Zoombados»eko aktoreak ezin dira hedabideetan agertu. Aurpegia emanez gero, haienak egin du; alde batetik, jendeak aise ezagutuko lituzkeelako eta bestetik, eskaintzak jasotzen hasiko liratekeelako. Halaxe, antzezleak ez dituzte inoiz akademietan atzematen, jasotako eskutitzen bidez baizik. Aurten, gizonezko adina emakumezko hartu dituzte, 20 antzezleko «plantila» osatu arte, besteak beste: Alfonso Diez, Julen Lopez, Mercedes Luzuriaga, Vicky Arrien, Pablo Benturino, Viviana Herrera, Maya Schneider, Javi Anton, Manu Gainza, Nuria Conde, eta Raul Cancelo ditugu.
«Baldintza bakarra, bromak aurrera ateratzea da, nahiz eta batzuetan ahalegin berezia egiten dugun aktore bati txantxa bat ongi atera arte»
«Finean, oso genero zaila da, edozein txorakeriak dena izorra baitiezazuke, egin kontu: mikroa edo kamarekin arazoak direla, `biktima'k baxuegi hitz egiten duela, aktoreak egun txarra duela, `biktima'k oso umore ona duela esan arren, zeharo ozpinduta agertzea, edo `biktima'k berak kamera ezkutua aurkitzea»
«Oso pozgarria da azaroan, gure ordutegian, saio ikusiena izan garela jakitea. Baina zailena, ez da iristea, goiari eustea baizik. Eta arrakastak ezustean harrapatu gaituen arren, hasierako jokamolde xumea mantendu dugu. Horretarako jakina, irudimena ez da aski, zortea ere eduki behar da»
«euskal labela du `Zoombados'ek, ez genuen inoren antza hartu nahi, sortutako egoerak guk geuk asmatutakoak dira. Eredu unibertsal batekin hasi baginen ere, konturatu gara tiradizo handiagoa dutela pertsona jakin bati egindako bromek»
«Gehien laguntzen gaituenetako bat, Baleukon garbiketa egiten duen emakumea da. Bere iritzia oso baliagarria zaigu, kaleko lotura ematen digu-eta. Bestalde, broma on bat lortzeko, aktoreari bezainbat `biktimari' zor zaio; bereziki haserretu eta aldi berean arrazoitzen duenean. Teorian gidoi on bat dirudiena, ezerezean gera liteke gero; baita alderantziz ere».
NORAINO EUTSI?
«Lehen muga, 1982ko maiatzaren 5eko legea da, alegia, norberaren ohore, irudi eta intimitaterako eskubidea. Ikuspegi etiko batetik, ez badigu bere oniritzia ematen ez dugu inoiz emango. Maiz gertatzen zaigu, beroan egonda, jendeak ezezkoa ematea, sinetsita baitago haien kalterako izango dela. Alabaina, behin bideoa editatuta dagoela, ikusi eta gehienek onartu egiten dute»
«kate publiko batean egonik, gustu txarra duten planoak kentzen ditugu, edota zuzenean baztertu. Esaterako, haurdun zegoen emakume bat etorri zitzaigun senarrari broma bat egin nahi ziola esanez. Esperoan zegoela jakinarazi nahi zion, baina gure aktore beltz bat lagun zuela; eta orduan esan ez zela berea, beltzarena baizik. Tira, errealitateak fikzioa gainditzen du. Infidelitateen aurrean ere amu gisa erabili nahi gaituzte sarri. Beraz, denak ez du balio, publikoak ez liguke barkatuko, gainera»
«baina finean, pertsonak dira eta batzuetan, aktorea bera da broma geldiarazten duena, besteari broma kontrako eztarritik sartu zaiolako»
«etengabeko azterketa horrekin segiko dugu, beti ere kontuan hartuz lehiakor eta errentagarri izan behar dugula. Zorionez, saioaren taxukera malgua da, esaterako, San Ferminek, eski denboraldiak edo hondartzek udan joku asko ematen digute»
«onerako harritu nau jendeak; muturreko egoeretan egonda ere, guk uste baino askoz gehiago kontrolatzen duela bere burua. Broman jausten badira ez da inozo hutsak direlako, gizalegez jokatzen dutelako baizik»
![]() |
|
||||
1740 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa