Erreportajea
«ZABALIK»: CORREO TALDEAREN EUSKARARAKO JAUZIA
da kalean. Asteburuetarako aldizkari honen bidez euskarazko komunikaziorako jauzia egingo du Correo Taldeak. Nerea Azurmendi zuzendariak eman dizkigu xehetasunak.
|
1736. alea
1999-11-07 |

0

0
Hirurogeita lau orrialde izango ditu, asteburuoro tabloide formatuan argitaratuko da —ohiko egunkarien formatu berean, alegia—, edukiak euskara hutsean landuko ditu eta, data oraindik finkatzeke badute ere, lehen alea abenduan izango da seguruenik kalean. «Zabalik» aldizkariaz ari gara, Correo Taldeak abian jarri duen komunikabide berriaz.
Komunikabide talde honek euskarara jauzi egingo zuenaren zurrumurruak duela bi urte inguru hasi ziren, eta balizko zuzendari batzuen izenak ere zabaldu ziren. Asmoa mahai gainean izanik ere, proiektua atzeratu egin zen, «Egin» egunkariaren itxierak eta horren ondorengo giroak eraginik, besteak beste. Egunkari baten asmoa aipatu zen hastapenetan, baina datorren hilean kaleratuko dena astekaria izango da, oraingoz, eta enpresaren behin behineko apustu moduan. Hori bai, egunkari formatua izango du.
Erabaki hau hartzeko orduan, Correo Taldeko Administrazio Kontseiluak eta Zuzendaritza taldeak egindako analisian, irizpide berriak izan zituzten oinarri, bere errentagarritasunaren garrantzia erlatibizitauz. Talde honek kudeatzen dituen komunikabideak —«El Diario Vasco», «El Correo» eta Espainiako hainbat egunkari, asteburuetako gehigarriak, Tele5 telebista...— errentagarriak dira eta, gaur egun bederen, ezin esan euskarazko produktu batek erdarazkoak gauza bera eskaini dezakeenik. Baina Correo taldean Bizkaia eta Gipuzkoako gizartean euskararen ezagutza eta erabilera aldetik gertatzen ari den aldaketa ere hartu dute kontutan.
Talde honek inkesta bat egina zuen «El Diario Vasco» egunkariko irakurleen artean. Gipuzkoako egunkari honek euskarazko eduki gehiago behar ote lukeen galderari erantzunez, erdiak baietz erantzun zuen, euskara gehiago beharko lukeela; beste erdiak, aldiz, ez zion ongi iritzi euskarazko edukiak zabaltzeari. Honen aurrean, nola ase bakoitzaren eskakizuna? Egunkaria bere horretan utzi eta euskarazko komunikabide berria sortuz.
Hortaz, «Zabalik»ek, Correo Taldearen barruan, nortasun juridiko independentea, lan talde eta egoitza berria izango ditu, gainerako komunikabideetatik bereiztuz. Taldean nagusitzen ari den joera da hau, hots, bereizketa hau ez da «Zabalik»ekin soilik gertatzen. Taldeko gainerako komunikabideetan ere deskonzentrazio prozesu bat ematen ari da, apustu estrategiko orokor baten barruan.
Behin aurrera egiteko erabakia hartuta, lanean hasteko garaia iritsi zitzaien eta uda partean, uztailean, aldizkariaren zuzendari izango zenarekin, Nerea Azurmendirekin hasi ziren horretan.
Prentsaren esparrua ez zaio berria Azurmendiri; «Euskaldunon Egunkaria»ren sorreran parte hartu zuen, «Deia»ko erredaktore eta Gipuzkoako arduradun izan zen eta Euskaltzaindiako prentsa arduradun moduan jardundakoa da, baita Donostiako udalean ere.
Uztailetik hona Azurmendiren lana azpiegiturak, lan taldea, honen funtzionamendua, argitalpenaren ezaugarri estetikoak zein edukiak finkatzen joatea izan da. Hutsetik hasita, astekariaren nondik-norakoak zehaztea, alegia. Dena den, «
astekari bezala baino gehiago asteburukari bezala
» definitzen du zuzendariak. Izan ere, edukiak asteburura bideratuak izango dira eta salgai ere larunbat eta igandeetan egongo da soilik. «
Euskarazko nahiz erdarazko egunkarien osagarri izan dadin nahi dugu
» dio Azurmendik. Horretarako, edukiak bi modutan bideratuko dituzte: batetik, astean zehar gertatutakoaren ikuspegi desberdina landuko dute «
modu erraz eta xumean
»; irakurleari astebururako gida bat ere eskaini nahi diote, bestetik.
Egunkarien eguneroko irakurlea erakarri nahi dute asteburuetan, euskaraz jakinik ere oraino euskaraz irakurtzen ohitu ez den irakurlea, bereziki. Azurmendiren hitzetan «
euskarazko prentsa kontsumitzen ez dutenengan ohitura hori zabaltzea dugu helburu
». Eta hori esatean «El Diario Vasco» egunkariko adibide garbia du gogoan. Izan ere, egunkari hau egunero jaso eta irakurtzen dutenen artean euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duen euskaldun asko. Ohitura hori pizteko, «Zabalik»eko kideek garbi dute aldizkari arin, irakurterraz eta baliagarria egin behar dutela, edukiei dagokienez nahiz hizkuntza mailan.
Hizkuntza da, lan taldea kezkatzen duen gai nagusienetakoa. «
Euskara erraza erabili behar dugu eta oraindik ez dugu garbi oreka non dagoen. Hizkuntza maila egokitzen joan beharko dugu
». Denborarekin neurria hartzen eta finkatzen joango da hizkuntz eredua, eta edukiak lantzeko moduarekin beste horrenbeste gertatuko dela dio Azurmendik. Hala ere, edukiak jarraituko dituen lerro nagusiak bederen, bideratuta dituzte dagoeneko. Alde batetik, eta aldizkariaren ezaugari nagusia arintasuna izaki, alderdi grafikoari garrantzi berezia eman zaio, hots, argazki, irudi eta infograma ugariz hornituko dute testua. Azala koloretakoa izango du, baita barruko hainbat orrialde ere.
Atalkako banaketa ere egina dute. «Ikusmira» izeneko sail zabalak hartuko du astekariaren zati handi bat eta berau izango da atalik informatiboena. Politika, ekonomia, nazioartea —modu puntualagoan— eta, bereziki, gizartearen inguruko gaiak landuko dira atal honetan, beti ere eguneroko zurrunbilotik at.
Bestetik, toki garrantzitsua izango dute kirolek aldizkarian. Informazioa ere eskainiko da, baina oraingoan asteburuko ekitaldien agendak izango du garrantzi berezia. Kulturari eskainitako sailak ere, azken asteko berriez gain, astebururako gida izango du. «
Agendan ez dira ekitaldi guztiak eskainiko, aukeraketa subjetiboa egingo dugu, iradokizunak luzatu
».
Lan taldeari dagokionez, kazetari gazteen aldeko apustua egin du «Zabalik»ek. Iragarki baten bitartez jakinarazi zuten euskaraz jardungo zuten kazetarien beharra eta ehundik gora erantzun jaso zituzten. Horietatik dozena bat hautatu zituzten, erredakzioko partaide eta kolaboratzaile lanetan arituko direnak. Irailaren amaieratik aurrera zazpi pertsonak osatzen dute erredakzioa, zuzendaria barne. Infogramagilea, idazkaria eta egun erdiz jardungo duen hizkuntz zuzentzailea iristeke daude oraindik aldizkariak Donostiako Ibaeta auzoan, «El Diario Vasco»ren alboan, duen egoitzara. Beste bost kazetari arituko da kolaboratzaile finko moduan.
Astelehenetik hasi eta osteguneko itxierara bitarte landuko dituzte asteroko edukiak. Gero, ostiralean, errotatibara bidaliko dute, larunbatean kalean egon dadin. «El Diario Vasco» egunkariaren errotatiba berean botako dute «Zabalik» —hortik tabloide formatua hautatu izana—.
Errotatibara iritsi bitarteko prozesu guztia erredaktoreek burutuko dute. Elementu guztien kontrolak lan handia suposatuko die eta horregatik testuen produkzioaren zati handi bat kolaboratzaileen gain utziko dute. Zuzendaria bera eta kiroletan jardungo duen Joseba Lezeta kenduta —azken hau «El Diario Vasco»n aritua da—, gainerakoak berriak dira. Lehen lana da eurentzat prentsa esparruan eta trebatze prozesuan hainbat arazo gainditu behar dituztela dio zuzendariak. Lan taldearen prestaketa osoa izan dadin, rotazio sistema bat burutuko dute. Erredakzioko kideak, apurka, kolaboratzaile izatera pasako dira —eta alderantziz—, kolaboratzaileek erredakzioak egin beharrekoak ikas ditzaten.
Bestalde, komunikabide honen publizitatea kanpotik bideratua izango da eta, banaketari dagokionez, Euskal Herri osoko kioskoetara zabalduko dute aldizkaria, oraindik asteroko ale kopurua zehaztu gabe badago ere. Banaketa enpresaren proposamen konkretuaren zain daude oraindik.
Falta diren azken ukituak emanda, datorren hilean, «Zabalik»en lehen aleak esku artean izango ditugu; Correo Taldearen euskarazko estreinaldia ikus ahalko dugu, horrela
Iruzkina idatzi