EUSKAL gizartea ezustean harrapatzeko gaitasuna bere horretan mantentzen du ETAk, onerako eta txarrerako. Baldintza egokiak zirela eta, ETAk su-eten mugagabea aldarrikatu zuen 1998ko irailaren 16an; baldintza horietan sakontzeko EAJ eta EAk behar beste egin ez dutela salatuz, su-etena bertan behera utzi du orain ETAk. Gogorrena su-etenaren apurketaren iragarpena da, baina ezustekoa eta harridura su-etena eteteko arrazoien aldetik etorri da: EAJk eta EAk, ETArekin zuten balizko akordioa ez betetzea, «ez urrats eraginkorretan ez eta Espainiaren aldeko indarrekiko erabateko hausturan ere». EAJ eta EA, adostutako prozesua itxuraldatzen saiatu direla dio ETAk: «Herri eraikuntza prozesua izatetik, bake prozesu mamigabe izatera bideratu nahian, Ezker abertzalea `normalkeria' politikoan itotzen saiatuz eta ETAren `behin-behineko' ekintzen etenaldia `behin-betiko' eta itzulezina bilakatzeko asmo temati eta maltzurra». ETAk EAJ eta EArekin bi akordio sinatu dituela dio, bata 1998ko abuztukoa eta bestea 1999ko abuztukoa. EAJk eta EAk biak ukatu dituzte.
Euskal gizartea Madrila eta Aznarren Gobernura begira zegoen, ea ETAk luzatutako enbidoari ganorez noiz erantzungo zion irrikitan. Madrilgo inmobilismoa salatu dute behin eta berriz alderdi abertzaleek, Aznar eta Mayor Orejaren ikuspegi polizial hutsa, gertaera errepresiboak, atxiloketak... HB eta ezker abertzaleko beste erakunde batzuk ere, Gobernu espainiarraren borondate ezaren gainean zentratu dira batez ere azken hilabeteotan; «epelkeria» ere bizkarreratu zaie abertzale sektore batzuei, batez ere EAJri, baina beti ere salaketaren bigarren plano gisa. Horregatik da harrigarria orain ETAren adierazpena, su-etenaren apurketa EAJ eta EAren teilatuan uzten duelako. Orain arte argitara eman diren datuekin, eta akusazio eta ezeztapenaren zurrunbiloan, abertzalegoak, oro har, nekez ulertuko du ETAk su-etena EAJ eta EAren jardueragatik apurtzea. Su-etenaren apurketarako Espainako Gobernuaren geldikortasuna arrazoitu izan balu, herritarrak —ados egon ala ez— ulertu ahal izango zukeen erabakia.
Herritarrak ondo asko ikusi du hurbilen sentitzen dituen gatazkaren osagaiekin nola jolastu duten Espainia eta Frantziako Gobernuek, preso eta errefuxiatuekin hain zuzen. Presoen entrega itoginarekin jarraitu du Parisek, errefuxiatuen bizitza Euskal Herrian zangotrabatuz; baina eskandalagarriena Madrilek bere bahituekin izandako jokaera da, presoak Euskal Herriratzeko edo 200 kilometroko radio batean jartzeko munduko aukera guztiak izan dituenean, ez du ezer egin. Zeresanik ez, preso gaixo eta legez zigorraren hiru laurdenak bete dituztenekiko jokaeraz. ETAko mintzakideen atxiloketak herritar abertzale eta ez abertzaleengan sortutako harridura ere agerikoa zen. Berdin hilabete hauek guztietan izandako gertakizun askorekin. Gauza asko uler dezake herritarrak, borondate kontuetan arakatzera ohituta dago eta. EAJ eta EAren jokaeragatik su-etena haustearena ez. Jendearekin hitz egitea besterik ez dago.
ELKARLANA ETA JARDUERA ARMATUA.
Sinbolikoki behintzat, Irlandako ereduari jarraitu diogu azken urteetan Euskal Herritik, abertzaleen arteko elkarlana indar metaketarako tresna erabiliz. Asteon Stormonteko Akordioan aurreikusitako gobernua eratu da Ipar Irlandan. Airean dago errepublikarren ametsa zein neurritan gauzatu ahal izango den, baina aurrera doaz prozesuan. Hala ikusten du han gehiengoak eta hemendik ere hala ikusten da agente sozial eta politiko guztien aldetik. Zalantzarik ez, Aznar Lehendakari espainiarra ez da Tony Blairren borondate mailara iritsi, hori begibistakoa da. Baina hemengo indar abertzaleak ere ez dira Sinn Fein, IRA eta SDLPren mailara iritsi. Hori ere hor dago. Herri eraikuntzaren ikuspegitik Ipar Irlandan baino aski aurreratuago gaude Euskal Herrian; gatazkatik ateratzeko metodologietan dezente atzerago, ordea. Irlanda ahotan baina karramarroaren gisa atzera bide goaz hemen.
Egunotan ikusi den legez, bada azken bi urte hauotan abertzaleen arteko elkarlanean metatu den indarra baliatzeko gogorik. Lehorte urteak luzeegiak izan dira orain pilatutako ura atzamarren artean baldarki ihes egiten uzteko moduan. Lizarra-Garaziko Hitzarmenak iparra jarri zuen, eta ipar horrek hor jarraitzen du. Nola mantendu elkarlana, ordea, jarduera armatuaren zurrunbiloan? ETAk dio elkarlan horrek aurrera jarraitu beharko lukeela, Lizarra-Garazi eta Udalbiltza izatearen arrazoiak hor jarraitzen dutelako. Baina arrazoi horiek lehen ere baziren, ETAren jardun armatu osoan zehar egon dira hor, baina 1998ko irailera arte —jarduera armatua eten arte— ez da abertzaleen arteko elkarlan sendorik izan. Guztiz kontrakoa bai ordea, borroka latza. Balizko eta ustezkoen gainetik, hori da historiak erakusten diguna. Nekez sinetsi daiteke egungo abertzaleen arteko elkarlana eta jarduera armatua bateragarria direnik. Kale borrokak une batzuetan prozesuan izan duen eragina ikusi besterik ez dago. Beirari ozta-ozta eusten dionak, jai du burniarekin.
ETAren agiria irmoa da, ondo hausnartua, bere agiri garrantzitsu gehienak legez; orain ikusi beharko da bere jarduera armatua noraino eramango duen. Jarduera armatuaren estrategikotasunaz asko idatzi eta hitz egin izan da. Ahopeka ezker abertzaleko zirkulu ugaritan onartzen da ez duela etorkizunik egungo Europan. Areago oraingoz IRAk iragarri duenarekin. Baina ETAk su-eten hau taktikoki apurtu izan balu (IRAk egin zuen legez), epe nahiko laburrean berriro negoziazio marko batera itzultzeko? Pandoraren kutxa zabaltzea da hori, eta erantzunak ere airean daude erabat. Dena den, taktikotzat egindako hori, estrategikoa bihur daiteke taktikak norberaren kontroletik alde eginez gero.
Abertzaleen eremuari begira, ETAk, EAJk, EAk eta HBk hilabeteak izan dituzte beste zerbait adosteko eta atera ez bada, nekez pentsa daiteke orain egun gutxi batzuetan aterako denik. ETAren jarduera historikoa ikusita, maila bateko jarduera armatua egon egongo dela pentsatzea da logikoena, beraz. Eta koordenada berri horietan, abertzaleen arteko elkarlanak zer eskainiko duen ikusi beharko da aurrerantzean. Zeren eta lehenbiziko urratsei dagokienez behintzat, Madrilera begira egonez gero, ondo ikusi den legez, jai dago. Lehenbiziko urratsetan edo abertzaleen adostasunetik berbideratuko da prozesua edo iraganeko gatazka beltzean murgilduko gara.
Eraikuntza nazionala eta eskubide demokratikoen inguruko nolabaiteko ambiguetate kalkulatu baten gainean eraiki da orain arteko prozesua. Ambiguoa da eraikuntza nazionala ulertzeko modua eta, oraingoz bederen, ambiguoa da Udalbiltza ulertzeko modua. Bi eremuotan, ordea, errealitate zehatz baten gainean ari dira elkarlanean alderdi abertzaleak: Eusko Jaurlaritza sostengantzeko akordioa, Udalbiltzaren diagnosia, presoak Euskal Herriratzeko zereginak... Erritmo handiagoa edo txikiagoarekin, bakoitzak bere balorazioak egingo ditu hor, baina errealitatearen gainean ari dira lanean.
PERTSONEN BALIOA.
Bestetik, ikusi beharko da zein neurritan ateratzen diren ukituta pertsonak prozesu honetatik. Mikel Albisu `Antza', Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Jose Elorrieta, Joseba Egibar, Xabier Arzalluz, Carlos Garaikoetxea... prozesu honetan gidaritzan ibili direnetako batzuk aipatzeagatik. Izugarri gaitza da pertsonen arteko konfiantzazko zubiak eraikitzea, hauek galtzen uztea arduragabekeria barkaezina litzateke, berdin gatazka giro gordinenean ere.
Aurrerapauso handiak eman dira azken bi urteetan, begibistakoa da, herritarrak hala ikusten du eta ETAk ere hala onartzen du. Egoera 1998ko irailean bezain ona da lanerako. Argitu beharrekoak argitu beharko dira baina aliatuak, taktikak, estrategiak eta, batez ere, herritarrak nahastu barik. Herritarrak jakingo du bakoitzaren lana baloratzen
![]() |
|
||||
1740 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa