Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-11-28 -- 1739.zenb

Euskal Herriko Unibertsitateak hogei bat liburu argitaratuko ditu euskaraz aurten. Horretarako 45 milioi pezetako aurrekontua du (1,8 milioi libera), aurreko urteetan baino dexente gehiago. EHUko Euskararako errektoreordeak jakinarazi zuen euskarazko argitalpenak gaztelaniazkoak baino garestiagoak direla. Azken urteotako salmenten igoerek eta erakunde publikoetako laguntzek ahalbideratzen dute euskarazko liburuak errentagarriagoak izatea. Filosofia, Literatura, Soziologia eta Informatika arloak jorratzen dituzte argitalpen hauek.

PPko gobernu taldeek Arabako Diputazioan nahiz Gasteizko Udalean euskararen inguruan planteatutako zenbait ekimenek (Euskara Zerbitzua kentzea eta Haur Eskoletan eredu bakarra proposatzea, besteak beste) kezka sortu dute Arabako euskaltzaleengan. Euskaltzaleen Elkarguneak erantzun baterakoia eman behar dela uste du eta horretarako «ekimen zabala» eskatu die alderdi, elkarte eta sindikatuei.

Euskaltzaindiako zenbait ordezkari Espainiako Kultura eta Hezkuntza ministro Mariano Raxoirekin bildu zen iragan astean Madrilen. Ministerio horretatik jasotzen duten dirulaguntza «zinez eskertzen» dutela adierazi zuen Jean Haritxelhar euskaltzainburuak, baina «leiala izatekoz, ezin esango dugu laguntzak erabat asebetetzen gaituenik». Egun hauetan ari da eztabaidatzen Diputatuen Kongresuan heldu den urteko aurrekontua.

Larunbatean Ezabaketa Egunerako deia egin zuen Euskal Herrian Euskarazek. EHEk «bakoitzak norberaren herrian ezabagarri dena ezabatzera eta salagarria dena salatzera» deitu zuen. Erdaraz dauden seinaleak ezabatu ziren, baita «maila sinbolikoan, euskararen zapalkuntzan nola edo hala partaidetza dutenak» ere.

KUTXAREN KULTUR ARETOA
Iragan udaberrian jarri zion
Kursaala kudeatzen duen erakundeak
630 milioi pezetako salneurria Kursaaleko
erakusketa aretoari. Hainbat
tira bira izan dira Kursaal
Elkartearen eta Kutxa Fundazioaren
artean. Kutxaren eskaintza orain arte
500 milioi pezetakoa izan da. Baina
hilaren 11n eginiko bilera batean
Kutxak bi ordezkari izendatu zituen
erakusketa gunea erosteko eta
gehienez 630 milioi pezeta kostako
litzatekeen tratua egiteko agindua
eman. Honela, Kutxak aretoa bere
egingo du, eta aldi berean, gune horren
kudeaketa erabat autonomoa
egiteko eskubidea. Negoziazioan,
honek eta eraikina erabat amaituta
egoteak (oraindik hainbat lan bukatzear
baitago) garrantzi berezia izango dute.

Manolito Gafotas estreinatu zuen Adosek.

Zorrari eustea da aurrekontuen xede nagusia.


ITZULPEN SARIKO EPAIMAHAIA

EUSKALTZAINDIAK aukeratu ditu jada Espainiako Itzulpen Sari Nazionaleko arlo ezberdinetako epaimahaia osatuko duten euskal ordezkariak: Mari Jose Olaziregi narratiba atalean, Juan San Martin poesian, Patri Urkizu antzerkian, Juan Kruzs Igerabide haur eta gazte literaturan, Lourdes Otaegi saiakeran eta Joserra Garzia itzulpenean.


«MANOLITO GAFOTAS» ANTZERKIAN

ELVIRA Lindok sortutako Manolito Gafotas pertsonaiaren antzezlana hilaren 18an estreinatu zen Donostiako Victoria Eugenian. Ados Teatroa antzerki taldeak taularatu zuen lan hau, Garbi Losadaren agindupean. Koldo Losadak jokatu zuen Manolito Gafotasen rola eta Mila Espigak, Nagore Aranburuk, Jon Ezkurdiak, Itziar Suarez eta Juanlu Escuderok lagundu zioten, besteak beste. Pasa den asteburuan Victoria Eugenia eskainitako emanaldiez gain, lana Barakaldon taularatuko da eta ondoren Espainian zehar egingo du bira 2000ko martxorarte.


BISITALDIA QUEBEC-EN

MARI Karmen Garmendia Kultura sailburua buru zuen Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza Quebec-en izan zen iragan astean. Kultura eta hizkuntza politikako gaiak izan ziren lan-bisitaldiaren ardatza. Honen ostean, urteetan zehar Quebec eta EAEko hizkuntza politikarako arduradunen artean landu den elkarlan hitzarmena sinatuko da, Bilbon abenduan burutuko den Eremu Urriko Hizkuntzen Nazioarteko VII. Jardunaldien inguruan.


MUSIKA GARAIKIDEAREN TOPAKETAK

KURAIAk, musika garaikidearen sormen eta hedapenerako konpositoreen elkarteak, «Musika Garaikidearen VI. Topaketak» antolatu ditu Bilbon. Azaroan eta abenduan zehar, arte garaikideaz eta bereziki musikaz hausnartzera hainbat musikari espezializatu bilduko da Bilbon. Abenduan bi ikastaro izango dira. Bata, Jose Manuel Lopez Lopez konpositoreak emango du, konposaketa garaikideari buruz; eta bestea, Maria Eugenia Luc musikari argentinarrak. Bilbao Arten egingo diren bi kontzertuk emango diete amaiera topaketei.


GIPUZKOAKO AURREKONTUAK

GIPUZKOAKO Diputazioak 2000. urterako egin dituen aurrekontuak aurkeztu zituen hilaren 12an Roman Sudupe diputatu nagusiak. Guztira 434.427 milioi pezetakoak dira eta EAJk eta EAk osatzen duten Foru Gobernuak eginikoak dira. Ondoren beste taldeekin negoziatuko dituzte. Proiektuak iazkoak baino % 10eko diru sarrera handiagoa du. Eta helburu nagusia datozen lau urteetako zorrari eustea da. Garraio eta Errepide Sailak eta Gizarte Ongizate Sailak izango dute aurrekontuaren kopururik handiena. Kultura, euskara, gazteria eta kirol arloek berriz, 5.545 milioi pezetako dirulaguntza izango dute.

Asier Aranguren honela mintzatu zen «El Pais»en: «Herri prentsa heldutasunera iritsi da eta helduen krisian eror daiteke (...) Herri informazioari dagokionez telebisten garaian gaude, eskaintza gero eta garrantzitsuagoa delako eta kablea sartzen ari direlako».

Kike Diaz de Radak honela zioen «Irutxulo»n: «Zergatik joaten diren euskaldunak gaztelerazko bertsioak ikustera? Idiosinkrasia kontua da, (...) ez hizkuntzarena».

Xabier Isasi Balanzategik esanak dira hauek «Euskaldunon Egunkaria»n: «Etsigarria da Donostiako liburu-denda ezagunera joan eta Ekonomia, Psikologia, Arkitektura (...) apalategietan ez aurkitzea euskaraz idatzitako liburu bakar bat ere. Eta arrazoia ez da (...) euskaraz idatzi ez denik, baizik euskarazkoak `euskal txokora' bilduta daudela».

Pasa den igandean amaitu da Bilboko 18. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia. Astebetean 23 konpainien 24 lan ikus ahal izan da hainbat aretotan. Helduei zuzendutako emanaldietan ez da ordea bakar bat ere euskaraz eskaini, jaialdiaren arduradunek esan dutenez, ez baita «oraingoz helduentzat panpinen antzerkirik euskaraz egiten».

IDAZLE LIBREAK
Pako Aristi honela mintzo zen «Euskaldunon Egun- karia»n, Jaurlaritzak idazleei emandako Euskadi Sarien inguruan:
«
Idazleak dirua eta gizartearen ordezkari den gobernuaren aldetik onespena jasotzeko eskubidea baduela onarturik ere, gobernuaren helburua beste bat dela iruditzen zait, sarien ematerakoan babes filosofiko bezala funtzionatzen duten helburuekin zerikusirik ez daukana. Ardantza iaz joan zen lendabiziko aldiz Durangoko azokara. Zergatik ez doa Lehendakaria bere nazioaren literatura biltzen duen azoka nagusienera hamahiru urtetan? (...) bere nazioaren literatura ez zaiolako tutik ere inporta. (...) Dio Lehendakariak: gu literaturaren jauregi nagusietara ez goazenez, ekar ditzagun urtean behin idazle jator batzuk (...). Bisita hori sari baten bitartez gauzatzen da (...) nazioak pentsatuko du: hara gure gobernua zein neurritaraino kezkatzen den gure literaturaz. (...) Gaurko ejekutiboan bertan, Mari Karmen Garmendia salbu, zenbat euskal liburu irakurtzen dituzte urtean (...)? Sarien ematerakoan han izango den Ibarretxe eta konpainiak ba al dakite euskara erdi-mailako liburu bat irakurtzeko adina? (...) Idazleak ajente librea behar du izan, (...) badira zeharkatu ezin dituen mugak, berezitasuna galdu nahi ez badu; arrai debekatuak».

Vahan Sarkisian
hizkuntzalari armeniarrak «Txabal (zabal) toponimoaren sustraiak», «Armeniar alfabetoaren sustraiak» eta Jose Mari Satrustegik itzuli duen «El rostro oculto de la muerte» liburuak aurkeztu berri ditu. Liburuek armenieraren eta euskararen arteko lotura jorratzen dute.

Antonio Zabala
idazle eta ikerlaria «honoris causa» doktore izendatu zuten Deustuko Unibertsitatean, euskal herri-literaturan egindako lanagatik. Gainera, Zabalak azken 40 urteotan argitaratutako liburuak ikusgai jarri ziren unibertsitatean.

Su ta Gar
taldeak seigarren diskoa aurkeztu du. «Homo Sapiens?» izeneko diskoak taldearen hamabi kanta biltzen ditu eta Gor disketxeak kaleratu du. Lan berrian taldeak kritika soziala eta politikoa egin ditu nagusiki.

«ZINE ORO»REN AUDIENTZIA ONA
Azkenaldian, Joseba Apaolazak aurkezten duen «Zine oro» ETB-1ek batez beste ematen duen baino audientzia dexente hobea lortzen ari da. Arrazoia ez da bakarrik tiradizoko tituluak eskaintzea. Filma eman aitzin egiten den girotze hori filmaketa eta aktoreen nondik norakoak emanez, zinez lagungarria da jendearen ikusmina pizteko

FILM BIRTUALA BILBOKO GABONETAKO PARKEAN
Bilbon eguberrietan atontzen den jolas parkean berrikuntza mordoska egongo da aurten. Horien artean, irudi birtualeko film bat ikusteko parada izango dute ETBko stand-era hurreratzen direnek. Aldiro, 20 lagun sartzen ahalko dira areto berezi batean. Airetik hartutako irudiak nornahi txunditzeko modukoak omen

AGUR 2.000 KANTUZ PRESTATZEN ARI DIRA
Ate joka dugun mende berriari diosala egiteko, zenbait euskal kantarik, euskaldun nahiz erdaldunak, bakarka abestuko du. Lehena, betiko kanta bat izango da, eta bigarrena berriz, eurena, une oro ganbara orkestra bat lagun dutela. Ekimen hauek duten oihartzuna profitatuz, telebistan emateaz batera, disko bat ere grabatuko da

Interneteko euskara hutsezko lehen bilatzailea martxan da dagoeneko. Aurki du izena eta Eibar.ORG elkartea izan da sortu duena. Hau da bere helbidea: http://www.eibar.org/aurki da. Aurki bilatzailearen arduradun Luis Fernandezek «Netscape bezalako munstro teknologikoan euskara ere integratu» dutela adierazi du.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan