Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-11-28 -- 1739.zenb

Ruben Sanchez

Prentsa munduan jaioberri bat izan genuen Araban, 1996ko abenduaren 14an. «El Periódico de Alava-Arabako Egunkaria»k dezente hazitako prentsa munduan bere lekua bilatu nahi zuen. Geroztik ia 3 urte joanak dira eta hasiera guztiak zailak badira ere, badirudi honek aurrera darraiela. Egun, etorkizuna sendotze aldera, bazkide diru-ezarleek nabarmen egin dute proiektu honen alde, eta gerentea eta zuzendaria aldatu berri dituzte, Ricardo Arriano eta Sonia Díaz de Corcuera izendatuz.
Sonia Díaz de Corcuerak dioenaren arabera, «

Araba zen Estatuan probintzi egunkaririk ez zuen bakarretariko bat
». Honi buelta eman nahian, bertako enpresa gizon batzuk —Juanito Zelaia, eta egunkariaren lehendakari Jesus Etxabe, besteak beste— egunkari berri bat bultzatzearen alde bat egin zuten. Baina hau ez da saio bakarra izan Araba aldean. Azken urteetan beste batzuk ere izan dira, eta den-denek huts egin dute. Karlismo garaietara atzera egin behar dugu, probintzi egunkari bat gogora ekartzeko Araban.


EGUNKARI «GLOKALA».

«El Periódico de Alava-Arabako Egunkaria» ez dago espainiar prentsako makro talde horietako batean sartua. Nafarroako «Diario de Noticias»ekin kontselari batzuk partekatzen ditu eta bere burujabetasunari eusten saiatzen da, gaur egun zaila bada ere. Hasierako asmo eta norabide gehienak ez dira aldatu eta horrela laburbiltzen ditu Sonia Díaz de Corcuerak: «

Egunkari `glokala', hau da, gurea eta guretzat baina ingurukoa, bai hurbilekoa, eta bai urrunekoa ahaztu gabe, burujabea, eraikitzailea eta ez suntsitzailea, batzailea, baikorra eta zer askotarikoa
».
50ko erredaktore, argazkilari eta kolaboratzaileen taldeari esker, egunero gutxi gorabehera 80 bat orrialde egiten dituzte. Asteburuetan gehigarriak dituzte eta noiz edo noiz gehigarri bereziak. Barruko atalak hauexek dira: Gasteiz, Eskualdeak, Euskadi, Estatua, Mundua, Ekonomia, Gizartea eta Kultura, Iritzia eta Kirola. Egunkari txikia izanik, atal guztiak ez dira sortzen egunkari barruan, eta Estatuko, munduko eta gizarte eta kulturako zenbait berri S.I.P. —Soporte Integral de Prensa— delakotik eskuratzen dituzte. S.I.P.ek menu antzeko bat prestatzen du, eta gisako egunkariek handik hartzen dituzte nahi dituzten albisteak. Inprimategia ez dute berena, eta «Deia» egunkarikoarekin moldatzen dira. Gutxi gorabehera 3.000 ale saltzen dituzte eguneko, eta Gasteizen bigarren egunkari salduena da. Salmenta hauek eta publizitatetik ateratzen dutena dira beren diru iturri nagusiak.


HIRI ALBISTEAK.

Aro berri honetan gauzak ez dira sakonean larregi aldatuko agian, baina beren asmoa da Arabako sektore, eremu, jende, iritzi eta politika, sindikatu, eta kultur talde guztiak berrerakartzea da. Hiri edo herri albisteak dira nagusi, baina ez ohiko ikuspegian, Sonia Díaz de Corcuerak dioenez: «

Hiri edo herri albiste hori benetan herritarrek beraiena sentitzea da helburua, apurtzea horrelako berrietan dagoen `ofizialtasun' kutsu horrekin; gu bizi garen kalean semaforoa hondatu eta horrek eragozpenak eta arazoak badakarzkigu, horixe da albistea, guretzat
». Gainera, orain herri albiste horiek 2-3. orrialdeetan topatzen ditugu, «

egunkaria zabaldu eta hortxe egon behar dute-eta
». Atal honetan garai batean zituzten kale inkestak berreskuratu dituzte.
Honetaz gain, iritzi edukiak handitu egin dituzte, eta egun Euskal Herriak bizi duen egoera itxaropentsu hau dela eta, igandero-igandero «Son de Paz» delakoa argitaratzen dute bake prozesuaren inguruan jarduteko lehen aipatutako asmo eraikitzaile, batzaile eta zer askotariko horrekin. Honekin batera «Carta al lector» —zuzendariak astearen gainean egindako laburpen moduko bat— eta «Analisis Político de la Semana» daude. Bestalde, egunkarian lehen zeudenez gain, sinadura berriak sartu dituzte. Honek guztiak maketazioan aldaketa batzuk eragin ditu.


LASTER ORRIALDE BAT EUSKARAZ.

Euskarari dagokionez, Sonia Díaz de Corcuerak azaldu du egunkariaren asmoa epe labur-ertainean euskara sendotzea dela, atal batzuk propio eginez, edota egunero gutxienez orri bat argitaratuz, ezen «

gure irakurle potentzialen % 13 euskalduna baita, eta ohiko hizkuntzatzat dauka euskara. Egoera horri aurre egin behar diogu lehenbailehen
».
Egunkarian Euskal Herria nola egituratzen duten galdetutakoan, Soniak argitu du aro berri honetan eztabaidatzeko eta erabakitzeko gaia dela, baina orain arte Nafarroa «Euskadi» atalaren barruan sartu izan dutela.
Azkenik, egunkaria politikoki nonbait kokatu behar izanez gero, hauxe litzateke bere kokapena: «

Abertzale demokratikoa, baina beti jende eta iritzi guztiei egunkarian leku egiten saiatuz
»

Daniel Udalaitz

INEMeko datuen arabera, Hego Euskal Herrian 50.140 laguni iristen zaio dirulaguntza. 130.000 lagun inolako babesik gabe dago.Espainiako 8 milioi hiritarrek milioi bat baino gutxiagoko diru sarrera dute urtean. Europako Batasuneko % 10 pobretzat jotzen da eta ingurumenaren degradazioak eta hiesak munduko behartsuenak mehatxatzen ditu.
guztia irakurri

Diru sarrera, hau da, 46.150 pezeta hilean. Iparraldean aurten irabazpiderik ez duten 6.354 lagunek jaso dute dirulaguntza Frantziako estatutik.
guztia irakurri

400 milioi pobre gehiago dago munduan. 1.700 milioi biztanle ingurukegunean 160 pezeta baino gutxiagorekin moldatu behar du.
guztia irakurri

Amaia Olano

Usurbilen egingo den jaialdiak emango dio amaiera aurtengo edizioari. Jai honetan euskararen berreskurapenean udalek duten garrantzia aldarrikatu nahi da.
guztia irakurri

Iñigo Aranbarri

Badira jendea ausikika ikustea maite duten letrak, hain da handia duten ospe gosea. Hizkuntza guztiek dutela eurena esan ohi da, horrenbeste gatazken ostean azken batean maitagarri bihurtzen den horietarik. Aitorgarria dute batzuek, hizkuntza akademien soto ilunetan gordean edukitzekoa besteek.
Arantzazun, urriaren hatsarrean Euskaltzaindiaren berrogeita hamar urteak direla eta idazkera batuaren oinarrizko arauak eztabaidatzeko bildu diren ehunetik gora hizkuntzalarien artean, bat da alfabeto guztitik beste ororen gainetik nabarmen agertzen dena, meritu handien jabe euskal kazeta guztietan Martin Luther King, Txabi Etxebarrieta eta Meliton Manzanasen hilketen inguruko berri eta gogoetekin etengabeko lehian ari dena.

H-rekin ez dezagun indioarena egin
— abisatu du Aita Plazido Mujikak. Eta zerbait badaki hitzen antropologiaz, gaztelera-euskara hiztegi ikaragarria argitaratu berri baitu oraintsu, Ameriketan urteak eman eta gero.

Nik ez nuke h-rik erabiliko, gure aldean emendik laisterrera ez baida h-rekin idatziko zeren eta euskera gero eta gutxiago idatziko da Ipar Euskal Herrian; ez gaitezen lotu galtzera dijoan ontziari
— ohartarazi du Piarres Lafittek, hotzago menturaz.
H-ak badu arrazoirik pozik egoteko. Aldeko zein kontrako, bereak eta bi jo beharko ditu ahierga zaion baten bat aurkitzeko. Eztabaida belaunaldi arazo bihurtu da. Gazteenentzat, Euskal Herria bere iraganaren berrikusketatik eraiki beharreko proiektu dutenentzat, H-a gure tradizio aberatsenetik berriro eskuratu beharreko letra da, euskara modernoaren, gizarte berri baten ikurra. Zaharrenentzat, lehenaz gain gauzak gehiago nahasteko baino balio ez duen alferrikako letra xaharra. Nola esan, bortxaz piztu nahi den hildako bat.

Gu, behintzat, oso bildur gera, H ta beste arazoetan, gure erri alper onek jaso ezin duan lanen bat eskatuko ote-diguten lau gazte ameslarik—
gaztigatu du Nemesio Etxanizek, txa-txa-txa aireak ahantzirik.

Beste arrazoirik ez badute ere, gazteek badute gainontzeko guztiak menderatzen dituen arrazoi biologikoa
— pentsatu du ahoz goraz Luis Mitxelenak, batzorde teknikoko buruak.
Hiru egunez luzatu diren ekitaldien ondoren, Salomon erregeren bidea hartu dutela iragarri diote herriari Euskaltzaindiko buruek: «

H-aren auzian izan diren iritziak entzun ondoren, erdi-bide bat aukeratu da hasteko; alegia, begi onez ikusiko luke Euskaltzaindiak letra hori bi bokal berdin nahiz desberdinen artean erabiltzen hastea. Honek ez du esan nahi gorago jo nahi dutenen saioak ez direla ongi ikusiak izango»
.
H-arena ez da hizkuntzalarien arteko borroka soilik. Kalean,

haizea, hibaia, harma
hasierako adar, antena edo dena delako eta guzti idaztea norberaren burua ETAkoa izatea salatzea da, edo komunista, edo...
Anartean, ausiabartzaren erdian, Gabriel Aresti Segurola H-a duten hitzak batzen dabil. Munduan beste inork baino gehiago maite ditu jende askok beldurrez ez bada gorrotoz kale izkinetan abandonaturik dituen berbak. Berariz, «Harri eta Herri» bataiatu zuen bere bigarren poema liburua, «Euskal Harria» hirugarrena. Inmobilistak zirikatze aldera, hurrengoak hiru H eramanen dituela iragartzen die adiskideei.
—Ez duzue ikusten?— dio bere bihotz gorritik—. Harriak eta herriak etorkizunari dagozkio

Beñat Doxandabaratz

Gure mendeak aurki esango digu agur. Kamerek osorik irudietan hartu izan duten lehen gizaldia, non atsegina nahiz bihozmina berdinki tartekatu diren. Batetik, asmakuntza mediku eta lorpen zientifikoak izan ditu ezaugarri, gure bizi kalitatea nabarmenki hobetuz. Bestetik, XX. mendean triskantza eta eritasunek usu erasan digute, bi Mundu Gerrak, Gerra Zibila eta Hiesa lekuko. Ez da egiteko makala beraz, gure gizaldi osoa ordubetean laburbiltzea. Makina bat gertaera baztertu mamitsuenak hautatzeko. Baina eginbide horretan, zer da garrantzitsua eta zer ez hainbeste? Hor dago koska.
Halaxe, Fermin Ayo, Oscar Epelde, eta Cesar Sabaliak lanari gogo biziz ekin diote, historia aholkulari gisa Alberto Letona dutela. Koordinatzailea Carmen Baroja izan da, eta ekoizleak berriz, Gurutze Lizarralde eta Joserra Plaza. Irudiak lortzeko FORTAk (Telebista autonomikoen elkarteak) Reuters agentziari erosi dion artxibo oparoa erabili dute, orora 40 ordutik gorako materiala eta 3.800 berri biltzen dituena, baita ETBko artxiboa ere.
Emaitza, ordubete inguruko bi saio dira. Euskarazko laburpenean hiru lagun baino ez dira solastuko Jose Mari Iriondok egin dituen elkarrizketen bidez: Maria Bengoetxea ermuarra, Berastegiko Joxe Azpiroz eta Ramon Labaien tolosarra. Halaber, Iriondok gidari lanak egingo ditu, gai guztiak ikutuz, aipatu hiru lagunen ikusmolde pertsonaletik baina, irudiak pasadizoen neurrira egokituz.
Gaztelerazkoa berriz, orokorragoa da. Munta handiko jazoeren kontura, elkarrizketatuak beste molde batekoak izango dira, adituak gehiago, gertaeren azterketa egiteari atxikiak. Besteak beste, Garcia Cortazar, Manu Leginetxe, Javier Sadaba eta Nestor Basterretxea historia, politika eta kulturaz mintzatuko dira.
Zazpi atal garrantzitsu bereizi dituzte: historia eta politika, osasuna, zientzia eta teknologia, humanitatea, ekonomia, artea eta ingurugiroa. Atal bakoitza halaber, 47 azpiatalez osatua dago, historiako gertaera aipagarrienen berri emateko, hala nola, errusiar iraultza, exodo urbanoa, Errepublika, garraiobideen garapena, penizilinaren asmakuntza, 1929ko «Crack»a, edo ilargian lurrartzea. Ingurugiroaren atalean kasu, baso eta oihanen galeraz ariko dira. Historia eta politikan aldiz, Espainiako Gerra Zibila eta II. Mundu Gerraz.


GERRA GEHIEGI.

Errazena XX. mendeko liburu bat hartu eta laburpena egitea zen,

«baina ez genuen hori egin nahi, horrek dena baldintzatzen dizulako. Beraz, lantaldea elkartu eta denon artean XX. mendeaz genituen oroitzapenak gogora ekarri genituen. Oroitzen genuen oro bota genuen eta ondoren, gaika sailkatu. 200 bat gertakari atera ziren. Horrela hasi ginen atal eta azpiataletan banatzen»
diosku Ferminek. Era berean, ez dute orden kronologikorik jarraitu, nahiago izan baitute dena gaika sailkatu, zerikusia zuten gaiak kontrastean jartzeko. Laburtzeko ahalmen hori gogorra egin zaie zenbait gairen inguruan;

«adibidez, minutu bakar batean, zinemaren historia hastapenetik gaur egun arte laburtu behar izatea, arte izatetik industria bilakatu arteko prozesu hori. Eta ziztu bizian bada ere, euskal zinemaren berri ere eman dugu».
Reuterseko artxiboa behatzen, irudi hunkigarri franko izan dute begien aurrean.

«Esaterako, Bigarren Mundu Gerrako irudi asko dago oiloipurdia jartzeko modukoa. Hala ere, irudiak bezain zirraragarria jendeak bataila batean parte hartu eta gero azaltzen duena da. Kontuak atera, 3.800 berri bata bestearen atzetik ikusita, dena estatistika bisual hutsa bihurtzen zaizu»
. Hobekien mantendu diren irudiak, 1963tik gorakoak dira, urte hartan hasi baitziren kolorezko irudiak gordetzen. Jasota dagoen zaharrena ostera, 1896koa da, Nicolas Zaharraren koroatzea egin zenekoa. Titanic-en irudiak, Hindenberg zepelina, errusiar eta Kubako iraultzak edo Hego Amerikako estatu kolpeak ere ez dira falta irudiotan.
Musikari dagokionez, mendean gaindi sortu den doinu ezberdinak izango dira entzungai irudiei kontrastea eman diezaieten.


GARAILEEN BERTSIOA.

Egindako lanaren ondorio gisa, Ferminek garbi dauka

«zeharo zaila dela betiko ikuspuntua ez ematea, nahiz eta jakin badakigun historia garaileek idatzia dela; berauek hautatu dituzte titularrak eta aldeko bertsioa, egia oso maiz lurperatuz edo gezurtzat joz. Hori da pena gehien ematen didana. Ideala, planteamendu alternatibo bat eskaintzea litzateke. Zoritxarrez, egiturak berak eskatzen dizu bertsio ofizialari lotzea. Baina tira, badira beste irtenbideak; Gunter Grass Nobel saridunak «Nire mendea» liburuan egin duena horren adierazgarri da, gizaldi honen kontaketa egin baitu, baina galtzaileen ikuspuntutik begiratuta. Beraz, ez da ezinezkoa; irudien faltan elkarrizketen bidez oreka genezake hori; jakina, denbora gehiago beharko genuke hori taxuz prestatzeko»
.
Itxura batean, medikuntzako aurrerapenei esker, XXI. mendean, herrialde garatuetako gizaki andana 120 urte bizitzera iritsiko da. Horren arabera, oso litekeena da lerro hauek irakurriko dituen baten bat XXII. mendearen lekuko izatea. Guk ez bezala, gerren amaiera eta aberastasunaren egiazko banaketa ikusiko ahal ditu! Tamalez, beldur gara gizakia dela iraganetik ikasten ez duen ugaztun bakarra

Beñat Doxandabaratz

Duela 17 urte sortu zenez geroz, tokiko berriak eman ditu Botzak, beti ere euskara biziki atxikiz. Ez du haatik, bide samurra ukan, Zuberoako 15.000 bizizaleen artean euskararen transmisioa etenda baitago.

«Ama hizkuntza seme alabei helaraztea ez dute behar bat bezala ikusten. Inguru zeharo frantsestuan bizi garela, `euskaraz ez zara urruti joaten ahal' eta halako zozokeriak maiz entzuten dira. Pastoralak eta maskaradak maite arren, ez dituzte kultur ondarea bezala ikusten, folklore hutsa bezala baizik»
azaltzen digu Dani Etxart irratiko idazkariak.
Botzako lantaldea lehendakaria, bi idazkari, diruzaina, bost animatzaile, (horietatik biga denbora osoz) eta bi kazetarik osatzen dute; baita 30 bat laguntzailek ere. Egunean hamasei emisio oren dituzte, goizeko sei t' erdietan hasita. Programazioaren % 80 inguru euskaraz izanik, emankizunen artean honako hauek aipa ditzakegu: «Goi bazterrak», «Gure arbasoak», «Azalegi» kultur emankizuna, «Aitzur eta jorra» laborarien emanaldia, «Presoen oihartzuna», «Mintzalekua» eta pilota emanaldiak. «Siadeco»k plazaratu inkesten arabera, entzulegoa nagusiki, adineko jendea da, 40 urtetik gorakoa, eta gazte gutxi, gehienak kostaldera eta Pauera joanak baitira lanera. Dena den, hor dugu «Hazia» elkartea, gazteria sorlekuan atxikitzeko lanean diharduena. Herriz herri eta etxez etxe urtero egiten den sos bilketa dute diru iturri nagusi, oso publizitate gutxi sartzen da-eta,

«hori ez dugu behar bezainbat garatu
». Entzuleen sustengurik gabe beraz, Botzak ez zukeen luze iraunen,

«euskarak ofizialtasuna lortu ezean, tamalez, horrela segi beharko dugu»
. Halaber, bada proiektu bat egoitzaz aldatzeko Mauleko leku handiago batera, oraingoa txikia geratu baitzaie.

«Abenduan sos kanpaina eginen dugu eta Hegoaldera ere joanen gara laguntza eske» ALBERTO ELOSEGI

hemeroteka

1738. zenbakia | 1999-11-21
1737. zenbakia | 1999-11-14

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan