BERE GARAIARI AITZINA HARTU ZION GIZONA
Mikel Asurmendi
Mixel Labegerie-ren lagunak elkarteak udaberrian abiatu zuen Labegerie omentzeko urteurren-ekimena. Kanboko Herriko Etxeak kudeatu nahi du auzapeza izan zuenaren elkartea. Gisa batez, Laurent Darraidou buru delarik, Jean Haritschelhar, Jean Fagoaga, Ximun Haran, Peio Labegerie eta Mixel Itzaina bezalako pertsonek sortu dute aipatu elkartea. 150 lagunek eman dute beren atxikimendua jada. Datorren urteko urrirako berealdiko ekitaldi bat antolatzen hasia da elkartea. Bizkitartean, Mixel Itzaina aldudarrak Labegerieren bizitzaz idatziriko liburua izan da urteurrenari ekarri lehen emaria. Guk liburua izan dugu irizpide.
MUSIKA: ODOLAREN MINTZOA.
Mixel Labegerie Uztaritzen sortu zen 1921ko martxoaren 4ean, Berautenea etxean. Anaia bat (Joseph) eta arreba bat (Maite) izan zituen. Aitatxi eta aita (Hippolyte) arotzak izan zituen; ama Marie-Jeanne Haira, berriz, musikaria. Fraileekin ikasi zuen gaztetan, eta medikuntza Bordelen geroago. Kanbon jarri zen miriku 1947an. 1952 urtean, 21 urte zituela, Augustine Peyrot uztariztarrarekin ezkondu zen. Bost seme izan zituzten: Beńat, Eneko, Peio, Txomin eta Xabi. Lehena 16 urte zituela hil zen istripuz. Emaztea 33 urterekin zendu zitzaion, gaitz batek jota. Familia arras joa izaki, Mixelen arrebak lagundua izan zen. 1975 urtean Rita Oberndorff-ekin ezkondu zen berriz. Emazte hura politikoa zen ere, eta Kanboko auzapez karguan ordezkatu zuen Mixel, hau 1980an hil ondoren. Mixelen gazte denbora musikarekin lotzen da. Txistularia eta dantzaria zen. Mixel Itzainak dioenez, musika bere «odolaren mintzoa» zen. Pilotan ere aritzen zen. Lapurdiko hiriburu historikoan hazi eta hezi zen: Uztaritzen. Euskaltzaleen Biltzarrean aritu ziren gizon handien geriza ukan zuen: Adema-Zaldubi, Elissalde "Zerbitzari", Moulier "Oxobi", Leon Leon, eta Louis Dassance-renak, besteak beste. Alta, Piarres Lafittek eragin zuen oroz gainetik Labegerierengan.
LAFITTEREN DISZIPULOA.
Uztaritzeko giroa euskaltzalea zen. Euskalherizaleak elkarteak kudeatzen zuen «Aitzina» aldizkaria; Lafittek sortua eta zuzendua. Elkarte haren xedeak «Jainkoa eta Lege Zaharra» leman biltzen ziren. Mixel elizkoiak organoa jotzen zuen eta Frantzia jakobinistaren aurka eman zuen gaztaroa. Medikuntza ikasi zuen garaian areago sendotu zitzaion abertzaletasuna. II Mundu Gerrak 19 urterekin harrapatu zuen. Garai hartan, Euskaldun Gazteen Batasuna sortu zuten herritik kanpo ari ziren ikasle batzuekin batera. Parisen espezializatu zen medikuntzan, eta han, Eugene Goienetxeren eragina jaso zuen. Mixelek euskara biziki landu zuen orduan: «Kantu xaharrak», «Haurren erranak eta kantuak», «Euzko kantu eta dantzak», hala nola, «Musika kaier bat» eta «Bertsolarien doinuei buruzko azterketa» idatziak utzi zituen. Garai horren ondotik «Gu gira Euskadiko» kantu famatuarekin ipar nahiz hego Euskal Herria inarrosi zuen.
JITE ETA XARMA NATURALA.
Bere garaiko Laurent Darraidou lagunaren hitzetan Mixel gizon suharra, bizia eta minbera zen: «
Berotzen zen tarteka. Zuzena zen izugarri. Sinplea. Jende xumearengandik arras hurbila. Mirikua zen ofizioz eta hartara, bazekien entzuten eta eleketan jendearekin. Kantaria ere bazen eta edozein ekitaldiren kari, jendea inguratzen zuen. Xarma zuen, ele eta boz ederrak. Hala izanagatik, ez zuen jendea xerkatzen duen horietako bat, ez zen liluratzailea. Gizon naturala zen oso». Herriaren erraietan estekatu zuen bihotza Mixelek, eta, politika bere tripetan omen zeraman. Bere baitan ahal eta dohai handiak biltzen zituen pertsona, dudarik gabe. Bere garaia baina aitzanago zegoena, naski. Konparazione, kantagintzan engaiatu zen eta baserria, jainkoa eta familiaz landa aberriaren gaia sartu zuen: «
Kantagintzaren eremua aberastu zuen, bai melodia bai gaien aldetik. Politikan berriz, Ibarnegaray garaia nolako zen gogoratu behar da. Arras frantsesa zen Iparraldea. Alta, Mixelek aldarrikatu zuen euskararen ofizialtasuna eta departamendua ere bere hasieran; Enbata-ko lehen urteetan» diosku Mixel Itzainak. Politikan gorago joan ahala, berriz, ezin izan zituen uztartu bere baitan zeramatzan grinak. Hots, abertzale politika bat aitzina eraman ahal izateko, frantses politikagintzan deus funtsezkorik egin ahal izateko, Iparraldeko gizarteak Enbatari ematen zion bozen % 5 baino gehiago behar omen zuen. Nolanahi zen ere, zenbat buru hainbat aburu erran ohi da. Aburu gehiago nahi izatera, Mixel Itzainaren liburua hizpide
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.