Astekaria

 Elkarrizketak 

"EUSKAL HERRIAN BIZI DAITEKE IDAZLE IZATETIK"

Irudia

Iker Estala


1739. alea
1999-11-28
alde 0    kontra 0

B

ertako argitaletxeetatik Madrilgoetara jauzi egin duzu, zure liburuak gazteleratzeko asmoz. Ur handiak al dira Madrilgoak?

Madrilgoa esperientzia oso inportantea izan da. Ohituta gaude Euskal Herriko argitaletxeak gela batekin identifikatzen baina aldiz, Madrilgo Alfaguarara joaten zara eta ikaragarria da, enpresa erraldoia da. Behin bada ere, esperientzia hori bizi nahi nuen eta hara non liburu batzuen itzulpenen aitzakiarekin hura ezagutzeko parada izan dudan.

Zeintzuk dira itzuliko diren zure lan horiek?

Joan den urtean haur eta gazte literatura mailan Euskadi Saria irabazi zuen «Gizon izandako mutila» Anayan argitaratuko da eta datorren urtean Alfaguaran, «Emakume sugearen misterioa» eta «Jentzi» liburu batean. 2001. urtean, berriz, «Sekretuen liburua» eta honek ere zer pentsatu ematen dit.

Zergatik?

Euskal Herrian, nik irailaren bukaerarako orijinal bat ematen badiot argitaletxe bati, Durangorako kalean izango litzateke. Aldiz horrelako argitaletxeren batera eramaten baduzu eta Bernardo Atxaga, Jordi Serra y Fabra edo Gisbert ez bazara urteak itxaron beharko dituzu. Horregatik nioen Madril bisitatzearen garrantzia, zer irizpide erabiltzen zuten jakitea; eta uste dut nahiko errealistak direla.

Eta zer dakite euskal literaturaz?

Gutxi. Ez zaie interesatzen. Nahikoa dute dutena irakurtzen, eta gainera interes komertziala besterik ez dute gogoan. Gure kasuan hizkuntzak muga handiak ditu batez ere Espainiako merkatuan, baina itzulpenak bidalita ere ez pentsa arreta gehiegirik jartzen dutenik.

Zertan ematen duzu orain denbora? Ba al duzu eskuartean zerbait?

Flauberten hitzetan, idazleak bere izaerarekin bat egiten duten gaiak bilatu behar ditu, eta adibide gisa Miguel de Cervantes jartzen zuen, bere mamuak biltzen zituen gaia ezin hobeki topatzeko zoria izan baitzuen. Krisia hitza aipatu gabe, esango nuke ni ere gai horren bila ibili naizela azken urteotan eta horrekin batera, estilo eta egitura egokien bila eta orain topatu dudalakoan nago. Esaldi bakoitzaren literaturtasunari baino gehiago, naturaltasuna eta efektu orokorra interesatzen zaizkit. Zerbait modernoagoa egin nahi dut, planteamenduari eta gaiari begira. Nire momentuko kezka hori da.

Zer da zure ustez modernoa?

Moderno hitza «Lisboa» pelikula izango litzateke edo literaturan, David Truebaren «Cuatro amigos» liburua. Erreferentzia batzuk baditut eta horiek izango lirateke gutxi gorabehera mugarriak. Modernoa, zer da? Zeozer itxuraz arina, ironia karga handikoa eta era berean giza-harremanak islatuko dituena. Adibidez, Ramon Saizarbitoriaren «Bihotz Bi», hor dagoen harremanei buruzko planteamendua oso erakargarria egiten zait, modernoa; Josean Agirreren «Nobela ahaztua» edo, «Elgeta» liburuan irakur daitezkeen bikote edo harremanei buruzko ikuspuntua oso modernoa da. Hori da nik lortu nahi dudan gizartearen erradiografia.

Hau da, memoria historikoaren zamarik gabea.

Euskal Herrian bizi gara eta hemen asko kezkatu gara memoria historikoaz, zama hori gabe idatzi nahi dut liburu bat. Oso nobela modernoa idatzi daitekeela uste dut, bai planteamenduz, bai egituraz baita ahotsez ere. Hain zuzen ere, «Bihotz Bi» liburuko zatirik pisuena Gerra Zibilarena da. «La lengua de las mariposas» oso polita da baina niri pisua egiten zait. Zergatik? Hori esanda dagoelako, «Secretos del Corazón», «Tasio»... Euskal Herrikooi gure buruarekiko koherentzia gehiegi eskatu izan zaigu, memoria historikoa, hizkuntza; bizitza arinago hartu behar dugula uste dut, eta horregatik esaten nuen ironiarena. Liburuko protagonista hemengoa bada, izango du, noski, memoria historikoa, baina ez obsesiboki agertu beharrekoa.

Idazteko bide hori aurkitu arte, ordea, ezin ezer egin gabe denbora asko egon. Idazle izatetik bizi daiteke?

Momentu honetan bai. Euskal Herrian bizi daiteke idazle izatetik. Egia da, lanbide gehienetan bezala, gogoko ez diren gauza asko egin behar direla, baina merezi du. Noski, askoz ere errazagoa da haurrei eta gazteei idatziz bizitzea poesiaz bizitzea baino.

Baina hori hemen eta Parisen...

Nik uste kanpora joan behar dugula literaturak mundu osoan dituen arazoak zein diren ezagutzeko. Gure mundua ez da bakarra, kanpoan ere argitaletxe asko dira eta poesiaren gabeziak guztietan antzekoak dira.

Zure kasuan, sariek literaturaz bizitzeko aukera eman al dizute?

Nik irabazi nuen lehen saria «Matias Ploff»ekin izan zen, Lizardi saria. Ni orduan irakasle lanetan ari nintzen hemen, Gasteizen, ordezkapenak egiten. Nahiz eta ordezkoa izan eta gauzak beste era batera egin nahi izan, oso gaizki pasatzen nuen ikasleen jarrera oso bestelakoa zelako. Gaixorik nintzen ipuina bidali nuenean eta saria irabazi nuela esan zidatenean, ezin nuen sinetsi, sariaren ondorioz sendatu egin nintzen. Gainera, eta diru sariaz aparte, garai hartan epaimahaian ziren Anjel Lertxundik eta Mariasun Landak nere lana saritzeak horren oker ez nenbilela pentsarazi zidan, norbaiti gustatu zitzaiola, alegia. Egun, sariek, lan askori ezetza esateko aukera ematen didate.

Lizardi sariaz gain haur eta gazte literaturan diren sari garrantzitsuenak irabazi dituzu.

Ni ez naiz hori ukatzen hasiko, gainera denboraren poderioz, oso eragingarri gertatu zaizkit, bai ekonomikoki bai moralki. Azkenak, esate baterako, «Gizon izandako mutila» datorren urtean «El chico que fue hombre» bihurtzen lagunduko du, eta lehen aipatu dudan bezala, gauza bera orain arte idatziak nituen beste hiruzpalau ipuinekin. Euskadi Literatur Saria irabazteak horrelako aukera paregabeak ematen dizkizu. Hala ere, kritikoa izan behar da sari eta sarituekin. Nik ez dut sari bat irabazi nahi gero jendeak «

telebistan ikusi zaitut

» esateko. Nik nahi dudana, «

irakurri dudan zure azken liburuaz hitzegiten ikusi zaitut telebistan

» esatea da eta lanari buruz iritzia ematea; eta hori oso gutxitan gertatzen da.

Aurten sarien beste muturra ezagutu duzu, epaimahaikoarena. Zein da 1999ko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Sariari buruzko iritzia?

Gogoko lana izan da, dudarik gabe. Haur eta Gazte Literatura atalean saritu dugun Bernardo Atxagaren lana oso obra polita dela uste dut. Hala ere, epaimahaiaren lana oso zaila dela esan nahi nuke eta tentu handiz aukeratu behar dela. Zentzu horretan, ez dut Euskadi Sarien epaimahaikoen aukeraketa oso osasungarria ikusten. Zergatik? Aurtengo epaimahaikoak datorren urtean sari horretara aurkeztu daitezkeelako.

Askotan gainera lana baino gehiago izena saritzen omen da...

Bere eragintxoa baduela uste dut nik. Adibidez, aurten egile hasi berri bat saritu izan balitz eta egile horren katalogoa egin behar balitz, ez legoke zerekin katalogoa osatu; eta badakizu, katalogoa egiteko diru bat ematen du sariak. Epaimahaiak horren gainetik egon behar du eta egile hasi berri baten obra zoragarria baldin bada, dudarik gabe horren alde egin behar du. Hala ere, kasu askotan egilearen izenak badu bere eragina. Adibide bat jartzearren: Espainiako haur eta gazte literaturan jendea oso haserre dago Elvira Lindoren «Manolito Gafotas»i eman ziotelako Espainiako Saria. Baina kritika hori ez da inon plazaratzen ez eta plazaratuko, beraz oso marmarrean geratzen den kritika da. Gauza berbera gertatzen da Euskal Herrian ere, literatur kritikak oso marmarrean geratzen dira eta hori literaturaren beraren kalterako besterik ez da.

Gauza bera esan daiteke Andoni Egańaz. Idazle lanetan hasi berria baina euskal kulturan oso ezaguna, eta Euskadi Saria irabazi...

Adibide bat jarriko dizut, guk saritu dugun Juan Inazio Igerabideren «Jonas eta hozkailu beldurtia» rena. Askorentzat eskandalagarria izango dela uste dut, batek pentsa baitezake, nobela batek horrelako lan xume batek baino askoz ere ahalegin handiagoa eskatzen duela eta nik ulertzen dut gainera. Baina obra hori epaimahaikooi askoz ere borobilagoa iruditu zitzaigun, hobea bere txikitasunean.

Dudarik gabe eragina izan dezakeela pentsatzen dut. Sarien beste aldea da hori, hau da, obra argitaratu bat saritzea egilea nor den jakinez. Idazlea ezaguna izanez gero, karga hori ezin kendurik ibiliko zara.

Euskal Idazleen Elkartearen eskutik, idazleok, eskoletan ibili zarete irakurzaletasuna bultzatu nahian. Zer nolako esperientzia izan duzue?

Gure esperientzia ona izan da. Arratsalde pasa joaten garelako. Baina irakasle izan naizenez badakit zer zaila den haurrak irakurzaletasunean murgiltzea, oso zaila da. Gainera, ez dago formula majikorik. Lehen premisa irakaslea zalea izatea da eta gero hasten da transmisio lana. Kasu askotan, irakaslea bera ez da irakurzale eta ezinezkoa zaio ideia horiek transmititzea. Baina beno, ez gaitezen horren ezkorrak izan, gizarteko zati txiki eta ńimińo bat besterik ez baita literatura, nahiz eta idazleontzat unibertso bakarra izan

JOAN MARI IRIGOIEN

«Begirada eta ahots propioak aurkitu arren, bilatzeari utzi ez dion idazle adiskidea»


JOXE ARRATIBEL

«Iragan milurtearen altxorrak modu liluragarrian dakarzkigu»


XABIER ETXANIZ

«Haur eta gazte literaturaren duintasuna, maitasun handia estaltzen duten arrazionaltasunez eta kritikotasunez aldarrikatzen dihardu»


MARIASUN LANDA

«Euskal haur eta gazte Literaturako apalategia oso liburu ederrez hornitzen ari den maitagarria»


GERARDO MARKULETA

«Abentura askotako bidaide nekaezina eta literatur atsegin handiak eskainiko dizkigun idazlea»


JOKIN MITXELENA

«Dohai handiko marrazkilaria, ipuin askoren magia handiagotzen jakin du»


JUAN KRUZ IGERABIDE

«Haur eta gazte literaturaren gozotasuna zer den primeran dakien poeta. Literatura ona egiten du»


ANTTON OLARIAGA

«Irakurle fina, txinparta eta ironia handiz liburu eta egunkari asko edertu eta bizitu ditu»


ASUN BALZOLA

«Haur eta gazte literaturako txoribururik argi eta sentikorrenetakoa»


MIKEL VALVERDE

«Lanari ilusio handiz ekin eta ingurukoei lanerako ilusioa pizten dien marrazkilari trebea»


Tantoa

Orain dela bizpahiru urte «Usoa, hegan etorri zen neskatoa»ren orijinala Erein argitaletxera helarazi zuenerako Patxi Zubizarreta ez zen idazle hasi berria. Kurrikuluduna zen ordurako, esaterik baldin badago. Lizardi saria 1992an («Matias Ploff-en erabakiak»), Baporea, hurrengo urtean («48ko uda»), eta Antonio Maria Labaien 1995ean («Eztia eta ozpina»). Eta hala ere, bi orrialde «eskas» haiek ekarri zituenean Erein-en ez genion baietz esan. «


Motzegia da, luzeago beharko genuke, argitaletxean ez dugu liburu sailik zure `Usoa' horrentzat

». Eta gisako aitzakiak. Baina Patxik ez zuen dudarik. Siberia Treneko Ipuinak saila begiz joa zuen berak. Are gehiago, ordu arte beste inork Erein-en egin ez ziguna egin zuen. «Usoa» osatzen zuten bi orri «eskasak» orrialdez orrialde banatuak zekartzan, sail bereko Mariasun Landaren Alex-en maketazioaren arabera: bi orri, 32 orrialdeko egitasmo batean.

Hainbat jirabuelta eta gero, eta hainbat hilabeteren buruan, Erein-en ontzat hartu genuen Patxiren egitasmoa. Orduan, beste gogo bat gehiago azaldu zuen Patxik: Asun Balzolaren marrazkiak nahi zituen, eta Erein Asunekin harremanetan jarri baino lehen ere, idazlea hitz eginda zegoen marrazkilariarekin. Eta, horrela, prozesu luuuze baten buruan, «Usoa, hegan etorri zen neskatoa» argitaratu zen. Aurten, hain zuzen ere. Liburu bat, ederretan eder, hala testuz nola marrazkiz zein edizioz, sari handietara hautagai, euskara ez beste hizkuntzetan ere irakurgai bikain, eta film bihurturik ere ikusiko duguna.

Argitaletxea bere bidean mugiarazi zuen idazlearen fedea zertan den erakutsi digun produktu kalitatez gainezkakoa da harrezkero ene baitan «Usoa, hegan etorri zen neskatoa»



Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1738
 
azala1737

1739 zenbakia.
1999ko azaroaren 28a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza