Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-11-21 -- 1738.zenb

KURT COBAINEN HERIOTZA
Care Santos
Ipotxak eta erraldoiak
150 orrialde
1.200 pta.

Liburu honek azaltzen digu Kurt Cobain Nirvana taldeko kantariari buruzko dena. Estatu Batuetako talde hau punka, metala eta popa nahastuz «Grunge»a sortu zuena da. Kurt Cobain, berriz, mito bihurtu da bere buruaz beste egin zuenetik. Nobela hau Bartzelonan dago kokatua, udako oporraldietan eta egungo batxilergo ikasleen bizitza du ardatz. Hegazkin istripu batek batzen dituen bi gazteren istorioa kontatzeaz gain, neska-mutilen arteko harremanak, gurasoekin dituzten liskarrak, taberna eta kaleetako giroa, eta nerabeen eguneroko gai gehiago ere aztertzen ditu. Bartzelonako Care Santos kataluniar kazetariak idatzi eta Alex Aldekoa Otalorak egin du itzulpena. 14 urtez gorakoentzat den Sail Gorrian aurki dezakegu

LAS TORRES DE SANCHO
Toti Martínez de Lezea
Ttarttalo
456 orrialde
2.850 pta.

Euskal Herrian girotutako nobela historiko honek Antso III.aren garaia dakargu. XI. mendeko Nafarroako erreinuan kokaturik, garai hartako gertakizun garrantzitsuenak berregiten dizkigu istorio bihurtuta. Hala nola erromantizismoa, Santiago bidea, monastegien erreforma, Bizkaia eta Gipuzkoako konterrien sorrera, Clunytar Ordenaren eragina... Toti Martínezek bigarren nobela historikoa du hau, «La calle de la judería» idatzi baitzuen lehenago. Idazle gasteiztar honek nobela eta ipuinez gain haurren telebista programetarako gidoiak idatzi ditu, hala nola «Poli eta Loinaz», «Banan Banan»... baita «Kukubiltxo» eta «Goiztiri» antzerki taldeen sorreran parte hartu ere

XENPELAR
Antton Kazabon
Sendoa
124 orrialde
850 pta.

Oiartzun-Errenteria mugako Senperelarre baserriko bertsolariaren istorioa kontatzen digu bere herri berekoa den idazle eta bertsozaleak. Autobiografia itxuran Juan Frantzisko Petriarena «Xenpelar»en bizitza, garai bereko bertsolariekin zuen tratua, pasadizo eta bertsoak biltzen ditu liburuak. Atal bakoitza Andoni Odriozolaren marrazkiek laguntzen dute, eta bertso sorta denak dagokien doinuaren partiturarekin datoz. Besteen artean «Iparragirre abila dela», «Ia gureak egin du», «Betroiarenak», «Pasaiako plazatik» eta «Andre txarraren bentajak» sailak aurki ditzakegu, bertso hauen atzean dagoen istorioaren azalpen eta guzti

HIZPIDE
HABE
208 orrialde
1.490 pta.

Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundeak kaleratzen duen aldizkariaren 3. ale monografikoa da honoko hau. Hizkuntza minorizatuak ikasi eta irakasteko prozesuko berrikuntzak dira lantzen duen gaia, eta iazko uztailean HABEk eta EHUk antolatu zuten ikastaroko materiala da aldizkari honek biltzen duena. Besteak beste Josune Ariztondo Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia aztertzen du bere artikuluan, eta atzerriko hizkuntzen artean helduei katalana, galiziera, frisiera eta galesera irakasteko prozesuetan emandako berrikuntzak azaltzen dizkigute hizkuntza bakoitzeko adituek

AI, AMA!
Arantxa Iturbe
Zerberri
93 orrialde
970 pta.

Lehen aldiz ama izatearen esperientzia kontatzen digu Alegiako idazle eta irrati esatariak. Liburu arrosetako erromantizismo eta topikoak utzi, eta errealitate gordinago bat erakusten du umore eta ironiarik galdu gabe. Hainbat kontu astintzen du, hala nola, ama izateko erabakia nola hartu, haurdunaldian sortzen diren dudak, hormonek egiten dizkioten traizioak, haurrak nortasuna jango dion beldurra... Normalean hitz ederrez estali edo leuntzen diren trantze eta sentimenturik ezkutuenak azaltzen ditu lotsarik gabe eta gizarteak zer juzku egingo dionari begiratu gabe. Ama baino idazle gisa eskarmentu gehiago duen emakumea, «Ezer baino lehen» ipuin bilduma eta «Orain badut zer kontatua» narrazio zatikatua egin ditu

A ZER DANBATEKOA!
Enric Bayé
Ipotxak eta erraldoiak
79 orrialde
970 pta.

Enric Bayé idazle badalonarrak ipuin asko idatzi du bai haur eta bai gazteentzat eta liburu honekin «Josep M. Foch i Torres» saria irabazi zuen 1992an. Xabier Mendiguren Bereziartuk egin du itzulpena eta printze zein erensugez betetako ipuin batetik pertsonaiek haur baten gelara nola egiten duten jauzi kontatzen du. Danbateko horren ondorioz haurraren logelan literatura jolas bihurtzen da eta Aurora gaztetxoak bere lagun berrien ipuina osatzen parte hartuko du.
Marrazki askoz lagunduta, liburua Sail Laranjan argitaratu da eta 10 urtetik gorako irakurleentzat da egokia

BASQUE ELECTRONIC DIASPORA 1
Hainbaten artean
Esan Ozenki

Basque Electronic Diaspora musika elektronikoa egiten duten euskal artisten kolektiboa da eta hauetatik gehienak Euskal Herritik at bizi dira. Iaz jarri zuten martxan eta Euskal Herrian musika elektronikoaren kultura sustatzea du helburu. Horretarako kontzertuak antolatu dituzte (Bilboko Kafe Antzokian, Oiartzungo Pagoan...) eta diskoak produzitzen lagundu nahi die artistei.
Diskoak hamabi talderen lana jasotzen du, musika elektronikoan esperientzia handia dutenak, eta denen artean oso estilo ezberdinak nahasten dituztenak: Reggaea, jazza, pop esperimentala, dub musika, ekialdeko aireak, technoa, Afrikako doinuak eta abar.
Besteen artean talde hauek osatzen dute diskoa: Estupendo Buenos Airesko bikotea; Templar reggae, dub, ekialdeko musika eta dantza aretoetako erritmoak nahasten dituena; Basque Dub Fundation Londresen bajujole, konpositore eta ekoizle dabilen Iñaki Yarritu bilbotarrarena; Londres eta Afrikako musikariak batzen dituen Fin de Siècle taldea, dub, techno, jazz eta afrikar erritmoak nahasten dituena; Voodoo Muzak Iparraldean bizi den Stefan Krieger konpositore eta ekoizle alemaniarrarena; Donibane Garazin jaio eta Parisen bizi den Bixente Iriarten bxt, Txakun, King Mafrundi eta Anje Duhalderekin aritutako baxujole bezala ezaguna; eta Nutcase Stéphane Garinek eta Francois Larrèglek osatua

hemeroteka

1737. zenbakia | 1999-11-14
1736. zenbakia | 1999-11-07
1735. zenbakia | 1999-10-31
1734. zenbakia | 1999-10-24
1733. zenbakia | 1999-10-17

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan