Patxi Garate: "Lehen bezala orain, arrantzak bizirik jarraitzea dut amets"
E
z dute perlek lepokoa egiten, baizik hariak. Eta bereziki, hariak hain ondo iruten dituzten Donibane-Ziburuko arrantzaleek» idatzi zuen «Expo-Dakar 97» erakusketako liburuan bisitari batek. Ondareen jabegoa ondareen erabiltzaileari dagokiola kontuan harturik, itsasoa arrantzaleena dela ziurta dezakegu.
700 ARRANTZALE DONIBANEN.
«14 urte nituela, 1921ean, hasi nintzen arrantzan; Sokoan bizi ginen. 700 ziren Donibane-Ziburuko arrantzaleak, haietarik 100 bat sokoarrak izanik» kontatzen du Koxe Mari Salha arrantzaleak. Gure gizartean arrantzak zuen garrantziaz jabetzeko berebiziko datuak. Bost «Txalupa Handi» ari omen ziren oraindik lanean.
«II. Mundu Gerla baino lehen, miseria gorria ezagutu genuen arrantzaleek. Gerla ondotik, bizia hobetu zen arrantzaleen familientzat» dio Salhak. «Manegmo 2»an tripulazio buru izan zen, baina ez zen menturatu bere untziaren patroia izatera. Hori izan da bere damu bakarra, naski. Sareak non kokatu ondo baizekien Salhak. Hona geroaz bere aburua:
«Pelagikoek sakailatu dute gure kostaldea; ez dut esperantza handirik».
BACHURDIA-REN EKINTZA.
1947ko azaroaren 11a zen; egunsentia. «Mendiazpia» eremuan, Donibaneko radaren eremu barnean ari dira arrantzaleak.
«`Caiman' untzikoek 1.000 kilo sardina porturatu genuen goizean goiz. Eguraldi ederra zen eta 8etan itsasoratu ginen berriz ere. Itsasertzean giro ederra zen bitartean, badiatik harantzagotik ezin Larrun mendia ikusi haatik», kontatzen du Koxe Basurkok. Donibane-Lohizuneko badiatik hurbil ari ziren barkuak porturatzen hasi ziren:
«Gu kosta ahala kosta porturatu ginen. `Josefina' sardin-untzia barraren artean pasatzera zihola baga handi batek iraulia izan zen ordea. Joakin eta Jean Pierre Etxeberri bertan hil ziren, gainontzekoak, mirari bat bailitzan `Bachurdia' untziak salbatu zituen. Hura ekintza gogoangarria!» Badia zaintzen duen Muskoa-ko Birjinak hainbat lore sorta ukan zituen biharamunean.
ESKUAK MINDUAK HASIERAN.
Patxi Garatek 21 urte ditu. Senpereko Nekazal eta Piszikultura eskolan ikasia da. Arrantza ikastaro batzuk burutu ditu dagoneko:
«Ur-Joko arraun-taldearekin traineruz ibilia nintzen. Arrauna hartua nuen eta gorputza indartua uhinei buru egiten. Alta, arrantzan eskuak zernahi mindu zitzaizkidan, bisa eta hari artean, ur gaziz bustirik», hasiera latza beraz.
Hala ere, bi asteren buruan, lanean geroz eta gogo handiagoz hasi zen:
«Ikastaldi honetan harritu ninduen gauzetarik bat itsasoaren zabaltasuna da, eta bestetik, denboraren zabaltasuna. Itsasoa menderaezina dela ohartu naiz. Eta aldi batez, arrantzaleen bizitza berezia dela. Ez da lurreko bertze edozein lan bezalakoa. Segurtasun eskasa dute, eta irabaziak aldika iristen dira» dio Patxi gazteak.
«Arrantzale ttikien eginahalak goraipatu nahi ditut. Donibane-Ziburuko kaian ohiturazko arrantza moldeak bizirik atxikitzen dituztenak bereziki. Untzi pelagikoak, lege bortitzak eta merkatu basatiaren kontra ari baitira. Arrantzale hauek, lehen bezala orain eta geroan bizirik jarraitzea da ene ametsa»
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.