ARANTZAZU 1968: H
Ińigo Aranbarri
Badira jendea ausikika ikustea maite duten letrak, hain da handia duten ospe gosea. Hizkuntza guztiek dutela eurena esan ohi da, horrenbeste gatazken ostean azken batean maitagarri bihurtzen den horietarik. Aitorgarria dute batzuek, hizkuntza akademien soto ilunetan gordean edukitzekoa besteek.
Arantzazun, urriaren hatsarrean Euskaltzaindiaren berrogeita hamar urteak direla eta idazkera batuaren oinarrizko arauak eztabaidatzeko bildu diren ehunetik gora hizkuntzalarien artean, bat da alfabeto guztitik beste ororen gainetik nabarmen agertzen dena, meritu handien jabe euskal kazeta guztietan Martin Luther King, Txabi Etxebarrieta eta Meliton Manzanasen hilketen inguruko berri eta gogoetekin etengabeko lehian ari dena.
—
H-rekin ez dezagun indioarena egin— abisatu du Aita Plazido Mujikak. Eta zerbait badaki hitzen antropologiaz, gaztelera-euskara hiztegi ikaragarria argitaratu berri baitu oraintsu, Ameriketan urteak eman eta gero.
—
Nik ez nuke h-rik erabiliko, gure aldean emendik laisterrera ez baida h-rekin idatziko zeren eta euskera gero eta gutxiago idatziko da Ipar Euskal Herrian; ez gaitezen lotu galtzera dijoan ontziari— ohartarazi du Piarres Lafittek, hotzago menturaz.
H-ak badu arrazoirik pozik egoteko. Aldeko zein kontrako, bereak eta bi jo beharko ditu ahierga zaion baten bat aurkitzeko. Eztabaida belaunaldi arazo bihurtu da. Gazteenentzat, Euskal Herria bere iraganaren berrikusketatik eraiki beharreko proiektu dutenentzat, H-a gure tradizio aberatsenetik berriro eskuratu beharreko letra da, euskara modernoaren, gizarte berri baten ikurra. Zaharrenentzat, lehenaz gain gauzak gehiago nahasteko baino balio ez duen alferrikako letra xaharra. Nola esan, bortxaz piztu nahi den hildako bat.
—
Gu, behintzat, oso bildur gera, H ta beste arazoetan, gure erri alper onek jaso ezin duan lanen bat eskatuko ote-diguten lau gazte ameslarik— gaztigatu du Nemesio Etxanizek, txa-txa-txa aireak ahantzirik.
—
Beste arrazoirik ez badute ere, gazteek badute gainontzeko guztiak menderatzen dituen arrazoi biologikoa— pentsatu du ahoz goraz Luis Mitxelenak, batzorde teknikoko buruak.
Hiru egunez luzatu diren ekitaldien ondoren, Salomon erregeren bidea hartu dutela iragarri diote herriari Euskaltzaindiko buruek: «
H-aren auzian izan diren iritziak entzun ondoren, erdi-bide bat aukeratu da hasteko; alegia, begi onez ikusiko luke Euskaltzaindiak letra hori bi bokal berdin nahiz desberdinen artean erabiltzen hastea. Honek ez du esan nahi gorago jo nahi dutenen saioak ez direla ongi ikusiak izango».
H-arena ez da hizkuntzalarien arteko borroka soilik. Kalean,
haizea, hibaia, harma hasierako adar, antena edo dena delako eta guzti idaztea norberaren burua ETAkoa izatea salatzea da, edo komunista, edo...
Anartean, ausiabartzaren erdian, Gabriel Aresti Segurola H-a duten hitzak batzen dabil. Munduan beste inork baino gehiago maite ditu jende askok beldurrez ez bada gorrotoz kale izkinetan abandonaturik dituen berbak. Berariz, «Harri eta Herri» bataiatu zuen bere bigarren poema liburua, «Euskal Harria» hirugarrena. Inmobilistak zirikatze aldera, hurrengoak hiru H eramanen dituela iragartzen die adiskideei.
—Ez duzue ikusten?— dio bere bihotz gorritik—. Harriak eta herriak etorkizunari dagozkio
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.