IPARRALDEKO ARRANTZA: ORRO ISILA ITSAS ZABALEAN
Mikel Asurmendi
argitaratzen du Sokoako Mikel Epalza apaizaren zuzendaritzapean. Ipar Euskal Herriko arrantzaleen 100 urteak kontatzen dituen ale berezia plazaratu dute aurten.
A
rrantzako ekonomia ez da teknika, diru eta itsasontzien arazoa bakarrik, gizakiaren arazoa ere bada. Nekez eta itxaropenez itsasoa iraultzen duten gizon eta emazteen arazoa» Premisa honekin hurbiltzen gaitu Mikel Epalzak itsas mundura. Hendaia, Donibane-Ziburu eta Baiona itsasoari lotuak izan dira mendez-mende. XX. mendean gure itsasoak eman duena itzela da. Galdera hau jalgitzen zaigu jarraian, ordea: «Zer bilakatuko da arrantza XXI. mendean?»
ITSASOAK EZIN DU GEHIAGO!
Alegia, itsasoak ezin du gehiago jasan. Aitzinamendu teknologikoei esker, gaur egun 20 aldiz gehiago arrain harrapatzen da mende hasieran baino: 1900ko 5 milioi tonatik 100 milioi tonatara pasa gara mende baten buruan. Gizakiak itsas fauna agortu du alta. Gurera etorriaz, Donibane-Ziburu portuari buruzko bilakabide datu bat: 1932an, 10. zegoen sailkatua frantses Estatu mailan; (4.000 tona urtean). 1964an, 9. izatera pasa zen; (14.000 T). 1977an, 22. tokira jaitsi zen.
Arrantzaren historia eta bere ekonomia lau galdera hauen arropostuan datza.
«Non egin arrantzan?»: Bizkaiko Golkoaren ezaugarriak ezaguturik, arraina bildu aitzin, hauen bilakaera, hilkortasuna eta ugaltze gaitasuna ezagutzea ezinbestekoa da.
«Nork du baimena ematen?»: lehorrean, eremu bakoitzak bere jabea du. Itsasoa Estatuena da; Europarena. Itsasoa arrantzaleena da inorena baino, eta itsasuntziaren ezaugarri nagusia ez da motorea, ikurra baizik. Bandera, alegia.
«Zer-nolako tresneria erabili?»: Estatu bateko partaide izan edo besteko izan, arauak ez dira berak tresneriaren erabilpenari dagokionean.
«Zer preziotan saldu?»: hots, nork ditu prezioak finkatzen? Kulturek baldintzatzen dute merkatua, baina merkatuko legeek agintzen dute.
Gerorik ote du itsasoak, eta ondorioz arrantzaleek? Arrapostua belaunaldi berrien zereginean dago. Ahalak haiei eman behar zazkie horregatik.
HERRIA: ARRAINAK, GIZAKIAK.
Arrantzak milaka jende biziarazi ditu Iparraldean. Bizi duen kinkatik atera, eta hirugarren milurteko itsas-ekonomiak indarrean jarrai dezan ari dira bertako arrantzaleak. Itsas Gazteria elkartean bilduak hiru ardatz nagusiak: arrainak, gizonak eta herria. Arrantzaleen mintegietan deiadar hau ozentzen da:
«Salba ditzagun itsasoak eta arrainak». Gizadiaren altxorra diren aldetik beharrezkoak diren neurriak finkatu beharra aldarrikatzen dute arrantzaleek. Kontzientzia berri bat indartzen ari da arrantzak iraun dezan. Arraina eskasian dago, eta ez da aski itsasoan barrena ari direnen engaiamendua. Banketxe, handizki, garraiolari, saltzaile eta erosleen konpromisioa eskatzen dute arrantzaleek. Gobernuen laguntzaz gain, herritarren errespetua eta beren lanaren ezagutza eskatzen dute arrantzaleek.
IRAGANA GOGOAN.
1950. hamarkada loriatsua izan zen Ipar Euskal Herriko arrantzarentzako. Donibane-Ziburuko arrantzaleek ederki frogatu zuten zer den elkarrekin lan egitea. Elkartasuna eta kooperatibismoaren garai gogoangarriak izan ziren haiek. Bere gogorrean, itsasoarekiko tirria izugarria zen garai hartan. Arrantzale gazteak gauza izanen ote dira arbasoen eredu hari jarraikitzeko? Horra galdera eta koxka. Gure itsasertzean aberastasun hura atxikitzen duten gazteak egon badaude; itsasoa maite duten gazteak. Maite izatea ez da aski nonbait. Ezta barkuak erosteko diru laguntza ere. Gazteek ikasi behar dute ofizioan, ezagutu behar dituzte merkatuaren arauak. Itsas Gazteriako arrantzaleek horretan dihardute.
Laborantza tipiari aterabide ematen ari zaion gisan, arrantzari eman dakion nahi dute. Kanpotik datozen mozkinei aitzi egiteko herritarren eta kontsumitzaileen elkartasuna eskatzen dute. Iparraldeko arrantzaleek ez dute Estatu frantziarraren aldetiko benetako politika bat itsasoarentzat. Horrexegatik lagunduak izan daitezen deia egiten diote gizarteari.
IPAR ETA HEGOA ESKUZ ESKU.
Itsas Gazteria kontzientea da azken urteotan Ipar Euskal Herriko arrantzak jasan duen beherakadaz. Beheratze hau azken hamarkadetan turismoarentzako eraiki izan diren egitura azkarren ondorioa da neurri handi batean. Kontziente dira halaber —bere gorabeherak eta arazo larriak izanik ere— Hegoaldean arrantzak duen indarraz: kofradiak, enpresak eta EAEko gobernuaren sostengua. Arrantzaleek aurten erdietsi duten "Objectif 1" izeneko plangintza adibide eredugarria da. Iparraldeko arrantza Akitania erregioari lotua da, eta behera doa etengabe. Hego eta Iparraldearen artean merkatu mugarik ez izanik —frantsesek 58 milioi liberako arraina saldu dute Pasaian aurten—, Euro Eskualdea (Euskadi eta Akitania) eta Euro Hiria (Donostia-Baiona) edota Hondarribia-Irun-Hendaia herriak biltzen dituen Kontsortzioa egiturak izanik, zergatik ez aterabide bat aurkitu beren barruan Ipar Euskal Herriko arrantzak bizi duen egoera larriarentzako?
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.