EGUNEAN 160 PEZETA
400 milioi pobre gehiago dago munduan. 1.700 milioi biztanle ingurukegunean 160 pezeta baino gutxiagorekin moldatu behar du.
Iritzi publikoarengana iristen ez den berri eta datu asko dago. Berri horien jatorriaren arabera pentsatu ohi da gezurrezkoak, gehiegizkoak edo demagogikoak direla. Munduko pobreziaren kasu honetan, datuok ez datoz sindikatu, talde iraultzaile, Gobernuz Kanpoko Erakunde, Caritas edo antzeko iturrietatik. Kasu honetan Munduko Bankua da datuak ematen dituena, inondik ere susmagarria ez den erakundea. Nazioarteko Moneta Fondoaren (FMIren) hurbil-hurbileko kidea da, hain zuzen ere, lotsaturik egon beharko lukeena munduko pobreziaren errealitate gordinaren aurrean. Azken urtean pobrezian bizi den biztanleen kopurua 1.700 milioikoa izan da, 1998an baino 400 milioi gehiago. Zifra lotsagarri horrek munduko biztanleriaren % 29,7 egunean dolar bat baino gutxiagorekin (160 pezeta edo 6 libera inguru) bizi dela esan nahi du. NBEren arabera berriz, 4.000 milioi biztanle egunean 500 pezeta baino gutxiagorekin bizi da. James Wolfensohn Munduko Bankuko lehendakariak esan duenez, garapenerako nazioarteko laguntzak beherakada nabarmena izan du. Laguntza laurden batera jaitsi da, gutxieneko helburua baino 100.000 milioi dolar gutxiago.
INDONESIAN ETA ERRUSIAN EGOERA LARRIA.
Munduko Bankuko lehendakariak eta era berean Nazioarteko Moneta Fondoko lehendakariak herrialde pobreetako garapena sustatzeko epe luzerako kredituak ematen burutzen du bere jarduera, eta urte honetako lehen hilabeteetan jasandako finantza krisialdiak ehunka milioi pertsonaren bizi baldintzetan eragin bortitza izan duela ziurtatu du.
Wolfensohnen hitzetan, «
herrialde pobre ugarik % 1,5 baino gutxiagoko hazkunde ekonomikoa izan du, eta herrialde horietako biztanleria % 3,4 hazi dela kontuan izanez gero, esan gabe doa horrek behartsuenen per capita errentan izan duen eragina». Munduko Bankuko lehendakariak egoera larriko herrialdeen adibide gisa Errusia eta Indonesia aipatzen ditu. Berak dioenez, azken herrialde honetan, «
60 milioi pertsona egunean 4 dolar baino gutxiagorekin bizi da».
Egoera larri hau ikusita, Munduko Bankuko lehendakariak ahalegin handiagoa egiteko eskatu die herrialde industrializatuei, zorrak herrialde pobreengan eragiten duen zama arindu ahal izateko. 40 herrialdek 200.000 milioi dolarretik gorako kanpo zorra osatzen dute. Nazioarteko Moneta Fondoaren eta Munduko Bankuaren artean udaberri honetan izandako azken bileran, zorraren zati bat barkatzeko eta beste zati handi bat itzultzeko baldintzak arintzeko programa bat eratu dute.
Joan den uztailean Genevan bildu zen Nazio Batuetako Ekonomi eta Gizarte Foroa (ECOSOC). Bere egitekoa munduko pobrezia desagertaraztea da. Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, jardunaldiaren irekieran adierazi zuenez, behartsuen kopurua bikoiztu egin da 1974. urteaz geroztik. Aipatu ditugun munduko pobreei buruzko datuak azaldu ondoren, Annanek garbi utzi zuen pobreziaren aurkako ekimen guztien eragozpen handiena Estatuen borondate eza dela. Ekonomiak hazten segitzen badu ere, «
pobreziak gorantz jarraituko du herrialde aberatsetan nahiz behartsuetan».
LAGUNTZA OFIZIALA OSO URRIA DA.
Annanek 6,6 bilioi pezetatan ezarri zuen herrialde pobreenei hezkuntza eta osasuna bezalako oinarrizko zerbitzuak helarazteko beharko litzatekeen diru kopurua. Garapenerako laguntza ofizialaren beherakada ere kritikatu zuen, azken 50 urteetan izan den murritzena baita. Hegoaldeko herrialdeetatik datozen produktuei merkatua zabaltzea eskatu zien Iparraldeko herrialdeei. Irekiera horren ondorioak nazioarteko elkartasunerako ezezik herrialde industrializatuentzat ere onuragarriak liratekeela adierazi zuen. Halaber, pobreziaren aurkako borrokaren alderdi batek emakumearen esparruan inbertitzea ere eskatzen zuela ohartarazi zuen. Emakumearen esparruan eta, bereziki, haien hezkuntzan inbertitzea nazioarteko garapen jasangarri baterako bermea da.
Munduko pobreziaren egoera ikusita, izugarria eta lotsagarria da, Nazioarteko Txostenak dioenaren arabera, droga-trafikoak berak bakarrik 1,5 bilioi dolar mugiaraztea urtean zehar, hau da, munduko merkataritzaren % 8. Txostenak dioenez, drogen legez kanpoko merkataritza 1995ean, burdin, altzairu edo motordun ibilgailuen merkataritzaren adinakoa izan zen eta gutxi gorabehera mundu guztiko ehun, gas edo petrolio gaien trukaketaren parera iristen zen
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.