edo horrelakoen artean?». Abertzale, espainiar, kristau eta ezkertiartzat du bere burua.
Santiago Lopez Valdivieso Guardia Zibileko Zuzendaria Intxaurrondoko kuartelean izan da segurtasun indar desberdinen arteko zereginak koordinatzen. Paris ere ez dago geldi polizia kontuetan: jadanik ehun CRS gehiago bidali ditu Iparraldera.
Jakoba Errekondo
Urteko egun motzenetako eta gau luzeenetako garaitsu honetan urtero nahi eta nahiezkoa bihurtu den lelo leloarekin nator. Arrazoi asko izan daitezke negu sarrereroko buru arintze kolektiboa dela-eta, lelo hau zabaltzea premiazkoa egin dutenak:
Argi eskasiarekin tontotzeagatik edo ilunpeko lilurak grina animalekoenak azalerarazten dizkigulako edo bien eraginez.
Aparteko soldatarekin, duenak, patrika ohi baino arinago darabilgula jarriko gara. Txepelkeriaren mukurua.
Sekta batzuentzat datozen egunek aparteko esanahia dute eta hurkoarekiko emana oparien lazoaren edo txibistaren tamainaz adierazten dutela dirudielako, agian.
Arinkeria horren ondorioz landareak oparitzeko histeria zabalduko da datozen egunotan. Eta aurtengoan, milurtea, edo mendea, edo dena delakoa bukatu edo hasten dela-eta ederra datorkigu. Gabon-izei, ziklamen, azalea eta pazko-lore edo poinsetia gajoak... Diru edo mesede truke hor ibiliko dira eskuz esku, non dabiltzan asko konturatu gabe, etxe-barru bero eta lehorrean bukatzeko. Hor egongo dira gure otordu pantagruelikoetan, gogaituta, lotsatuta seguruenik.
Bestetxeko semeari lanpostua lortu diozula eta lorez gainezka dagoen landareren bat oparitzen badizute, zuzen zuzenean kanpora, freskurara, hezetasunera, neguko ilunpera atera, landareak Eguberri ondoren guztietan korrika eta presaka antolatzen diren fosa komun horietakoren batean bukatzea nahi ez baduzu
Jabier Agirre
Barrabiletako minbizia da 20-40 urte bitarteko gizonezkoen artean tumorerik ohikoena. Dena den, ikerketa berriek itxaropen gehiago eskaini die gaitza dutenei. Estatu Batuetako Minbiziaren Elkarteak dioenez kasuen % 90 sendatzeko modukoak dira. Gaitzari aurrea hartzeko modurik onena gizonezkoak bere buruari erreparatzea eta aldian behin azterketak egitea da.
Tumore hauek oso gutxitan agertzen dira pubertaroaren aurretik edota adinean aurrera doazen gizonetan. Gaixotasunaren prebalentzia baxua da —100.000 gizonezkotatik 4tan diagnostikatzen da—, baina kopuruak gora egin du azken urteotan. Nahiz eta oraindik gizonezkoari erasaten dioten minbizi-kasu guztien % 1 besterik ez izan, detektatutako kasuak bikoiztu egin dira azken 30 urteotan.
Handituren bat nabaritzea, —baita garbantzu baten tamainakoa baldin bada ere— zona horretan mina sentitzea edota barrabiletan gogortasunak atzematea barrabiletako minbiziaren sintometako batzuk izan daitezke. Barrabiletako kantzerrak gonada bietako bat bakarrik ukitzen du normalean, ez biak, eta sarritan semena edo hazia produzitzen duten zeluletan hasten da. Normalean kozkorra ez da mingarria izaten gaitzaren hasieran
PARISEKO AUZITEGIAN LAIDOZKATUAK
Pariseko Korrekzio Auzitegian istilu gogorrak bizi izan dira egunotan 25 euskal herritarren aurkako auziaren kariz. Auzitegiko ziegetan zaindariek presoei egin nahi zizkieten miaketek eragin zituzten istiluak. Presoen esanetan, galtzak jaitsi eta ipurdia miatu nahi izan zieten. Presoek aitzi egin zioten laidoari, baina zaindariek Raul Bezi presoa atxiki zuten bere ziegan. Presoak aretora sartzean hasi ziren istiluak. Auziperatuek gertatua salatu zuten Oliver Perruset epailearen aurrean. Honek, berriz, ez zien batere kasurik egin. Preso auziperatuek aretoa uztea erabaki zuten protesta oihuak eginez. Epaileek saioa eten zuten eta Jendarmeriak aretoan zeuden lagun eta senideak kanporatu zituen. Saioa beranduago hasi zen, aretoa huts-hutsik zegoela. Bien bitartean, kaleko protestak zirela-eta, 40 lagun atxilotu zituen poliziak, komisaldegitik hiru ordu pasatu ostean libre geratzeko.
HB-K EZUSTEKOA EMAN DU
IBARRETXE lehendakariak eta Nafarroako Legebiltzarrak egindako deialdiekin bat egitean ezustea eman zuen HBk, eta hala islatu zen komunikabideetan. Bategiteak bere estilo propioa izan zuen, ostera, Ajuria Eneko Itunaren nostalgikoei beren argazkia desitxuratuz. Iragan egunotan estilo propioa nabaritu izan da HBn zein ezker abertzaleko beste zenbait gunetan. Arazoaren sustraiak eta konponbideak non dauden ondo jakinda, jarduera armatuarekiko beste distantzia bat mantentzea izan liteke aurrerantzean HB edo EHren ezaugarrietakoa.
BATZUEN HAUTESKUNDE NAHIA
ETAk jarduera armatuari ekinez gero, Ibarretxe lehendakariak EHrekiko akordioa apurtu eta hauteskunde berrietarako deialdia egin beharko lukeela aipatu dute alderdi estatalisten inguruko zenbait ahotsek. Ibarretxek eta EAJk gehiengorik osatu ezingo balute eta gobernua eratzeko beste gehiengorik gauzatuko ez balitz, beste edozein lekutan legez, hauteskundeak deitu beharko lirateke. Errealitate horretatik urruti bide gaude eta batzuek nahiak eta errealitatea nola nahasten duten erakusten du asmoak; nahaste- borrastetik elikatzeko gogoa.
AB-K IBARRETXEREN BILKURA DEIALDIAREKIN BAT EGIN ZUEN
IPAR Euskal Herrian ere gertutik jarraitzen dira ETAren su-eten apurketaren ingurukoak eta izan da ezohikorik. Abertzaleen Batasunak, esate batera, bat egin zuen Ibarretxe lehendakariak eginiko bilkura deialdiarekin, «Ibarretxek ez dituela euskaldun guztiak ordezkatzen jakitun izanik ere», bat egin zuten bere deialdiarekin, euskal gatazkak planteatzen duen lurraldetasun arazoa gizarteratzeko. Baionako suprefektura aitzinean izan ziren ABkoak, «Bakea behar dugu. Herriak hitza eta erabakia» lelopean.
MERINALDEEN EGUNA NAFARROAN
XABIER-KO Frantziskoren egunarekin batera ospatu zen Iruńeko Foruen Monumentuaren aurrean Merinaldeen Eguna, Orreaga taldeak antolatuta. Edozelako euskal usainetik urruti egon nahi duten Nafarroako erakunde ofizialen ohiko ekitaldien kontrapuntua izan zen berriz ere. Poliki baina sortzen ari da Nafarroaren identitatearen inguruko bultzada berri bat, egungo Nafarroa Garaitik harat doana gainera.