Iñaki Irizar
Duela gutxi arte bisoi hitza ez genuen ezagutzen, animalia horren larruaz eginiko berokia ez bazen behintzat. Berokiak gogora dakarkigun bisoia eta gure ibaietan aurki daitekeen bisoia espezie oso desberdinak dira. Berokiarekin erlazionatutakoa bisoi amerikarra da. Bestea, Oka, Arga edo Debako ibaiertzetan ezkutatuta bizi dena bisoi europarra da. Nahiz eta gero eta entzunagoa izan eta bere biologiari buruzko informazio zientifikoa gorantz doan, gure faunako ugaztunik ezezagunenetakoa da. Zoritxarrez, beharbada, ezagutzeko aukerarik gabe desagertuko da. Erdialdeko Europatik desagertzen hasi zen joan den mendearen erdialdean (Erdialdeko Europaren zati handi bat hartzen zuen hasieran) eta bisoiaren banaketa eremua etengabe murrizten ari da. Adituen arabera desagertzeko arriskurik handienetakoa duen espezietakoa da. Bideragarriak diruditen populazio bakarrak Frantziako hegoaldean eta Iberiar Penintsulako iparraldean daude.
Bisoi europarra, ibai, erreka eta ingurune hezeetan eta hauen gertuko lurretan bizi den haragijale txikia da.
Antzina, Europako zati handi batean bizi zen, Iberiar Penintsularen iparraldetik, kontinentean zehar ekialderantz Uraletaraino. Baina XIX. mendean hasi eta oraindik jarraitzen duen atzerakada prozesu baten eraginez, jatorrizko banaketa eremuaren zati handi batean desagertu ondoren kontserbazio egoera larrian dago gaur egun (IUCN erakundearen arabera —1994. urtean desagertzeko arriskuan dauden espezieak jaso eta sailkatzen dituen zerrenda «gorri» eguneratua aurkeztu zuen—, azken 10 urte edo 3 belaunaldietan % 50eko murrizketa jasan dute beraien populazioek). Gaur egun, bisoi europarrak bi populazio bananduetan aurkitzen dira: Europako hegomendebaldean dago lehena (Bordeletik Errioxaraino dagoen lurraldean, Euskal Herria barne) eta ekialdean bestea (Bielorrusia eta Errusiako zati batean). Danubio ibaiaren deltan ere bisoiaren populazioren bat egon daiteke, azken hilabetetan eginiko behaketa berrien arabera. Ekialdeko herrialdeen egoera sozioekonomikoak alde batetik eta bertako bisoien atzerakada etengabeak bestetik, espezie honen kontserbazioaren itxaropena hegomendebaldeko populazioan jarri dute neurri handi batean. Populazio honen zati handi bat Euskal Herrian egoteak, nazioarte mailan ugaztun honen kontserbazioaren arduradun nagusien artean jarri gaitu.
Bisoiaren kontserbazioan lan egiteko orduan bi arazo nagusi aurkitu dira: lehena, espezieak jasan duen eta jasaten duen atzerakadaren arrazoiak ezezagunak direla oraindik (hipotesi asko dago baina nabaritasun gutxi) eta bigarrena, espeziearen biologiaren zenbait alderdik ikertu gabe jarraitzen duela (zeintzuk dira espeziearen habitat beharrizan zehatzak, nolakoak dira bisoien populazioen ezaugarri demografikoak, elikadura beharrizanak, ugalketa arrakastatsuaren baldintzak, uraren kutsadura, kanalizazio, ibai ertzeko landarediaren mozketa eta bestelako giza jardueren eragina nolakoa eta zenbaterainokoa den...). Hori guztia dela eta, datozen urteetan ikerketa eta kontserbazioa inoiz baino lotuago joan beharko dute.
Euskal Herrian eginiko hainbat lanek bisoiaren distribuzioa partzialki erakusten zuten eta espeziearen biologiaren aspektu batzuk ezagutzeko oinarrizko lan batzuk ere eginak dira, baina oro har, bisoi europarra animalia ezezaguna da hemen.
Testuinguru honetan Eusko Ikaskuntzako Natur Zientziak Saileko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornodunen Departamentuko ikerlari talde bat duela urte pare bat bisoi europarra ikertzen hasi ginen. Bestalde, Zarauzko Izadi taldeak Eusko Jaurlaritzari bisoi europarra Euskal Autonomia Erkidegoan nola banatuta dagoen aztertzeko eskaera egin zion. Eusko Jaurlaritzak baiezkoa erantzun du eta Eusko Ikaskuntzako Natur Zientziak Sailak hartu du lana bere gain eta urte eta erdiz bisoiari buruzko datuen eguneraketa lanean arituko dira. Une honetan ditugun datuen arabera eta desagertze arriskua ikusita, animaliatxo hau aurkezteaz gain kontserbatzeko aukeren inguruko iritzia luzatzen dugu.
ESPEZIEAREN DISTRIBUZIOA.
Ezezaguna da oraindik bisoi europarrak Eskal Herrian duen banaketa zehatza. Espeziearen distribuzio eguneratua ezagutzeko argazki tranpak oinarri dituen metodo berri bat prestatu dugu lehendabizi. Metodoaren jatorria, Estatu Batuetako USDA Forest Service delakoak hango zenbait karniboro detektatzeko prestaturikoa da; Gipuzkoako Foru Aldundiko Basafauna Zerbitzuaren laguntza ekonomikoarekin, metodologia berri hori lurralde honetako baldintza eta materialetara moldatu dugu. Zenbait saiakuntza egin ondoren, emaitza onak ematen dituen laginketa protokolo bat finkatu dugu: ohiko metodoen bidez karniboroen harrapaketak ez dira ahaleginen % 5era iristen eta metodo berriarekin lortutako etekina % 35 ingurukoa da. Etekin handiko metodoa izatea bisoiaren distribuzioa epe labur batean eguneratzen lagungarri izango zaigu eta laginketak maiz errepikatuz bisoien joera poblazionalak objektiboki baloratzera iritsi gaitezke (aurreko informaziorik ez dagoenez, ezinezkoa da oraingoz hori hemen egitea). Metodoa prestatu ondoren laginketa sistematikoekin hasi gara. Ezin dugu emaitzik aurreratu baina orain artekoa aztertuta lehen ondorio interesgarriak atera daitezke. Hauen artean aipagarria izan daiteke ibai ertzak hasieran uste baino karniboro gehiagok erabiltzen dutela eta bisoiez gain, lepazuriak (
Martes foina), katajinetak (
Genetta genetta), azkonarrak (
Meles meles) eta etxe-katuak (
Felis catus) sarritan aurkitzen dira; lepahoriak ere (
Martes martes) bisoiaren habitatean aurkitu ditugu urteko garai batean. Datu hauekin ibai ertzeko basoen ikuspegi berria daukagu eta hori bisoiaren biologiaren zenbait aspektu ongi baloratu ahal izateko oso erabilgarria izango da.
PORTAERA ESPAZIALA.
Gipuzkoako ibai bateko bisoi europarrak «radiotrakin» bidez ikertzen hasi gara. «Radiotrakin»a zera da, animaliei irrati emisore txiki bat erantsi eta horren seinalea hartuko duen rezeptore baten bidez animaliak edozein unetan zehaztasunez lokalizatu ahal izatea. Horrela, animalien eguneroko bizitzaren ezaugarri asko ezagutu ahal ditugu: aktibitate orduak, ibaian gehien erabiltzen dituzten zatiak, giza-jardueren aurrean erakusten dituzten erreakzioak... Lehen emaitzek giza jardueren aurrean nahikoa tolerantea den animalia bat erakutsi digute, baina aldi berean diskretua. Bere gordelekuak giza etxebizitzatatik oso gertu, arrantzaleak ibiltzen direneko lekuetan edo baratzeetan jartzeko gai da esate baterako, baina bere jarduera gizakia gutxien agertzen denean egiten du. Hurrengo hilabetetan egingo den jarraipenak habitat beharrizanak ezagutzeko balioko du: ibai ertzen egitura, populazio bideragarriak mantentzeko baldintza egokiak dituzten gutxieneko ibai luzerak eta abar.
ELKARLANA.
Bisoi europarraren kontserbazioak berau ikertzen dugun talde guztion koordinazioa beharko du. Arlo honetan, aipagarria da Euskal Herrian dihardugun bi ikerlari taldeen arteko harremana eta elkar aditzea (EHU-ko Zoologia departamentukoa bata, Eusko Ikaskuntzako Natur Zientziak Saileko eta Aranzadi Zientzia Elkartearen Ornodunen Departamenduko kideona, bestea). Aipagarria da ere Europako ekialdean bisoia ikertzen ari direnekin mantentzen dugun harremana. Azken hauekin aurtengo ekainean elkartu gara, Finlandian ospatu den «Third European Mammal Congress» delakoak eskainitako aukerari esker; bertan, azken emaitza eta iritziak elkarri emateko aukera izan dugu. Han jasotako berri eta iritzien artean, berriz ere zera nabarmendu behar da: bisoi europarra kontserbatzeko aukera, aurrerantzean hemen egingo den lanaren menpekoa izango dela neurri handi batean.
Honek guztiak azken gogoeta batera eramaten gaitu: erronka berri honi aurre egiteko gai izango ote gara? Zein da bisoi europarraren etorkizuna Euskal Herrian?
ITXARONGO AL DU BISOIAK?
Jakin badakigu hasteko, ohiko kontserbazio neurriak (habitataren babesa,...) eta ikerketa konbinatua beharko direla. Legediaren aldetik, jadanik indarrean dauden hainbat lege zorroztasunez betetzearekin nahikoa da oraingoz bisoiaren habitata (ur korronteak eta hauen inguruko lurrak) babesteko eta, dakigunaren arabera behintzat, bisoiak arrisku berezirik gabe bizi ahal izateko. Bestalde, gure herriaren egoera sozioekonomikoa nahikoa ona da; honelako gai batek ez du erabateko lehentasunik lortuko, baina naturaren kontserbazioaren arloan lehen mailakoa dela onartu eta horrek eskatzen dituen neurriak hartzeko moduko egoera bai ematen da hemen. Aspektu teknikoari dagokionez, ugaztun hau ikertzen gabiltzan taldeok gaiaren inguruan sortuko diren ikerketa lerro berriak garatzeko ahalmen nahikoa daukagula esan dezakegu (zer esango dugu ba?); emandako lehen urratsetan lortutako emaitzak ikusi ondoren, hori pentsa daiteke behintzat.
Hala ere, ez gaitezen baikorrak izan; ez oraingoz behintzat. Euskal Administrazio Publiko konplexuak egiten duen naturaren babeserako politikak zertxobait berritu beharko ditu: espezie nahiko ezezagun batek lehentasuna eskatzen du; espezie bakar bati zuzenduriko ikerketa lerro jarraiak mantendu (finantzatu) beharko ditu (berria hemen); ibai bazterreko habitata babesten duen legedia zorroztasunez bete eta betearazi beharko du; kontserbazioa ikerketa zientifikoan oinarritutako prozesu dinamiko bezala ulertu beharko du... Dudarik gabe, Euskal Herrian egiten den naturaren babesa egoera berri baten aurrean aurkitzen da; itxarongo al du bisoiak eman beharreko aldaketak iritsi arte?
Beñat Doxandabaratz
ekimenak hats berria eman dio eskualdeko bizi kulturalari, euskarari erabat, gainera.
guztia irakurri
Beñat Doxandabaratz
Zientziak zerbait abstraktoa izateari utzi dio Elhuyarren irratsaioetan: hala Euskadi Irratiko «Norteko ferrokarrila»n nola Euskal Herriko sei irratitan entzungai dagoen saio atseginean.
guztia irakurri
Amaia Olano
irudiz ongi horniturik. Euskara ikasten ari direnen ikaste prozesurako tresna garrantzitsua izan daiteke, bai irakurgai gisa, bai material didaktiko gisa. 30 milioi pezetako aurrekontua du.
guztia irakurri
Iñigo Aranbarri
Nemesio Etxaniz, euskarari lur berriak eskaini nahi dizkion idazle apaiztua omendu dute Bilbon. Ez da ipuinen egilea kantari gazteek gogoan dutena, ezta azken urteak irratirako antzerkitxoak prestatzen eman dituen gizona ere gaur gorazarrea jaso duena. Euskal letrak Manterolaren, Azkueren eta Aita Donostiaren kantutegietatik haratago, munduko doinuekin lotzen ahalegindu den autorea da batez ere jende aurrean gaur aurkezten den Ez Dok Amairu taldeak omendu nahi duena.
Prakadun eta gonadunak, naikoa sermoi egiñak ditugu euskeraz. Ortik beti ugari izan du gure izkuntzak. Euskera kale-jabe egin nai ba-degu, gaztediari atsegin zaizkion gaiak arrotu bearko ditugu euskal lanetan.
Eta gazteengan sortu duen txera gozoa, ezin uka dakioke hirurogeita zazpi urtera heldu den Don Nemesiori. Zertan ibili den ikusita, ez dabil urruti Lizardiren «
Baiña nik, izkuntza larrekoa / nai aunat noranaikoa» hartatik. Egin du sobera meriturik maitatua izateko 1951n «Kantu-kantari» argitaratu zuenetik. Tango aidean:
Ez ninan uste ire ezpain oiek,
ain labain zorrotz zirenik...
Taldea zorretan da iazko urtarrilean Donostiako Victoria Eugenia antzokian egin zen jaialdi haren antolatzaileekin, Jarrai antzerki taldearekin alegia. Jendez gainezka, bertan bildu ziren Benito Lertxundi, Lurdes Iriondo, Mikel Laboa, Julen Lekuona, Kemen neska hirukotea, Bikondoa soinuarekin, Zuaznabar anaiak txalaparta joz, Arantxa Gurmendi eta bere orkestina... Egurra berehala heldu zen euskara doinu horietara egokituta usteldu eginen dela dioten sektore inmobilistengandik. Eskerrak ordurako Iñaki Beobide hasia zegoen
Zeruko Argia-n «Gazte naiz» sailean idazten:
Ritmo berriko abesti batzuek abestu zirala? Bai jaunak, bai, abestu ziran EUSKARAZ. Kanpoko abestiak baño gehiago izan ziren gureak, zaarrak edo sortu berriak, Presley, Halliday eta Beatles'en abestiak ere bai ordea. Ta zergatik ez? (...) Guretzako, euskara ez da baserri batean edo urrezko bitrina batean gorde bear degun gauz bat, guretzako euskera, gure egintza guztietan beraz balia gindezken gauz bat izatea nai dugu.
Bateko eta besteko gogoak batzen igaro da 1965a. Hasierako taldeari Artze anaiak elkartu zaizkio, Xabier Lete, Jose Angel eta Juan Migel Irigarai, Kepa Garbizu, Jose Mari Zabala, Jose Antonio Villar, Luis Mari Bandres eta Jean Paul Arregi... Groseko Yoloak taldea ahantzi gabe, «Black is black»-en bertsio euskaratuarekin. Gipuzkoarrak dira gehienak. Ez Dok Amairu izena berriz, Jorge Oteiza eskulturagileak proposatua da, Azkuek Bizkaian jasotako herri ipuin batetik hartua, hamahiruaren adur gaiztoa hautsi eta Pizkundeak aurrera joko duela adierazteko.
Bilbon Etxanizen omenez elkartzen diren kantarien artean dagoen aldea, gaitza da. Lurdes Iriondo ehun eta berrogeita hamar kantalditik gora emana da, Mikel Laboak bi disko txiki ditu kalean, Arestiren letrak musikatu ditu, «Apur dezagun katea» eta «Egun da Santimamiña»... beste batzuk berriz, herrietako koroetakoa dute duten ia esperientzia bakarra. Ez dio axolarik, «
indibidualkeriak utzi eta indibidualtasuna aberasteko» sortu den taldeak aspaldidanik esperotako ametsa eszena gainera eramanda txoratzen du lehen Hernanira eta Donostiara bezala orain Bilbora bildu den entzulea, abeslariak ulertu gabe euskaldun sentitzen dena da asko
Mikel Asurmendi
argitaratzen du Sokoako Mikel Epalza apaizaren zuzendaritzapean. Ipar Euskal Herriko arrantzaleen 100 urteak kontatzen dituen ale berezia plazaratu dute aurten.
guztia irakurri
Daniel Udalaitz
dago Ezkerraldeko (La Naval eta Babcock Wilcox) eta Mecanica de la Peñako langileen alde. Euskal Herriko eta Europa osoko untzigintza Korearen eraginpean dago.
guztia irakurri
Peru C. Saban
Donostiako Kursaalean. Sorkuntza munduan dabiltzan konbentzionalismoetatik at, Plaza 99 arte disziplina orori irekitako eremua da: ezohiko ikuskizunak ikusteko aukera.
guztia irakurri
Xabier Letona
beraz, berdin 1998ko irailean ETAk indarrean jarritako su-etena. Popularren elektoralismoak, ikuspegi polizial hutsak eta borondate ezak, atzera pauso handia ekar dezake prozesuan.
guztia irakurri
Estitxu Eizagirre
salbatzeko formula. Asisko Urmenetak ilustraturiko liburuan kontatzen duenez, nahikoa da RH- zurrutada bat, mingain erdaldunenak euskaraz zazpi aditz korapilatsuko esaldia jaurti dezan.
guztia irakurri