GASTU MILITARRA, HEZKUNTZA ETA OSASUNAREN HIRU HALAKO
Daniel Udalaitz
militarretarako erabiltzen da, ikerketa zientifikoan, kulturan eta osasun arloan erabiltzen dena aise gaindituz. 2000. urteko aurrekontuan kopuru horrek berriro ere gora egingo du.
Gezurra badirudi ere, egia da. Hezkuntzan edo osasun arloan baino askoz gehiago gastatzen da ikerkuntza militarrean. Espainiako Gobernuak —nahiz eta ofizialki gerran ari ez den eta etsai ezagunik ez duen— gastu militarrak areagotzeko joera nabarmena du, eta osasun, hezkuntza, zientzia edota nekazaritzarako xedatzen duena baino askoz kopuru handiagoak bideratzen ditu arlo militarrerako. Eta Hego Euskal Herriko zerga ordaintzaileen patriketatik ateratako dirua ere gastu horietarako erabiltzen da. Gure zergekin zer egiten den jakitea —horien zati bat, gaurkoz, Espainiako Administrazioari baitoakio— irakurlearen interesekoa dela uste dugu.
Helburu militarrak dituen Ikerketa eta Garapenerako (I+G) aurrekontua etengabe handitu da azken urteotan Espainiako Estatuan. 1995ean —Gobernu sozialistarekin— 48.465 milioi pezeta (1.939 milioi libera) zena, 1997an 83.271 milioi pezeta zen —jada PPren Gobernuarekin—, 1998an 146.609 eta 1999ko aurrekontuan, berriz, 248.469. Horrek esan nahi du Espainiak I+Gerako xedatzen duen aurrekontuaren % 54 programa militarrek bereganatzen dutela —EF-2000 gerra-hegazkin europarrean duen partaidetzak ere kopuru hau baldintzatzen du—. Horrela, ez da harritzekoa Stockholmeko Bakeari buruzko Ikerketarako Nazioarteko Institutuak (SIPRIk) bere azken txostenean zera adieraztea: «
Espainia 1996an munduko seigarren herrialdea zen I+G militarreko gastuan». Datu horiek, eta ondoren adieraziko ditugun beste batzuk, Vincens Fisasek, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Bakeari buruzko Unesco Katedradunak, egindako azterketa bati esker jakin ahal izan ditugu.
Azterketa hori ezagutzera eman baino zertxobait lehenago beste berri bat eman zen ezagutzera —nahiz eta hedabideetan ez zuen oihartzun handirik izan— eta hor ere nabarmen ikusten da PPren eskuetan den Espainiako Gobernuak duen norantza militarista: gobernu honek 320.000 milioi pezeta inguru gastatuko ditu Lurreko armadarako 235 gerra-gurdi epeka erosteko; Espainian egingo dira, teknologia alemaniarra erabiliz.
% 54-K HELBURU MILITARRA.
Espainiako Gobernuak urte hau amaitzerako 248.469 milioi pezeta gastatuko ditu industria militarrari atxikitako I+G programetan, hau da, I+G arloko gastu publikoaren % 54. Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministro Mariano Rajoyk duela gutxi baieztatu du kopuru hori, eta 2003. urterako arlo honetako inbertsioa Barne Produktu Gordinaren % 1,2ra iritsiko dela adierazi du. Kopuru hori Hezkuntza eta Kulturarako erabiltzen diren 83.000 milioi pezetekin —hau da, guztiaren % 18arekin— alderatzen badugu, argi ikusiko dugu Espainiako Gobernuak zeri ematen dion lehentasuna.
Arestian aipatu lanaren egileak harrigarritzat jotzen du beste zenbait konparaketa ere: defentsako % 54aren ondoan, xede militarrik gabeko I+Gak ikerkuntza aurrekontuaren % 19,6 besterik ez du osatzen; ikerkuntza zientifikoak % 13, osasun arlokoak, are gutxiago, % 3,3 (15.377 milioi pezeta) eta nekazaritza bezalako sektore garrantzitsuak % 1,2 (5.400 milioi pezetako aurrekontu urriarekin). Ondoko taulan datu hauek eta beste osagarri batzuk ikus daitezke.
Espainiako Gobernuak I+G arloko gastu militarra % 46,8 handitu du aurten 1998arekin alderatuz. Eta azken lau urteetako datuak begiratuz gero, berriz, igoera % 412koa izan da. Beraz, Espainia 1996an helburu militarreko I+G gastuetan munduko seigarrena baldin bazen, pentsatzekoa da gaur egun are aurrerago egongo dela ranking lotsagarri eta mingarri horretan.
Espainiako Gobernuak, gastu horiekin, bere lau programa militar nagusiak finantziatzen ditu: EF-2000 gerra-hegazkin europarra —Erresuma Batua, Alemania eta Italiarekin batera—, C-295 garraio-hegazkin militarra, F-100 fragata —Alemania eta Italiarekin lankidetzan— eta Leopard gerra-gurdi alemaniarraren egokitzapena. Aipatu beharra dago Espainiako aeronautika militarraren proiektu nagusia den EF-2000 gerra-hegazkinaren prestaketarako, eta 1998-2023 epealdian, bilioi bat pezeta inguruko (zehazki esanda, 990.000 milioikoa) inbertsioa aurreikusi duela Espainiako Gobernuak bere aurrekontuetan.
2000. urterako aurrekontuak orain ari dira negoziatzen, baina gauza jakina da lehentasunak zein izango diren. Arlo militarrak lehentasun horien artean jarraituko du; eta Ikerketa eta Garapena Barne Produktu Gordinak izandako hazkundearen (% 5,8) gainetik egongo da. Eta I+Gean gastu gehien duena arlo militarra denez, berriro ere gastu hau hezkuntza eta osasun arlokoa baino askoz handiagoa izango da.
Espainiako Gobernuak Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntza Teknologikorako Plan Nazionala egina du 2000-2003 epealdirako. Atal honetako aurrekontua Barne Produktu Gordinaren % 1,2raino igo nahi du. Espainiako Estatua, BPGren % 0,94arekin, Europako batez bestekoaren oso azpitik dago gastu publikoari dagokionez, eta sektore pribatuaren partehartzea urria da oso. Egoera hobetzeko, 12 sektore estrategiko ezarri dira I+G arloan inbertitzeko: aeronautika, elikadura, automozioa, defentsa, ondare historiko-kulturalaren kontserbazioa, espazioa, energia, ingurugiroa, telekomunikazioak, garraioa, turismoa eta aisialdia. Hala ere, I+G arloko aurrekontuen zati nagusia Defentsarako xedatuko da, hau da, esparru militarreko ikerketa eta garapenerako
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.