Zibereuskalherria
Une honetan Euskal Herria digitalaren proiektua hedatzeko lanean ari gara. Elkarte, internauta eta interesatu guztiak animatu nahi genituzke kulturaren, hausnarketaren, adierazpen askatasunaren eta partizipazioaren Zibereuskalherria, benetako Euskal Herria anulatu gabe berau lagunduko duen nazio birtuala, sortzera eta proiektu honetan parte hartzera. Zuen kolaborazioa ezinbestekoa da proiektu honen hastapenetan, eta bide batez ARGIA eta bere kazetariei euren esperientzia luzearekin eta euskal kultura eta euskararekin duten konpromisoarekin parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diegu. Durangoko Azokarako gai hauen inguruko inkesta bat aurkeztu nahi dugu, baina «Euskal Herria Digital 1.1» liburuaren edota proiektuaren inguruko iritzi eta iradokizunak bidali eta Euskal Herria Digitalean parte hartu nahi dutenek, helbide elektroniko hauetara zuzen daitezke:
inaki@eusnet.org
zuzen@pangea.org
andonia@masbytes.es
Agur bero bat guztioi. Ziberespezioko gure baserri birtualean ikusiko dugu elkar.
ANDONI ALONSO
IÑAKI ARZOZ
(«Euskal Herria Digital 1.1» liburuaren egileak)
Juaristi berriro erasotzen
Irailean, «El Correo»ko elkarrizketa batean Jon Juaristi aurkezten zuten bere azken liburua «Sacra Nemesis» ezagutzera emateko. Bertan, Juaristiren arabera, euskal nazionalismoaren azken 30 urteak errepasatzen ditu. Nik, jakitun izanik «sobera besarkatzen duenak gutti hartzen duela» Juaristiren hitza bakarrik kontuan hartuko dut.
Diona berriro irakurtzean, ez dakit behingoz gatazkaren irtenbidea nahi duen edo betiko moduan interesa daukan frankotiratzaile bezala segitzeko, berriki gertatu diren gorabeheren kontra Yanke, Calleja, Savater eta beste batzuekin batera, Espainia handi baten alde, bere barne antolakuntzan botere faktiko bihurturik.
Argi dagoena da, nahiz eta intelektual demokrata izatearenak aureola eta patina eduki, ez direla oso aske, zeren eta beti beraien kritiken eta amorruen helburua berbera baita, euskal nazionalismoa alegia.
Juaristi jaunarentzat, adibidez, Telesforo Monzon mirestua Behe Paleolitoaren Aitorren seme euskalduna besterik ez zen izan. Berari, Juaristiri noski, handigoiez beteriko lagunak ez zaizkio atsegin, berak sekulan ez du ezer arriskatu, kontuan izanik daukan maila sendoa ongi zaindu eta babestu behar duela. Telesfororen handitasuna izango balu (askotan etsaiek ere onartuta) hitz egin lezake, eta ez bakarrik aipu laidogarriak egotzi.
Txabi Etxebarrieta, ordea, gazte idealista lez aurkezten du —ez du aurkitzen erraz aukera honetan irainaren bidea— bere bizitza aberriari erabat lotu zitzaiola ahaztuz.
Liburu honetan mamuekin jokatzen duela baieztatzen du. Nik uste dut mamu horiek berarenak direla eta haiekin birdoitze gogorrak egin behar dituela bere diskurtsoa egokitzeko.
Badaezpada, apropos erraten du, bera ondoz ondo aranatar, nazionalista iraultzaile, nazionalista demokratiko, troskista, eurokomunista eta sozialdemokrata izan dela. Espainiar nazionalista sutsua dela esatea falta zaio. Garai hauetan baina, zaila izaten da hori aitortzea. Bera ere hori ezkutatu guran dabil.
Juaristiren ustez astero aldatu beharko genituzke gure ideiak, baina ematen du ez duela kontuan hartzen haren obsesio errepikakor eta mugiezina euskal nazionalismoaren aurka. Horretan ez dago ezer aldatzerik? Harrigarria!
Bere burua onestotzat jotzen du, baina nire aburuz besteek juzkatu beharko lukete, ezta? Beraren etsaiak astoak bailiran hartzen ditu. Ez daki bere buruari, ostera, dudarik gabeko harrokeriaren usaina dariola? Jakina, ez da honen erantzule bakarra, sukar barezin horretan goratu dutenek ere badaukate zer ikusi handia.
TOMAS ANGEL GONZALEZ
ZORROTZA (BILBO)