Jesus Egiguren sozialista su-eten denborari buruz: «Gauza gehiago egin behar ziren. Presoak elkartu behar ziren, Euskal Herrira gerturatu, Euskal Herrian bakea behin-betikoa izan zedin alde interesatua izatea lortu behar zen. Egin ez den ahalegin izugarria egin behar zen, Eusko Jaurlaritza eta Gobernu espainiarraren artean ulerkortasuna egon zedin».
Ramon Aldasoro, Miamin espetxeratua dagoen euskal presoa: «Nahiz abertzaleen artean batzuetan hutsuneak izan, EAJrekin batez ere, gaindituz joan behar dugu. Denon konpromisoa da gatazka politikoa gainditzea».
Xabier Arzalluz, bake prozesuari buruz: «Ulertzen dut Aznarrek honetan saiatzeko beldurra izatea, bakea nahi duela ere badakit, baina dohan nahi du, euri moduan eroria, eta bakea landu egin behar da, Palestina eta Irlandan ari diren gisan».
Olatz Egiguren, Ekin erakundeko kidea: «HBk izan behar du independentisten erreferentzia zabalena, ezkertzale eta abertzaleen bilgune, eta horien zerbitzura dagoen tresna izan behar du instituzio mailan eta arlo politikoan».
Ińaki Anasagastik bosgarrenez aurkeztu du galdera bera Espainiako Legebiltzarrean, Aznar gobernu buruari Madrilgo Legebiltzarrak onartutako «espetxe malgutasuna» nola bideratuko duen jakiteko.
Pello Urzelai «Euskaldunon Egunkaria»ko kazetariak «Su-etenaren apustua» liburua plazaratu du. Lizarra-Garaziko Akordiotik Udalbiltzaren sorrerara arteko tartea aztertzen du bertan.
Juan Jose Ibarretxe EAEko Lehendakariak eta Alain Rousset Akitaniako Lehendakariak, Bitariko batzorde iraunkorra sortu dute Bordelen. Garraioak, euskara, osasungintza eta ingurugiroa izango dira bi komunitateen arteko harremanen ardatz nagusiak.
Jakoba Errekondo
Txoko honetan aitatua dut mundu honetako zuhaitz handiena; sekuoia erraldoia,
Sequoiadendron giganteum. Sekuoia 1760. urtean Tennessen jaiotako Sequoyah txerokiaren omenezko izena da. Zuhaitzari izena emateaz gain, txeroki honek egin zuen beste lan erraldoirik: txeroki etniarentzako 85 hizkiko alfabetoa (argazkian) sortu zuen eta inguruko beste etniek, bakoitzak bere hizkuntzan, idatzi eta irakur zezaten laguntzen aritu zen bizitza guztian.
Aurreko batean sekuoia gaixo baten berri eman eta bere sendabideaz galdetu zidaten. «Sekuoia erraldoia ere gaixotzen al da ba?» izan zen ondokoaren segidako galdera. «Errege handienaren jauregi dotorenean nahi baino maizago itoginak izaten diren eran», izan zen entzun bai baina aditu, ez dakit aditu zuen erantzuna...
Dermatea livida, Botryosphaeria dothidea, Chloroscypha chloramela, Mycosphaerella sequoiae, Cercospora sequoiae, Pestalotia funerea eta
Phomosis juniperovora onttoek eta
Semanotus ligneus, Vespamima sequoiae, Planococcus citri, Pseudococcus ryani, Puto yuccae, Hemiberlesia rapax eta
Aspidiotus nerii intsektuek behintzat, azak baino lehenago zopak jaten dituen eta
Brassica oleracea-ren azpiko orria den Homo sapiens-ak ematen dizkieten izen aldrebesak ez dituzte ezagutuko baina gustura asko erasotzen dute ahul antzera antzematen duten erraldoia katuen mugarrien barruan harrapatuz gero
Jabier Agirre
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn) 126.011 gripe-kasu erregistratu ziren 1999ko urtarrilaren 1etik abuztuaren 15a bitartean, eta horrek iaz, denboraldi berean egondakoak baino % 1,08 gehiagoko tasa esan nahi du. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, portzentajea are gehiago igotzen da denboraldi hori 1994tik 1998a bitarteko urteetan, gaitz horren inguruan egondako batez besteko kasuekin konparatuz gero, eta horrek esan nahi du azken laurtekoarekin erkatu ondoren ere, gripe-kasuek urtez urte gora egin dutela.
EAEn aurtengo abuztuaren erdialderaino deklaratu diren barizela edo astanafarreria kasuak, bestalde, 10.158 izan dira, eta horrek 1,44ko gehikuntza portzentuala esan nahi du. Aurtengo urtarriletik abuztura bitartean 369 tuberkulosi kasu kontabilizatu ziren, 73 kasu C hepatitisak jotakoak, 20 kasu A hepatitisarenak eta B hepatitisarenak beste 20, 50 kasu tosferina edo kukutxeztulekoak, 51 izan ziren deklaratutako gaixotasun meningokozikoak, 47 gonokokoek eragindako infekzioak eta 28 parotiditis edo paperak.
Derrigorrez deklaratu beharrekoak izanik ere, askoz ere datu apalagoak erakutsi zituzten beste gaitz batzuk ondorengoak izan ziren: legionella (19 kasu), bruzelosia (13), paludismoa edo malaria (10), sifilisa (9), errubeola (5), txarranpina edo elgorria (3), eta tetanoa (2)
ETA-GOBERNUAREN BILERAZ
ETA eta Espainiako Gobernuaren elkarrizketaren arteko gora-beherak azaleratzen ari dira apurka. Gobernuak jadanik ofizialki erantzun dio ETAri; hitz egiteko prest dagoela baina ETAko zuzendaritzaren mintzakidetzarekin eta ez presoekin. Bakoitzak, beraz, esana du berea. Bitartean datuak azaleratzen doaz. Maiatzeko bileran ETAko mintzakideak ez atxilotzeko konpromezua ei zegoen; Gobernuak ezeztatu egin du halakorik. Uriarte Gotzaia ei zen Suitzako bileraren lekuko; inork ez du halakorik gezurtatu. Eta Arnaldo Otegik esandakoaren arabera, bat ez, bi dira Gobernuak atxilotutako mintzakideak: Belen Gonzalez eta Jokin Etxebarria, zenbait iturriren esanetan, Uriarte bitartekaria eta ETAko zuzendaritzaren artean bitartekari lana egin duena. Bakearen Aldeko Koordinadoraren ustez, prozesua ez da bideratua geratuko hauteskundeen ondorengora arte.
BENEGASEK IKUSITAKO AKATSAK
EUSKAL Herriak azken urte eta erdian bizi duen prozesu politikoan sei akats ikusten ditu Jose Maria Benegas, PSE-EEko buruzagiak: bizi den arazoa konpontzeko metodo eza; Aznarrek PSOEri lekurik ez uztea prozesuan; PP, PSOEk eta EAJk espetxe politika berri bat ez adostu izana; EAJ, EA eta Ezker Batuak kale borroka dela eta, EH taldearen aurrean behar besteko tinkotasuna ez erakutsi izana; eztabaida politikoa etengabe komunikabideetara eramatea; eta, azkenik, berak uste du ezin dela bakea lortu konstituzioa eta Gernikako Estatutuaren heriotz akta sinatuz. PSE-EEko Lehendakariak, Bilbon emandako hitzaldi batean azaldu zituen aipatu iritziak.
LABADE GALKIDEA ATXILOTUA
JEAN Philipe Labade GALeko kidea Pontevedran (Galizia) atxilotu zuten joan den astean. Euskal errefuxiatuen aurkako hainbat atentatu burutzeaz akusatua —Xabier Perez de Arenaza eta Tomas Perez Revillaren hilketa burutu zituen Paueko Auzitegiaren sententziaren arabera—, betiko kartzela betetzera kondenatua dago Frantzian. Haatik, Portugalgo justiziak kondenatua zuen lehenago. Portugalera bete behar zuen zigorra eraman zutenean ihes egin zuen, ordea.
«LIZARRA TXIKIAK» DONOSTIAN
DATORREN larunbatean, hilak 13, Donostian bilduko dira «Lizarra txikiak», Lizarra-Garaziko Akordioa herri, eskualde edo auzo mailan lantzen diharduten taldeak. Akordio honen sozializazioari garrantzia eman gura zaio ekimen honen bidez. Talde desberdinek dituzten esperientzien elkar trukatzea izango da helburuetako bat. Lizarra-Garaziko Batzorde Iraunkorretik behin baino gehiagotan onartu da goi mailan erabakitakoak behera eramateko dauden zailtasunak; ekimen honekin, herrietako alderdi, talde eta gizarte mugimenduen elkarlanari bultzada berri bat eman nahi zaio.
NAFARROAKO UBIDEAREKIN ARTEGA
NAFARROAKO Ubidearekin artega da Nafarroako Gobernua. Lehenbiziko zatiaren eraikuntza lanei ekiteko, 2000rako aurrekontuetan 3.254 milioi pezeta (130 bat milioi libera) aurreikusita dauzka —zegokiona— eta Estatuak 900 besterik ez, zegokion 4.881 milioi pezetatik. Hala ere, Isabel Tocino Ingurugiro Ministroak, lanak bideratzeko Nafarroa-Estatua elkarte baten sorreraren berri eman du eta Gobernuak hitzartutako dirua jartzeko konpromisoaro eutsi dio.