beraz, berdin 1998ko irailean ETAk indarrean jarritako su-etena. Popularren elektoralismoak, ikuspegi polizial hutsak eta borondate ezak, atzera pauso handia ekar dezake prozesuan.
Udazken ederra izaten ari da aurtengoa, ohikoa baino beroagoa, eta termometroa apurka sasoiak eskatzen duen girora egokitzen ari bada ere, tenperatura politikoak goraka jarraitzen du. Duela urte eta erdi ETAk iragarritako su-etena kolokan egon daiteke denbora honetan gertatu direnak aztertuz gero. Udako oporren itzuleran, ETAk Espainiako Gobernuarekin izandako elkarrizketak bertan behera geratzen zirela iragarri zuen, horretarako Gobernuaren borondate eta diskrezio eza argudiatuz. Lehenbiziko argia piztu zen alarma taulan. ETAk plazaratutako komunikatu luzean, dena den, elkarrizketekin jarraitzeko borondatea ere argi adierazten zen.
Espainiako Gobernuak ere laster erantzun zuen, elkarrizketarako borondate eza non zegoen argi ikusten zela esanez: ETAk elkarrizketa bidea apurtzen zuela eta Gobernuak berba egiteko prestutasunarekin jarraitzen zuela; hori bai, ordura arteko elkarrizketek eramandako bide bertsuan.
Suitzan edo dena delakoan izandako bileran zer jorratu den ez dakigunez, han izandakoaren berri ez duenak nekez esan dezake zer bete den edo zer ez. Prentsan atera dira Espainiako Gobernuak egindako filtrazioak, baina alde bietako mezu ofizialik ez da izan. Hala ere, bake prozesu nimino honetan gertatutakoetan arakatuz, bada datu ugari aldeen borondateaz berba egiteko moduan. Ez da bake prozesuaz gehiegi hitz egiten, batez ere ezker abertzalean, nahiago da «prozesu», «prozesu politiko» eta gisakoak erabiltzea. Baina izan horixe da, hastapenetan dagoen bake prozesu bat, gero bakoitzak jarriko dizkio nahi dituen ezaugarriak bake prozesu horri. Irlandan IRAk lehenbiziz su-etena eskaini zuenean, Euskal Herrian Irlandako bake prozesuaz egiten zen berba hasieratik; historia liburuetan ere, prozesu honek amaiera onik baldin badu, eta data kontuei buruz arituz gero, bake prozesua 1998ko irailaren 12an Lizarran hasi zela esango da. Aurretikoak eta ondorengoak izango ditu, baina data hori historikoa da jadanik.
Urte eta erdi honetako gertakizunak aztertuz, beraz, hitz egiteko borondatea non dagoen esatea ez da ausardia handiko kontua. ETAk erakutsi du hitz egiteko bere borondatea eta Espainiako Gobernuak borondate horri behin eta berriro erantzun dio egur doinuan eta borondate eskasarekin.
ETAk jardun armatua utzi zuen iaz, alde bakarreko erabakian eta denboran mugagabe. Alderdi abertzaleen jardun bateratuan jarri zuen bere konfiantza eta euskal gizarteak erabakitakoa onetsiko zuela adierazi. Ezker abertzalearen partehartze politikoa ere areagotu egin zen, eremu guztietan, baina batez ere instituzionalean eta alderdi abertzaleen elkarlanari begira. Bide horri jarraitu dio EHk, hauteskundeei dagokienez emaitza bikainak lortuz gainera. Ugari egin daiteke berba prozesu soberanistari eman beharreko abiadaz, ugari bake prozesua edo prozesu subiranistaren lehentasun mailaz, ugari erritmo eta edukiez, ugari helburu abertzaleei buruz, baina borondatea ezin daiteke auzitan jarri. ETAren su-etenak elkarrizketa eta negoziaketari zabaldu zizkien ateak eta alderdi abertzaleek, oztopoak oztopo eta kontraesanak kontraesan, sinetsi dute bide horretan.
GARAIPEN POLIZIALA.
Presoen eremuan egindakoak ere ez dira txantxetakoak izan, euskal gizartearen gehiengo zabalak eskatutako presoen Euskal Herriratzea eta beste aldarrikapen batzuei (hiru laurdenak, preso gaisoak...) entzungor egin baitie Gobernu espainiarrak. Egin dituen bi gerturatze eskasak arma gisa erabili izan ditu, jakin baitaki hori dela prozesu honetan alderdi abertzaleek duten eremurik ahulena; Gobernuarentzat, aldiz, armarik sendoena da eta, euskal gizartean presoen Euskal Herriratzea sustraitua dagoen neurrian, eskakizunari muzin egitean, alderdi abertzaleei txantaia egiten die espetxe politikarekin. Eskubide kontua da presoena, zalantza barik, baina prozesuaren termometro garrantzitsuenetakoa ere bai.
Borondate kontuetan behinik-behin, balantza oso desorekatua dago Gobernu espainiarraren aurka. ETAren azken komunikatuak —urrikoak— egoera larria dela adierazten du, baina alarma gorria eskandaluraino eraman duena Belen Gonzalezen atxiloketa izan da. Nekez uler daiteke inon, ETA eta Gobernuaren bilera ofizial bakarrean ETAren aldetik izandako mintzakide bat atxilotu izana. Espainiako sektore zabaletan ere nekez ulertutako atxiloketa izan da, eta horrela ikusi izan da tertulia eta komunikabide askotan, SER katea edo «El Mundo» egunkaria bera, esate batera. Pedro J. Ramirez «El Mundu»ko zuzendariari kasu eginez gero, ETArekin mintzakide izan ziren Aznarren ordezkariak ez leudeke oso gustura egoerarekin. Eta EAJko Iñaki Anasagasti parlamentariari kasu eginez gero, Aznarren ministroen artean ere bada pentsatzen duenik bake prozesuarekiko urratsak ez direla ondo ematen ari.
Legalidadea aipatu da Belen Gonzalezen atxiloketarako arrazoi nagusi gisa: «Terroristak dauden lekuan harrapatzen dira eta kito, are gehiago Belen Gonzalez moduko historial odoltsua duen etakide bat. Justiziak ezin du bestaldera begiratu». Jaime Mayor Orejaren diskurtsoa da. Justizia administrazioak eta gobernuek, ordea, beraiei komeni zaienera begiratzen dute hala gura dutenean. Gobernuaren mintzakidetzak ez ote zuen bere aurrean «terrorista hiltzaile basati» berbera aurrez aurre aritu zirenean? Baina eseri ziren eta berba egin. Legalitatearen logikan ez ote dira gaizkileak Gobernuaren mintzakideak? Herritarren adin nagusitasunari iseka egitea da horrelako atxiloketa baten aurrean legalitatea eta justizia aipatzea. Edo gauzak izugarri oker dauden seinale. Edozein modutan, Gobernuaren borondatearen neurgailurik aproposena da.
HAUTESKUNDEAK.
Oraingoz behintzat Mayor Orejaren estrategia gailendu da Madrilgo Gobernuan. Ez da lerro abertzaleetatik bakarrik esaten dena, popularren lerroetatik oso urruti ez dabilen «El Mundo» egunkariko zuzendariak ere hala adierazi izan du bere editorialetako batean: «talde terroristarekiko erabateko garaipenaren bila ari da Aznar, eta eskura duen uste osoa du». Okerrena zera da, ikuspegi hori gizarte espainiarrean bapo sustraitu dutela.
Hauteskundeak irabaziz gero, gaiari beste modu batera hel diezaiokeela ere entzun da, baina hauteskundeen aurretik Gobernuak keinuak egingo zituela ere esan izan da. Euskal erabaki esparruaren ideia euskal gizartean indarrez sustraitzen hasi zenetik, PPk burdinezko ezkutua zabaldu zuen; ezin uka azken hilabeteetan keinu ikusgarriak mahaigaineratu dituela, baina kontrako norabidean.
LIZARRA-GARAZI.
ETAren urriko komunikatuak egoera larria adierazten zuen. Belen Gonzalez atxiloketak larritasun hori baieztatzen zuen.
ETAk lau puntu jartzen ditu solaserako: ea Gobernu espainiarra Euskal Herriaren erabaki eta borondatea onartzeko prest dagoen jakitea, borondate hori bideratuko duen prozesua nola bermatuko duen jakitea, euskal preso politikoak noiz eta nola askatuko dituen jakitea, eta indar armatuak noiz eta nola aterako dituen jakitea. Mintzakide gisa hiru preso izendatzen zituen komunikatuak: Algeciseko espetxean dagoen Antton Lopez Ruiz, Langraitzen dagoen Josu urrutikoetxea eta Josetxo Arizkuren, Parisen dagoena. Bilera lekua, halaber, ezin da izan ez Frantzia eta ez Espainia; Euskal Herria bai, baina baldintza neutralak emanez gero.
Munduko edozein bake prozesuri arreta jarri dionak, ondo asko daki horrelako komunikatu bat ez dela egiten talde armatua eta gobernuaren arteko bilera bat egiteko. Arrazoi asko egon daitezke horrelako komunikatu bat plazaratzeko, baina ez bilera egitea. ETAk abuztuaren bukaeran Gobernuarekiko komunikazioa moztean ondo adierazi zuen bezala, zuhurtasuna ezinbestekoa da elkarrizketei bide egokia emateko. Gatazkaren inguruan ari diren aktore askok adierazi dute begibistako den hori.
Proposatutako mintzagaiei dagokienez ere, ez dago inongo baldintzarik, dena da jakinmina, baina negoziaziorako tresna baino, ohiko aldarrikapenen zerrenda bat da. Urte eta erdiko su-etena ikusita, ez dago ETAren hitz egiteko borondatea auzitan jartzerik, behintzat jakin dakiguna eta ikusi dugunaren arabera. Baina komunikatu hau ikusita, begibistakoa da ez dela bilera bat egiteko.
Aljerreko 89ko elkarrizketa prozesuan, ETAk PSOEko Gobernuaren mintzakidetzarekin hitzartutakoa ez zela betetzen ari salatzen zuen zenbait komunikatuetako doinua du urriko komunikatuak. Eta dinamika honek jarraituko balu, oso posible litzateke ETAk su-etena apurtzea, bestela erakunde armatu batek izan behar duen sinesgarritasuna auzitan jarriko litzateke eta.
Behin eta berriro esan da, edo aditzera eman da, ETAren su-eten honek behin-betiko izan nahi duela eta borroka armatua guztiz alboratzeko nahia dagoela, gutxieneko baldintza politiko batzuk emanez gero bederen. Hori da ETAren buruan egon daitekeena, IRAren buruan egon daitekeen moduan. IRAk, taktikoki ez bada ere, su-etena oso modu neurtuan apurtu zuen. Posible litzateke horrelakorik Euskal Herrian? Posible bai, baina horrek ez luke esan gura Irlandan moduan gero bake prozesua berreskuratuko litzatekeenik, gutxienez horren epe laburrean. Aitzitik, seguruenik denbora luzea beharko litzateke. Abertzaleen elkarlana eta Lizarra-Garaziko Ituna Irlandako Forotik abiatu zela, horiexek dira bi prozesuen antzekotasun handienak, gainerakoan oso desberdinak dira. Borondatea behar da baina denbora luzea ere bai, hori da gainerako prozesuetatik atera daitekeen ondorio nagusienetakoa
![]() |
|
||||
1737 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa