Mixel Labegerie-ren lagunak elkarteak udaberrian abiatu zuen Labegerie omentzeko urteurren-ekimena. Kanboko Herriko Etxeak kudeatu nahi du auzapeza izan zuenaren elkartea. Gisa batez, Laurent Darraidou buru delarik, Jean Haritschelhar, Jean Fagoaga, Ximun Haran, Peio Labegerie eta Mixel Itzaina bezalako pertsonek sortu dute aipatu elkartea. 150 lagunek eman dute beren atxikimendua jada. Datorren urteko urrirako berealdiko ekitaldi bat antolatzen hasia da elkartea. Bizkitartean, Mixel Itzaina aldudarrak Labegerieren bizitzaz idatziriko liburua izan da urteurrenari ekarri lehen emaria. Guk liburua izan dugu irizpide.
MUSIKA: ODOLAREN MINTZOA.
LAFITTEREN DISZIPULOA.
JITE ETA XARMA NATURALA.
Berotzen zen tarteka. Zuzena zen izugarri. Sinplea. Jende xumearengandik arras hurbila. Mirikua zen ofizioz eta hartara, bazekien entzuten eta eleketan jendearekin. Kantaria ere bazen eta edozein ekitaldiren kari, jendea inguratzen zuen. Xarma zuen, ele eta boz ederrak. Hala izanagatik, ez zuen jendea xerkatzen duen horietako bat, ez zen liluratzailea. Gizon naturala zen oso
Kantagintzaren eremua aberastu zuen, bai melodia bai gaien aldetik. Politikan berriz, Ibarnegaray garaia nolako zen gogoratu behar da. Arras frantsesa zen Iparraldea. Alta, Mixelek aldarrikatu zuen euskararen ofizialtasuna eta departamendua ere bere hasieran; Enbata-ko lehen urteetan
Labegeriek arrasto izugarria utzi zuen Euskal Herriko politikagintzan. Abertzaletzat zuen burua, eta frantses politikaren goi-mailetan aritzea egoki zitzaion. Enbatan eta abertzaletasunean utzitako arrastoa zauritsua izan zen baina.
AUZAPEZA DIPUTATU AITZIN.
1960 urtean Euskaltzaleen Biltzarraren lehendakaria izendatua izan zen; kulturgintzan pertsona saiatua zelarik. Politikan beranduago saiatu zen. 1958an, Ezpeletako kantonamenduko kontseilari izateko aurkeztu zen Camino diputatuaren aurka, baina galdu zuen. 1962an, berriz, diputatua atera zen. Camino garaitu zuen. 18.649 boz bildu zituen Labegeriek, Caminok berriz: 8.274. Camino ez zen nornahi. Labegerieren lehen kargua diputatuarena izan zen, auzapeza izan aitzin diputatua. Hura marka! Geroztik, kantonamenduko kontseilaria, Kanboko auzapeza eta senatorea izan zen. Diputatuarena ezik, kargu guztiak atxiki zituen hil arte. Diputatu kargua, Mixel Intxausperen aurka galduko zuen.
EUSKALTZALE SUHARRA.
Labegerie politikara heldu aitzin euskaltzalea zen, eta ez nornahi. Euskaltzaleen Biltzarreko lehendakaria, bere inguruan, Mixel Burukoa, Michel Epherre, Jakes Abeberri eta Jean-Louis Davant bezalako gazteak ari ziren. 1960an, hona «Embata»ko lehen kazetan gazte hauen hitzak: «
Bidasoaren bi aldetarik, Euzkadi egin behar dugu. 1936an, Hegoaldean, Aguirre izan zen buru, eta egun batez beste Aguirre berri bat sortuko da
». «Embata» kazeta Enbata mugimendua bilakatzen da segidan. Mixelek, anartean, «
Gu gira Euskadiko gazteri berria, Euskadi bakarra gure Aberria
» abesten du han-hemenka. ETAko lehen iheslariekiko atxikimenduaren agerle da Labegerie. 1962ko udazkenean diputatuen ganbara desegin zen eta Enbatak sostengatu zuen Labegerie diputatua atera ere. 1963ko Itsasuko Aberri Egun ospetsuan egon zen, denon itxaropena bilakatuz. Agirre berri batentzat hartua izan bide zen.
USTEAK USTEL.
Laurent Darraidou da Labegerie politikariaren hasierako urratsak ontsa ezagutu zituen laguna. Mirikua Mixel bezala, ezpeletarra, eta Hazparnera mirikua joana, 8 urte gazteagoa. Darraidou Hazparneko kontseilaria hautatua izan zen 1963an, Labegerie diputatuak lagundu zuen; baita aukeratua izan ere. Enbatak sostengatu zuen Darraidou, eta Labegeriek ez zuen begi onez ikusi: «
Mixel hasi zen politikan, eta ohartu zen funtsean Frantzian ginela. Abertzaleek % 5 egiten zuten. Parisen, RPR zen nagusi, eta De Gaulle buru. Haien oposizioan aritzen zen Mixel, baina indar pixkabat lortzeko erdiko demokrata-kristauekin lotu beharra ikusten zuen. Alta, 1965era arte ez zuen alderdiaren karta hartu. Mixel Enbatatik urrunduz joan zen. Abertzalea zen bihotzez, baina politikan ez zuen guduka hori eramaten ahal
» adierazi digu Laurent Darraidouk. Berak argitu digu zergatik iritsi zen Mixel Labegerie diputatu izatera. Camino diputatua zuen aurkari. Hona bere arrazoia: «
De Gaulle gobernuan zen, eta Caminok —De Gaullek Algeriarekiko hartu zuen jarreragatik— ez zuen De Gaulle segitu, ez zen akort bere politikarekin. De Gaullen eragina izugarria zen Iparraldean, bozen % 80 biltzen zuen. Gaullista askok bizkar eman zioten Caminori eta Labegerieri boza eman
». Bost urte beranduago Michel Intxausperen kontra galdu zuen, ordea. Begibistan zen. Intxauspe biziki gaullista zen, eta da. Labegeriek ez zuen haren kontra deus egiterik
Nola oroitzen duzu Mixel Labegerie?
Ahal handiko gizon bat bezala, elearen aldetik lehenik: bai euskaraz bai frantsesez ederki mintzo zen. Gizon ona, ez zen «makińona» edo tratularia. Bi Mixel Labegerie gogoratzen ditut: poeta eta politika gizona. Bizitzaren lehen aldian euskal kulturan murgildurik bizi izan zen, bigarrenean, berriz, politikan. Politika bere tripetan zeraman, politika behar zuen.
Politiko gisa kritikatua edonola ere.
Frantses politikan sartu zen eta administrazioaren karga izugarria izaki... Liburua egiteko elekatu ditudan ia denak, Jakes Abeberrik salbu, beste guztiek abertzaletasunerako gizon baikortzat joa izan da.
Liburua idatzi ondoren hari buruz ezagutzen ez zenuen zerbait aurkitu ote duzu?
Harritua gelditu naiz gazte zelarik erabili zituen kultur lanekin: kantagintzan, bertsolaritzan eta, oro har, euskal kulturan murgilduta ibili zen. Atzeman dut ere Piarres Lafitte baten eragina. Une batez, Ibarnegaray zen hemengo politiko nagusia, arras frantsesa eta eskuin muturrekoa. Lafitteren adiskidantzaren ondotik, Labegeriek gizartea politikoki eta sozialki erdiratu zuen. Urrats handi bat izan zen.
Egungo gazteek ezagutzen dute Mixel Labegerie?
Gutti ezagutua da. Badakizu, Enbata-tik baztertu zenean traidoretzat hartu zuten. Alta —euskararen aldeko Korrika ekitaldian bezala—, Mixelek aberrigintzaren kilometro haietan lekukoa eraman zuen. Gehiago eraman ote zuen? Baliteke. Mixelen ekarpena gabe, ez euskal abertzaletasuna ez Enbata ezagutuko ziren maila berean alta; ezta Hegoaldean ere. «Gazteri berria» kantuak eragin izugarri izan zuen han.
Zein asmorekin burutu duzu liburua eta zein Labegerierekin geratzen zara?
Euskal Kultur Erakundeak eta Elkarlanean etxeak galdaturik egina dut, bestela nik nihaurek ez nuen eginen. Egin behar nuen eta entseatu naiz gizona ez edertzera ez tipitzera. Ni herriarengandik hurbil egon zen gizon harekin gelditzen naiz eta konprenitzen dut ere Frantziako senatuan bere burua aurkitu zuen Mixelekin. Kontradikzioak dira, bizitza bezala alabaina. Egun bizi balitz, Kanboko auzapeza, kontseilari eta senatorea izanen zen eta euskaltasunari atxikia, nik uste
![]() |
|
||||
1736 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa