Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportajea >
  • Mende erdialdeko urteak "emantzipazio urteak" izan ziren arrantzaleentzat

1999-11-14 -- 1737.zenb

Mende erdialdeko urteak "emantzipazio urteak" izan ziren arrantzaleentzat

argazkia


Ipar Euskal Herriko arrantzak aroak izan ditu. Mendearen hasierako "Txalupa Handia" untzia arrantzaleen balentrien lekukotasun ahaztezina da. 1901 urtean harrapatu zen azken balea Orion. Sardina trainez (sarez) arrantzatzen hasi zen. Bakailoatarako untzi ugari egin ziren. Hona aro hauetako hainbat xehetasun.


BELATIK BAPORERA.

1896tik 1910ra bitartean, 96 bapore eraiki ziren Ziburuko untziolan, Pierre Letamendia armadorea izaki itsasoratu zen sardinaren arrantzurako lehen baporearen egile. 1920ko hamarkadan, bolitxe sistema zabaldu zen Iparraldera, 1917an Hondarribian asmatua. Xinga edo sare txikiz harrapatzen zen arrain txikia. Urte garrantzitsuak izan ziren Lohizune, Ziburu eta Sokoako portuentzat. Sistema ez zuten berehala onartu frantes agintariek horregatik. 30eko hamarkadan, baporeek diesel motorreko untziei leku eman zieten. Frantzian krisi larria bizi zen bitartean, Euskal Herrian arrantza mantentzen zen. Donibane-Ziburuko portua sardinetako lehen portua zen Estatuan. Ganix San Sebastianek «Alzate» untziola sortu zuen, eta kontserbategiak birmoldatuak izan ziren. 1939an, elizbarrutiak A. Idiartegarai izendatu zuen arrantzaleen apaiz. Berak sortu zuen «Denen Kanttua» arrantzaleen etxea.


1945-1955: ASKAPEN URTEAK.

1947an, Donibaneko portuan 6.249 tona sardina deskargatu ziren. Hurrengo bi urteak ere oso onuragariak izaki. 1950. urtean, berriz, katastrofikoa izan zen. Kopurua hamar aldiz txikiago izan baizen. Portuak hondoa jo zuen. Birmoldatze baten ondorioz arrantzan aritzeko beste molde bat sortu zen. Arrantzarako arteetan trebatu, sindikatuetan elkartu eta kooperatibak sortu zituzten arrantzaleek. Urte haiek, «askapen urteak» bezala joak dira. Arrantzaleak eragile ekonomikoak bihurtu ziren, kontserbategiak eta saltokiak haien esku zeuden. Kooperatibak eta enkantea dira funtzionamenduaren ardatz nagusiak. Emantzipazio urteak ziren inondik ere. «Itsasokoa» kooperatibak 1.200 arrantzale biltzen zituen. «Encan» sozietatea arrantzaleen esku zegoen. 1968ra bitartekoa aro ere onuragarria izan zen. Kaliforniatik beita-biziko arrantza teknika iritsi zen emaitza harrigarriak lortuz. Afrika aldera joaten hasi ziren gure arrantzaleak. «Itsasokoa»k Dakarren kontserbategi pribatua ireki zuen lehenik eta Senegalen ondoren. Ez ziren gutxi izan hango arrantzaleen kexak, alabaina


1968: ARO BATEN HASIERA.

Bi kezka nagusitu ziren aro berri hartan: arrantzaren sobera eta uren kutsadura. Aldi berean, Hegoaldeko arrantzaleen kopurua emendatuz joan zen, leku gero eta gehiago hartzen zutelarik. 1968ko ekainaren 12an Baionan manifestaldi bat izan zen, eta bi aldeetako arrantzaleen arteko borrokak izan ere. Etxe barruan tirabira frango zegoen hala ere; arrantzaren % 60 Dakar eta Marokotik baizetorren. 1971an lege proiektu batek Frantziako uren mugak 6 miliatik 12ra zabaldu zituen. Barealdia iritsi zen. Artean, «Lagun Artean» kooperatiba sortu zen, eta Ziburuko «Marinelen Etxea» eraiki ere —egungo Itsas Gazteriaren egoitza. 70 urtetik aitzina, Europan sartzearekin, arau berriek arrantzan aritzeko tresna-moldeak inposatu zituzten. 1975ean antxoaren gatazka bizi izan zen. Arrantza-portuak berritu beharrean, aisialdi-portuak erakitzen hasi ziren.


75-90: LEKUKO ARRANTZA.

Portuarteko nahiz barne arazoen ondoren, Bruselak murrizketa inposatu zion Estatu espainarrari, baita nazioarteko itsas araudia ezarri ere. Arraste-arrantzak Iparraldean gora egin zuen, eta Hegoaldean gibelka. Donibane-Ziburun, hala ere, «Itsasokoa» kooperatiba deuseztu zen 1979an. Kontserbategietara sartzen zen arrantzaren % 90 kanpotik zetorren. Untzi-kopuruak behera egin zuen. 1977an 15 untzi desagertzen dira, eta 5 gehiago 78an. Hendaiako portuan pelagikoak onartu ziren anartean, eta garai onuragarriak itzuli berriz ere. NBEk itsas araudi bat indarrean jarri zuen urte haietan. Itsaserri bakoitzari 200 miliako eremu bat eman zitzaion, eremu pribatu bat. Araudiak arazoak ahalbidetu baino okertu zituen. Espainiar eta Frantziako arrantzaleen artean ez zen giro (euskaldunak barne). 1986an Espainia eta Portugal merkatu komunean sartu ziren arazoak ugarituz. Urteek aurrera egin ahala arrantzaleen egoera areago txartu zen. Europa gero eta jasangaitzagoa bihurtu da. 1990etik egunotara, euskal arrantzaleek heziketaren aldeko postura egin dute. Iparraldekoak Ziburuko Itsas Eskolan ari dira ikasten, eta Pasaiako Itsas Lizeoarekin harreman aberatsak dituzte. Heziketa da gakoa

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan