Iñaki Eizmendi Manterola,
«Basarri» hilaren 4an hil zen
Donostian, 86 urte zituela.
Aspalditik gaixo, bertso mundua
utzita zuen azkenaldian. «Basarri»
1913an jaio zen Errezilgo Granada
baserrian, baina zazpi urte zituenean
Zarautzera joan zen bizitzera. Euskal
Herrian burututako lehen Bertsolari
Txapelketa Nagusiko txapela irabazi zuen, Donostian 1935ean. Gerra ostean,
Espainian eta Frantzian barrena igaro
behar izan zituen hainbat urte. Euskal
Herrira bueltatu zenetik, Manuel Olaizola «Uztapide»rekin batera aritu zen
hara eta hona, herriz herri, bertsotan. Bestelakoan, lan ugari argitaratu zituen
euskal aldizkari ezberdinetan. Bere
azken bertsoetako bat 1995ean
kantatu zuen, Zarauzko seme
kuttuna izendatua izan zenean.
Iratik 60 kultur talde biltzen ditu.
Antzerki Topaketetan hiru lan berri izango dira.
UEMA-REN KULTUR ELEJIRA
KULTUR Elejira garai honetan martxan jarri eta abenduan amaituko da. Laugarren urtea da UEMAko kide diren 32 udalerrietako kultur giro euskalduna piztu eta herritarren sormen kulturala sustatzen diharduela. Iazko Kultur Elejiran 101 ekitaldi antolatu ziren, hauen artean, pailazoak, hitzaldiak eta bertso saioak aipa daitezke.
LITERATURA ULERTZEKO LIBURUAK
LOURDES Otaegiren «Bernardo Atxaga. Egilearen hitza» liburua kaleratu du Labayru Ikastegiak. Ondoren, beste hainbat idazle ospetsuri buruzkoak argitaratuko dira, hala nola, Joseba Sarrionandia, Joan Mari Irigoien eta Anjel Lertxundi. Idazleen hitza eta haien liburuek sortutako kritikak bilduz, Otaegik irakurle arruntarentzat egilearen lana ulertzeko bideak ematen ditu.
IRATI KULTUR ELKARGUNEA
EUSKAL Herriko 60 kultur talde biltzen dituen Irati Kultur Elkarguneak urriaren 30ean egin zuen lehen batzarra Iruñean. Piztu elkarteko Maider Etxebarrik eta Juani Lizasok koordinatuko dute Irati. Eta bere helburu nagusiak euskal kultura dinamizatu, Iparralde eta Hegoaldearen arteko harremanak sendotu eta artista eta kultur eragileen arteko harremanak bultzatzea dira.
GERRA ZIBILA EUSKAL HERRIAN
ARALAR argitaletxeak «1936, Gerra Zibila Euskal Herrian» izenburuko bilduma aurkeztu zuen urriaren 29an Iruñean. Bilduma osatuko duten zortzi liburuek gerra garaiko eta frankismoaren errepresioaren inguruko gertakizunak jasotzen dituzte. Zazpi urtetako ikerketa lanaren emaitza da bilduma. Lan taldearen zuzendaria Iñaki Egaña da, eta, ikerlarien artean, David Mendaza, Marisol Martinez eta Jose Maria Esparza daude.
OARGI-REN ARTXIBO GALDUEN BILA
FRANKISMOAREN urteetan hainbat kultur eta kirol ekitaldiren antolatzaile eta zenbait jardun politikoren estalki izan zen OARGI (Organización atlética y recreativa de Gipuzkoa) taldearen artxibategia bilatzeko deia zabaldu du Agurtzane Juanena dokumentalistak. UEUk kudeatzen duen EuskaraZ interneteko posta zerrendatik egin du gainera. Beste zenbait gauzaren artean, OARGIk literatur lehiaketak ere antolatzen zituen. Eta haietako batera Gabriel Aresti aurkeztu zen, 1955ean, honako lanarekin: «Europaren federazioa herri txikiei buruz». Antza denez, «EGAN» aldizkarira bidali zen, baina ez zuten argitaratu. Lan hori eta galdutzat eman den beste hainbat dokumentazio interesgarri berreskuratuko balitz, 60ko hamarkadan abiada hartu zuen euskal kulturgintza berrituaren lehen urratsak asko argituko lirateke.
AZPEITIKO ANTZERKI TOPAKETAK
«DAMA eta Kardinala» antzezlanarekin abiatu ziren urriaren 30an Azpeitiko XVII. Euskal Antzerki Topaketak. Kandido Uranga eta Ane Gabarain izan ziren protagonistak, Ramon Barearen zuzendaritzapean. Antzerki Topaketek abenduaren 21a arte iraungo dute. Aurtengo edizioan hiru lan berri ikusteko aukera izango da gainera: Hika taldearen «EuskalOFF 2.050», Kalakariak taldearen «Atrakoya!», eta Lakrikumen «Zereko zera zertzen delako zereko zerakin».
Asier Arangurenek honela zioen «Euskaldunon Egunkaria»n: «(...) Halaber, euskararen normalizaziorako bidean, Eusko Jaurlaritzak oso argi izan du aldizkariei laguntza eman behar ziela, baina ez telebista eta irratiei».
Juani Lizasok zera esan zuen «Gara»n: «Euskal kultura askotan sinplifikatu egin delako edo 'ghetto'etara eraman delako, dantza eta halakoetara mugatu nahi izan dute askok. Baina gure kultura hori baino askoz ere gehiago da (...)».
Eduardo Escribano honela mintzatu zen «Euskaldunon Egunkaria»n epaileen euskarari buruz: «Euskararen alde oso sentsibilizatuak dauden abokatuak daudela esaten den bezala, badira epaileak euskararen aurka sentsibilizatuak daudenak (...) Niretzat, oso garrantzitsua da epaileak inolako bitartekaririk gabe entzutea epaituari eta haren abokatuari (...)».
Jaime Otamendik honela zioen «Deia»n: «ETB1ean, apustu handiena egin nahi da bai umeekin eta baita gazteekin ere, pentsatzen delako hizkuntzaren aldetik eta euskararen normalizazio bidean oso publiko interesgarria dela».
Duela hiru hilabete pasatxo aipatzen genuen atal honetan Reala, Zubietan paratutako bide seinale bat zela eta ez zela. Hura aldatu zen, baina Realak ez dirudi bere euskararekiko jarrera sobera aldatu duenik. Bere produktuak saltzeko argitaratutako eta Anoetan parrastan banatutako triptikoak ez du hitz bat bera ere euskaraz. Euskaldun zalea ez bide du erakarri nahi.
KRITIKAREN KRISIA
Karlos Aizpurua bertsolaritzari buruzko kritikaren krisiari buruz mintzatu zen «Bertsozalea»n:
«(...)Azken urteotan, inor gaitzitu nahi ez duten bertso kritikak leitzea izan da ohikoena, kritika dei badiezaiokegu bertso saio baten kronika hutsari. Horietan, iruzkin kritikoak adjektibo andana bat baizik ez dira gehienetan, eta, eskuarki, oro da positibo, guztia akasgabe, denak jator... ez al da hunkigarria? Aurki argitaratu beharko da berto kritikar(iar)i dagokion eskela (...)
Hedabide idatzietan nekez leituko da ez dakit zein bertso-saioren badakit zein alderdiren kritika negatiboa (positiboan dena libre, zuria bada ere bai). Bakanak dira egurra merezi eta egurra jaso duten gaiak, antolaketak, bertsoak, epaitzeak, aurkezpenak... Izan ere, bertsoaren makrokosmosean denok ezagutzen dugu elkar. Eta azkenean, nork berak erabakirik edo lagunen «aholkuari» jarraiki, kritikaririk ausartena ere ederki apalduko da, ezagun batek egin duenari buruzko iruzkina argitaratzeko adorerik gabe gelditzeraino. «Handitzen zarenean ikusiko duzu, isilik egoteak zenbat balio duen...» (...)
Inor ez mintzearren, zenbaitetan bertsogintzako pertsonaiei zein trebeak, politak eta «guaiak» diren erranez zurikerian aritu behar badugu, hobe fitsik ez idaztea. Hirugarren egunerako berpiztuko al da!!».
Mixel Labegerie Uztaritzeko kantariaren abestien bilduma osatu du Aritza taldeak. Lehen diskoa hil honetan egongo da kalean. Bigarrena berriz, datorren urterako izango da prest, Labegerie hil zela 20 urte beteko baitira. Diskoak bi bereizgarri ditu. Bata, abesti bat Labegerieren semeetako bat istripuz hil zenean egindako kantua, Pello Labegeriek, Mixelen beste seme batek, kantatzen duela diskoan. Eta bigarrena, beste abesti bat Mixelek berak kantatutakoa dela.
Jose Maria Sanchez Carrion «Txepetx» hizkuntzalariak «Márgenes de encuentro. Bilbao y el euskara. Aplicación socilongüística de la territorialidad» liburua aurkeztu zuen hilaren 2an Bilboko Udalaren babesean. Liburuak 20 urteko lanari amaiera ematen dio.
URROSOLOREN GEHIEGIKERIAK
Harrigarria da inor kexu agertu ez izana, baina gure uste apalean «100% vascos» oilategian euskaldunon kontura botatzen direnak erdaldunen kontura botako balira, legebiltzarrean agerraldia egin beharko luke Bingen Zupiria ETBko zuzendariak. Lehengoan kasu, «cashero» hitza modu iraingarri batez erabili zuten, eta publikoa noski, barrez
ASTERIXEN MENTURAK GABONETAN IKUSGAIUderzo eta Goscinyren pertsonaiak aurten 40 urte bete dituela profitatuz, galiar hauen marrazki filmak eskainiko dituzte ETB-1ean, horien artean, azkena den «Asterixek Amerika konkistatzen du» dagoelarik. Bakezale hauen 362 borroka, 49 oturuntza eta 12 musuak bi astetan zehar eta «Gaur Egun»en aitzinetik izango dira ikusgai
SIGOURNEY WEAVERREN ODOL HOTZA «ZINE ORO»N«Copycat» thrillerrean Sigourney Weaverrek agorafobia duen psikologo baten azalean sartu eta ohiko biktima ausartaren rola egingo du, bere paziente ohia den hiltzaile porrokatuari aurre egin nahian. Azken ordu erdiak bereziki, arnas estuka utziko zaituzte, ikarak barne. Hitzordua hilaren 21ean, igandea, gaueko 21:20an duzue