Darraidou: «Ohartu zen Frantzian ginela»
Labegeriek arrasto izugarria utzi zuen Euskal Herriko politikagintzan. Abertzaletzat zuen burua, eta frantses politikaren goi-mailetan aritzea egoki zitzaion. Enbatan eta abertzaletasunean utzitako arrastoa zauritsua izan zen baina.
AUZAPEZA DIPUTATU AITZIN.
1960 urtean Euskaltzaleen Biltzarraren lehendakaria izendatua izan zen; kulturgintzan pertsona saiatua zelarik. Politikan beranduago saiatu zen. 1958an, Ezpeletako kantonamenduko kontseilari izateko aurkeztu zen Camino diputatuaren aurka, baina galdu zuen. 1962an, berriz, diputatua atera zen. Camino garaitu zuen. 18.649 boz bildu zituen Labegeriek, Caminok berriz: 8.274. Camino ez zen nornahi. Labegerieren lehen kargua diputatuarena izan zen, auzapeza izan aitzin diputatua. Hura marka! Geroztik, kantonamenduko kontseilaria, Kanboko auzapeza eta senatorea izan zen. Diputatuarena ezik, kargu guztiak atxiki zituen hil arte. Diputatu kargua, Mixel Intxausperen aurka galduko zuen.
EUSKALTZALE SUHARRA.
Labegerie politikara heldu aitzin euskaltzalea zen, eta ez nornahi. Euskaltzaleen Biltzarreko lehendakaria, bere inguruan, Mixel Burukoa, Michel Epherre, Jakes Abeberri eta Jean-Louis Davant bezalako gazteak ari ziren. 1960an, hona «Embata»ko lehen kazetan gazte hauen hitzak: «
Bidasoaren bi aldetarik, Euzkadi egin behar dugu. 1936an, Hegoaldean, Aguirre izan zen buru, eta egun batez beste Aguirre berri bat sortuko da». «Embata» kazeta Enbata mugimendua bilakatzen da segidan. Mixelek, anartean, «
Gu gira Euskadiko gazteri berria, Euskadi bakarra gure Aberria» abesten du han-hemenka. ETAko lehen iheslariekiko atxikimenduaren agerle da Labegerie. 1962ko udazkenean diputatuen ganbara desegin zen eta Enbatak sostengatu zuen Labegerie diputatua atera ere. 1963ko Itsasuko Aberri Egun ospetsuan egon zen, denon itxaropena bilakatuz. Agirre berri batentzat hartua izan bide zen.
USTEAK USTEL.
Laurent Darraidou da Labegerie politikariaren hasierako urratsak ontsa ezagutu zituen laguna. Mirikua Mixel bezala, ezpeletarra, eta Hazparnera mirikua joana, 8 urte gazteagoa. Darraidou Hazparneko kontseilaria hautatua izan zen 1963an, Labegerie diputatuak lagundu zuen; baita aukeratua izan ere. Enbatak sostengatu zuen Darraidou, eta Labegeriek ez zuen begi onez ikusi: «
Mixel hasi zen politikan, eta ohartu zen funtsean Frantzian ginela. Abertzaleek % 5 egiten zuten. Parisen, RPR zen nagusi, eta De Gaulle buru. Haien oposizioan aritzen zen Mixel, baina indar pixkabat lortzeko erdiko demokrata-kristauekin lotu beharra ikusten zuen. Alta, 1965era arte ez zuen alderdiaren karta hartu. Mixel Enbatatik urrunduz joan zen. Abertzalea zen bihotzez, baina politikan ez zuen guduka hori eramaten ahal» adierazi digu Laurent Darraidouk. Berak argitu digu zergatik iritsi zen Mixel Labegerie diputatu izatera. Camino diputatua zuen aurkari. Hona bere arrazoia: «
De Gaulle gobernuan zen, eta Caminok —De Gaullek Algeriarekiko hartu zuen jarreragatik— ez zuen De Gaulle segitu, ez zen akort bere politikarekin. De Gaullen eragina izugarria zen Iparraldean, bozen % 80 biltzen zuen. Gaullista askok bizkar eman zioten Caminori eta Labegerieri boza eman». Bost urte beranduago Michel Intxausperen kontra galdu zuen, ordea. Begibistan zen. Intxauspe biziki gaullista zen, eta da. Labegeriek ez zuen haren kontra deus egiterik
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.