Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-11-14 -- 1737.zenb

BASARRI
Andoni Egaña
Sendoa
101 orrialde

Sendoa argitaletxearen Txirrita sailean gaztetxoentzat prestatutako bertsolarien liburu anitz atera da jada. Oraingoan lehengo astean zendu zen Iñaki Eizmendiren txanda da, «Basarri» ezizenez ezagunagoa den zarauztar bertsolariarena, alegia. «Basarri»ren etxera heldu zen idazmakinak emango digu Errezilen jaio eta gaztetan Zarautza bizitzera joan zen bertsolariaren berri. Idazmakina bere etxera heldu zenean «Basarri» ez zen han «Uztapide»rekin Seguran zen bertsotan. Idazmakinak laster ezagutuko du ordea «Basarri», teklak askotan jo zituen egunkarietara artikuluak bidaltzeko. Liburuan bertso batzuk bildu dira eta Basarriren bizitzako zipriztin esanguratsuez oharkabean jabetuko gara

E.L.B.
IPAR EUSKAL HERRIKO LABORARIEN OIHARTZUNA
Martine Sistiague
Gatuzain
265 orrialde
2.375 pta.

Martine Sistiague baionarrak osatu du liburu hau. 1996an Iparraldeko ELB sindikatuari buruzko tesi doktorala aurkeztu zuen eta aste honetan orriotara hurbildu duguna lan horretan oinarritutako liburua da. Laborari sindikatuaren sorrera aurreko egoera azaltzen du, hasteko. Ondoren Euskal Herriko Laborarien Batasunaren bilakaera osoa datorkigu. Urtez urte sindikatuak Iparraldeko laborariek sofritu behar izan dituzten gorabeherak haizatzen ditu: laborari txikiak direla, ardi esnearen prezioa dela, mozkinen kalitatea, lan tresnen banaketa, barnealdearen egoera dela... Historiaz gain, etorkizunari begira hasiak dira sindikatuan eta laborari sindikatua izatetik aktore sozial bilakatzeko bidean dira

BAI... BAINA EZ
Laura Mintegi
Elkarlanean
175 orrialde
1.565 pta.

Maitasunezko istorio honek 1985ean R.M Azkue eleberri saria irabazi zuen. «Bai... baina ez» 80ko hamarkadako nobela esanguratsuenetakoa izan zen. Maitasunezko istorioa dela zalantzarik ez, baina ez da beti maitasun samurra agertuko; goxotasunak laztasunari egiten dio tartea. Istorioaren protagonistak ere molde guztietakoak dira: Franz gizon heldua da eta zakarra. Rosa berriz, neska gazte ero xamarra eta xaloa. Hirugarren pertsonaia bat Paco da. Honek bere alaba umezurtzarekiko duen amodioa muturreraino eramango du. Gertaera gazi-gozoak moralkeriarik gabe kontatzen saiatzen da Mintegi, pertsonaiek bizi duten drama den bezalakoa azalduz

PSICOSOCIOLO-
GIA DE LOS MOVIMIENTOS ASOCIATIVOS VASCOS
Jokin Apalategi
N.K.I.I
324 orrialde

Jokin Apalategik lan honen bitartez elkarteen fenomenoa aztertu nahi izan du. Horretarako historia pixka bat egiten du hasieran, joan den mendeari errepasoa eginez. Beste atal batean elkarte hauek nola ezartzen diren, zein lan betetzen duten eta nolakoak diren (kideen adina, taldearen egitura... ) aztertu du. Azken atalean berriz, gaur egun Euskal Herrian lanean ari diren 34 elkarte aukeratu ditu Apalategik eta bakoitzaren radiografia zehatza egiten saiatzen da. Mota guztietako elkarteak dira: kirol elkarteak, gastronomikoak, gazte elkarteak... Aipagai dira Elkarri, EHGAM, Gaztelubide Elkarte Gastronomikoa, Ermuko Gaztela-Leon kultur elkartea...

EUSKAL HERRI DIGITALA 1.0
Gaiak
156 orrialde

Euskal Herri Digitala euskal ziberkulturari buruzko pentsamendu-gunea da, ziberreuskaldunen foro irekia, gure etorkizunaz gogoeta kritikoa egiteko ziberrespazioan dagoen elkargunea. Etorkizun informatiko eta globalizatuan euskal kultura bereizi gisa iraunaraztea du helburu. Bertan Euskal Herriak Interneten egun duen lekua, arazoak eta aurrera begira dituen erronkei buruzko gogoetak planteatzen dira. Eta liburu honek foro horretako ziberrintelektualen hamasei artikulu papereratu ditu: «Ziber Euskal Herria: Euskal zibernazioaren sorrera», «Sarea unibertsitatean: zerbitzua ala jostailua», «Euskal ziberrintelektualen eginkizuna», «Internet eta euskal kolektibitateak kanpoaldean» idazlanak dira horietako batzu.

KLASEAK, ERLIJIOAK, GENEROA ETA ADINA, GERRA,...
Hainbaten artean
Gaiak
205 orrialde

Gizarte eta antropologian oinarritutako liburu hau zazpi ataletan banatuta dago. Atal bakoitzak gai zehatz bat aztertzen du. Honakoak dira atalak: etxeko bizimoduaren antolamendua eta ahaidetasun harremanak; generoa eta adina; antolamendu politikoa, gizarte kontrola eta gerra; ekoizpen-, ugalketa- eta truke-ereduak estatuaurreko eta estatu gizarteetan; garapena, azpigarapena eta kultur aldaketa eta azkenik erlijioa. Horrela, ezkon arauak gizarte desberdinetan nola gauzatzen diren irakurri ahal izango dugu edota maskulinotasuna eta femeninotasuna unibertsalak ala kulturalak diren aztertu

ENBATA
Skunk
Esan ozenki

Hirugarren lana aurkeztu du Hendaiako taldeak. Bertan era guztietako erritmoak nahasten dituzte estilo original bat sortuz: skacorea, jazzpunka, reggae-a, hip-hopa... 18 kantuk osatzen dute diskoa, eta hauetatik 5 instrumentalak dira. Bitxikerien artean arrabita eta biolontxeloa nagusi diren abesti zingaro herrikoi bat aurki dezakegu. Baita Beñat Achiaryk ahotsa jartzen dion dub kantua ere. Instrumentuen joritasuna nabaria da: ohiko kitarra, perkusio eta teklatuaz gain atabalak, kitarra tailandarra, tronboi, saxo, tronpeta eta kina entzun ditzakegu.
Erritmoan ematen den oparotasuna hizkuntzetan ere antzematen da, euskaraz gain gazteleraz eta frantzesez ere abesten baitute. Hitzek gizarteko gaiak eta gazteen ingurukoak ere jorratzen dituzte, hala nola langabezia, parranda, Euskal Herriak kanpoan duen irudia, erretzeko porruak, eta abar. Pil pilean dauden gaiak dira, egungo erreferentziaz beteak (Mitch urakana kasu). Hauen artean etxetik 1.100 kmtara dagoen Idoia Lopez presoaren hitzek herbestaldia eta kartzela barruko gabonak dituzte kanturako gai.
Zortzi taldekideen jatorri ezberdinak hibrido musikal berezi hau zihurtatzen du, eta piskanaka piskanaka Skunk taldea Bretainiara, kataluniara, Italiara eta Ipar Irlandara iritsi da. Gainera talde ezagunekin jotzeko aukera ere izan du, hala nola, Def Con Dos, Lee Perry eta Sargento Garciarekin

hemeroteka

1736. zenbakia | 1999-11-07
1735. zenbakia | 1999-10-31
1734. zenbakia | 1999-10-24
1733. zenbakia | 1999-10-17
1732. zenbakia | 1999-10-10

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan