LISBOAKO SETIOAREN HISTORIA
Jose Saramago
Ibaizabal
410 orrialde
2.000 pta.
Jose Saramagok 1998. urtean nobel saria jaso zuen eta bere beste liburu batzuk ezagunagoak badira ere —«Ensaio sobre a Cegueira», besteak beste—, idazleak berak esan zuenez, liburu honetan daude bere pasarterik ederrenak. Jon Alonsok itzuli du, eta Saramagok egindako lan ona aitortu zion itzultzaile eta idazle iruindarrari. Izan ere, Jon Alonsok egindako galderekin, Saramago bere lan originala berrikuskatzera bultza baitu. Hau da Jon Alonsok euskaratzen duen lehen nobela eta bestalde sormenezko hiru liburu argitaratuak ditu. Nobela hau Historia den zientziari egindako kritika da eta poetikotasuna, kutsu filosofikoa, zein hizkuntzaren erabilera harrigarria ditu ezaugarri nagusi
KATEGORIAK
Aristoteles
Gaiak
138 orrialde
Liburu hau mazedoniar filosofoak idatziriko «Organon» lanaren lehen tratatua da. Bertan pentsamendua sortzeko Aristotelek oinarrizkotzat dituen hamar elementuak aztertzen ditu: substantzia, kantitatea, kualitatea (tasuna), erlazioa, lekua, denbora, egoera, ohitura, ekintza eta pasioa. Aristotele (K.a. 384-822) Platonen ikasle izan zen, baita Alejandro Magnoren prezeptore ere, eta azkenik Greziako lizeoan bere eskola sortu zuen. «Dialogoak» eta «Metafisika» dira, «Organon»ez gain, lanik garrantzitsuenak. Bera da logikaren sortzailea, eta «Organon» lanean bildu zituen logikari buruz idatziriko obra guztiak. Gotzon Arrizabalagak egin du itzulpena eta Pentsamentu Garaikidea sailean argitaratu
TRATABIDEAK
Bizente Barandiaran
Auspoa
210 orrialde
1.800 pta.
Pertsonen arteko tratu eta harremanak asko aldatzen dira bizimodu berriekin. Liburu honek baserritarrek ganadua saltzera ferira jeistean egiten zituzten tratuak dakarzkigu, kontakera hurbil eta freskoan. Era berean, traturako erabiltzen zuten modua eta hizkera ere jasotzen ditu. Bizente Barandiaran Itsasondoko Urkia bailarakoa da, eta berak edo ingurukoek egindako ganadu-tratuak dira agertzen dizkigunak. Hauez gain, bigarren zatian beste era bateko merkantziarekin ibilitako tratuen berri ematen du: ezkontza-tratuak. Hauek asmatuak dira, baina egiazko mila gertakizunez nahastuak. Liburu honez gain «Zartu gabe ezin bizi» eta «Lanik gabe ezin bizi» idatzi ditu
ARTISTA KUME BATEN ERRETRATUA
Dylan Thomas
Alberdania
238 orrialde
Ingelesez idatzi zuen poeta handienetakotzat jotzen da Dylan Thomas eta ospe handia izan zuen poeta rockeroen artean (Bob Dylanek, adibidez, Thomasengandik hartu zuen bere izen artistikoa). Liburu hau bere bizitza bohemioa eta bere literatura ulertzeko giltza da. Kontakizun autobiografiko hauek errealismoz eta umorez bere haurtzaroko eta gazte garaiko pertsona eta lekuak erakusten dizkigute. Baina errealismoari poesia uztartzen zaio. Honen adibide da «Fern Hill» poemaren sarrera (Atxagak «Obabakoak»eko ipuin baten, titulu, hasera eta "leit motiv" gisa erabili zuelako ezagun egiten zaiguna): «Aspaldi, artean gazte eta berde ginela...»
LA POLEMICA CLITORIS-VAGINA Y LA EYACULACION PRECOZ
Luis Elberdin
Xenpelar
317 orrialde
2.600 pta.
Luis Elberdinek bere tesi doktoralean defendatu zuen gaia liburu irakurterraz batean laburbiltzea erabaki du. Emaitza aste honetako liburu hauxe. Bere kontsultara zeharo kezkatuta heltzen dira bikoteak. Gaia askotan berbera da: koitoa egiterakoan gizonezkoa orgasmora iristen da eta emakumea ez. Bikoteen ustez, hori ez da normala, naturala. Luis Elberdinen aburuz aldiz, egoera hori ez da arazoa, emakumearen egitura fisikoan dago arrazoia. Bikoteek ordea, arazo bihurtu dute eta frustrazio galantak bizi dituzte, neurri batean gaur egungo patroi kulturalen erruz. Liburuan, eztabaida zein den azaltzen digu, bere tesia defendatzeko arrazoiak eskaintzen dizkigu eta frustrazioak alde batera utzi eta sexuaz gozatzeko bideak eskaintzen ditu
KATILUAREN IPURDIA
Martin Etxeberria
Alberdania
90 orrialde
Eguneroko bizitzako gauzei idatziriko poemak dira zarauztar gazteak bere lehen liburuan jaso dituenak: kamixeta txuriari, bere gelan sartu den euli handiari... Ohiko kontu hauek ikuspuntu originaletik begiratzeak egiten du liburua bitxi. Martin Etxeberriak ez ditu gauzak beste gehienon modura ikusten. Beti ematen die beste kolore bat, beste zentzu bat. Hizkera freskoa eta naturala darabil, dena esaten du ahal dela «motxian», eta hitz bakoitza kutiziagatik hautatu duela dirudi. Amaiera borobil eta ustegabekoek salatzen dituzte Martinek bertsolaritzarekin dituen harremanak...
LOUSIANARA NOA
Imuntzo eta Beloki
Elkarlanean
2.100 pta.
Ramon Azpitarte «Imuntzo» soinu joleak eta Eleuterio Jauregi «Beloki» panderojoleak 1988. urtetik osatzen duten trikitilari bikoteak 1991n kaleratu zuen bere lehen diskoa, «Jo ezak» izenburuko lana. Ondoren etorri ziren «Trikrisia» eta «Saturnotrik» izeneko diskoak.
Orain, euren laugarren lan luzea jarri berri dute kalean: «Louisianara noa». Disko hau aurtengo uztailean grabatu eta nahastua izan da Elkarlanean estudioan eta disketxe berberak kaleratu du, bere Triki bilduman.
Aipatutako aurreko lanetan konposizioa eta produkzioa bere gain hartu izan du bikoteak.
Disko berri honetan, ordea, Arkaitz Miner taldeko gitarrajole berriaren eragina nabaria da; gitarra jotzeaz gain, produkzioa bere esku izan du Minerrek. Bere lana ez da estudiora mugatu eta Imuntzo eta Belokik lan handia egin dute grabatzera sartu baino lehen.
Modu honetan, aurreko diskoetakoa baino emaitza landuagoa, jorratuagoa lortu du bikoteak —besteak beste, ahotsen tratamenduan nabari da hau—, beti ere, euren ohiko estiloari eutsiz. Berrikuntzen artean orkestazioa sartu dutela eta perkusioei garrantzi berezia eman dietela aipatu behar. Baina, gainerakoan, aurrekoak bezala, erromeria diskoa dugu «Louisianara noa» berri hau ere, kantu alai, dantzagarri eta zuzenez betea