Daniel Udalaitz
militarretarako erabiltzen da, ikerketa zientifikoan, kulturan eta osasun arloan erabiltzen dena aise gaindituz. 2000. urteko aurrekontuan kopuru horrek berriro ere gora egingo du.
guztia irakurri
Beñat Doxandabaratz
guztia irakurri
Izaskun Jauregi
Gizakiaren bizi kalitatea hobetzen doa. Baina aurrerapenarekin batera, gizona «menditik hirira jaitsi da», eta bertan utzi zuhaitzak, belarra, loreak... Naturarekiko kontaktua galdu du hein handi batean. Baina natura bere bizi iturria da eta jatorri hori sortzen ahalegintzen da hirietan. Hori da hirietako berdeguneen funtzio nagusia.
Euskal Herria mendi eta belardiz josita dago. Baina hirietako kutsadurak eragiten duen burukomina saihesteko, beharrezkoa da berdegune bat gertu izatea. Berdegune batek funtzio biologiko ugari betetzen ditu: oxigenoa sortzen du, tenperatura jaitsi, landareek hautsa atxikitzen dute, eta gainera, itzala egiten dute. Ondorioz, gizakiaren ongizatearen zati dira berdeguneak: ez da berdina berdegune batetik ibiltzea edo solairu gogorreko guneetan egotea. Berdeguneek lasaitasuna dakarte batetik. Eta bestetik, gizakia lasaiago eta zoriontsuago bizi bada, errazago sortzen ditu harremanak berdeguneetan.
GUNE BERDEEN ARDURA.
Lorategiak, parkeak, hirietako zuhaitz lerrokadurak eta errotondak egiteko eta mantentzeko hainbat pertsonak lanean dihardu Euskal Herriko hiriburuetako udaletan. Gune berdeak egoki proiektatzeko, lan egiten duten bulego eta pertsonak daude. Hauetako bat da Oiartzungo Lur Paisajistak enpresa. Bertako arduradun Iñigo Segurola paisajistaren esanetan berdegune bat «
paisajista baten hiru helburuak jorratzeko aukera ematen duen hiriko naturgunea da». Lur zatiak, prozesu naturalak garatzeko helburu ekologikoa du batetik; helburu estetikoa bestetik —hiriaren nortasuna sortzen lagundu behar du— eta funtzionala: berdegunea jendearentzat da. Haurrak eta jubilatuak dira berdeguneak gehien erabiltzen dituztenak. Lehenengoek jolasteko eta kirola egiteko; bigarrenek, aldiz, paseatzeko. «
Gazteak gutxi ibiltzen dira hiri barruko parkeetan» eta arrazoia mendia eta hondartza bertan ditugula izan liteke. Eta «
bakarrik egoteko», gazteak batera zein bestera joaten omen dira.
Berdeguneetan bereizi daitezke batetik, hiri barruko lorategi txikiak eta bestetik, kanpoan daudenak eta hirien hazkundea mugatzeko erabiliak. Azken hauetan nekazaritza mantentzen da eta ez dira beti publikoak. Parke historikoak ere badaude, mendeetako oroitzapenak dituztenak eta baita zuhaitz lerrokadura soilak ere.
BERDEGUNEEN KULTURA.
Berdeguneetan, Euskal Herria Kataluniarekin batera, Espainian egoera hoberenean dago. Kulturagatik eta klimarengatik. Baina, Espainiakoa «
pena bat» omen da, bertako tradizioari ez zaiolako etekinik atera: «
Estilo hispano arabea esku pribatuetan gelditu da eta ez da lortu sozialitzatzea, parkea bihurtzea», Segurolaren aburuz. Bestela, Europarekin alderatuz, Euskal Herriaren egoera ez da horren ona. Baina tokian tokiko ñabardurak kontuan hartzea komeni da: Frantzian egoera oso ona da, baina loreen pot-pourrira jotzen dute, eta «
orteraegiak» omen dira; Ingalaterrakoa maila aparta omen da, baina baita «
aspergarria» ere; Alemanian eta Holandan ekologiak agintzen du; Danimarkan artearekin zuzen loturik daude lorategiak; Portugalen oso gauza politak egiten omen dituzte, eta Italian, Espainian bezala, egoera xelebrea da.
Parke bat edozein lekutan egin liteke, bertan 40 zentimetroko lur sakonera egonez gero. Baina egun, hiri barnetan berdegune berriak egitea zaila da. Euskal Herriko hiriak oso dentsoak baitira, eta berdeguneak egiteko lekua urria. Horregatik berdegune gehienak kanpoaldean daude. Auzune berriak egiten diren neurrian, hirigintza planarekin batera, berdeguneak proiektatzen direlako.
MANTENUAREN ARAZOA.
Berdeguneen arazo nagusia «
hauen mantenua da» Segurolaren esanetan. Berdegune bat sortuta, ez da bukatuta gelditzen. Batetik, aurrekontua dago. Udaletxeek ez dute berdeguneak egiteko aurrekontu sail berezirik. Mantentzeko bai, ordea. Diru kopuru hori udalak berak berdeguneei ematen dien garrantziaren araberakoa da. Mantenuaz arduratzen diren pertsonak gehienetan ez daude espezializatuak. Espainian ez dago jardineritzako goi mailako ikasketarik. Proiektu bat egin ostean, azalpenak eman behar izaten zaizkie mantenuaren arduradunei, lana egiteko. Gainera, plangintza on baten falta dago sarri. Proiektua egiten dutenek, honekin batera mantenu orria egiten dute. Eta bien arteko logika beharrezkoa da. Eraikuntza baten itzalak ez du ezer baldintzatu behar, bai baitago itzaletan ondo hazten den landarerik. Eta ihes-tutuen kea zuzenean iritsiz gero, hiltzen diren landareak ere badira. Horiek guztiak kontuan hartuta proiektatzen bada, ez luke arazorik egon behar mantenuan. Hiritarrak ere badu mantenuan zerikusirik. Egun gizartea oso ekologista da. Baina ez hainbeste etxe parean landatutakoarekin: zomorroak direla, leiho parean dauden adarrak direla... eta badago oraindik ere lorategietako landareak etxera eramaten dituenik. Txakurren pixa eta kaka dira beste oztopoa. Ezpela bezalako landare batzuk txakurren pixarekin erre egiten dira. Horregatik, leku batzuetan txakurrak ibiltzea debekatu behar da. Bartzelonan adibidez, txakurrentzako komunak egin dituzte. Euskal Herrian oraindik ez dago argi. Segurolaren iritziz, plangintza arazoa da, eta «
non ibili daitezkeen eta non ez» erabakitzea nahikoa litzateke. Esperanza Martinezek, Donostiako udaleko parke eta lorategien zerbitzuako biologoak berriz, heziketari egotzi dio errua. «
Txakurra izateagatik zergak ordaintzen badira, hirian txakurrentzat eremu bereziak jarri beharko lirateke».
Arazoak ez dira neurri berdinean gertatzen Euskal Herriko hiriburuetan. Klimak eta hiriaren azalerak zerikusia du horretan. Gasteiz eta Iruñea zabalagoak dira, bertako parkeak handiagoak. Donostiak eta Bilbok berriz berdegune txikiagoak dituzte, espazio arazoa da nagusi. Horregatik, berdegunea egiteko lurrak duen prezioa ere ezberdina da —2.000 pezeta ingurukoa metro karratuko—. Baina Donostian garestiagoa da eta Gasteizen, merkeagoa. Gainera klimak landaretza mota eta ureztatzea baldintzatzen ditu. Iparraldean, Maule eta Donibanen Garazin ez zaie berdeguneei arreta handirik jartzen, baina Baionak loreak bereziki zaintzen ditu.
GASTEIZEN ABERASTASUNA.
1998ko urrian Espainiako berdeguneen planifikazio eta diseinu hoberenaren saria eman zion Espainiako Jardineritza Ikasketetarako eta Arte Paisajistikorako Institutuak Gasteizi. 4. 401. 045 metro karratu berdegune ditu hiri barruko parkeetan. Hiria inguratzen duten beste 400 hektarea dago. Hiritar bakoitzari 20,5 metro karratu dagokio. Hiri barruan zuhaitz gutxi eta belardi handiko 7 parke dago. Handiena San Juan de Arriaga da, 190.000 metro karratukoa: 28 futbol zelairen zabalera. 150 zuhaitz mota baino gehiago dago hirian. Gehienak klasikoak: indigaztainondoa, alboa, sasiakazia, lizarra eta ezkia dira nagusi. Egun ordea, hazkunde moteleko eta neurri txikiko zuhaitzak ari dira landatzen, iñausketak saihesteko. Lorategi eta Parkeetako zerbitzua egun Ingurumen sailaren barruan kokatua dago. 300 milioi pezeta inguruko aurrekontua du berdeguneen mantenurako. Hauek nabarmen hazi dira (hiru urtetan % 10), batez ere kanpoaldean. Eta datozen hiruzpalau urtetan lorategi botaniko handi bat eta Larragorri parke zabala egingo dira hiriaren hegoaldean. Ekialdean, Zalburua parkea eta mendebaldean, hainbat berdegune berri. Iparraldean, Zadorrako korridore linealaren handitzea dago proiektatua. Jorge Ozcariz, Ingurumeneko arduradunak dioenez, «
Gasteizek espazio arazorik ez du. Eta dagoenak asetzen du jendearen berdeguneen beharra». Izurriteak eta bere garaian landatutako hazkunde zuhaitzak dira arazo nagusiak. Bigarrenak, etxeen fatxadetan eta argiztapenean du eragina. Eta konpontzeko, zuhaitzak iñaustu edo motelago hazten direnekin aldatzen dira.
HARRESI BERDEAK.
Iruñean ere berdegune zabalak dira nagusi. Horregatik garrantzi handiagoa ematen zaio jendeak berdeguneak erabiltzeari eta ekologiari, estetikari baino. «
Loreekin gune estrategikoei kolorea ematen zaie, arrazoizko kostu batean», Karlos Gonzalez Lorategien zerbitzuko buruaren esanetan. 300 zuhaitz ezberdin baino gehiago dago, batez ere klasikoak: alboak eta ezkiak. Berdegune zabalak hiriaren barnealdean daude, harresiz inguraturik baitago eta bertan ezin da eraiki. Erdigunearekin orekatzeko auzunetan Yamaguchi eta bi urtetan bukatzekoa den 1.000.000 metro karratuko Arga ibaiko Parke flubiala bezalako parkeak egiten ari dira. 5.500.000 metro karratu berdegune dago mantenuan eta aurrekontua mila milioi pezeta ingurukoa da. Iaz berdegune kopurua % 16 hazi zen.
ANIZTASUNAK AGINDUZ.
Donostiako berdeguneak ezberdinak dira, hauen arazo nagusia espazioa baita, «
hiria txikiagoa bada, aldapa ugarirekin eta kale estuekin, horrek dena baldintzatzen du», Esperanza Martinez biologoaren ustez. Klimak ere ezberdintasunak ekartzen ditu: Gasteizko arrosak ezin dira Donostian landatu. Aldiz, astigarrak bizi hobea du Donostian, hezetasunagatik. 2.357.000 metro karratu berdegune dago Donostian, Urgull eta Uliaren zati bat barne. Landareetan aniztasuna da irizpide nagusia. Zuhaitzetan haritzak, alboak, ezkiak eta otsalizarrak dira nagusi. Donostiako udalak 400 milioi pezetako aurrekontua du berdeguneak mantentzeko. Egiteko, beste udaletan bezala, ez dago aurrekontu sail berezirik. Hauen sorkuntza hirigintza planekin batera dihoa. Hori da egun gehien zaintzen dena: auzune bakoitzak biztanle kopuruarekiko proportzionala den berdegunea izatea. Baina Martinezek dioenez, berdeguneen mantenua «
harrobien garbiketa» da. Eraikitzean, garbia eta laua den lur zatia eraikuntza bera egiteko erabiltzen baita, eta tontorrez betetako zati zatarra berdegunetarako. Beraz, «
udalak jasotzen dituen berdeguneak erabilpenik ez duten lurrak dira». Horregatik berdegune kopurua ez da handitu, «
udalak mantentzen duen berdegune kopurua baizik» (1989an 1.800.000 metro karratu izatetik egungora). Auzuneak egiten diren heinean, berdea zena desagertu egiten da. Beraz, solairu gogorra gehiago handitzen da berdea baino. Proiektuei dagokienez, Donostian egingo dena, urbanizazio prozesu batekin batera etorriko da. Miramonen eta Puyon adibidez, horixe ari dira egiten eta Lauhaizetan ere berdegune gehiago sortzea espero da.
LOREZ JANTZITAKO HIRIA.
Baionan Donostian bezala, aniztasuna dute baldintza nagusi. Baina tradizioa handiagoa da. Loreak dira bertan garrantzi gehien dutenak. Loreen lehiaketa nazionalean maila gorenean dago Baiona. Urtean zehar hiruzpalau aldiz aldatzen dituzte, eta «
egiten dena gustu handikoa da, bertan ikusten dena ez baita batere klasikoa» Isabel Faizonne, Mendionden dagoen Lafitte mintegiaren arduradunetako baten iritziz. 300 zuhaitz mota dago bertan. Indigaztainondo arruntak, ezkiak, alboak eta haritzak daude klasikoen artean. Berriagoak dira lizar ezberdinak eta lorandi magnolien lerrokadura, iaz egina. Kaparrusiar astigarrak ere ipini izan dira. Hiri erdialdea oso berdea da eta inguratzen duten auzuneek ez dute hainbeste leku berde. Mr. Plombin, udaleko lorategien arduradunaren hitzetan, guztira 140 hektarea berdegune ditu hiriak, eta progresiboki handitzen ari dira. Udalak 70 milioi liberako aurrekontua du berdeguneetarako. Hegoaldeko udaletxeetan ez bezala, esku lana udaletxeak berak kontratatzen du zuzenki. Etorkizunean Aturri ibaian hainbat dezena hektarea hartuko dituen berdegunea egingo da.
BILBO HIRI-HIRIA.
Bilbon 3 metro karratu berdegune dago pertsona bakoitzeko. Guztira 976.781 metro karratu dago udalaren mantenuaren barruan. Honi gehitzen zaizkio mendi publikoetako bederatzi milioitik gorako metro karratuak. Guztira, zazpi parke zabal daude 30.000 metro karratutik gorakoak. Zabalena, Etxebarria da 105.198 metro karraturekin. Berdeguneak alboetako auzuneetan kokatzen dira batez ere, erdialdean ordea ez dago gauza handirik, Doña Casilda parke handia kenduta. Bi urtetan % 12,25eko hazkundea izan dute berdeguneek. Hala ere, Iñaki Ganboa, parke eta lorategien zerbitzuko eskumaldeko ibaiadarreko mantenuaren arduradunaren esanetan, «
solairu gogorra da nagusi eta berdeak hori leuntzen du». Bandalismo eta txakur arazoez gain, «
urritasuna» da aipagarriena gune berdeak mantentzerakoan: jende ugari eta leku gutxi dago, eta horrek mantenua zailago egiten du. Guztira, udalak aurten 320 milioiko aurrekontua izan du mantenurako. Etorkizunerako etxebizitzak egiteko bi plan handi ditu Eusko Jaurlaritzaren eskutik Hirigintza Sailak. Eta hauen barruan bi parke sortuko dira: Mina del Morro 100.000 metro karratu baino gehiagokoa eta Miribilla 70.000 ingurukoa. Biak ere meatzeak izan zirela eta, azpiko pasalekuak-eta zaintzeko, baldintza bereziak izango dituzte. Bestelakoan, «
Bilbo hiri egina da». Erdialdean ez du apenas ezer berririk egiteko lekurik, eta gabezi hori dauden mendiekin orekatu nahi da, hauek birlandatuz.
Bilboren mendien kasua, beste lau hiriburuetan ere gertatzen da, baina ezaugarri ezberdinekin. Guztiek berdeguneekiko arreta berezia agertzen dute. Segurolaren ustez, ari dira konturatzen politikariak, berdeguneei ere «
etekin politikoa» ateratzea posible dela. Hala egin zuen Maragallek Bartzelonan. Berdin gertatu da Donostian Odon Elorzarekin: hondartza, pasealekuak... sortu dira. Baionan ere loreetan inbertitzen dena bueltan dator turismoan. Azkenean botoa hiritarrak ematen du, eta ikusten badu hiria txukunagoa dagoela... Honek kontraesanera garamatza. Esperanza Martinezek dioenez, egunkarietan ez da agertzen errepide batek balio izan dituen milioiak, baizik eta inguruko berdegune eta zuhaitzentzat erabili den portzentaia urria. Azkenean, Martinezen ustez, «
Errepideak ere egun ekologiagatik saltzen dira»
Izaskun Jauregi
Iñigo Segurola nekazaritza ingeniari teknikoa da Espainian. Eta Europan paisajista, Edinburgon egin baitzituen ikasketak. Espainian «
paisajistak oraindik mamuak» dira, ez baitago goi mailako ikasketarik. Irunen dago lorategien diseinua erakusten duen eskola bakarra. Baina gobernuak ez du babesten. Ingeniari eta biologo askok egiten du paisajistaren lana egun. Segurola buru duen Lur Paisajistak enpresak parke eta lorategien proiektuak burutzen ditu, mantenurako enpresei zerbitzu teknikoa eskaini eta gero obra zuzendaritza eginez. Hortik aurrerakoak, kontratatutako enpresek egiten dituzte. Udaletarako lan egiten dute gehien, baina partikularrentzat ere gero eta gehiago.
Berdegune bat egiterakoan bertan dagoen geologia, ekologia eta landareen antolamendua aztertu behar da, «
ikusten jakin behar da, leku bakoitzari dagokiona aukeratzeko». Profesio bat ez dagoelako hain zuzen, pot-pourrira jotzen da, milaka espezie nahastuz, eta kolore deigarriekin —zuria, urdina, gorria— arreta deituz. Baina paisajistak bizirik dauden elementuekin lan egiten du: denboran aldatuko direnekin, hain zuzen. Segurolak dioenez, landareri espontaneoak milaka aukera eskaintzen ditu, «
Iruñea bidean adibidez, mitxola pila bat daude. Hauek parke ekologiko bat egiteko aukera eskaintzen dute: ureztapenik gabe, mozketarik gabe... Beti ere jakinda urteko zenbait garaitan itxura ezberdina dutela. Itxura horrekin ere polita jartzea da erronka eta guztion kontzientziazioa eskatzen du».
