Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-11-21 -- 1738.zenb


HABE-REN MATERIAL BERRIAK

Euskara ikasteko material berria aurkeztu zuen iragan astean HABEk. Kurrikulum berriari jarraiki, ikasmaterial honek ikasleak ikasbideaz gero eta gehiago jabetzea eta euskararen ikaskuntza eskolatik gizartera ateratzea du helburu. Ikaslea hizkuntzaren berezko esparruetan murgiltzeko prestatu eta pixkanaka euskararen erabiltzaile bihurtzea nahi du HABEk ikasmaterial honen bidez. Erakundeko teknikariek euskaltegi sare ezberdinekin elkarlanean landu dute ikasmaterial berri hau.


ZUIAKO AEK "LOKAL EGOKI" ESKE

Zuiako (Araba) Udalari «lokal egokiak» eskatu dizkio bertan hogei urte inguru daramatzan AEK-ko euskaltegiak. Egoera penagarritzat jo dute bertako gau eskolakoek, eskolako sotoetan baitabiltza, komunik nahiz berogailurik gabe. Gaur egun pairatzen duen «tratu diskriminatzailea bertan behera uzteko» eskatu zion AEK-k Udalari.


ELHUYAR-EN HIZTEGIA ON-LINE

Elhuyar Kultur Elkarteak «Euskara-Gaztelania/Castellano-Vasco» hiztegia Interneten jarri du. Pasa den ostegunetik dago www.elhuyar. com/hiztegia webgunean kontsultagarri. Josu Walińo arduratu da hontaz. Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza izan du Elhuyarrek hiztegia On-line jartzeko. Aurretik UZEIk ere jarria zuen Euskalterm webgunea, bere hiztegia kontsultatzeko.


ERIZEREN LIBURUA GAZTELERAZ

Duela urte pasatxo argitaratu zuen Xabier Erizek «Nafarroako Euskararen Historia Soziolinguistikoa» liburua. Orain, Nafarroako Gobernuak gaztelerazko bertsioa kaleratu du, berregituratua eta eguneratua. Nafarroan, hainbat aurkari izanda ere, euskarak bizirik irauteko izan duen kemena nabarmentzen du egileak liburuan.

DIRU GEHIAGO KULTURAN
Iragan astean, Eusko Jaurlaritzako
Kultura sailburu Mari Karmen Garmendiak
2000. urterako Kultura Saileko aurrekontuak aurkeztu zituen Eusko legebiltzarrean.
Sail honetako aurrekontuak % 21,8ko
igoera izan du aurreko urtekoarekin
alderatuta eta orotara 24.806 milioi
pezetakoa da —1.000 milioi libera inguru—. Horietatik 11.000 milioi kultur eta hizkuntza azpiegituretara bideratuak izango dira,
baina aurrekontuaren zatirik handiena
EITBk eramango du —13.510 milioi —.
Azken honek gainera beste 7.100 milioi
jasoko ditu berrikuntza tekonologikorako. Hizkuntza politikak 4.174 milioi jasoko ditu,
orain baino % 25 gehiago. Bestalde eta lehenbiziko aldiz, herri-lanetarako aurrekontuaren % 1 —150 milioi— ondare kulturalean inbertituko da.

Antton Luku, Patziku Perurena eta Jon Alonso.

«ez—dakit» CD-ROMak hainbat sari jaso du.


«EZPALA»K DESOBEDIENTZIAZ AGUR

DUELA hiru urte sortu zen «Ezpala» aldizkariak bere hamabigarren eta azken alea kaleratu berri du. Fito Rodriguez arduradunetako baten esanetan, konfrontazio zuzenaren garaian sortutako aldizkariak bere bidea egina du eta bide berriak lantzeko garaia da. Agurrerako, desobedientziaren gaia jorratu dute 118 orrialdeko monografikoan «Ezpala»ko kideek. Gaiaren inguruko Euskal Herriko esperientziek betetzen dute monografikoaren zatirik handiena, baina atzerriko hainbat adibidek ere — Hego Afrikoako eta Timoreko prozesuek, kasu— euren tokia dute.


IDAZLEAK EUREN LANAZ MINTZO

BIGARRENEZ, literaturari buruzko hitzaldi sorta antolatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Euskal Idazleen elkarteak Iruńean. Iaz burututako estreinako hitzaldien arrakastaren ondoren, aurtengoan mugaz bi aldeetako bina idazle ekarriko dituzte hitzaldiotara: Itxaro Borda, Antton Luku, Patziku Perurena eta Jon Alonso. Lehenak iragan astean eman zion hasiera zikloari eta aste honetan Antton Lukuren txanda da. Perurenak hilaren 24an eskainiko du hitzaldia eta Alonsok abenduaren 15ean. Guztiek euren lana izango dute hizpide, idazle eta irakurlearen arteko harremana estutu xedez.


ARABAKO ARTE ITURRIA

ITUR Artea Arabako Arte Sustapenerako Elkarteak bere aurkezpen ofiziala egin berri du erakusketa baten bitartez. Duela ia urte bete sortu eta orain ezagutzera eman den taldeak hogei artista inguru biltzen ditu, euskarri eta estilo anitzetan aritzen direnak. Helburua bat bera dute guztiek, ordea: euren lana zabaltzea.


2OOOKO GALEUSCA PRESTATZEN

GALIZIAR, euskaldun eta kataluniar idazleak biltzen dituen azken Galeusca Valentzian burutu berri denean, datorren urtekoan pentsatzen hasi dira Euskal Idazleen Elkarteko kideak. Izan ere, Euskal Herrian burutuko da 2000. urteko Galeusca, oraindik kokagunea finkatzeke badago ere. Asmoen artean interneteko gune bat sortzea pentsatu dute eta, oro har, ekintza praktikoagoak burutzeko beharra ikusten dute. Galeusca beste herri batzuetara zabaltzea, hots, beste herri txikietako idazleak ere hurbiltzea, aipatu dute datozen berrikuntza posibleen artean.


«EZ—DAKIT» CD-ROMAREN SARIAK

MOBIUS Barcelona Multimedia saria jaso berri du «ez—dakit» euskarazko CD-ROMak, autoreei dagokien sailean. Espainiako eta Portugaleko produktuen artean gailendu ostean, Parisen ospatuko den Prix Möbius Internacionalen lehiatuko da multimedia ekoizpen hau datorren urtean. Ez da hau lortzen duen lehen saria, SGAEk ematen dituen Multimedia sarietan CD-ROM onenarena eta musika onenarena ere eskuratu baititu. Ińigo Aranburu —diseinu grafikoa—, Mikel Azpiroz —audioa— eta Daniel Juliá —programazioa— dira egileak eta Bartzelonako Universitat Pompeu Fabran burutu dute euren lana. Lau Behi musika taldea du ardatz lan honek eta batetik, musika sormenaren inguruko lau joku eta, bestetik, taldearen diskografia biltzen ditu. 2000ko hasieran taldeak Oihuka etxearekin kaleratuko duen disko berriaren barruan emango da argitara «ez—dakit».

Lasarte-Oria eta Usurbil artean, Irubiden, merkatal gune berria ari dira eraikitzen. Decathlon kirol gaien enpresa frantziarrak aurki zabalduko du bertan denda. Hori dio behintzat hango hormatzar batean paratutako leloak. Gaztelera hutsean jarri dute; berau zabaltzean barruan ere euskarak izango duen presentziaren seinale izan daiteke.

EUSKARA ETA
INDEPENDENTZIA
Gotzon Garate horrela mintzo zen «Gara»ren azaroaren 11ko alean, etorkinek euskararengan duten eragin kaskarraren eta independentziaren garrantziaren inguruan:
«
(...)Euskal Herrira datozen etorkinek, gaztelaniaz ikasten dute, euskaraz ez. Badira euskaraz ikasten dutenak. Gutxi dira, baina.
Zoaz igandetan Bilboko «rastro»ra. Beltzak eta mairu mordoa ikusiko dituzu, beren salgaiak saltzen. Denak lardaskatzen dira gaztelaniaz. Batzuk nahiko ongi. Euskaraz ia inor ez (...). Hau da, Euskal Herrira datozen etorkinak Euskal Herria erdalduntzen ari dira. Ez da beraien errua, inola ere ez. Gaztelaniaz ikasiz gero, guztiekin mintzo daitezke. Euskaraz ikasiz gero, ez.
Jakina, Euskal Herrian erdara nagusi dela ikusten dute, eta beharraren arabera jokatzen dute. Euskal Herrian bizitzeko, erdara behar da.
Nola konpondu kontu hau? Nola elkartu mutur biok: etorkinak ondo hartu, geure nortasuna galdu gabe ordea? (...)Independente bagina, neurriak hartuko genituzke: Euskal Herrian euskara izango litzateke lehen-leheneko hizkuntza (...)
Euskara eta independentzia. Biak estu-estu elkarri lotuak daude. Lehenik euskara, independentzia bera ere baino lehenago. Euskararik gabe independentziak ez du askorik balio. (...) Euskarak baina, ez du luzaroan iraungo independentziarik gabe».

Xabier Kintanak

«Zaldun tigrelarruduna» liburua argitaratu berri du Zubia-Alfaguara argitaletxearen eskutik. Xota Rustavelik idazleak XII. mendean georgieraz idatzitako poesia lana itzuli eta prosara moldatu du lan berrian.

Tapia eta Leturiak

eta

Xabier Amurizak

«Bizkaiko kopla zaharrak» izenburuko CDa osatu dute elkarlanean. Lan berri honetan Amurizak urteetan zehar bildutako kopletatik 120 biltzen dira.

Nemesio Etxaniz

azkoitiarraren jaiotzaren mendeurrena dela eta, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak omenaldia eskaini zion lehengo astean eta bere inguruko liburua kaleratu eta Eskola Irrati lehiaketa antolatu ditu. Euskal Antzerki Talde Amateurren Elkarteak ere idazlea omentzeko ekitaldia egingo du aurki Deban.

Telefonica, EITB, EHU eta UZEI erakundeek euskara mintzatua eta idatzia ulertzen duen ordenadoreentzako lehenengo sistema eratu dute. Bi urteko elkarlanaren ondoren, euskarazko boz ezagutzailea aurkeztu zuten iragan astean. Hemendik aurrera bozezko markaketa informatikoa egiteko eta zenbait telefono zerbitzu euskaraz eskaintzeko aukera izango da.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan