IRAGANEKO GARAIETAN
Antonio Garrote
Desclée de Brouwer
127 orrialde
1.100 pta.
Italiako indusketa arkeologiko batzuetan gertatutako heriotz susmagarria argitu nahi izango du Manfredi inspektoreak. Greziako mito zahar bat da liburuaren muinean dagoena. Mito horren arabera suge burua zuen Medusa emakumeak begiratu hutsez gizakiak harri bihurtzen omen zituen. Eta antzerako kasua da liburuan gertatzen den indusketetako istripua. Nola hil zen Carlo arkeologoa? Kasua argitzeko hainbat arrisku eta izaki ezezaguni aurre egin beharko dio inspektoreak. Mito zaharretako munstroek bizirik diraute liburu honetan.
Antonio Garrote bilbotarrak egin ditu testu eta irudiak eta Edurne Azkuek itzuli du euskerara. Sail gorriko alea da, 12 urtez gorakoentzat egokia
SU-ETENAREN APUSTUA
Pello Urzelai
Egunkaria
244 orrialde
1.500 pta.
Lizarra-Garaziko Akordioa sinatzearekin hasi eta Udalbiltzen sorrerarekin isten den urtebeteko ibilbide politikoa laburbiltzen du Pello Urzelaik liburu honetan. Euskal Herrian aro berri bat markatu duten gertakari politikoak aztertzen ditu eguneroko gisa antolatuta. Kronika, gogoeta, pasadizo eta bizipenak uztartu ditu egileak gertaeren irakurketa atsegin eginaz. Amaierako eranskinak agiri nagusienak biltzen ditu, hala nola Lizarra-Garaziko Akordioa, su-etenaren agiria, Udalbiltzaren adierazpen politikoa... eta baita agiri eta adierazpenen laburpena ere. Pello Urzelaik Geografia eta Historia ikasketak egin ditu eta «Euskaldunon Egunkarian» Politika Saileko erredaktoreburu dihardu
IOANES LEIZARRAGAREN ADITZA
Esther Zulaika Ijurko
Deustuko Unibertsitatea
825 orrialde
Euskal Filologiako irakasle Esther Zulaikaren doktore tesi lana da hau. XVI. mendean Ioanes Leizarragak Testamentu Berria itzultzeko erabili zituen adizki jokatuak aztertzen ditu, dagozkien ezaugarri morfosintaktikoak azalduz. Ikerketak bi osagai ditu. Adizkien formazko analisia batetik, eta bestalde horietako batzuen erabiltzeko modua eta kasu bakoitzean dagokien esanahia. Euskal aditz zaharra aztertu duten ikerlariek, Bonaparte, Dogson, eta Lafonek, besteak beste, azpimarratu dute Leizarragaren aditz sistemaren trinkotasun eta aberastasuna. Baina Zulaikaren lan hau da gai horri buruz egungo irizpideen arabera egin den lehen monografia
HILTZEN NAUZU GOXOKI
Begoña del Teso
Alberdania
75 orrialde
1.000 pta.
Film eta ipuinetako munstroak aztertu eta liburu honetan bildu ditu Begoña del Teso zinema kritikariak. Fantasiazko pertsonaiarik ezagunenek beldurrezko zineman izan duten eragina ere kontatzen du ideiez zipriztindutako testu labur eta literarioan. Umetan haur izutia izan zen eta plazer adina susto ematen zioten pelikuletako pertsonaia beldurgarriek. Hauei buruzko gogoeta egin du, eta behin baino gehiagotan erakusten digu pantailan ageri diren mamuak, maskara misteriotsuak, otso amorratuak edo hiltzaile sadikoak gure irudimen eta nahien morroi direla. Beldurra, oinarrizko sentimentua, gure barruan daramagun zerbait dela, alegia
BAT
SEI
119 orrialde
1.000 pta.
Bi ardatz edo gai nagusi ditu 31.ale honek. Batetik 25 urte hauetan euskalgintzak izan duen bilakaera eta Euskal Kulturaren Batzarreak egindako ekarpenari buruzko iritzi kualifikatuak biltzen ditu. Horrela, EKBren lanaren memoria egiten duen artikuluaren atzetik bere gogoeta egiten dute Jesus Naberan EKBren sortzaileak, Paulo Agirrebaltzategi batzarreko lehendakari ohiak, Fernando Muniozguren Euskara Elkarte eta Herri Aldizkarien Topaguneko lehendakariak, eta J.M Odriozola euskara irakasleak. Eta bestetik euskarak etorkizunera begira dituen erronkak aztertzen dituzte besteren artean Xabier Mendiguren Kontseiluko Idazkari Nagusiak, eta Jagoba Zulueta Euskal Herrian Euskaraz taldeko Gipuzkoako arduradunak
«ARREBA IZUTU» OPERAZIOA
Thomas Brezina
Desclée de Brouwer
121 orrialde
1.200 pta.
Max Muller 10 urteko umeari bizitza aldatuko diote bere lagun berriek. Azken munstroak ezagutu zituenetik bere bizitza aspergarria eta bere ausardia falta alde batera utzi eta zirraraz betetako pasadizoetan murgilduko da. Denek batera hainbat arriskuri egin beharko diete aurre, hauen etsai diren pertsonak munstroak harrapatu eta zirkoan sartzeko irrikitan baitaude.
Thomas Brezina idazle alemaniarrak dagoeneko haurrentzat 80 liburutik gora argitaratu ditu. Honako hau sail laranjako alea da, 8 urtetik gorako irakurleentzat egokia
DENBORAN ZEHAR
J.C Irizar
Hilargi
Larogeiko hamarkadako kantu klasikoak hartu eta sinfonia txiki bihurtu ditu disko honetan pianojole eta konposatzaile oñatiarrak. «Mort pour la patrie», «Habanera», «Xalbadorren heriotza», «Gaztelugatxe», «Maite, maite, maitia» dira besteak beste bilketa honetan aurkituko ditugunak. Baita jatorriz doinu gogorragoak diren «Sarri-sarri», «Iñaki, zer urrun dagoen Kamerun» edo «La chica del batzoki» ere. Hamasei piezek osatzen dute diskoa. Ia denak euskal kantagintzako mitikoak dira, eta besteren bat berriz, «Atakama» eta «Beautiful» kantu instrumentalak kasu, Juan Carlos Irizarrena berarena.
Hitz eta ahotsik gabe, kantu ezagunen doinuak bakarrik bildu eta hauen bertsio berriak jaso ditu. Orkestra osatzeko saxoa, kitarra akustiko zein elektrikoa, flauta, eskusoinua, trikitixa eta panderoaren laguntzaz baliatu da, eta bere lanetan ohiko denez, pianoa da protagonista. Oso estilo ezberdinetako aireak bildu ditu, hala nola rocka, kalejira, martxa... Baina denei bere ukitua erantsi die.
«Oroimenaren lorratzak» diskoarekin egin zuen bilketa eta moldaketa lanaren ildo beretik doa bigarren lan hau. Diskoarekin batera «Doinuak denboran» liburua kaleratuko du, piano eta gitarraz jotzeko moldatutako partiturek osatua. Diskoaren trazari jarraiki, doinu hauek euskal kanta ezagunei Irizarrek egindako bertsioak izango dira batetik, eta konposatzaile oñatiarraren lan originalak bestetik