Hildo honetatik dator arkitekto eta paisajisten arteko tirabira. Arkitektoek eraikin bat amaitzean, gain-behera dator. Paisajistaren kasuan ostera, alderantziz, «
landatutako makil txikia, gero zuhaitz bihurtzen da». Horregatik arkitekto batek parkeak diseinatzean «
altzariek, bideek eta argiztapenak izango dute aurrekontuaren % 80, eta landareek % 10a». Arkitektoek aurrekontuko portzentaiaren arabera irabazten dute dirua. Material gogorra biguna baino garestiagoa bada ere. Bigunaren mantenua, ordea, garestiagoa. Bi muturren arteko oreka bilatzea nahitanahiezkoa da, «
parkeak landareentzat baitira, eta sarri eurentzat ez da dirurik iristen»
Izaskun Jauregi
Loreak, zuhaitzak eta zuhaixkak izateaz gain, Gasteizko lau parkek mendeetan jasotako oroitzapenak dituzte bazterretan gordeta. La Florida parkea da guztietan bereziena. 1820an hasi zen parke honen historia. Lehenengo, orain kioskoa dagoen lekua egokitu zuten Angel Chávarri udal ingeniariaren agindupean. Urtebete beranduago iritsi ziren bertara Theudio, Liuva, Ataulfo eta Sigerico, errege godoen estatuak. Guztien artean 12.880 kiloko pisua zuten. Eta Madrilgo Errege Jauregiko sototik ekarri zituzten, Carlos IIIak ez zituelako gustuko. 1855ean egin zen parkearen zabalkuntza, udalak Santa Klarako komentua bereganatu ondoren. Komentua bota eta Ramiro de Maeztu Institutua eraiki zen bertan beranduago, egun Euskal Parlamentua dena. La Florida frantziar lorategien ezaugarri erromantiko eta errefinatuen erara dago diseinatua. Horixe zegoen modan XIX.mende erdialdean. 32.354 metro karratuetan 95 zuhaitz eta 79 zuhaixka ezberdin dago bertan.
El Pradoko berdegunea gutxienez XII.mendetik dago Gasteizen. Hasieran, etxeko abereak bazkatzeko landatu gabeko eremua zen. 1820an hasi ziren bertan zuhaitzak landatzen eta hamaika urte beranduago eremu guztia itxi zuten, abereak sar ez zitezen. Urte askotan zehar El Prado utzita egon da. 1957an patinaje pista bat egin zen bertan. Baina 1975arte ez ziren bideak, argiztapena eta taberna egin bertan. Garai horretan eraiki zen baita ere «Adarraren» iturria.
Cervantes pasealekuaren amaieran kokatua dagoen El Mineral parkean ia ez da inor ibiltzen egun. Baina garai hobeak bizi izan ditu. XVIII. menderako ospetsua zen, bertan kokatutako iturri mineral batek ur hidrogeno-sulfurosoa zuelako. 1819an udalak ur-zulo bat eta harrizko eserlekuez inguratutako plaza txikia eraiki zuen. XIX. mendeko lehen laurdenean gaixo ugari joaten zen bertara ura edatera edo bainuak hartzera.
Judimendi parkea Gasteizko juduen elkartearen kanposantua zen. Juduen Elkarteak Gasteizi eman zion XV. mendean, Errege Katolikoek 1492ean ezarritako juduen kanporaketa garaian. Baldintza bakarra jarri zioten Gasteizi: betirako abereen larrerako erabiltzea. Mendeetan zehar utzita egon zen eta area ateratzeko indusketak jasan behar izan zituen. Horregatik hildakoen arrasto ugari agertu zen. Baionan zegoen kontsistorio israeldarrak gutun bat bidali zuen Gasteiza, konpromisoa gogoraraziz. 1952an udaletxeak Baionako kontsistorio juduarekin sinatutako akordio baten bidez, Gasteiz konpromisotik libre gelditu zen. Ordutik parkearen estetika aldatu da: eserlekuak, kirol eremuak eta haurren jolaslekuak sortuz
Amaia Olano
Euskal Herriko egoera soziolinguistikoen arabera zenbait herri aukeratu dira grabaketak egin eta materiala biltzeko. Gazteen hizkeran gazteleraren presentziak leku handia du.
guztia irakurri
Iñigo Aranbarri
Buneta beti aldean, begiak erdi itxian eta ahotsari hatsa doi ematen kantatzen du Fernando Aire, Xalbador-ek. Gizon luzexka da Urepeleko artzaina, eta esan liteke malda musker pikoek baldartu diotela ibilera taula gainera bidean.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabazle berria ezagutzeko bidean da ekainaren hamaika honetan. Goizeko saioa amaituta, lau bertsolari, erdiak, pasatu dira arratsaldekora: Xalbador, Lopategi, Gorrotxategi eta Lazkao Txiki. Lauren arteko lehia gozagarri zaio Anoetako frontoira hurbildu denari. Lauren arteko bat, bakarra izanen da aurreko txapeldunarekin, Uztapiderekin azkenean neurtuko dena. Epaimahaiak hondar saiora pasatzen den bertsolariaren izena eman duenean, Fernando Aire, Xalbador, oihuz eta txistu hotsez hartu da mahaiaren erabakia. Bost minutu eta erdi iraun du entzuleen txistualdiak, bertsolari bati inoiz egin zaion luzeena.
Tartean txalo bakan batzuk ere badira, eta iskanbila baretu denean, mikrofonora hurreratu eta honela kantatu du:
Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa
neure gustora nagonik,
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik;
zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat, ez, nik...
Pilotalekuan bildutako entzuleak berriro eten du Xalbadorren kantua, baina oraingoan txalo zaparrada bihurtzeko lehengo txistu eta fuerak. Xalbadorrek, begiak bildu eta airean utzi dituen hitzak ehizatzen ditu atzera ere:
Zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat, ez, nik:
txistuak jo dituzue bainan
maite zaituztet oraindik!
Txalo artean aurkitu behar izan du amaitzeko bidea, eskuak handitzerainoko eskuzartak eta disimulatu gabeko malko batzuk erdietsi ditu ibilera baldarreko bertsolari luze-karak. Berari ere irristatu zaizkio batzuk... Ez da Donostian kantatzen duen lehen aldia. Jendea ohituxea dago Xalbadorren euskara entzuten, baina Aingeru Irigarai, Apat Etxebarne-k «Diario de Navarra» egunkarian egun batzuk lehenago eman duen artikulu batean iragarri bezala, zail egiten zaie oraindik ere haren mintzamoldea frontoia bete duten gipuzkoarrei. Halaz ere, bertsozale askok gogoan ditu aurreko txapelketan emazte hilaren soinekoari kantatutako bertso haiek, entzulea oraino ere poema zirraragarri batera daramana:
Pentsa zazute alargundu bat
ez daiteke izan urusa,
dolamen hunek, oi!, ez dezala
ainitz gehiago luza;
orain urtea ziloan sartu
andreñoaren gorputza;
haren arropa hantxet dilindan
penaz ikusten dut hutsa.
Gaurkoarekin, txistuak txalo bihurtuta, buelta eman zaio gertakari lotsagarriari, anekdota gogoangarri bat ekarri da bertsolaritzaren historiara. Baina Urepeleko artzainaren barnean geratu den tristura bertsozale guztiena da, inoiz urtuko ez den histasun beltza
Ainhoa Azpiroz
sortzen hasi dira zenbait ikastetxetan. Orain arte egindako lanari jarraipena emanez, nerabeek euskararen aldeko hautua egin dezaten lortu nahi da egitasmo hauekin.
guztia irakurri
Beñat Doxandabaratz
zor zaio, behar den gisan prestatzen baitituzte errerpotajeak: kuttunki eta ama lurrari atxikiz.
guztia irakurri
Beñat Doxandabaratz
nahian, Tinko elkarteak jo eta su dihardu zenbait film bikoizten. Katalunian berriz, zinema transferentziak dituzte, baita aurki indarrean jarri nahi den hizkuntz kuotaren legea ere.
guztia irakurri